Gulliverren bidaiak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gulliverren bidaiak
Gullivers travels.jpg

Gulliverren bidaiak liburuaren lehen argitalpena

Egilea Jonathan Swift (1726)
Generoa Satira, fantasia
Datuak
Jatorrizko izenburua Travels into Several Remote Nations of the World, in Four Parts. By Lemuel Gulliver, First a Surgeon, and then a Captain of Several Ships
Urtea Londres, 1726
Argitaratzailea Benjamin Motte (Londres, 1726)
Herrialdea  Erresuma Batua
Euskaraz
Izenburua Gulliverren bidaiak
Itzultzailea Iñaki Mendiguren
Argitaratzailea Ibaizabal (1990)
Bilduma Literatura unibertsala
Orrialdeak 328
ISBN ISBN 8486399270

Gulliverren bidaiak (1726), (Gulliver's Travels edo Travels Into Several Remote Nations Of The World, In Four Parts. By Lemuel Gulliver, First A Surgeon, And Then A Captain Of Several Ships), Jonathan Swift idazle irlandarraren eleberria da. Liburua gizakiaren satira bat da, baita bidaien liburuen parodia ere.


Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Eleberria hurrengo lau zatitan banatuta dago:

I. zatia: Lilliput-erako bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gulliver liliputarrek inguratuta.

1699ko maiatzaren 41702ko apirilaren 13

Liburua hitzaurre labur batekin hasten da, non Lemuel Gulliver-ek, garaiko liburuen estiloarekin, bidaiak egin baino lehenagoko bere bizitzaren laburpena egiten baitu. Bidaiatzea asko gustatzen zitzaion sendagilea zen.

Lehen bidaia honetan, Gulliver-en itsasontzia hondoratu eta gero, lehorrean agertu zen. Konortea berreskuratzean, gizakia baino hamabi aldiz txikiagoa zen jendearen preso ikusi zuen bere burua. Lilliput zen herria eta Blefuscu herriaren arerioa zen. Etsaitasunaren arrazoia arrautza egosiak nola kraskatu zen: liliputarrak alde estutik kraskatzearen aldekoak ziren (muturestuzaleak), eta blefuscutarrak, alde zabaletik (muturzabalzaleak).

Ondo portatuko zela hitza eman eta gero, etxebizitza bat eman zioten eta erregearen begiko bilakatu zen.

Liburuak Gulliver-ek Lilliputeko gortean emandako aholkuekin jarraitzen du. Orokorki, ulertu da Swiftek trufa egin ziola George I errege ingelesaren gorteari. Gulliver-ek lagundu zituen lilliputarrak blefuscutarrei irabazten gerra batean. Hala ere, uko egin zion Blefuscu Lilliputeko probintza bihurtzeari eta saldukeria egiteagatik salatu zuten. Lagun baten laguntzaz, Blefuscura joan zen, non txalupa abandonatu bat konpondu eta itsasoratu baitzen. Itsasontzi batek erreskatatu zuen itsasotik eta etxera eraman zuen.

Liliputarren eta blefuscutarren etsaitasunak Frantzia eta Ingalaterraren artekoa irudikatzen zuen. Halaber, etsaitasunaren zergatiek katolikoen eta protestanteen arteko eztabaida antzuak irudikatzen zituzten.

II. zatia: Brobdingnag-erako bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gulliver Brobdingnag-eko nekazari bati erakutsia Richard Redgravek margotua

1702ko ekainaren 201706ko ekainaren 3

Gulliver Adventure itsasontzi zaharrean bidaiatzen ari zen. Ekaitz batek bere bidetik desbideratu zuen ontzia eta uharte batera (Brobdingnag) joan behar izan zuten uraren bila. Bidaiakideek Gulliver abandonatu zuten uhartean eta nekazari batek aurkitu zuen. Brobdingnag-eko jendea gizakia baino hamabi aldiz handiagoa zen. Nekazariak bere etxea eraman zuen eta bere alabaren ardurapean utzi zuen.

