Grannos
| Grannos | |
|---|---|
| galiar eta liguriar | |
| Ezaugarriak | |
| Sexua | gizonezkoa |
| Baliokideak | Mogons, Apolo, Borvo eta Mac Gréine (en) |
| Domeinua | osasuna, ur termala eta Eguzkia |
Grannos (latinizatua Grannus, -os galierazko nominatiboaren marka baita), galiar mitologia zeltikoan, eguzki jainkoa eta jainko sendatzailea da, iturri termalekin lotua. Askotan, Sironarekin batera gurtzen da, Grannos, jainkosaren paredros[1] gisa agertzen baita.
Apolo jainko greziarraren baliokidetzat hartu zuten garai erromatarrean, eta Apolo Grannus izena eman zioten inskripzio askotan.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grannus teonimoa Galiako Grannosen forma latinizatua.[2] Sustrai bera agertzen da Grania, Grannia, Grannicus eta Grannica izen pertsonaletan, baita leku hauen izenetan Grignols (*Granno-ialon hitz elkarketatik eratorria, eta "Grannos-eko soilgunea" esanahia duena), Aquae Granni (> gaur egun, Aix-la-Chapelle/Akisgran) eta Granejouls (Lhospitalet).[3]
Bere etimologia eztabaidagarria da oraindik. Izena proto-zeltikoarekin *grand-/grend- erroarekin lotuta egon liteke, “bizarra” esan nahi duena (cf. Erdi Aroko irlanderaz, grend, Erdi Aroko galeseraz grann «kokotsa, bizarra, masaila», Erdi Aroko bretainieraz, grann «bekaina»), nahiz eta zenbait ikerlarik jainkoa inoiz ez dela bizarrarekin irudikatzen nabarmendu duten. Antzinako frantsesez, granoia "bizar txikia" zen, antzinako gazteleraz, greñona ("bizarra") eta okzitanieraz grena, "bibotea da. Uste da horiek *aurreko grannos batetik eratorriak direla, zaila da bokalismoa beste formekin uztartzen.[3][4][5]
Bestelako etimologia batek *gra-snó- (< *gwhr-snó-) forma berreraiki batekin erlazionatu du izena, *gwrīns-/gwrens- proto-zeltikoarekin erlazionatu litekeena, “beroa” esan nahi duena (cf. Erdi Aroko irlanderaz grīs 'beroa, distira, txingarra' esan nahi du, Erdi Aroko galeseraz gwres 'beroa [eguzkiarena, suarena], grina eta haragikeria' da.[6][7] Jürgen Zeidler, alemaniar egiptologo eta zeltologoak, argudiatu du "eguzkiaren beroaren eta bere propietate sendagarrien erreferentzia probablea" izan zitekeela.[2] XX. mende hasierako ikerketetan, askotan, teonimoa Grían irlandar zaharrarekin ("eguzkia") alderatzen zen,[8] eta izen hori, Ranko Matasović hizkuntzalariaren arabera, proto-zelterazko *gwrensā eratorri beharko litzateke Grían hitz hori *gwrensā (> *gwrensā hitzak, antzinako irlanderazko gwrēnā hitza emango zuen.[9].
Epitetoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Saona eta Loira departamenduko Monthelon herrian aurkitu zen CIL XIII, 02600 inskripzioan Deus Apolo Grannus Amarcolitanus ("Begirada zorrotz edo urrunekoa")[10] zen eta epitetoaren bidez izendatzen da eta Frantziako Rin garaiko Horbourg-Wihr udalerriko beste idazkun batean (CIL XIII, 05315), Apolo Grannus Mogounus[11] irakur daiteke.
