Goia Anduaga Díez de Ulzurrun
Goia Anduaga Díez de Ulzurrun | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Ilarregi, 1955eko abuztuaren 10a (69 urte) |
Herrialdea | ![]() |
Hezkuntza | |
Heziketa | Madrilgo Complutense Unibertsitatea erizain emagin |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | emagina eta irakaslea |
![]() ![]() |

Goia Anduaga Díez de Ulzurrun (Ilarregi, Ultzama, 1955eko abuztuaren 10ean) Emagina, profesional-formatzailea eta osasun-zentroetako eta ospitaleetako ebaluatzailea.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oñatiko Joxe Anduaga eta Ilarregiko Gregori Diez de Ulzurrunen alaba zaharrena da Goia. Ahizpa bakarra du, Isabel, bera baino gazteagoa. Bere semea Pello Armendariz da.
Ultzamako Auzan bizi izan zen 10 urte bete arte eta bertako Eskola Bateratuan egin zituen lehen ikasketak. Batxilergoa Iruñeko Vianako Printzea institutuan eta unibertsitateko ikasketak Madrilen egin zituen. 1972an Erizaintza ikasi zuen Konplutense Unibertsitatearekin lotura zuen Gurutze Gorriaren Eskolan eta handik urte batzuetara bertan emagin ikasketak ere egin zituen 1978 urtean.
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1975ean hasi zen lanean erizain, Zaragozako Miguel Servet ospitalean. Bi urtez bertan aritu ondoren, emagintza ikastera itzuli zen Madrilera. Ikasketak amaitu ostean, Coruñan jardun zuen emagin lanetan “Maternidad Belen”en eta gero Ferrolen, Arquitecto Marciden. 1984an Donostiako Ospitalera etorri zen lanera, bertako lana kontsulta pribatuko lanarekin uztartzen zuelarik. Bere egitekoak honako hauek ziren: amatasunaren prestaketa, edoskitzea, erditze ondorengoa, haptonomia (ukimenaren bitarteko komunikazio afektiboa, bikotekideekin)… 26 urte eman zituen horretan, Ospitaleak berak aukera eman zion arte Zarautzeko Lehen Mailako Arretara salto egiteko. Urte pasatxo eman zuen anbulatorioan emagin lan egiten, berriro ospitalera itzuli zen arte. Erditze gelako ikuskatzaile jardun zuen ia bi urtez, baina berriro bueltatu zen anbulatorioko emagin lanetara, Grosekora lehenik eta Oiartzun-Lezokoetara ondoren. Horrela eman zituen lau urte inguru, 2013an Oiartzungo anbulatorioarekin soilik geratu zen arte.[1]
Emagin lanetan, zehazki:
- A Coruñako Belengo Amaren eta Haurren Zentroa. 1979ko urtarriletik 1980ko uztailera emagin finko gisa eta noizbehinkako guardietan 1981eko apirilera arte.
- A Coruñako Labaca Udal Ospitalea, 1979ko martxotik 1979ko maiatzera bitarteko emagin gisa.
- Ferrolgo "Arquitecto Marcide" Gizarte Segurantzako Ospitalea. 1980ko uztailaren 10etik 1984ko apirilaren 30era, plantilla finkoko emagin gisa.
- Donostiako Arantzazu Ospitalea. 1984ko maiatzaren 1etik 2009ko azaroaren 25era arte, plantilla finkoko emagin gisa.
- Zarauzko Osasun Zentroko zerbitzu-eginkizunetan egon zen 2006ko irailaren 25etik 2008ko martxoaren 17ra arte.
- Donostiako Donostia Ospitalea, erditzeen eta 1. berdearen eremuko emagin gainbegirale gisa, 2008ko martxoaren 18tik 2009ko azaroaren 25era.
- Gipuzkoako Ekialdeko Eskualdea. Oiartzungo (Gipuzkoa) Osasun Erkidegoa, lehen mailako arretako emagin finko gisa, 2010eko urtarrilaren 11tik 2018ko azaroaren 10era.
2010etik Osasun-zentroetako eta ospitaleetako “IHAN”eko[2] ebaluatzaile eta aholkulari klinikoa da, kalitatezko akreditazioak ematen dituen taldean.
Ekarpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Formazio lanetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Osakidetzako Gasteizko Zerbitzu Zentralen menpe, urte asko eman ditu hainbat ospitaletan eta Osakidetzako Lehen Mailako Arreta-zentroetan profesionalak trebatzen, amagandiko edoskitzeaz. 2000. urtean hasi zen lehenengoz Zumarragako ospitalean formakuntza saioekin eta, geroztik, 30 zentro baino gehiagotan aritu da pediatra, erizain, emagin, ginekologo eta osasun laguntzaileak formatzen; Donostian gehienbat, baina, oro har, Osakidetzako sare osoan.[3][4]
Lehen mailako arretako mediku eta erizainentzako, emaginentzako eta beste osasun-profesional batzuei ematen zien beste ikastaro mota bat honako gaiarekin lotua zegoen: sexu-transmisiozko infekzioen (STI) eta nahi ez diren haurdunaldien prebentzioarekin nerabeen artean.[5]
Ikastaroak
Besteak beste, honakoak aipagarri:
- Irakaskuntza Amagandiko Edoskitzean Osakidetzako profesionalentzat, IHAN/OME/UNICEF programan: 41 ikastaro, 2000. urtean hasita.
