Habana (itsasontzia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Habana (lehen Alfonso XIII eta gero Galicia)
 Espainia
Ontziola: SECN Sestao
Uretaratze data: 1920ko irailaren 14a
Izendatze data: 1920ean Alfonso XIII - 1931ean Habana - 1961ean Galicia
Ezaugarriak
Desplazamendua: 14 000 t a.p.c. tona
Luzera: 146,3 m
Zabalera: 18,6 m
Sakonera: 6,3 m
Bulkada: • 2 Parsons lurrun-turbina
• 2 helize
Abiadura: 19,5 korapilo
Eskifaia: 245 marinel

Habana itsasontzia bidai transatlantikoetan aritzen zen bidaiari bapore handia izan zen, Espainiako Gerra Zibilean Euskadiko errefuxiatuen eta bereziki gerrako umeen ebakuazioan paper garrantzitsua jokatu zuena.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere garaian Espainian eraikitako ontzirik handiena izan zen (14.000 tona). 146,30 metrotako luzera zuen; 18,6 mtako erruna; 10,9 mtako puntala eta 6,3 mtako zingoa. Parsons lurrun-turbina bi zituen, bi helizerekin, 10.700 zalditako potentziarekin, eta honek 19,5 korapilotako abiadura hartzea ahalbidetzen zion. Erregai kontsumo handia zuen: egunero 190 tona kalitate oneko ikatz behar izaten zituen.[2] Aurrekontua 10.000.000 pezetatakoa izan bazen ere, azkenean salneurria 36.625.109 pezetatakoa izan zen. 2.000 bidaiari ingururako lekua zuen: 245 1. klasean, 82 2. klasean, 148 3. klasean, eta 1589 leku joale edo troparentzat. Hortaz gain, 245 pertsonatako eskifaia zuen.[1]

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Naval, 2016 urtean

Baporea Sestaoko SECN ontziolan (La Naval) eraikitako lehena izan zen, Compañia Transatlántica enpresarentzat. Altzairua Bizkaiko burdinez egina zen, eta kroskoa errematxez josi zen (artean soldadura teknika garatu gabea baitzen). Gila 1916ko apirilaren 27an ezarri bazitzaion ere, I Mundu Gerraren gorabeherak zirela medio uretaratzea atzeratu zen: 1920ko irailaren 14ean izan zen, Alfonso XIII izenarekin, Espainiako errege-erreginaren aurrean.[1] Azaroaren 27an, Sestaon amarratuta zegoela, sute bat gertatu zen bere barruan; batzuen esanetan lan-gatazkekin lotutako sabotajea izan zen, eta honek prestaketa lanak oraindik gehiago atzeratu zituen.[3] Azkenean, 1923ko abuztuaren 29an eman zitzaion Compañía Transatlanticari. Itsas frogak irailaren 1ean egin ziren, erregea bordean zela. Aurrerantzean Kuba, Mexiko eta New Yorkera bidaiarien garraioan aritu zen.[1]

Compañia Transatlantica[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orduko dokumentuek erakusten dutenez, Alfonso XIII Compañia Transatlanticaren itsasontzi dotoreenetako bat izan zen. Konpainia hau Espainiako zaharrena eta ospetsuenetakoa zen, eta egoitzak Santanderren eta Bartzelonan zituen. Bere sasoirik onena XIX gizaldian izan bazen ere, artean oraindik ontzi transatlantikoen flota indartsua zuen.[1]

Espainiako II Errepublika aldarrikatu zenean, konpainia baztertua izan zen, lehengo errejimenarekin zuen lotura zela eta. Honen ondorioz, Compañia Transatlanticak 1910etik estatuaren zuen hitzarmena eten zen. Halere, Kantauri itsasotik Kuba, Mexiko eta New Yorkera bidaiatzen jarraitu zuen.[1] Gainera, bere ontzietako batzuei izena aldatzera derrigortu zitzaien;[4] adibidez, 1931eko apirilean, Alfonso XIII baporeari izena aldatu zitzaion, aurrerantzean Habana izateko.[5]

Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habana ontzia omentzeko Santurtzin dagoen oroigarria.

1936ko uztailaren 18ko kolpean, Habana ontzia Santurtziko portuan atrakatua zegoen, Ameriketarako bidaierako prestatzen. Albisteak bidai planak eten zituen; eskifaiaren kide batzuk ontzia utzi zuten (kapitaina Jesus Marroquin Valladares; ofizialak Roberto Fano, Eulogio Onzain eta Jose Andonegi), eta beste batzuk (makinistak, sobrekargoa eta telegrafista) bertan geratu ziren.[5] Hurrengo hileetan, Gipuzkoako frontetik ihesi zetozen errefuxiatuei aterpea eman beharra etorri zen, eta Habana helburu hori betetzeko errekisatu zen. 1937an ospitale bezala erabili zen, eta azkenik haurren ebakuazio masiborako erabili zen.[1] Ontzian Euzko Jaurlaritzaren ordezkaria Rodolfo Benito izan zen.[6]

Habanak sei ebakuazio-bidai egin zituen Santurtzitik:[1]