Greko-erromatar jainko batekin parekatzen den bere gurtza-zentro guztietan, Grannos beti Apolorekin identifikatu zen, ustez, Apoloren paperean, jainko sendatzaile edo eguzki-jainko gisa. Egungo Alemaniako (garaiko Gallia Belgica probintziako) Treveris-Triers hirian, Phoebus (Febo) epitetoa ema zitzaion beste idazkun batean (CIL XIII, 03635), Apollo beraren epitetoa, hain zuzen: Grannus Phoebus bezala.[11]
Kultua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grannos jainko sendatzaile garrantzitsua zen kontinenteko zeltentzat. Bere gurtza, dirudienez, liguriarrengan hasi zen, gero leukitarrek (leuci) bereganatu zuten Grand hirian (garaiko hiri erlijioso garrantzitsua Iparraldean)[12] bere gurtzaren aztarnak baitaude, eta, ondoren, Galia osoan eta gainerako kontinenteko zelten artean zabaldu zen. Bere gurtza aurkitu da, besteak beste, leku hauetan: Aquae Granni (Aix-la-Chapelle/Akisgran), Leongo Estorga, Bitburg (Renania-Palatinatuan), Ennetach, Horbourg-Wihr, Lauingen, Limoges, Monthelon, Ulpia Traiana Sarmizegetusa (Trajanok Dazian sortu zuen hiria gurtza inperialerako) eta Treveris.
Galiarrek bere jainko tradizionalak ohoratzen jarraitu zuten konkistaren ondoren. Horrek ez zuen erromatar autoritatea gogaitzen, ikerlari askoren esanetan, erlijioa ez baitzen haren aurka azpijokoan aritzeko aitzakia, eta ez baitzuen baztertzen enperadorearentzako kultu federatzailea. Are gehiago, zalantzarik gabe, Galian kokatutako "jatorrizko erromatarrek" bertako jainko bat hartu zuten beren erlijio-praktikan.[13]
Dion Kasioren arabera (Erromatar Historia, LXXVIII, 15, 6), Lugdunumen[13] jaio zen Karakala erromatar enperadoreak (186 - 217) Apolo Grannus gurtu zuen.[14] Kontakizunaren arabera, enperadoreak alferrik eskatu zuen Apolo Grannus-en laguntza, baita Eskulapio eta Sarapisena ere, gaixotasun fisiko eta mentaleko krisialdi batean, jainkoaren santutegia bisitatu eta botozko eskaintza ugari eginez; Dion Kasiok dio jainkoek uko egin ziotela hura sendatzeari, bazekitelako Karakalaren asmoak gaiztoak zirela.[15] Karakalaren bisita Grannus "jainko sendatzaile zeltaren" santutegira germaniarrekin gerran zegoenean gertatu zen, 213. urtean.[16]
Akisgranen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grannosen gurtzaren zentro ospetsuenetako bat Aquae Granni hirian zegoen (gaur egungo Akisgran, Alemania). Akisgran, alemanieraz, Aachen da, eta Aachen hitza, antzinko germanieraz, ura edo erreka esan nahi bide zuen.[17]
Hiriko iturri beroak, 45 °C eta 75 °C arteko tenperaturak dituztenak, inguruko eremu zingiratsu samar batean daude. Akisgran Hallstatt garaian bihurtu zen lehen aldiz sendatzeko gune (K.a. 1200 eta 450 urte bitartean, gutxi gorabehera).[18] Eskualdeko tumuluak Brontze eta Burdin Arokoak dira. K.a. 600 urtearen inguruan, zeltak iritsi ziren. K. a. I. mendean, gutxi gorabehera, Rhin eta Mosa arteko eremua eburoien ezarpen-eremua zen, tribu zelto-germaniarra. Baliteke garai hartan hemen Grannos jainko zeltari eskainitako santutegiren bat egon izana.
Beranduago, K.o. I. mendean, erromatarrek vicus garrantzitsu bat sortu zuten, erromatar garraiobide handietatik urrun, Akisgraneko eta Burtscheideko iturri termalak zeudelako. Orduan, bainuetxe handi bat ezarri zuten militarrentzat Akisgranen, aldi berean 6.000 soldadu har zitzaketenak[19].
