Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Goroldio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Goroldio
Karbonifero-gaur egun

Haeckel Muscinae.jpg
"Muscinae" Ernst Haeckel Artforms of Nature, 1904
Commons-logo.svg Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
Dibisioa Bryophyta
Azpibanaketa
Goroldio honek esporofito bat dauka.

Goroldioak Bryophyta (briofito) dibisioko landare kriptogamoak dira. Lur, harri, enbor eta abarren gainean geruzak eratuz hazten dira. Ongi garatutako protonema, apendize hostokarak dituzten gametofito zutikor edo herrestariak, eta pedunkulu eta kapsulaz osatuta dauden esporofitoak ditu.

Leku heze eta ilunetan jaiotzen da landare hori. Mundu zabalean, edonon dago, itsasoan izan ezik —Antartikan eta basamortuan ere badago—. Munduan 12.000 goroldio-espezie inguru daude. Lehorrera moldatuta daude eta poikilohidroak dira. Ugalketarako (oogamia) uraren presentzia beharrezkoa dute, gameto arra mugitu ahal izateko. Ekosistema bortitzetan (altitude edo latitude altuetan) goroldioak landare mota dominatzailea izan ohi dira, tundra edo zohikaztegietan adibidez.

Bizi zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gametofitoa: Hostokarak edo talokarak izan daitezke, oso sinpleak dira, eta ez dute ez epidermis ez estomarik. Espezie sinpleenetan errizoideak unizelularrak dira, konplexuentean plurizelularrak. Ez dago ehun desberdintzapenik, baina konplexuenetan hiru zelula ezberdintzatzen dira: esklereidak, leptoideak eta hidroideak. Dioiko edo monioikoak izan daitezke, eta emearen gainean hazten da esporofitoa, gametofitoaren guztiz menpekoa dena. Ugalketa asexualerako maiz, gametofitoetan propaguluak eratzen dira.

Esporofitoa: Menpeko belaunaldia da. Zigototik enbrioia hazten da eta handik esporofitoa garatzen da. Biziraupen mugatua du, eta askotan, baita hazkunde mugatua ere.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonizatzailea eta xurgatzaile bezala oso ona da;. Alde batetik, erraz igotzen da harkaitzetara edota zuhaitzetara, eta, bestetik, euri ura erraz biltzen du[1].

Izoztu ondoren berriro bizi eta ugal daiteke. Permafrost azalean, hotz handiko eremuetan izozturik dagoen lurzoruan, bizirik jarraitzeko ahalmena du Chorisodontium aciphyllum espezieko goroldioak[1].

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak historikoki erabili izan du goroldioa. Hona hemen adibide batzuk:

  • Ipar Amerikako indiarrek goroldioa erabiltzen zuten euren tribuetako haurren pixoihalak egiteko, xurgatzaile onak direlako. Sehasketan ere jartzen zuten[1].
  • Bigarren Mundu Gerran, Britania Handiko hainbat herritan Sphagnum espezieko goroldioak erabili zituzten, zaurtutako soldaduen zauriak sendatzeko[1].
  • Erresuma Batuan Fontinalis antipyretica espeziea erabiltzen zuten suteen aurrean eta ibaiertzetan zegoenez, ura biltzeko gaitasuna baliatzen zuten sua itzaltzeko[1].
  • Sphagnum espezieko goroldioek zohikatza sortzen dute usteltzean. Materia organiko horrek bi betekizun garrantzitsu ditu: erregai gisa erabiltzen da eta baratzezaintzan erabiltzen da, zoruetan zabaltzeko[1].
  • Finlandian ogia egiteko erabili zuten zohikatzaren goroldioa gosetearen urteetan. Eskozian whiskia egiteko erabiltzen dute, zohikatza erretzen dute sutan, lur zaporea emateko[1].

Goroldioa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken datuen arabera, 18.000-20.000 espezie inguru daude Lurrean; 1.000-1.100 Iberiar penintsulan eta 666 Euskal Autonomia Erkidegoan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, baina, goroldioaren %10 dago galtzeko arriskuan; zazpi espezie, gutxi gorabehera. Zerrenda horretan dago Arabako Orthotrichum casasianum espeziea, munduan bakarra. 2000. urtean aurkitu zuten Baia ibaiaren ertzean, Zuia eta Kuartango artean[1].

