HAARP proiektua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
HAARP proiektuaren egoitza, airetik ikusita.

HAARP proiektua (ingelesezko sigletatik eratorria: High Frequency Active Auroral Research Program, euskarara Maiztasun Altuko Aurora Aktiboaren Ikerkuntza Programa gisa itzuli daitekeena) Ameriketako Estatu Batuen Itsas eta Aire armadek, Defentsa Aurreratuko Ikerkuntza Proiektuen Agentziak eta Alaskako Unibertsitateak finantzatutako proiektu bat izan zen.[1] Proiektuaren helburua ionosferaren ezaugarriak ikertzea zen, ondoren gune hori baliatzen duten teknologiak garatzeko, besteak beste, irrati-komunikazioen igorpen eta hedadura eta zaintza estrategikoa (misilak atzemateko sistemak, adibidez).[2]

Proiektuaren ekintzak HAARPen Ikerketarako Estazioan burutzen ziren (ingelesez, HAARP Research Station), Gakonatik hurbil, Alaskan.

HAARP Estazioko baliabide nagusia Ikerketa Ionosferikorako Gailua da, ingelesetik jasotzen dituen IRI siglen bidez ezagunagoa. IRI gailua maiztasun altuko irrati-transmisore bat da, ionosferaren gune jakin bateko ezaugarri elektromagnetikoak aldatzeko gaitasuna duena. Gune horretan jazotzen diren aldaketak hainbat gailuren bidez aztertzen dira, hala nola, UHF eta VHF irrati-maiztasuneko bandetan kokatzen diren radarren, zundaketa digitalaren eta indukzio zein saturazio magnetometroen bidez.

HAARP Estazioa 1993an jarri zen martxan. Gaur egungo IRIa 2007tik dago abian eta bere kontratista emankorrena BAE Advanced Technologies da. 2008ra bitarte, HAARP proiektuan, gutxi gorabehera, 250 milioi dolar xahutu ziren eta horien artetik zati batek zergetan zuen jatorria, adibidez, eraikitze lanetan baliatu zen diruak.[3]

Proiektu honek zeresan handia izan du konspirazio teorien babesleen artean, izan ere, gertaera ugariren erruduntzat jo izan da, horien artean hainbat hondamen natural leporatu zaizkio. Zientzialari eta gai jakinetan jakitunek ez dituzte aintzakotzat hartu kritika hauek eta horien artean zenbaitek era jolastian hartu ditu, adibidez, David Naiditch informatikari ikerlariak: "[HAARP proiektuarenak] bere helburuek enigmatikoak dirudite zientzian jakintza gutxi dituztenentzat".[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «HAARP Fact Sheet» archive.is 2012-05-30 . Noiz kontsultatua: 2020-01-05.
  2. «HAARP Purpose (for the EIS)» archive.is 2012-05-30 . Noiz kontsultatua: 2020-01-05.
  3. (Ingelesez) «Heating up the heavens» (PDF), Wayback Machine, . Noiz kontsultatua: 2020-01-05.
  4. (Ingelesez) «10-03-03» Skeptic 2010-03-03 . Noiz kontsultatua: 2020-01-05.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]