Hadley Richardson
| Hadley Richardson | |
|---|---|
Elizabeth Hadley Richardson senarrarekin (Ernest Hemingway idazlea) eta semearekin (John Hadley Nicanor "Jack" Hemingway (ezizenez "Bumby")), Schrunsen (Austria) | |
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Elizabeth Hadley Richardson |
| Jaiotza | Saint Louis, 1891ko azaroaren 9a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Lakeland, 1979ko urtarrilaren 22a (87 urte) |
| Hobiratze lekua | Chocorua Cemetery (en) |
| Familia | |
| Aita | James Richardson |
| Ama | Florence Wyman-Richardson |
| Ezkontidea(k) | Ernest Hemingway (1921 - 1927) Paul Scott Mowrer (1933 - 1971) |
| Seme-alabak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Bryn Mawr College Mary Institute and St. Louis Country Day School (en) |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | piano-jotzailea |
Elizabeth Hadley Richardson (Saint Louis, Missouri, 1891ko azaroaren 9a – Lakeland, Florida, 1979ko urtarrilaren 22a) estatubatuar piano jotzailea, Ernest Hemingway estatubatuar idazlearen lehen emaztea izan zen. Urtebete baino gutxiagoko ezkongaitan ibili ostean, biak 1921ean ezkondu eta Parisera joan ziren hilabete gutxira. Parisen, Hemingwayk idazle karrera jarraitu zuen eta, horren bidez, Richardsonek atzerriratutako beste idazle estatubatuar eta britainiar batzuk ezagutzeko aukera izan zuen.
1926 urtean, Richardsonek senarrak Pauline Pfeifferrekin zuen harremanaren berri izan zuen. Pfeiffer Richardsonen lagunik onena izana zen, eta Hemingwaytarrekin bizi eta bidaiatu zuen. 1927 urtean dibortziatu zen. 1933 urtean, Richardsonen bigarren ezkontza, Parisen ezagutu zuen Paul Mowrer kazetariarekin izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elizabeth Hadley Richardson 1891n jaio zen Missuori estatuko Saint Louis hirian eta bost haurrideetan gazteena izan zen. Richardsonen ama, Florence Wyman Richardson (ezkongabetan, Hadley), musika eta abeslari ospetsua izan zen, eta bere aitak, James Richardson Jr., familiako enpresa farmazeutiko baterako lan egiten zuen. Haurra zela, Hadley bigarren solairuko leihotik erori zen, eta horren ondorioz urtebetez egon zen ohean etzanda. Istripuaren ostean, amak babes handiegia eman zion, eta ez zion utzi igeri egiten ikasten, ezta beste jarduera fisiko batzuk egiten ere. Hadleyren aita ez zen hain babeslea, baina 1903 urtean bere buruaz beste egin zuen zailtasun finantzarioak zirela eta.[1][2][2]
Ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nerabea zela, Richardson ikaragarri lotsati eta bakartia izan zen. Saint Louiseko Mary Institute-n izan zen eta gero Bryn Mawr-en unibertsitatera joan zen. Hala ere, amak Richardson "fisikoki zein emozionalki delikatuegia" zela erabaki zuenean, unibertsitatea utzi zuen. Urte hasieran bere ahizpa Dorothea apartamentu bateko sutean hil izanak eragina izan zezakeen Richardsonek unibertsitatea uzteko erabakia hartzeko orduan. Jamie Barlowe Hemingwayri buruzko ikertzailearen ustez, Richardsonek "benetako emakume" bat irudikatu zuen, XX. mendearen hasierako "emakume berri" batekin alderatuta. "Benetako emakumea" "emozionala, menpekoa, jentila, benetako jarraitzailea" zen.[1][3][4]
Piano-jotzaile
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Unibertsitatetik bueltan, Richardsonek bizitza murriztua izan zuen (bere ahizpa eta ama bere osasunaz kezkatzen jarraitzen zuten) jarduera fisikoa egiteko aukera gutxirekin edo bizitza sozial baten zati handi batekin. Haren amak baimena eman zion Richardsoni Bryn Mawr-en gelakide ohia, Edna Rapallo, bisitatzeko Vermonten uda batez. Bere laguna bisitatzen zuen bitartean, tenisean jokatzea gustatzen zitzaion eta Maxfield Parrish ezagutu zuen, baina ama bere ongizateaz arduratu zenean, etxera itzuli behar izan zuen. Ama bakartia bihurtu eta espiritismoan murgiltzen zen bitartean, Richardsonek urte batzuk eman zituen pianista karrera bat egin nahian, harik eta musika utzi zuen arte, talentua falta zitzaiola pentsatuz. Gero, eliza batean aritu zen astero. Bere amak Brighten gaixotasuna garatu zuenean, hil arte zaindu zuen Richardsonek.[2][5][2]
