Edukira joan

GPS

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gps» orritik birbideratua)
NAVSTAR GPS Satelitea

Global Positioning System (GPS) edo kokapen sistema globala, satelite bidezko nabigazio sistema bat da. Sistema estatubatuar horrek Lur osoan objektu, pertsona, ontzi edo ibilgailu baten kokapen zehatza ematen du metro edota zentimetro gutxiko akatsarekin[1]. Sistema hori Belgikako eta Frantziako gobernuek asmatu zutela uste bada ere, gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetako defentsa sailak kudeatzen du.

GPS sistema 24 satelite artifizialen bidez funtzionatzen du; horiek Lurretik 20.000 km-ko altitudera orbitatzen dute. Ibilbide sinkronizatuak dituzte Lurraren azalera guztian zehar. Posizio bat lortzeko, GPS gailuak (terminal jasotzailea), gutxienez, lau sateliteren kokapena hartzen du. Satelite bakoitzaren orduarekin, GPSak atzerapena kalkulatzen du, eta, triangulazio prozesuaren bidez, haren kokapen zehatza lortzen du.

Antzinako SESBek antzeko sistema bat zuen, GLONASS izenekoa, gaur egun Errusiak kudeatzen duena. Europar Batasunak bere satelite bidezko nabigazio sistema propioa sortu du, Galileo kokapen proiektua, 2016 urtean martxan jarri zena[2]. Txinako Herri Errepublikak ere bere sistema propioa garatu du, BeiDou izenekoa[3].

Historia eta garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973an, Estatu Batuetako defentsa sailak Global Navstar kokapenerako sistema sortu zuen, nabigazioko arazo gero eta ugariagoak konpondu asmoz. Berehala lortu zuen arrakasta. Eskaintzen zituen zerbitzuak erabiltzeko ekipo txiki eta merkeak behar direnez, erabilera berri ugari aurkitu zaizkio.

Bi motatakoak daude: SPS (Standard Positioning Service, Kokapenerako zerbitzu estandarra), kokapena 100 metroko zehaztasunez ematen duena, eta PPS (Precise Positioning Service, Kokapen zehatzerako zerbitzua), 20 metro baino gutxiagoko zehaztasunez eman dezakeena. Azken hori, Estatu Batuetako militarren eta beren aliatuen esku bakarrik dago. Badira zehaztasuna hobetzeko teknikak ere, GPS diferentziala (DGPS) adibidez, 3 metroko zehaztasuna lor dezakeena, eta teknika garraiatzaileak, 1 cm-ko zehaztasuna dutenak. Erabiltzaile guztien eskura daude SPS, DGPS eta teknika garraiatzaileak.

Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

GPS sateliteek ordulari atomiko zehatzak dituzte. Satelitetik erabiltzailearenganaino informazioa igortzeko behar izan den denbora kontuan hartuz, erabiltzaileak satelitearen kokapena kalkulatzen du, eta, hiru sateliterekiko duen distantzia kalkulatuz, bere kokapen zehatza hiru dimentsiotan ezagutu dezake. Distantzia zuzenean kalkulatu nahi badu, erabiltzaileak GPSarekin sinkronizatutako ordulari atomikoa behar du. Latitudea, longitudea, altitudea eta denbora neurtzeko, lau satelite erabiltzen dira. Horrez gain, GPSaren erabilerarako, bi eremu nagusi bereizten dira: kokapena satelite bidez soilik ezagutzen duen sistema, batetik, eta kokapena errepikatzaile finkoz eta satelitez ezagutzen duena, bestetik. Lehenengo sistema batez ere itsasoan erabiltzen da gaur egun, itsasoan errepikatzaile finkorik jar ezin daitezkeelako. Lehorrean, berriz, geroz eta zabalduago daude haien latitude eta altitude zehatza finkaturik duten errepikatzaile finkoak, eta errepikatzaile horiek erreferentziatzat harturik itsasoan baino askoz ere zehaztasun handiagoz ezagutu daitezke, une oro, edozer gauzaren latitude eta altitudeak; merkatuan saltzen diren lehorrerako GPS arruntek, kamioietan edo autoetan jar daitezkeenak eta mendizaleek edo topografoek erabiltzen dituztenak, metro bateko zehaztasuna ematen dute.

GPSaren aplikazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
GPS nabigazio aparatu bat
  1. Lur, itsaso eta airezko nabigazioa. Gaur egun automobil askok erabiltzen dute helbide eta ibilbideak aurkitzeko.
  2. Topografia eta geodesia. Nekazaritza aplikazioetarako kokapena.
  3. Salbamendua.
  4. Kirola eta aisia.
  5. Elbarri eta gaixoentzat.
  6. Landa-lanen aplikazio zientifikoentzako (ikus geomatika).
  7. Geocaching, beste erabiltzaileek ezkutatutako altxorren bilaketan datzan jarduera.
  8. Automobilen araketa eta berreskurapena.
  9. Airezko kirolak: Parapentea, Aladelta etab.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Estatu Batuetako Gobernua, National Oceanic and Atmospheric Administration. (Azkeneko aldaketa: 2022). «GPS.gov: GPS Accuracy» www.gps.gov (kontsulta data: 2024-11-04).
  2. (Ingelesez) «Galileo Initial Services» www.esa.int (kontsulta data: 2024-11-04).
  3. (Ingelesez) China National Space Administration, BeiDou Navigation Satellite System. «BeiDou System» en.beidou.gov.cn (kontsulta data: 2024-11-04).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]