Nekazariak bitxikeria bezala tratatzen zuen eta diruaren truke erakusten zuen. Bere ospea handitu egin zen eta erreginaren belarrietara heldu zen. Erreginak Gulliver erosi zuen eta jauregira eraman zuen, nekazariaren alabaren ardurapean. Jauregian Gulliver-ek abentura batzuk bizi zituen: liztor baten kontrako borrokatu zuen, tximino batek teilatura eraman zuen, eta abar. Halaber, Erregearekin eztabaidatzen zuen Europako egoerari buruz.

Itsasertzerako bidaia batean, arrano batek harrapatu zuen bera bizi zen kutxatxoa eta itsasora bota zuen. Arrantzale batzuek erreskatatu eta Ingalaterrara eraman zuten.

III. zatia: Laputa, Balnibarbi, Glubbdubdrib, Luggnagg eta Japoniarako bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1706ko abuztuaren 51710eko apirilaren 16

Gulliver-en itsasontzia piratek erasotu eta gero, abandonatua izan zen uharte txiki batetik hurbil. Zorionez, uharte hegalari batek, Laputa izenekoa, erreskatatu zuen. Laputa musika eta matematiken zale sutsuen erresuma zen, baina ez zekiten nola gauzatu jakunduria hori. Aparatua deitzen zuten gailua da ordenagailu baten itxura duen zerbaiten lehen aipamena literaturan. Halaber, Laputak harriak botatzen zituen lurrazaleko hiri matxinoen (Lindalino) gainean, eta hauxe da aireko bonbardaketa gerra metodo bezala agertzen den lehen aldia.

Gero, Gulliver Balnibarbi-ra joan zen merkatari herbeheretar bat itxarotera, berarekin Japoniara eta handik Ingalaterrara joateko. Balnibarbi Laputako kontinentea zen. Han egon zen bitartean, herrialdea bisitatu zuen eta hondamendia besterik ez zuen ikusi emaitza praktikorik gabeko zientziatik etorrita. Orokorrean, Royal Societyren eta bere esperimentuen satiratzat hartu izan da hau. Halaber, Laputak Balnibarbi menderatzen zuen era Ingalaterrak Irlanda menderatzen zuen eraren kritika argia zen.

Glubbdubdrib-era joan zen geroago, non nekromantziazaleak bizi ziren eta pertsonaia historikoen mamuekin eztabaidatu ahal izan zuen historiari buruz.

Luggnagg-era ere joan zen eta struldbrug jendearekin topo egin zuen, hilezkorrak zirenak. Azkenean, Gulliver Japoniara eta handik etxera itzuli zen, inoiz ez alde egiteko asmo sendoarekin.

IV. zatia: Houyhnhnm-en herrialderako bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1710eko irailaren 71715eko abenduaren 5

Nahiz eta etxean geratzeko asmoa izan, berriro itsasoratu zen. Bere ontzia pirata herbeheretar eta japoniarrek bahitu zuten, pirata bihurtzera behartzeko. Lehorrean abandonatu zuten eta han gizaki itsusi eta desitxuratu batzuk aurkitu zituen, biolentoak zirela uste zutenak. Geroago, zaldiekin topo egin zuen eta konturatu zen zaldiak zirela agintzen zutenak herrialde hartan. Zaldiak Houyhnhnm deitzen ziren euren hizkuntzan ("naturaren perfekzioa") eta gizaki desitxuratuak "Yahoo". Houyhnhnm-en gizartea baketsu eta ideala zen.

Gulliver zaldien taldekide bihurtu zen eta haien bizimodua miretsi eta kopiatu zuen, baita "Yahoo" jendea gorrotatu. Hala ere, Houyhnhnm-en asanblada batean zera erabaki zuten: Gulliver, "Yahoo" adimentsua zena, arriskutsua zela zaldien zibilizaziorako eta, beraz, uhartetik kanporatu zuten.

Portugalgo ontzi batek erreskatatu zuen eta kapitaina jakintsu, adeitsu eta zintzoa zela ikusteak harritu zuen, berarentzat "Yahoo" bat besterik ez zelako. Nahiz eta etxera itzuli, ezin izan zen "Yahoo"-ekin bizi. Zaldi bi erosi zituen eta zalditegitik atera gabe pasa zituen egunak, zaldiekin mintzatzen, bere emaztea eta familia saihesten, eta ingelesen gizartea gorrotatzen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gulliverren bidaiak Aldatu lotura Wikidatan