Edukira joan

Grisez margotutako ontzien kultura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Talde etniko infotaulaGrisez margotutako ontzien kultura

Motakultura arkeologiko
Honen parteBurdin Aroa
Geografia
JatorriaIndiako azpikontinentea
HasieraK.a. 1200
AmaieraK.a. 600
Hedapen mapa

Grisez margotutako ontzien kultura (ingelesez: Painted Grey Ware culture) Indiako azpikontinentean Burdin Aroan agertu zen kultura bat izan zen, K.a. 1200 eta 600 urteen artean gutxi gora behera.

Gangesen lautadan hedatu zen. H hilerrien kulturaren eta Ontzi beltz eta gorrien kulturaren oinordekoa kontsideratzen da eta Iparraldeko ontzi beltz leunduen kulturaren aurrekoa.

Garai vedikoaren erdialdean eta amaiera aldean kokatzen da, Indus haraneko zibilizazioaren gainbeheran sortu zen Kuru Erresuman. Hau izan zen Indiako lehenengo estatu handia.[1]

Normalean K.a. 1200 eta 600 urteen artera mugatzen bada ere,[2] Akinori Uesugi arkeologoak hiru periodo bereziten ditu Grisez margotutako ontzien kulturan:[3]

  • 1. periodoa (K.a. 1300-1000): Ganges eskualdearen iparraldean agertu zen, Ghaggar haranean.
  • 2. periodoa (K.a. 1000-600): Ganges lautadaren mendebaldera zabaldu zen.
  • 3. periodoa (K.a. 600-300): Ekialdearekin harremandu zen eta kultura lausotu egin zen.

Zeramikaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grisez margotutako ontzien apaingarri sorta.

Grisez margotutako zeramikazko pieza finak dira eta apaingarri geometriko beltzak izaten dituzte.[4] Estandarizazio maila nahiko altua agertzen dute, izan ere oinarrizko bi forma baitituzte; erretilu zapala eta katilu sakonagoa, horma eta oinarriaren artean angelu zorrotza duena. Apaingarrien aniztasuna txikia da; bertikala, zeharra edo zigi-zaga itxurakoa, puntuen ilarak, espiralen kateak eta zirkulu kontzentrikoak dira itxura ohikoenak.[5]

Kulturaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asentamenduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura hau herrixka eta asentamenduei lotzen zaie. Zaldiak etxekotu ziren, boliaren artisautza zuten eta burdinaren metalurgia goiztiar bat ere bai.[2] 2018. urterako grisez margotutako ontzien kulturako 1.576 toki aurkitu ziren.[6] Ia guztiak nekazal herrixka txikiak dira eta dozena gutxi batzuk herri kontsidera daitezkeenak. Hauetariko handienak zanga edo lubakiek eta pilatutako lurrez eta zurezko palisadez egindako lubetek gotortuak zeuden, beti ere K.a. 600 urtetik haratago aurkitzen diren herriak baino sinpleagoak.[7]

Kultura honetan arroza, garia, artatxikia eta garagarra lantzen zen. Etxekotutako abereak behiak, ardiak, txerriak eta zaldiak ziren. Etxeak makilak edo kanaberak gurutzatuz eta buztinez beteta eraikitzen zituzten eta hierarkia nabarmena zuten, izan ere etxe handienek hainbat gela izaten baitzituzten. Hierarkia asentamenduen kokapenean ere nabari zen, erdigunean herri bat izaten zen eta inguruan asentamendu txiki. Urbanizazioaren lehen zantzuak ikusten dira, antolaketa soziala eta merkataritza, urrezko, kobrezko, bolizko eta harribitxizko apaingarriak agertzen dira, ale soberakinak gordetzeko ontziak, harrizko pisuak, zolatutako kaleak, ur-kanalak eta lubetak.[8]

Goldea erabiltzen zuten. Populazioa handitu ahala gizartea konplexuagoa bihurtu zen. Artea eta artisautza agertu ziren eta terrakota, harri, faiantza eta beiratan gizakien eta animalien iruditxoak agertu ziren. Ertzetan motibo geometrikoak izaten zituzten, ziurrenik jainkoen sinboloak izango zirenak eta erritualetan erabiltzen zirenak.[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Geoffrey Samuel. (2010). The Origins of Yoga and Tantra: Indic Religions to the Thirteenth Century. Cambridge University Press, 45–51 or..
  2. a b (Ingelesez) Mallory, J. P.; Adams, Douglas Q.. (1997). Encyclopedia of Indo-European Culture. Taylor & Francis ISBN 978-1-884964-98-5. (kontsulta data: 2025-11-18).
  3. Uesugi, Akinori. (2018-01-01). «An Overview on the Iron Age in South Asia» A. Uesugi ed. Iron Age in South Asia (kontsulta data: 2025-11-18).
  4. (Ingelesez) UNESCO. (1996-12-31). History of Humanity: From the Seventh Century B.C. to the Seventh Century A.D.. UNESCO Publishing ISBN 978-92-3-102812-0. (kontsulta data: 2025-11-18).
  5. Bridget and Raymond Allchin. (1982). The Rise of Civilization in India and Pakistan. Cambridge University Press.
  6. Uesugi, Akinori. (2018). A Study on the Painted Grey Ware. in Heritage: Journal of Multidisciplinary Studies in Archaeology 6, 2 or..
  7. (Ingelesez) Heitzman, James. (2008-03-31). The City in South Asia. Routledge ISBN 978-1-134-28963-9. (kontsulta data: 2025-11-18).
  8. Singh, Upinder. (2009). A History of Ancient and Medieval India: From the Stone Age to the 12th Century. Longman, Delhi, 246–248 or..
  9. Kenoyer, J. M.. (2006). Cultures and Societies of the Indus Tradition. In Historical Roots". in the Making of ‘the Aryan’, R. Thapar (ed.), National Book Trust, New Delhi, 21–49 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]