Greziar kolonizazio

Greziar kolonizazioak bi etapa historiko ditu:[1]
- «Kolonizazio protohistorikoa»: K.a. 1. milurtekoaren lehenengo mendeetan gertatu zen. Balkanetatik zetozen aitzinindoeuropar herriek Grezia kontinentalean egiten zuten presioaren ondorioz, greziarrak Anatoliako kostaldetara lekualdatu ziren. Ez dago garai honi buruzko lehen mailako iturririk baina banaketa dialektala eta tradizio mitografiko eta mitologikoa nabariak dira.
- «Kolonizazio historikoa» edo «bigarren kolonizazioa»: K.a. VIII. mendetatik K.a. VI. mendetaraino, eta neurri txikiago batean baita K.a. V. mendea greziarrak Mediterraneon zehar zabaldu ziren. K.a. VII. eta VI. mendeen inguruan, greziar hirien arteko krisi izugarria sortu zen. Populazioaren hazkundeak eta baliabide eskasiak hainbat matxinada eta eztanda sozial eragin zituen greziar munduan , eta horrek tiranien sorrera ekarri zuen, baina baita migrazio-mugimendu batzuk ere Mediterraneo osoan zehar, Marseillatik (Massilia) Frantzian eta Empuriesetik (Emporion) Katalunian, Zipre eta Itsaso Beltzeraino. Horrela, hainbat polis-ek espedizioak antolatu eta babestu zituzten, herritar asko "etxetik urrun" (apoikiak) finkatu zitezen. Gehienetan, apoikiak finkatuta zeuden lurraldeak eta aborigenak ez zituzten menderatu nahi izan, eta produktuak trukatzen zituzten haiekin, merkataritza-faktoreen sare bat ezarriz, eta, aldi berean, lotura estuak zituzten beren "hiri amarekin" (mêtropolis).[2]
Kolonizazioaren kausak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barneko gatazkak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra zibil bat eragiten duen barneko krisialdiari Stasis zioten. Kolonizazioaren bidez, gerra hauek ekiditen zituzten: gutxiengoak polis (hiri) berri bat sortzen baitzuen. Ezinbestez, gatazka hauek ez dira aristokrazia eta herri xumearen artekoak, talde aristokratikoen barnekoak ere izan baitaiteke, adibidez Korinton.
Kolonoen helburua hiri ideal bat sortzea zen baina garrantzi handiko egoeretan baino ez zuten erabaki hauek hartzen.
Arrazoi komertzialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Metropoli bat ondo hornitzea ezinbestekoa zen, baina, zaila zen arrazoi komertzialak baino ez izatea. Izan ere, kolonia eta metropoli baten arteko hartu-emanak ez ziren nahiko kolonia bizirauteko. Oso gutxi dira arrazoi komertzialengatik sortutako greziar koloniak Atenas edo Naukratisko klerukiez gain.
Irteeraren egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonoen irteera haustura sozial bat sortzen du metropolian. Alde batetik, metropolia gosetearen kontra babesten zen baina, irteterakoan, kolonoek itzultzeko eskubidea galtzen zuten. Metropoliak ez zuen inolako laguntzarik ematen eta biztanleriaren hamarren edo laurden bat hiritik at ateratzen zen, itzultzeko esperantza barik.
Berez, koloniak ez ziren norbanakoek eratuak (baziren salbuespenak, alta), baizik eta, hiriak berak (berez, hiriko batzarrak) eratzen zuen. Horretarako, espedizio burua-oikistes izenekoa- hautatzen zuten. Oikistes aristokrata zen eta koloniaren izena eta kokapena hautatzen zuen. Behin hara ailegatuta, koloniaren defentsaz arduratzen zen.
Greziarren pentsamendu mitikoak jainkoen onespena eskatzen zuen erabaki honetan. Bidaia arriskutsu hauek egin baino lehen ohikoa zen Delfosko orakuluari galdegitea. Orakuluak orientabide geografiko orokorraz eta hiri-plangintzaz aholkatzen zuen. Hala ere, bere aholkuak zentzuzkoak ziren, izan ere, ekialderantz edo mendebalderantz jotzen zuten, inoiz ez Egipto edo sirio-palestinar kostaldea (Asiria y Fenizia) bezalako ondo egituraturiko lekuetarantz. Heltzerakoan, leku estrategiko hauetan bizi zirenak egotzi behar izango zituzten.
Koloniaren egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonek bere baliabide afektibo, kultural eta erlijiosoa eramaten zuten: metropoliren su sakratua garraiatzen zuten eta panteoi bera mantentzen zuten.
Politikaren ikuspegitik, metropoliaren erakundeak mantentzen zituzten, hasieran behintzat. Hasiera, hartu-eman komertzialak xumeak dira baina, gero, asko hazten dira. Hala ere, ez dago metropoli eta koloniaren arteko inolako lotura politikorik: hiri berria erabat independentea da. Litekeena da gerra batean kolonia batek bere metropoliaren kontra egitea: adibidez, Korzira eta Korinto bere metropoliaren arteko gatazkak Peloponesoko Gerra eragin zuen.
