Gramatika-kategoria
Gramatika-kategoria (perpausaren zati bat, kategoria morfosintaktikoa edo hitz-mota) haien motaren araberako hitzen sailkapen zaharra da. Hizkuntza bateko hitzak oso desberdinak dira beren esanahia, osaera eta bete ditzaketen funtzioengatik. Hiru irizpide hauek kontuan izanda, hitzak klase edo multzoetan elkar ditzakegu, tradizionalki perpausaren atalak deitu izandakoak.[1] Hizkuntza-teoria modernoan, gramatika-kategoria terminoak ohiko terminoak baino, hitz-klase semantikoei soilik dagokiena, askoz ere alderdi gehiago biltzen ditu, oro har.
Kategoriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gure inguruko hizkuntzetan bederatzi bereizi egiten dira:
- Substantibo (edo izena): perpaus baten subjektu eta aditz eta preposizio baten objektuaren funtzioa betetzen duen hitza da.
- Adjektibo: izena lagundu eta nolakoa den adierazten duen hitza da, hari buruzko ñabardurak emanez.
- Artikulu: hainbat hizkuntzatan, aurretik edo atzetik izena mugatzen duen hitza edo atzizkia da.
- Izenorde: izenak ordezka ditzakeen hitza da.
- Aditz: ekintza, egoera edo gertaera bat adierazten duen hitza da.
- Adberbio: aditzak —edo perpaus osoak— adierazten duenari buruzko informazio osagarria ematen duen hitz edo hitz-multzoa. da.
- Interjekzio: bat-bateko emozioak (haserrea, alaitasuna, mina, nahigabea, zalantza etab.) adierazteko erabiltzen diren esaldi labur eta aldaezinak dira.
- Preposizio: perpausaren barnean hitz batzuk beste batzuen mende ipintzen dituena.
- Juntagailu: esaldiaren zatia da, maila bereko hitzak, sintagmak edo perpausak elkartzeko balio duena.[2]
Kategoriak euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindiaren Hiztegiak zehaztasun handiz ematen du hitz bakoitzaren kategoria gramatikala: iz. (izena), ad. (aditza), adj. (adjektiboa), etab.
Kontuan hartzekoa da, ordea, euskarak erraztasun handia duela kategoriak aldatzeko. Testuinguruaren arabera, zernahi denak bere ‘lehen’ kategoria laga eta bestelako funtzio bat aise bete dezake. Hona hemen, esate baterako, horren agerkari, izenondoarekin sarrien gertatzen diren kategoria-aldaketak:[3]
a) Adjektiboa adberbio bihurtzea: Erantzun zuzenak nahi ditut. (adjektiboa) / Ez duzu zuzen erantzun. (adberbioa)
b) Adjektiboa, izen: Ur beroa ezinbesteko gertatzen zaigu etxeetan. (adjektiboa) / Beroak ez dit lo egiten uzten. (izena) / Negu hotza aurtengoa! (adjektiboa) / 1956ko neguaren hotza! (izena)
c) Izena, adjektibo: Gero eta asto gutxiago dago baserrietan. (izena) / Pertsona asto samarrak ezagutzen ditut nik. (adjektiboa)
d) Aditza, adjektibo: Askotan joan izan gara mendira. (aditza) / Denbora joanak desiratzen dira askotan. (adjektiboa)