Gripe

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Gripearen birusa, mikroskopio elektronikoan ikusita

Gripea gaixotasun kutsakorra da, jatorri birikoa duena, batez ere arnas aparatuari eragiten diona, baina gaixoaren egoera orokorra ere kaltetzen duena.

Gripearen birusak gizakia ez ezik, hegaztiak eta beste ugaztunak ere infektatzen ditu. Txerriek, zaldiek, ahateek, oiloek eta indioilarrek ere gripea harrapa dezakete, gizakiak dituen antzeko sintomak aurkeztuz. Frogatu egin da, halaber, espezie desberdinen arteko birusen transmisioa gerta daitekeela (H5N1 izeneko birusa 1990eko hamarkadan hegaztiengandik gizakiarengana pasatu zen, izurrite latza sortuz Asia aldean; 2009. urtean, aldiz, H1N1 izeneko birusa agertu zen, A gripearen eragilea, txerriengandik gizakiarengana pasatu zena).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen aipamenik zaharrena Hipokrates-ek egin zuen, duela 2.400 urte inguru, gaitz honen sintomak deskribatu zituenean. XIX. mendearen erdialdean gaur egungo izena eman zitzaion gaitzari, aurreko mendeetan izurrite latzak Asian, Europan eta Afrikan gertatu baziren ere.

Aro modernoaren pandemiarik gogorrena, dudarik gabe, gripe espainiarra deitutakoak sortu zuen, 1918-1919 bitarteko urteetan. Izurrite horren ondorioz 50 eta 100 milioi arteko gizon-emakumeak hil ziren mundu osoan, eta pandemia hori XIV. mendean Europa eta Asia astindu zituen Izurri Beltzarekin alderatuta izan zen. Hilkortasun handiko pandemia izan zen, aparteko birulentzia zuen birus batek eragindakoa.

Geroztik bi pandemia nagusi gertatu dira, aurrekoaren aldean askoz leunagoak: 1957. urteko gripe asiarra eta 1968. urteko Hong Kong-eko gripea. Gaur egun (2009. urtean) pandemia berri baten atarian gaude, H1N1 birusak (A gripearen eragilea) sortutakoa; 2009ko martxoan hasi zen izurrite berri hau Mexikon, eta hilabete gutxitan mundu osora zabaldu zen. Hilkortasun tasa txikia badu ere, gripe hau erraz kutsatzen da, ume eta gazteen artean batez ere.

Eragilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen eragilea Ortomixobirusen taldeko birusa da. Birus hauek RNA dute material genetiko gisa, kapside helikoidal batek babesten duena.

Hiru dira gripea eragiten duten ortomixobirusak: Influenzabirus A, Influenzabirus B eta Influenzabirus C. Hirurek gizakiaz gain beste ugaztun batzuek ere infekta ditzakete.

Hiru birus mota hauek berezko ezaugarria dute, birusen artean oso ohikoa ez dena: material genetikoa 7 edo 8 zatitan dago zatikatuta, hots, ez du zati bakarra osatzen. Genomaren egitura berezi horrek aldakortasun genetikoa areagotzen du. Hori dela eta, egitura genetiko desberdinetako birusak agertzen dira etengabe (A motako birusen artean, batez ere), RNA-ren zatien arteko birkonbinazio genetikoa gertatzen delako.

Birusaren genomak kanpo geruzan dauden bi proteina eratzen ditu: hemaglutinina (HA) eta neuraminidasa (NA). Bi proteina hauek funtsezko zeregina betetzen dute infekzio prozesuan, eta ezaugarri antigenikoak dituzte. A motako birusetan bi proteina horiek sarri aldatzen dute haien egitura, aipatutako birusaren aldakortasun genetikoa dela eta.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birusa txistu-tanten bidez hedatzen da.

Gripea oso kutsakorra da. Birus eragilea airearen bidez transmititzen da pertsonen artean; arnas jariakinetan aurkitzen denez, kutsapena gaixoak kanporatzen dituen tanten bidez gauzatzen da, hitz egiterakoan edo eztula eta doministiku egiterakoan, batez ere. Birusez kutsatutako objektuak ere (fomiteak) gaitzaren iturburua izan daitezke.

Birusak gehiago irauten du giro lehor eta hotz batean. Horregatik, hain zuzen ere, izurrite gehienak neguko hilabeteetan gertatu ohi dira.

Aerosolen bitartez iristen dira birusak goiko arnas aparatura, eta bertako zelula epitelialak infektatzen dituzte (hemaglutininen bidez atxikitzen dira birusak zelula epitelialei). Hortik, infekzioa beheko arnas traktura pasa daiteke (sudurretatik eta eztarritik biriketara), epitelio bronkialari erasotuz.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren inkubazio epea egun bat eta 3 egun artekoa da. Sindrome gripala buruko mina eta ondoeza orokorrarekin hasten da. Gero sukarra, nekea, giharretako mina, eztul lehorra eta -batzuetan- goragaleak eta beherakoak agertzen dira.

Sintomek 3-5 egun irauten dute, eta gero -konplikaziorik ez bada- errekuperazioa hasten da. Sendaketa osoa 7-14 egunetan gertatzen da.

Zenbait kasutan (ume txikietan, pertsona zaharretan, immunogutxituetan eta gaitz kronikoak dituztenetan) birusaren infekzioak infekzio sekundarioei bidea errazten die; infekzio sekundario horiek bakterioek eragindakoak dira, eta ondorio larriak ekar ditzakete (pneumonia, esaterako).

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen tratamendua sintomak arintzeko botiken erabileran datza. Sukarra jaisteko antipiretikoak ematen dira, eta buruko zein giharretako mina leuntzeko analgesikoak. Atseden hartzea gomendatzen da beti.

Tratamendu sintomatikoan parazetamolak emaitza onak ematen ditu. Aspirina ez zaie umeei eman behar, Reye-ren sindrome larria eragin baitezake.

Antibiotikoak ez dira eraginkorrak birusen aurka, bakterioen aurka baizik. Horregatik ez dira erabiltzen, infekzio sekundario bat -bakterioek sortutakoa- agertu izan ezik.

Agente antibirikoak kasu gutxi batzuetan erabiltzen dira. Amantadina, errimantadina eta zanamibirra dira ezagunenak. Eraginkorrak dira infekzioa hasi eta lehenengo 24-48 ordutan hartzen badira.

Profilaxia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gripearen profilaxia txertoaren ezarpenean datza. Txertoa 1940. hamarkadan hasi zen erabiltzen, eta gaur egun formolez inaktibatutako birus osoekin egiten da.

Txertoaren ezarpena gomendatuta dago arrisku-taldeetan. Hauek dira gripearen ondorio larrienak (infekzio sekundarioak edo beste konplikazio batzuk) pairatu daitezkeenak:

  • adineko jendea (65 urte baino gehiago dutenak)
  • gaixo kronikoak (kardiopatiak dituztenak, biriketako, gibeleko edo giltzurrunetako gaitzak dauzkatenak...)

Hauetaz gain, ohikoa da txertoaren ezarpena osasun langileengan ere, gripearen birusarekin harreman gehiago dituztelako.

Aldakortasun genetiko handia dutenez, gripearen birusek andui kopuru oso altua dute; horrek txertoaren behin betiko eraginkortasuna zailtzen du. Txertoa urtero prestatu behar da, neguan agertzen diren birus mota nagusiekin. Hiru andui desberdinekin egin ohi da (txerto tribalentea): bi A birusarenak, eta bestea B-aren andui batekin.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gripe Aldatu lotura Wikidatan