Habbakuk proiektua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Habbakuk proiektua Bigarren Mundu Gerrarako izotzezko itsasontzi bat sortzeko egitasmoa izan zen. Garestiegia bihurtu zelako bertan behera utzi zuten proiektua.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942. urtea Bigarren Mundu Gerra betean sartuta zegoen. Alemaniarren nagusitasuna, japoniarren mehatxuak areagotua, gero eta nabarmenagoa zen Ozeano Atlantikoan. Nazien teknologia aurreratuaren aurkia borrokatu behar ziren aliatuak, eta Winston Churchill edozein proposamen entzuteko prest zegoen[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geoffrey Pykeren proiektuaren berri izan zuenean, berau gauzatzeko laguntza osoa ematea erabaki zuen. Inoizko itsasontzirik handiena eraikiko zuten, izotzez. Makina berriak eraikitzeko altzairurik ia ez zen geratzen Europa osoan, baina izotza nonahi topa zitekeen eta flotatu egiten zuen[1].

Pykrete bloke bat

Hala, Habbakuk proiektua abian jarri zuten. Baina izotzaren propietateak hobetu behar zituzten, gogorragoa eta konpontzen errazagoa izan behar zuen etsaien erasoei aurre egiteko. Izotza egur orez nahasi zuten eta material berriari Pykrete esan zioten proiektuaren sortzailearen omenez. Baina izotzak, mugitzean, fluxu plastikoa deritzon fenomenoa eragiten du eta horrek ontzia hondoratuko zukeen. Hori saihesteko materialak –16 gradutan egon behar zuen eta horrek hozte sistema konplexua eskatzen zuen[1].

Oztopoak oztopo, Kanadako Patricia lakuan 9x18 metroko prototipoa eraiki zuten. Emaitza positiboa izan zen. Kanadako gobernuak izotzezko hegazkin-ontzia 1944an prest izango zela adierazi zuen. Baina benetako ontzia 610 metro izango zen luze, kroskoak hamabi metroko lodiera izango zuen, 300.000 tona egur ore, 25.000 tona zuntz isolatzaile, 35.000 tona egur eta 10.000 tona altzairu beharko ziren hura egiteko. Kostuak izugarri egin zuen gora eta, gainera, fluxu plastikoak eta beste arazo batzuek ez zuten oraindik konponbiderik[1].

Pyke berak sortutako proiektutik egotzi zuten eta handik gutxira bere buruaz beste egin zuen. 1943an proiektua garestiegia eta bideraezina zela ondorioztatu zuten ingeles armadako arduradunek eta proiektua bertan behera geratu zen. Patricia aintziran utzitako prototipoak proiektuak baino gehiago iraun zuen, baita gerrak berak baino gehiago ere; hiru uda behar izan zituen erabat urtzeko[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Nagore Irazustabarrena, «Habbakuk, proiektu izoztua», Argia, 2010-10-24, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]