Gorpuaren Sinodoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jean Paul Laurensen Formoso aita santua eta Eztebe VI.a margolana, 1870an egina

Gorpuaren Sinodoa (latinez: Synodus Horrenda, baita ere Hilotzaren Epaiketa) Formoso aita santuaren hilondoko epaiketa izan zen, Erromako Done Joan Laterangoaren basilikan 897ko urtarrilean[1]. Epaiketa Eztebe VI.a aita santuak gidatu zuen, Formosoren ondorengoa izan zen Bonifazio VI.aren ondorengoa. Eztebek Formosoren gorpua bere hilobitik atera zuen eta gortera eraman zuen, epaitua izan zedin. Eztebek zin faltsua egitea egotzi zion Formosori, eta aita santua izatera ilegalki iritsi izana. Epaiketaren bukaeran Formoso erruduna zela erabaki zuten eta bere aita santu izaera ezeztatu zuten modu erretroaktiboan.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorpuaren Sinodoa eta inguruan egon ziren gertakariak Italian estabilitate politiko eskaseko garaian gertatu ziren. IX. mendearen erdialdetik X. mendearen erdialdera iraun zuen epean pontifikatu asko kateatu ziren bata bestearen atzetik[2]. Gehienetan aita santuen agintaldi labur hauek Erromako fakzioen makinazio politikoen ondorio ziren, baina oso iturri gutxi iritsi dira gaur egun arte gertakari horien inguruan.

Formoso Portoko apezpiku izendatu zuten 864. urtean, Nikolas I.a aita santu zelarik. Misionista jardun zuen, ostean, Bulgarian, eta hain izan zen arrakastatsua ezen bulgarriarren euren apezpiku izan zedila eskatu zuten. Nikolasek ez zuen ondo ikusi hau eta ez zion baimenik eman, Bulgarian apezpiku izendatzeak Portoko egoitza uztea ekarriko baitzuen, eta Nizeako Bigarren Kontzilioaren hamabosgarren kanonak espreski debekatzen zuen apezpiku batek bere egoitza uztea beste bat kudeatzeko.

875an Karlos II.a Burusoilaren koroatze inperialaren ostean, Formosok Erromatik hanka egin zuen Joan VIII.a aita santu berriaren beldurrez. 876an Santa Maria Rotundaren sinodoan Joan VIII.ak akusazio larriak egin zituen Formoso eta bere asoziatu batzuen aurka. Bere ustez Formosok bulgarriaren gogamena usteldu zuen "[Formoso] bizirik zegoen bitartean ez zutelako onartuko beste apezpikurik egoitza apostolikotik"[3], Joanen aita santu kargua usurpatzeko konspiratu zuen bere kideekin batera eta, azkenik, Portoko bere egoitzatik desertatu zuen eta konspiratzen ari zen "estatuaren salbazioaren aurka eta hainbeste maite dugun Karlos Burusoilaren aurka"[4]. Formoso eta bere asoziatuak eskumikatu zituzten.

878an, Troyesen egindako beste kontzilio batean, Joanek eskumikatzea berretsi zuen. Era berean elizaren ondasunak xahutzen dituztenen aurkako legislazioa gogortu zuen. X. mendeko Auxilio Napolikoaren arabera, Formoso kontzilio honetan egon zen. Auxilioren arabera apezpikuari bere barkamenta erregutu zion, eta eskumikatzea altxatzearen truke geratzen zitzaion bizialdi osoan laikoa izango zela zin egin zuen, ez zela berriro inoiz ere Erroman sartuko eta ez zela saiatuko Portoko bere egoitza bereskuratzen[5]. Kontakizun hau dudatan dago, ordea, sinodoaren beste deskribapen batean ez delako aipatzen Formoso bertan zegoenik eta esaten delako Joanek eskumikatzea berretsi zuela[6].