  1. Maiatzaren 6ean, La Pallice-ra (Arroxela, Frantzia). 2273 haur atera ziren, 72 maistra, laguntzaile eta erizainek lagunduta.[7]
  2. Maiatzaren 16ean, Pauillac-era (Frantzia) abiatu zen, 3869 bidaiarirekin (hortik 2185 haur).[8]
  3. Maiatzaren 21ean, Southampton-era (Erresuma Batua). Bidai honetan 7 eta 17 urte arteko 3840 haur atera ziren,[9] 96 maistraz, 120 laguntzailez, 2 medikuz (Jesus Iraragorri eta Severino Atxukarro[10]), zenbait erizainez eta 16 apaizez lagunduta.[4] Errefuxiatuen harrerak eztabaida bizia piztu zuten gizarte ingelesean, alde eta kontra zeudenen artean.[11][12]
  4. Ekainaren 1ean, La Pallicera. 3728 bidaiari, hortik 2318 haur.[8]
  5. Ekainaren 6ean, La Pallicera. 4251 bidaiari, hortik 2337 haur.[8]
  6. Ekainaren 13an, Pauillacera. Bidai honetan 4500 haur atera ziren, eta Pauillacen haietatik 1610 Sontay ontzi frantsesera pasatu ziren, Leningradora (Sobiet Batasuna) joateko, eta handik Odesa, Mosku eta Krimeara.[13]

Denbora honetan, Habana baporearen kapitaina Ricardo Fernandez Orsi izan zen, Extremaduran jaioa baina Bilbon bizi eta nautika ikasketak egindakoa, Frantziara erbesteratu aurretik. Tripulazioan baziren Jose Santos santurtziarra[1] eta Txitxarro ezizena zuen ondarroarra ere.[14]

Espainiako Gerra Zibilak iraun zuen bitartean, Habana Bordelen amarratua egon zen, eta itsasontzi-ospital erabilera eman zitzaion.[1]

Gerra ostean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako gerra amaitu zenean, Francoren gobernuak beretzat erreklamatu zuen, Frantziako portuetan amarratuak zeuden beste 67 itsasontzirekin batera; horrela, Habana ontzia Compañia Transatlanticaren eskuetara itzuli zen. 1939ko ekainaren 27ra heldu zen Bilbora, eta Sestaoko La Navalera bidali zuten, lehen egiten zituen bidaietarako egokitzeko. Baina irailaren 14ean berriz suak hartu zuen, ustez nahita, eta kalte handiak jasan zituen egituran eta makinerian. Horregatik, azkenean garraio-ontzi gisa prestatzea erabaki zen. Konponketen ondoren "garraio-ontzi zatar eta errentagarritasun gutxiko" bezala deskribatu zuten; 1942an itsasoratu zen berriro, Espainiako garraio-ontzi handiena zela (14.148 m3) bide transatlantikoetan zehar kotoia, garaua eta beste garraiatuz.[3]

II Mundu Gerra ostean berriro konpondu zen, New Yorkeko Todd ontzioletan, eta garraio/bidaiari ontzi misto bihurtu zuten, 12 bidaiari Turista A klasean eta 102 Turista B klasean hartzeko.[1] 1948an, kapitaina Leon Aldamiz Etxebarria zen.[5]

Arrantza ontzi Galizian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960an, errentagarria ez zelako, Vigon amarratu zuten desegiteko asmoarekin. Halere, 1961ean Pescanova enpresak erosi zuen, eta Ferroleko ASTANO ontzioletara eraman zuten ontzi-lantegi-hozkailu bihurtzeko. Galicia izen berria eman zioten, eta 1964ko irailaren 7an Hegoafrikarantz abiatu zen, 10 arraste-ontzik lagunduta.[1]

1971 urtean, oraindik konponketa garrantzitsuak egin zitzaizkion: Ferrolen galdara berriak ipini zitzaizkion, itsasontziaren alde bat askatuz eta berriro josiz. Gero Hegoafrikara eta Namibiara itzuli zen, 50 arrantza ontziri zerbitzua emanez (arraina jaso eta konjelatu, eta hornidurak, erregaia, osasun eta konponketa zerbitzuak eman). Lan horretan aritu eta gero, 1975an Galiziara itzuli zen, zerbitzutik kanpo; 1978 otsailean Vigon desegin zen.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l m (Gaztelaniaz) «LA HISTORIA DEL VAPOR HABANA (1916-1978)» Santurtzi Historian zehar 2017-05-06 (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  2. «Trasatlantica (1)» www.buques.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  3. a b (Gaztelaniaz) Sanahuja, Vicente. LA CONVERSIÓN EN CARGUERO DEL VAPOR HABANA | Vida Marítima. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Los buques de refugiados de la Segunda República (I): el Habana» VA DE BARCOS 2018-10-16 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  5. a b c (Gaztelaniaz) Habana | De la mar y los barcos. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  6. (Gaztelaniaz) «Regreso al punto de partida de los niños del vapor ‘Habana’. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  7. (Gaztelaniaz) «Se cumplen 80 años del primer barco que evacuó a niños vascos a Francia. Deia, Noticias de Bizkaia» Deia (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  8. a b c 36kogerra. (2014-05-11). «Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora…» Zarauzko postalak (Noiz kontsultatua: 2019-05-10).
  9. «Basque Children of '37 Association UK - History» www.basquechildren.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  10. «LA LISTA DE LOS 3.681 MENORES DEL 'HABANA'» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  11. (Ingelesez) Jahangir, Rumeana. (2016-07-17). The Spanish children Britain didn't want. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  12. (Ingelesez) McVeigh, Tracy. (2012-03-25). «Basque child refugees meet for final reunion, 75 years after arrival in Britain» The Observer ISSN 0029-7712. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  13. (Gaztelaniaz) «La niña del ‘Habana’ y madre de Biriukov. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  14. Lore Egurrola bidaiariaren lekukotasuna ahotsak.com webgunean

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habanan joandako iheslarien oroitzapenak ahotsak.eus atarian:

Compañia Trasatlántica (Alfonso XIII - Habana - Galicia ontziaren detaile teknikoak eta argazkiak)