Ernest Hemingway
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ama hil eta gutxira, 1920 urteko abenduan, Richardsonek Kate Smith gelakide ohia (geroago John Dos Passosekin ezkondu zena) bisitatu zuen Chicagon, eta haren bitartez ezagutu zuen Hemingway, Smithen nebarekin bizi zena eta Cooperative Commonwealth hilabetekariaren editore lagun gisa lan egiten zuena. Richardson Saint Louisera itzuli zenean, Hemingwayk, berarekin maiteminduta baitzegoen, idatzi zuen: «Banekien bera zela, nire emaztea izango zena». Richardson, Hemingway baino zortzi urte zaharragoa, ilegorria zen eta "sen maitekorra" zuen. The Hemingway Women filmaren egile izan zen Bernice Kertek esan zuen Richardsonek "gogora ekartzen" zuela Hemingwayk ezagutu zuen eta Lehen Mundu Gerran jasandako zaurietatik sendatu zenean maitemindu zen emakumea, Agnes von Kurowsky, baina Richardsonengan, Hemingwayk Agnesi falta zitzaion infantilitatea ikusi zuen.[1][2][2]
1921 urteko neguan, Richardsonek musika berreskuratu eta aire zabaleko jarduerak egin zituen. Berak eta Hemingwayk eskutitzak trukatu zituzten neguan. Adin-desberdintasunari buruzko zalantzak azaldu zizkionean, "inolako desberdintasunik ez zegoela esan zuen". Hemingwayk Saint Louisen bisitatu zuen 1921 urteko martxoan, eta bi aste geroago Chicagon ere bai. Gero, ez zuten elkar ikusi bi hilabetez, maiatzean Saint Louisera itzuli zen arte. Eskutitz bidez, bere urtebetetzerako Corona idazmakina erosiko ziola agindu zion. Ekainean, bere konpromisoa iragarri zuen, nahiz eta bere lagunek eta ahizpak ezkontza horren aurkakoak izan. Richardsonek uste zuen bazekiela zertan ari zen, eta, are garrantzitsuagoa zena, herentzia bat zuen bere burua eta senarra mantentzeko. Berak Hemingwayren talentuan sinesten zuen eta "idazlearentzat bera zela egokiena" uste zuen.[6][7][7]
1921 urteko irailaren 3an ezkondu ziren Bay Townshipen, Michiganen, eta eztei-bidaia Walloon Lakeko Hemingway familiaren udako txabolan eman zuten. Klima miserablea zen eta bai Richardsonek bai Hemingwayk sukarra, eztarriko mina eta eztula izan zituzten. Bikotea Chicagora itzuli zen eztei-bidaiaren ostean, eta senar-emazteak North Dearborn Streeteko apartamentu txiki batean bizi izan ziren.[8][9][10]
Osaba gorrotatu baten heriotzak beste herentzia eta independentzia finantzario gehigarri bat eman zion Richardsoni bikotearentzat. Hasiera batean, Erroma bisitatzeko asmoa zuten, baina Sherwood Anderson idazle estatubatuarrak Paris bisitatzeko konbentzitu zituen. Andersonek Parisen bizitzeko emandako aholkua interesatu egin zitzaion, eta bi hilabete geroago Toronto Star-eko atzerriko korrespontsal gisa Hemingway kontratatu zutenean, bikotea Parisera joan zen. Hemingwayren eta Richardsonen arteko ezkontzari buruz, Hemingwayren biografoa izan zen Jeffrey Meyersek hauxe esan zuen: "Richardsonekin, Hemingwayk Agnesekin espero zuen guztia lortu zuen: emakume eder baten maitasuna, diru-sarrera erosoa, Europan bizitzea."[11][10][12]
Paris