Euskal Herriko gune humelenetan ematen da goroldio aberastasunik handiena, bai espezie kopuru eta baita hedapenaren aldetik ere. Nafarroako iparraldeko, Behe Nafarroako eta Zuberoako baso estu eta ilunak dira Euskal Herriko lekurik bioanitzenak espezie hauetan. Famatuak dira goroldioen aberastasunagatik Artikutzako inguruak, Bortziriak, Leitzaldea, Malerreka, Baztanaldea, Holtzarteko eta Kakuetako arroilak, Iratiko oihana eta pirinioetako ipar aurpegia.

Oro har, Euskal Herri hezean oso hedatua dagoen landare dibisio edo taldea da.

Banaketa gunea, habitat eta ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goroldioak leku fresko eta hezeetan bizi dira, latitudeari erreparatu gabe, baso ilun eta buztietan, erreka ertzetan eta orokorrean freskotasun, iluntasun eta hezetasun maila optimoak betetzen dituzten edozein azaletan. Hezetasun kantitate handia behar dute bizi ahal izateko eta ugaltzeko.

Bizirauteko gaitasun handia dute, landare mota erresistenteak dira. Ugaldu ahal izateko hezetasun maila handia eta konstantea behar duten arren, lehortuta eta izoztuta biziraun dezakete denbora tarte batez, berriz ere buztitzen eta hidratatzen direnean beraien funtsio guztiak berreskuratzen dituzte.

Ipar hemisferioan ipar aurpegietan hego aurpegietan baino gehiago ugaltzen dira hezetasun handiagoa pilatzen delako han, hori erraz ikus daiteke basoetako zuhaitzen eta zuhamuxken azaletan edo mendilerroen isurialdetan, baita hiriguneko azaletan, harkaitzetan etab. Hego hemisferioan kontrakoa gertatzen da.

Laborea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goroldioa, gaur egungo leku eta kultura askotan belar-txar bezala ikusten da. Kontrakoa gertatzen da Japonia eta Asia ekialdeko hainbat leku eta kulturetan. Japonian esaterako, goroldioa libreki hazten eta ugaltzen uzten da azalera ezberdinak estaltzeko eta apaintzeko, bonsaiak barne. Lorategi japoniarretan eta Japoniako paisajismoan goroldioa aktibo oso garrantzitsua eta erabilia da, hain da horrela ezen goroldio hutsez osaturiko lorategiak dauden.

Goroldioak bertako kulturetan lasaitasuna, geldotasuna eta zaharraren edertasuna erakusten ditu, natura beraren nortasuna.

Goroldioa hezetasuna mantzentzen duen edozein azalera porotsuetan ugaldu eta laboratu daiteke. Kolonia baten finkatzea errazteko gai azidoekin buzti daiteke edozein azalera porotsua, besteak beste yogurtarekin, serumarekin ala gernuarekin.

Goroldioaren hazkuntzaren eragozpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modu ezberdinak daude goroldioaren hazkuntza eragozteko:

  • Drainatzearen bitartez ur erabilgarriaren kantitatea murriztuz.
  • Eguzkiaren argitasuna areagotuz edo erraztuz.
  • Goroldioarekin lehiakorrak diren landare ezberdinak areagotuz.
  • Kareharriaren bitartez lurreko pH-a igoz.
  • Fisikoki kenduz pasada ezberdinetan.

Goroldio mintegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen bukaeran goroldioak hartzeko sortu zen moda iragankorra dela eta, EEBB-tako eta Erresuma Batuko lorategietan goroldio mintegiak egiten hasi ziren.

Mintegiak zurezko listoiez osaturik zeuden, iparraldera irekiak itzala eta aireztapen freskoa bermatzeko eta maiz ureztatuak hezetasuna eta ur erabilgarria (funtsezko baldintzak) areagotzeko.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 Bryophyta s.s. 

 Sphagnopsida



 Takakiopsida


 
 

 Andreaeopsida


 
 

 Andreaeobryopsida



 

 Tetraphidopsida



 

 Bryopsida



 

 Polytrichopsida



 Oedipodiopsida









Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h Arkaitz Almortza Muro, «Balio handiko landare txikia», Berria, 2014-12-28

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]