Edukira joan

Habsburgo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Habsburgo
Jatorrizko izena(de) Habsburger
Motadinastia
Honen izena daramaHabsburg Castle (en) Itzuli eta Habsburg
Honen parte daEtichonids (en) Itzuli
IndarraldiXI. mendea - 1780
FundatzaileaGuntram the Rich (en) Itzuli
HerrialdeaAustriako artxidukerria, Gaztelako Koroa, Aragoiko koroa, Iberian Union (en) Itzuli eta Portugalgo Erresuma

Habsburgo edo Austriako Etxea Europako errege dinastia garrantzitsuenetako bat izan zen[1]. Habsburgotarrek etenik gabeko aldi luzean (1438-1740) izan zuten Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore kargua, 1278tik 1918 arte Austriako buruzagitza (hasieran artxidukerritza, ondoren erregetza eta bukaeran enperadoretza) bere gain izan zuten, eta Bohemia, Hungaria, Kroazia, Ingalaterra, Irlanda, Portugal, Gaztelako koroa zein Aragoiko koroan erreinatu zuten. Gaur egungo Suitzakoa den Argovia kantoian 1020. urte inguruan eraikitako gaztelutik dator izena: Habichtsburg («aztoreen gaztelua»).

XII. mendetik aurrera, Habsburgotarrak lurralde anitzen jabe egin ziren oinordekotza eta emaitzen bidez: Turgovia, Alsazia Garaia edo Zürich. Rodolfo I.a izan zen Habsburgo etxeko lehen Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea (1273-1291), eta Austriako artxidukerria, Estiriako Dukerria eta Karniolako Dukerria bere mende ezarri zituen. Ehun eta berrogeita hamar urtez, Habsburgo, Luxenburgo eta Wittelsbach etxeetako enperadoreak txandaka izan ziren Inperio Santuko agintari.

XIV. mendean Karintiako Dukerria, Tiroleko Konderria, Friburgo, Trieste eta Vorarlberg beretu zituzten. Hala eta guztiz ere, XIII. mendetik XV. mendera bitartean, suitzar menditarrekin egindako gerren ondorioz, jatorrizko lurraldea galdu eta Austriara joan ziren bizitzera, eta harrezkero izen horrez ezagutu zituzten. Ondorengo partiketek, bestalde, luza gabe ahuldu zuten familiaren aginpidea, harik eta Frederiko III.a enperadoreak (1440-1493) habsburgotarren lurraldeak bere mendean bildu zituen arte. Hala, 1741-1745 bitarteko salbuespena aparte utzita, germaniarrek beti haien artetik hautatu izan zuten enperadorea, Inperio Santua 1806an desagertu zen arte.

Ezkontzen bidez, habsburgotarrek gero eta lurralde handiagoak eskuratu zituzten (Bella gerant alii; tu, felix Austria, nube: «Bestek egin beza gerra; zuk, zorioneko Austria horrek, ezkontza egizu»).

Horrela, 1477an Maximiliano I.a eta Maria Borgoinakoa ezkondu zirenean, Hamazazpi Probintziak eta Frankoen Konderria habsburgotarren esku gelditu ziren.

1496an Filipe I.a Habsburgokoa Joana I.a Gaztelakoarekin ezkondu zen, hura baitzen Aragoiko eta Gaztelako koroen oinordekoa, eta, modu horretan ere Iberiar penintsulako Gaztela eta Aragoiko Espainiak (pluralean), Gaztelako koroak Europatik kanpo aurkitutako lurralde berriak Indiatan eta Filipinetan eta Aragoiko koroaren Mediterraneo itsasoko lurraldeak (Mallorcako Erresuma, Korsika irla, Sardiniako Erresuma, Siziliako Erresuma eta Napoliko Erresuma) ere berengana bildu zituzten habsburgotarrek (1506-1516).

Fernando I.ak Jagellon leinuko Ana Bohemiako eta Hungariakoarekin ezkondurik Bohemia osoa eta Hungariako zati bat beretu zituzten 1526an, Anaren neba Luis II.a Hungariakoa, Hungariako erregea zena, Mohácseko guduan heriotza aurkitu ondoren.

Karlos V.arekin bere goren mailara iritsi zen Habsburgo etxea, baina haren abdikazioaren ondorioz bi adar sortu ziren: Filipe II.a premuak Iberiar penintsulako bi koroetako erregetzekin batera, momentu hartara arte konkistatutako Indiak eta Filipinak, Hamazazpi Probintziak, Frankoen Konderria, bere aitak konkistatutako Milanerria, Korsika irla, Sardiniako Erresuma, Siziliako Erresuma eta Napoliko Erresuma bereganatu zituen; bigarren adarra, berriz, Fernando I.a, Karlosen anaia buru zuela, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore egin zen eta Vorarlberg, Tiroleko Konderria, Alsazia, Suabia, Estiria, Karniola eta Karintiako dukerriak, Austriako Artxidukerria, Bohemiako Erresuma osoa eta Hungariako Erresumaren zati bat beretu baitzituen.

1700ean, lehen adarra ahitu zenean, Vienako habsburgotarrek Habsburgotar Herbehereak, Milanerria, Napoli eta Sizilia bereganatu zituzten; bai eta Hungaria osoa ere 1699an, otomandarren aurka borrokatu ondoren.

1736an Habsburgo-Lorrena dinastia berria sortu zen, Maria Teresa I.a Austriako artxidukesa, Milanerriko dukesa eta Bohemia eta Hungariako erregina zena Lorrena leinukoa zen Frantzisko III.a Lorrena eta Bar-eko dukearekin ezkondurik. Geroago, senarra, Frantzisko II.a izenez Toskanako Duke Handia izatera para zen 1737an. Azkenik, Frantzisko I.a izenarekin, Inperio Santuko enperadorea izatera ailegatuko zen 1745an.

1804an, Inperio Santuaren amaierari igarririk, Frantzisko II.ak Austriako enperadore izendatu zuen bere burua. Haren iloba Frantzisko Josefek hungariarren matxinadari buru eman behar izan zion, eta 1867an monarkia austro-hungariarra sortu zen. Alabaina, Italiatik (1859-1866) eta Alemaniatik (1866) alde egin behar izan zuten Habsburgotarrek. Karlos I.ak, azken enperadorea izan zenak, 1918an abdikatu zuen.

Habsburgo etxearen agintea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austriako Etxeak, besteak beste, honako agintari hauek izan zituen:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. House of Habsburg Global.britannica.com

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]