- Irakaskuntza Amagandiko Edoskitzean Santanderren IHAN/OME/UNICEF programa: 1. ikastaroa (2006ko UZTAILAREN 17tik 20ra)
- Irakaskuntza Amagandiko Edoskitzaroan Iruñeko Virgen del Camino Ospitalean: 3 ikastaro (2006, 2009, 2009)
- Gipuzkoako Erizaintza Elkargoak amagandiko edoskitzaroko osasun-langileak prestatzeko antolatu duen ikastaroko irakaskuntza (2015eko martxoaren 9,11,16,18,23an)
- Ahozko komunikazioa honako jardunaldi hauetan: "Nola heldu nerabeen prebentzioari, hemen: Donostia, 2014/2/20; Bilbo, 2014/2/27 eta Vitoria-Gasteiz, 2014/3/6
- Euskal Autonomia Erkidegoko Emaginen Irakaskuntza Unitatearekin lankidetzan aritzea, 1994ko urtarriletik 2018ko azaroaren 10era Donostia Ospitaleko eta Lehen Mailako Laguntza Zentroko tutore gisa Obstetrikoa/Ginekologikoa espezialitateko prestakuntza klinikoa emateko.
Oiartzungo herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oiartzunen aitzindari izan zen anbulatorioko kalitatezko zerbitzua bultzatzen eta herri mailako beste hainbat arlotan inplikatzen. Bere garaikoa da, adibidez, edoskitze espazioa jartzea anbulatorioan eta edoskitze tailerra eskaintzea, amak izango ziren edo zirenen zalantzak argitzen laguntzeko. Horrez gain, erditzearen aurrekoak eta ondorengoak lantzen zituen aipatutako tailerretan.[1]
Bestalde, gazteei zuzendutako heziketa afektibo-sexual saio ugari eman zituen herrian. DBH 1 eta 4. mailako ikasleekin bi eratako tailerrak bideratzen zituen: orokorrak, neska-mutilak nahastuta ikastetxeetan ematen zituenak; eta, anbulatorioko espazio intimoago batean, neskei bakarrik ematen ziena.[1][6]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Oiartzungo anbulatorioan
-
Laneko gunea
-
Edoskitze tailerra
-
Anbulatorioko Edoskitze gunea
-
Haur jaio berriekin
“IHAN” kalitate ziurtagiria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edoskitzea eta jaiotza-artatzea humanizatzearen aldeko sustatzailea izan zen Oiartzungo anbulatorioko pediatraren laguntzarekin. 2014an lortu zuen Osasunaren Mundu Erakundearen ekimenez abiarazitako “IHAN” (Jaiotze eta Edoskitze Laguntza Humanizatzeko Ekimena) taldearen kalitate ziurtagiria. Edoskitzea modu egokian sustatzeagatik ziurtagiria jaso duen estatuko bigarren anbulatorioa izan da Oiartzungoa.[7]
Idatzitako liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- “Bularra ematea erabaki duten amentzako gida” Rebeca García Valverderekin batera sortutakoa. 2007ko irailaren 21ean.[8]
- “Jaio berrien elikadura” liburuko egileetako bat da. Osakidetza 2018.[9]
Aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2018ko martxoaren 19an aitortza jaso zuen Atsolorra ekimenaren eskutik Oiartzungo udaletxean.[10][11]
- 2018ko Irailaren 18an omendu zuten bigarrenez. Herritarren omenaldia eta agurra jaso zuen, bere lana, dedikazioa eta gertutasuna eskertzeko asmoz. Honela zioen Goiak omenaldia jaso zuenean:[1]
“Omenaldiaren eta eskaini didaten guztiaren ondoren, esan nahi dut Oiartzun nire bihotzean daramadala, eta eramango dudala beti. Oso-oso eskertuta nago, eta ez bakarrik azkeneko omenaldiarengatik. Hor daude Atsolorrako omenalditxoa, baita eman didaten esker kopurua ere. Herri hau bereziki ona da.”

2018an erretiratu zen Osakidetzan eta bere bigarren pasioari leku gehiago eskaini ahal izan zion. Ibilaldi nordikoa eta xendazaletasun edo mendi-ibiliak ditu gustuko eta horretan murgilduta dabil Donostiako Urban klubari atxikita, bereziki.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Erik, Gartzia(e)ko. (2018-10-12). «Goia Anduaga: "Oiartzun nire bihotzean daramat, eta eramango dut betiko"» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2025-07-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) ASOCIACION IHAN. (kontsulta data: 2025-07-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) GARCÍA VALVERDE, Rebeca ; ANDUAGA DIEZ DE ULZURRUN. (2007-09-21). «Cómo ayudar a las madres a amamantar» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2025-07-05).
- ↑ «BLOG PARA MADRES CONTRACORRIENTE» madrescontracorriente.blogspot.com (kontsulta data: 2025-07-05).
- ↑ https://apps.euskadi.eus/contenidos/informacion/sida_cursos2/es_sida/adjuntos/programa%20Bilbao%2027%20febrero%202014.pdf
- ↑ «Orientazio mintegia» Beko-plaza Elizalde ikastetxea (Oiartzun: Elizalde ikastetxea) 24: 2..
- ↑ Erik, Gartzia(e)ko. (2016-03-08). «iHan ziurtagiria jaso du Oiartzungo anbulatorioak» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2025-07-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) GARCÍA VALVERDE, Rebeca ; ANDUAGA DIEZ DE ULZURRUN. (2007-09-21). «Cómo ayudar a las madres a amamantar» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2025-07-05).
- ↑ Jaioberriaren elikadura. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
- ↑ Erik, Gartzia(e)ko. (2018-03-19). «Komunitateak ongietorria eman die oiartzuar jaio berriei, atsolorrean» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2025-07-05).
- ↑ «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (kontsulta data: 2025-07-05).