Granden
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grand hiria (antzina Andesina izena zuena), galiar Leuci-en hiria,[20] Vosgeetan, Grannosekin lotu izan da. Panegiriko batean kontatzen denaren arabera, K.o. 309an Konstantinok Apolo jainkoa Victoria jainkosa alboan zuela, ikusi zuen hiri horretan, "munduko tenplu ederrenean", eta jainkoak hiru ereinotz koroa eskaini zizkion, garaipena iragarri ziona, alegia.[21]
Hiriak jainko sendatzaileari ematen zion gurtza zela eta, Andesina Ad Grannum bezala ere ezagutzen zen, «Andesina, Grannus ondoan», edo (merovingiar testuetan) Grannum izen soilaz.[22]
Beste leku batzuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste herrialde batzuetan ere aztarnak aurkitu dira: Granéjouls, Lhospitalet herritik gertu egon zen leku bat, Tarn-en. Grâne komuna Drômen.[23][24]
Jaialdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.o. I. mendeko latinezko inskripzio bat (AE 1989: 521; AE 1991: 1222.), Limogesko iturri publiko batetik datorrena, Grannus-en hamar gauetako jai galiar bat aipatzen du (latinizatu samarra "decamnoctiacis Granni" esamoldearekin):
- POSTVMVS DV[M
- NORGIEN F(ilius) VERG(obretus) AQV
- AM MARTIAM DECAM
- NOCTIACIS GRANNI D(e) S(ua) P(ecunia) D(edit)
Honela itzul daiteke: "Dumnorixen seme den Postumo vergobretusak (magistratu nagusia) bere diruaz eman zuen Aqua Martia Grannus-en hamar gaueko festarako" (Aqua Martia (Marteren ura) akueduktua da).[25]
Erlazionatutako jainko eta jainkosak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baliokideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azaldu den bezala, Grannos, Apolo jainko greziarraren baliokidetzat hartzen da, garai galiar-erromatarrean, eta, Apollo Grannus izendapena inskripzioetan aurkitu da. Badirudi, garai berean, beste jainko sendatzaile zelta batzuekin ere identifikatu zutela, hala nola Mogons jaikoarekin (kontinentean eta Britainia Handian gurtu zutena), batzuetan Apolorekin batera, eta horrela, hiru izen biltzen dituen inskripzio bat (CIL XIII, 05315) aurkitu zen Horbourg-Wihren: Apollin(i) Gran/no Mogouno.
Gallaecin eta Galian gurtu zuten Borvo jainkoarekin ere identifika liteke, galiarrentzat sendatzeko iturrien beste jainko garrantzitsu bat, hori ere Apolorekin ere parekatua, eta antzekotasun handiak ditu Sirona jainkosarekin, Grannosen paredrarekin, hain zuzen.[26] Hala ere, ikertzaile batzuen arabera, Sirona Borvoren ama izan liteke.[27]
Eguzki-jainko gisa, Grannos Belenosekin ere lotu izan da, eta, agian, haren ezizena edo irudikapena baino ez da. Harremana, batzuetan, irlandar kontakizunetako Mac Greine errege mitikoarekin ere egiten da, "Eguzkiaren semea" ezizenez ezaguna.
Lankideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grannos izenarekin batera beste jainko batzuenak ere agertzen dira batzuetan inskripzioetan. Augsburgen, Diana eta Sironarekin batera agertzen da; Sironarekin batera,[28] Erroman (CIL VI, 00036, Bitburgen (CIL XIII, 04129 (Renania-Palatinatuan), Baumbergen (CIL III, 05588) (Monheim am Rhein hirian)[29], Lauingenen (CIL III, 11903) eta Sarmizegetusan bi aldiz (AE 1983, 00828). Ennetach-en (egungo Mengen) ninfekin lotuita agertzen da (CIL III, 05861), Faimingen-en (Launingen hirian) Higia osasunaren greziar jainkosarekin eta Mater Magnarekin (CIL III, 05873) eta Grand hirian Sol jainkoarekin (CIL III, 05861). Estorgako aldare batek "Serapis" eta "izen ugariko Isis" jianko izendapenen ondoren eta "Kore garaiezina" eta "Mars Sagatus" (sagum-a janzten duen Marte) izenen aurretik aipatzen du AE 1968, 00230 iskripzioak.
Petrocorii galiar tribuko herritarrek (Bordele/Burdigala hiritik ekialdera bizi zirenak) Grannos bertako Vesunna jainkosarekin lotu zuten.[30]

Oharrak eta erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Paredros (antzinako grezieraz πάρεδρος) bat, egungo antzinako erlijio politeisten gaietan, jainko edo jainkosa betik maiz agertzen den beste jainko edo jainkosa da. Esanahi hori antzinako grezieraz hitzak zuen esanahiari lotuta dago, ondoan eserita edo gertu esan nahi zuelako. Jainko edo jainkosa baten laguntzailea edo zerbitzaria izendatzeko erabiltzen zen. Naturaz gaindiko laguntzaile bati buruz hitz egiteko ere erabil daiteke. Ikus: https://www.researchgate.net/publication/378569705_Theurgy_Paredroi_and_Embodied_Power_in_Neoplatonism_and_Late_Antique_Celestial_Hierarchies
- 1 2 Zeidler, Jürgen. (2003). «On the etymology of Grannus» Zeitschrift für celtische Philologie 53.
