Gorringo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrautzaren gorringoa.

Gorringoa hegaztien arrautzaren barneko gai gorri-horixka da, enbrioiari elikagaiez hornitzen duena, eta zuringoz inguratuta dagoena[1].

Arrautza mota batzuek ez dute gorringorik, adibidez, elikagai-hornidura nahikoa den egoeretan jartzen direlako (parasitoide baten ostalariaren gorputzean, adibidez) edo enbrioia amaren gorputzean garatzen delako, zeinak elikagaia hornitzen duen, normalean plazenta baten bidez. Amaren gorputzak enbrioia zuzenean hornitzen duen ugalketa-sistemei matrotrofikoak esaten zaie; gorringoak (bitelo ere deitua) enbrioia hornitzen duen sistemei lezitotrofikoak esaten zaie. Espezie askotan, hegazti guztietan eta narrasti eta intsektu gehienetan bezala, biteloak amaren ugalketa-traktuan eraikitako biltegiratze-organo berezi baten itxura hartzen du. Beste animalia askotan, bereziki espezie oso txikietan, arrain eta ornogabe batzuetan, gorringoaren materiala ez dago organo berezi batean, arrautzaren zelularen barruan baizik (obuluan).

Biltegiratutako elikagai gisa, gorringoak bitamina, mineral, lipido eta proteina ugarikoak izaten dira. Proteinek elikagai gisa funtzionatzen dute, neurri batean berez, eta beste neurri batean gainerako mantenugaien biltegiratzea eta hornidura erregulatzeko. Adibidez, espezie batzuetan, obulu batean dagoen gorringo-kopuruak eragina du ernalketaren ondorengo garapen-prozesuetan.

Gorringoa ez da protoplasma bezalako material zelular bizia, material pasiboa baizik, hau da, deutoplasma. Elikadura-materiala eta horri lotutako kontrol-egiturak oogenesian hornitzen dira. Materialaren zati bat, gutxi gora-behera, amaren gorputzak eman zuen moduan biltegiratzen da, neurri batean, arrautzan eskainitako ehun ez germinalek prozesatua, prozesamendu biosintetikoaren zati bat, bere azken forman, obozitoan bertan gertatzen den bitartean[2].

Animaliez gain, beste organismo batzuek ere, algek adibidez, batez ere oogamoek, baliabideak metatu ditzakete beren gameto femeninoetan. Gimnospermetan, emeen gametofitoaren hondarrek elikagaiak hornitzeko ere balio dute, eta loredun landareetan, endospermoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Gorringo. .
  2. The invertebrates : a synthesis. (3rd ed. argitaraldia) Blackwell Pub (2002 printing) ISBN 0-632-04761-5. PMC 44425487. Noiz kontsultatua: 2021-05-01.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]