Joan VIII.a 882ko abenduan hil zen, eta Formosoren arazoak amaitu ziren. Portoko bere apezpikutza berreskuratu zuen, eta 891ko urriaren 6an aita santu aukeratu zuen arte bertan egon zen. Hala ere Joan VIII.arekin izan zuen gatazka hori izan zen Gorpuaren Sinodoan erabilitako akusazioaren oinarria. Liutprand Cremonakoaren arabera Eztebe VI.ak Formosoren gorpuari galdetu zion ea "zergatik usuerpatu zuen Erromako Egoitza unibertsala horrelako anbizio nahiarekin" Joan VIII.aren heriotzaren ostean, azken honek Troyesen egin zion akusazioa berriro aipatuz. Formosoren hilotzari beste bi akusazio egin zizkioten Gorpuaren Sinodoan: zin egite faltsua egin zuela eta apezpiku izaten saiatu zela laikoa izanda. Hauek Formosoren ustezko zin egitean daude oinarrituak.

Epaiketa testuinguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorpuaren Sinodoa politikoki motibatua izan zela onartzen da. Formosok Lamberto Spoletokoa koroatu zuen Germaniako Erromatar Inperio Santuko ko-agintari 892an; Lambertoren aita, Guy III.a Spoletokoa Joan VIII.ak koroatu zuen. 893an Formosok beldurra zion Guyren kontraerasoari eta horregatik Arnulfo Karintiakoa karolingiarra gonbidatu zuen Italia inbaditu eta Inperioaren koroa jasotzera. Arnulforen inbasioak porrota jaso zuen eta Guy III.a garai berean hil zen. Formosok, beraz Arnulfo berriro gonbidatu zuen 895an eta hurrengo urtean azken honek Alpeak gurutzatu eta Erroman sartu zen. Bertan Formosok Germaniako Erromatar Inperio Santuko enpreadore izendatu zuen. Frankoen armada joan eta gutxira Arnulfo eta Formoso hil ziren, oso tarte laburrean. Formoso Bonifazio VI.ak ordeztu zuen, bi aste beranduago hil zena. Lamberto eta bere ama, Ageltrude enperatriza, Erroman sartu ziren Eztebe VI.a aita santu izendatu zutenean, eta Gorpuaren Sinodoa laster egin zen, 897ko urtarrilean.

XX. menderarte gertakari hauetaz egin den inprepretazio nagusia nahiko argia zen: Formoso beti izan zen Karolingiarren aldekoa, eta Lambertoren koroatzea 892an derrigortua izan zen. Arnulfo hil ostean eta Karolingiarren agintearen gainbeherarekin Erroman Lamberto hirira sartu eta Eztebe derrigortu zuen Gorpuaren Sinodoa egitera, berak Inperioko korora eskubidea zuela argi gera zedin, eta ziurrenik Formosoren aurkako hil osteko mendeku gisa.

Ikuspegi hau, gaur egun, zaharkitutzat hartzen da, Joseph Duhrrek 1932an jarrita argudioak ikusita. Duhren arabera Lamberto 898ko Ravennako Kontzilioan ikusle izan zen, Joan IX.ak deitua. Bertan Gorpuaren Sinodoan hartutako erabakiak bertan behera geratu ziren. Kontzilioaren aktaren arabera Lambertok aktiboki egin zuen nulifikazioaren aurka. Lamberto eta Agiltrude Formosoren degradazioaren parte izan baziren ez zen posible izango Joan IX.ak sinodoa kondenatzea eta Lambertoren eta bere apezpikuen oniritzia izatea. Ikuspegi hau Girolamo Arnaldi ikertzaileak ere defendatzen du. Bere ustez Formosok ez zuen Karolingiarren alde egin esklusiboki, eta harreman onak izan zituen Lambertorekin 895ra arte. Erlazioa okertu zen Lambertoren lehenngusu Guy IV Spoletokoa Beneventon sartu eta bertan zeuden bizantziarrak bota zituenean. Formoso agresio horren aurrean beldurtu eta Bavierara mezulariak bidali zituen, Arnulforen laguntza eskatuz. Arnaldiren arabera Guy IVa izan zen sinodoa bultzatu zuena, bera ere Lamberto eta Ageltrude sartu baitzen Erromara 897an.

Sinodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

897ko urtarrilean, ziurenik, Eztebe VI.ak Formosoren gorpua bere hilobitik aterata eta aita santuaren epaitegira eramateko eskatu zuen. Gorpua tronoan eseri zuten eta diakono bat izendatu zuten hildako pontifizearen izenean hitz egin zezan.

Formosoren aurkako akusazioak egin ziren: egoitzak transmigratzea lege kanonikoak zionearen aurka, zin egite faltsua, eta apezpiku izatea benetan laikoa zenean. Gorpua erruduna zela ebatzi zuten. Liutprandek eta beste iturri batzuek diotenez gorpuari bere aita santu arropak kendu zizkioten eta Eztebek eskubiko eskuko hiru hatz moztu zizkion, bizirik zegoenean horiek erabili baitzituen bedeinkazioak emateko. Formalki, horrela, bere ordenazio guztiak bertan behera geratu ziren. Ironikoki Eztebe VI.a Anagniko apezpiku Formosok izendatu zuen. Gorpua atzerritarrentzako hilerri batean lurperatu zuten, baina berriro ere atera zuten, pisuzko objetuetara lotu eta Tiber ibaira bota zuten.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain espektakulo makabroa emanda, Erromako iritzi publikoa Ezteberen aurka oldartu zen. Zurrumurruak hedatu ziren hirian zehar Formosoren gorpua Tiberren egonda mirariak egiten hasi zela. Jendea matxinatu egin zen eta Ezteberi aita santu titulua kendu eta gartzelaratu zuten. Gartzelan zegoela, 897ko abuztuan, irato zuten.

897ko abenduan Teodoro II.a aita santuak Gorpuaren Sinodoa anulatzeko sinodo berria egin zuen, Formoso berrezarri eta bere gorpua Tiberretik hartu eta Done Petriko Basilikan berriro lurperatzea agindu zuen, aita santu arropak berriro ere jarrita. 898an Joan IX.ak berriro ere Gorpuaren Sinodoa anulatu zuen, horretarako Erroman eta Ravennan sinodo bana eginez, Teodoro II.aren sinodoa berretsuz eta Gorpuaren Sinodoaren akta deuseztea eskatuz. Era berean hildako pertsona baten gaineko epaiketak egitea debekatu zuen.

Hala ere Sergio III.ak (904-911), epailearen laguntzaile izan zena Gorpuaren Sinodoan, Teodoro II.a eta Joan IX.aren aginduak ezeztatu zituen eta Formoso berriro erruduna zela esan. Era berean Eztebe VI.aren hilobian lausengu epitafioa idatzi zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Le concile de Ravenne in 898: la réhabilitation du pape Formose» Recherches de science religieuse 22: 541..
  2. Wilkers, Jr., Donald E.. The Cadaver Synod: Strangest Trial in History. Athens (Georgia), AEB: Flagpole Magazine.
  3. Joan VIII.a. E.L.E. Caspar ed. MGH Epistolae Karolini Aevi. JE 3041, 327 or..
  4. Joan VIII, Epistolae
  5. Auxilius,Auxilius, In defensionem sacrae ordinationis papae Formosi, I.4, ed. Dümmler, Auxilius und Vulgarius (Leipzig, 1866), p. 64
  6. Hubert Mordek eta Gerhard Schmitz, "Papst Johannes VIII. und das Konzil von Troyes," in Geschichtsschreibung und Geistiges Leben im Mittelalter: Festschrift für Heinz Löwe zum 65. Geburtstag, ed. Karl Hauck eta Hubert Mordeck (Köln, 1978), p. 212 n 22.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]