Kolonizatutako eremuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Magna Grezia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziako hiriak laster erakarri zituzten Italiako hegoaldeko eta Siziliako lur emankorrek, baliabide naturalek eta "Mundu Berri" bateko portu onek. Hasieran ez, baina geroago, kolono greziarrek bertako biztanleak menperatu zituzten, eta greziar nortasuna eskualdeari inprimatu zioten, "Grezia Handia" edo Megalque Hellas deitzeraino, eta kolonizatutako lurralde guztietatik "greziarrena" bihurtuko zen, bai kulturari dagokionez, bai hiri-paisaiari dagokionez, tenplu dorikoak helenizazioaren sinbolorik deigarriena izanik.[3]
Jonia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziarrek kokaguneak sortu zituzten Egeoko Joniako kostaldean zehar (Asia Txikia/Antaolia) K.a. VIII. mendetik aurrera. Kolonia garrantzitsuenen artean Mileto, Efeso, Esmirna eta Halikarnassos daude. Atenasek, tradizioz, eskualdeko lehen kolonizatzailea izendatu zuen bere burua, eta interes handikoa zen bertako lidiarrentzat eta persiarrentzat ere. Ingurua ahalegin kulturalentzako baratze emankorra bihurtu zen, bereziki zientzia, matematika eta filosofian, eta greziar buru handienetako batzuk bertan sortu ziren. Artea eta estilo arkitektonikoak ere, Ekialdeko artea asimilatu ondoren, aberrian eragiten hasi ziren; zutabe palmadunen kapitelak, esfingeak eta zeramikan, "ekialdekotze aldiko" diseinu adierazkorrak bezalako elementuek inspiratu zituzten arkitekto eta artista grekoak bide artistiko erabat berriak esploratzera. [3]
Itsaso beltza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Itsaso Beltza (greziarrentzat Euxino itsasoa) greziarren hedapen kolonialeko azken gunea izan zen, eta bertan, polis jonikoak, bereziki, Helesponto eta Ponto inguruko kala aberatsak eta lur emankorrak ustiatzen saiatu ziren. Hiri fundatzailerik garrantzitsuena Mileto izan zen. Antzinatean 70 kolonia inguru zeudela uste izan zen, baina agian kopuru hori gehiegizkoa izan zen.
Megara beste hiri ama garrantzitsu bat izan zen, eta Kaltzedonia (egungo Kadıköy, K.a. 685), Bizantzio (K.a. 668) eta Heraclea pontika (K.a. 560) sortu zituen. Denborarekin, ia Itsaso Beltz osoa greziar koloniez inguratuta geratu zen, eta, beste leku batzuetan bezala, herri indigenekiko gerrara, konpromisoetara, ezkontza mistoetara eta diplomaziara jo behar izan zuten kolonien biziraupena bermatzeko. Batez ere K.a. VI. mendearen amaieran, koloniek Persiar Inperioari zergak eta armak ematen zizkioten eta trukean babesa jasotzen zuten. K.a. 480 eta 479an Xerxesek Grezia inbaditu ondoren, persiarrek galdu zuten Itsaso beltzean zuten interesa eta horri esker, polis handienek, Heraklea Pontika eta Sinope kasu, euren boterea handitu ahal izan zuten tokiko herriak eta inguruko polis txikienak konkistatuz. Lortutako oparotasunari esker, Herakleak K.a. 420. urtean bere koloniak sortu zituen Krimeako Khersoneso bezalako lekuetan.
K.a. 431n Peloponesoko Gerra hasi zenetik, Atenasek eskualdearekiko interesa agertu zuen, kolonoak bidali zituen eta garnizioak ezarri zituen. Atenasen presentzia fisikoak gutxi iraun zuen, baina Atenasen eragina iraunkorragoa izan zen kulturan (eskulturan batez ere) eta merkataritzan (bereziki Itsaso Beltzeko aleak). Atenasek eskualdetik alde egin zuenean, heleniar koloniak abandonaturik geratu ziren, eta bakarrik aurre egin zioten inguruko potentzien mehatxuari, hala nola errege eszitiarren eta, azken buruan, Mazedoniko eta Filipo II.aren erasoei.[3]
Kolonizazioaren analisi garaikidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonizazioaren prozesua gertakari konplexua da oso. C. G. Thomasen esanetan, mizenastar zibilizazioaren gainbeherak eragin zuen.[4] Bere aburuz, zibilizazio hau politikoki banaturik zegoen: erresuma askok elkar gerra egin zuten eta arerio komertzialak ziren. Mizenastarren «uniformetasun kulturala» komertzioak sortzen zuen. Gainbeheraren ondorioz, hiri gutxi batzuek (Lefkandi edota Atenas) baino ez zuten bere biztanleria mantendu,[5] eta besteek migratzeari ekin zioten: akaziar herriak Zilizia eta Zipre aldera joan ziren,[6] eta handik Asia Txikiko lautada emankorretara zabaldu ziren.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Santiago Álvarez, Rosa Araceli; Gardeñes Santiago, Miguel. (2002). Interacción de poblaciones en la antigua Grecia: algunos ejemplos de especial interés para el Derecho internacional privado. Departament de Ciències de l’Antiguitat i de l’Edat Mitjana y Departament de Dret Privat de la Universitat Autònoma de Barcelona, 11, 13. oharra or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Salomón, Luisa. (2022-02-12). «Los antiguos griegos y la península de Crimea» Prodavinci (kontsulta data: 2025-12-14).
- 1 2 3 (Gaztelaniaz) Cartwright, Mark. (2018-05-07). «Greek Colonization» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-12-14).
- ↑ Thomas, C. G.. (1970). «A Myceanaean hegemony? A reconsideration» The Journal of Hellenic Studies: 184..
- ↑ Desborough, V. R. D'a. (1965). The Greek mainland, c. 1150-c. 1000 B. C.. , 213-228 or..
- ↑ Vermeule, E. T.. «The fall of Mycenaean empire» Archaelogy (13): 66-75..
- ↑ Finley, M. I.. (1970). Early Greece: the Bronze and Archaic Ages. Londres, 94 or..