- 1 2 Delamarre, Xabier. (2003). Dictionnaire de la langue gauloise : une approche linguistique du vieux-celtique continental. (2. argitaraldia).
- ↑ Zeidler 2003, op. cit., 78–80 or.
- ↑ Matasović 2009, Etymological Dictionary of Proto-Celtic, Leiden Indo-European etymological dictionary series-aren 9. libnurukia, ISSN 1574-3586 Brill. ISBN: 9789004173361. 166 or.
- ↑ Zeidler 2003, op. cit., 82–83. or.
- ↑ Matasović 2009, op. cit., 147. or.
- ↑ Delamarre 2003, op. cit., 183. or.
- ↑ Matasović 2009, 147 orr. .
- ↑ Zeidler, Jürgen (2003) "Sur étymologie de Grannos", Zeitschrift für celtische Philologie, 53. lib. (1), de Gruyter. 86 or.
- 1 2 Lajoye, Patrice Un inventaire des divinités celtes de l’Antiquité. Société de Mythologie Française. Ikus, halaber, inbentarioaren Sarrera
- ↑ Geijo, Sergio. (2019-01-06). «Grand. El santuario de Apolo Granus» Viator imperii (kontsulta data: 2025-12-31).
- 1 2 Gastal, Pierre (2020) Noms de lieux de l'espace français, origine et sens des Toponymes de nos régions. Ëditions désiris. 206. or.
- ↑ Demarolle, Jeanne-Marie. (2004ko urria). « Caracalla consulte Apollon Grannus en 213 : À Grand ou à Faimingen (Rhétie)?» La mosaïque de Grand : actes de la table ronde de Grand 29-31: 63-82..
- ↑ Dion Kasio, Erromako Historia, 78.15.
- ↑ CIL VI 2086; IvEph 802
- ↑ Hiemstra, Gabe. (2025-10-26). «Aachen (city information)» Wisdom Library (kontsulta data: 2026-01-02).
- ↑ Aachen, Stadt. «www.aachen.de - History of bathing» www.aachen.de (kontsulta data: 2026-01-02).
- ↑ Fremont, Eva G.. (3 August 2003). «In Aachen, the legacy of Charlemagne» The Los Angeles Times.
- ↑ «Andesina, Temple of Apollo Grannus - Livius» www.livius.org (kontsulta data: 2026-01-02).
- ↑ Konstantinoren panegirikoa, VII, 21, 3-4.
- ↑ «Andesina (Grand) - Livius» www.livius.org (kontsulta data: 2026-01-02).
- ↑ Gastal, Pierre. (2020). Noms de lieux de l'espace français, origine et sens des Toponymes de nos régions. PBtisk en Union Européenne, Éditions Désiris., 188 eta 206 or. ISBN 9782364031746..
- ↑ Moreno Resano, Esteban. (2013). «El elogio del emperador Constantino en la literatura cristiana de su época» Anuario de historia de la Iglesia (22): 83–109. ISSN 2174-0887. (kontsulta data: 2026-01-01).
- ↑ Lamoine, Laurent (2009) Le pouvoir local en Gaule romaine, Presses Universitaires Blaise Pascal, 114-115. or.
- ↑ Duval, Paul-Marie (1957-1993). Les dieux de la Gaule, Paris : Presses Universitaires de France / Éditions Payot.
- ↑ MacKillop (2004) A Dictionary of Celtic Mythology.
- ↑ AE 1992, 01304
- ↑ Lajoye, Patrice. «Un inventaire des divinités celtes de l’Antiquité» Société de Mythologie Française (kontsulta data: 2026-01-02).
- ↑ MacCulloch, John Arnott (2009) The Religion of the Ancient Celts, The Floating Press, ISBN 978-1775414018. 69. or
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Patrice Lajoye (2005) “Le soleil a rendez-vous avec la lune... Grannos et Sirona”, Histoire Antique, 67, 66-69 or
- Jürgen Zeidler (2003) "On the etymology of Grannus" , 53. lib., 1 zk., 77-92. or. https://doi.org/10.1515/ZCPH.2003.77