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parisen, Richardson eta Hemingway apartamentu txiki batean bizi izan ziren, rue du Cardinal Lemoineko 74. zenbakian, Auzo Latinoan. 1921 urteko neguan, Shakespeare and Company liburu-denda aurkitu zuen. Mailegu-liburutegi gisa ere funtzionatzen zuen, eta Sylvia Beach erbesteratu estatubatuarrak zuzentzen zuen. Richardson haraxe joan zen James Joyceren irlandar idazlearen lanak erostera, eta berari gustatu egin zitzaizkion, Beachek Joyceren Ulises kaleratu zuelako. Hemingwaytarrek 1922 urteko martxoan ezagutu zuten lehen aldiz Joyce liburu-dendan.[13][14]

Andersonen aurkezpen-gutunen bidez, Hemingwayk Ezra Pound ezagutu zuen, bikotea tea hartzera gonbidatu zuen eta. Gertrude Steinen egongelara gonbidatu zituzten. Steinek, berriz, bere apartamentuan egin zion bisita bikote gazteari. Hemingwayren eta Steinen arteko harremana etsai bihurtu zen Hemingwayk ospea irabazi ostean (ikus Hemingway's Boat, Paul Hendrickson, 2011, eta Hemingway, Kenneth Lynn, 1987). Udaberri hartan, Richardson eta Hemingway Italiara joan ziren eta, udan, Alemaniara. Richardson bakarrik joan zen Genevara 1922 urteko abenduan, Hemingwayrekin topo egiteko, zeina bake-konferentzia batean zegoen. Bidaia hartan, Lyongo geltokian tren baten zain zegoela, Richardsonek Hemingwayren eskuizkribuz betetako maleta bat galdu zuen. Lana galdu zuelako lur jota eta haserre, errua Richardsoni bota zion.[15][16]
Hilabete batzuk geroago, Richardson haurdun zegoela jakin zutenean, bikoteak Torontora (Kanada) joatea erabaki zuen, haurra bertan jaioteko. Alde egin baino lehen, bikotea lehen aldiz joan zen Iruñeko San Fermin Jaietako zezenak eta entzierroak ikustera. Bere semea, John Hadley Nicanor Hemingway, 1923 urteko urriaren 10ean jaio zen Toronton. Hadley amaren izena eta Nicanor Villalta espainiar toreroaren izena jarri zioten, aurreko udan Hemingway hunkitu zuena. Umea osasuntsu zegoen eta erditze azkarra izan zen; Hemingway ez zen erditzean egon, New Yorkera bidalia baitzuten misio batera, eta trenean zetorren emaztea erditzear zegoenean. Richardsonek haurtxoari Bumby ezizena jarri zion.[17][18][5]
Toronton, familia Bathurst Streeteko apartamentu txiki batean bizi izan zen, "hormetan bere margolan bilduma zintzilikatzeko nahikoa leku" zuela. Richardsonek "zentzugabetzat" jo zituen Toronto Starren senarrari agindutako lanak. Hemingwayren ustez, Toronto aspergarria zen eta Parisera itzuli nahi zuen idazle baten bizitza bizitzeko, Torontoko kazetari baten bizitza bizi beharrean. Bumbyk hilabete batzuk besterik ez zituenean, Parisera itzuli ziren eta 1924 urteko urtarrilean Rue Notre Dame des Champs-eko apartamentu berri batera aldatu ziren. Richardsonek emakume bat kontratatu zuen etxeko lanak egiten eta Bumby zaintzen laguntzeko, eta haur-kotxea eskatu zuen haurtxoa Luxenburgoko lorategietan paseatzera eramateko. Bumbyren bataioa St. Lukeko Apezpiku-elizan egin zen martxoan, "Chink" Dorman-Smith eta Gertrude Stein aitabitxi-amabitxiak zirela. Hilabete batzuk geroago, bere fondoen kudeaketa txarrak Richardson finantza galerarekin utzi zuen eta, aldi berean, Hemingway Ezra Pound eta Ford Madox Ford, Transatlantic Review aldizkari modernista txikirako editore lanetan hasi zen. Ekainean, Richardson eta Hemingway Iruñera itzuli ziren, Bumby Parisen utzita, eta negu hartan Austriara joan ziren lehen aldiz Schruns-en oporrak hartzera.[19][17][17][20][21][22]
Kanadatik Parisera itzuli eta handik denbora batera, Hemingwayk Pfeiffer ahizpak ezagutu zituen. 1925 urteko ekainean Hemingwayk eta Richardsonek Paris utzi zutenean, urtero Iruñera egiten zuten bisitan (hirugarren urtean), Estatu Batuetako eta Britainia Handiko erbesteratu talde batekin joan ziren, horien artean Pauline Pfeiffer. Bidaiak inspiratu zuen Hemingwayren lehen eleberria, Fiesta (The Sun Also Rises), jaia amaitu eta berehala hasi eta irailean bukatua zuena. Azaroan, Richardsonentzako urtebetetze opari gisa, Joan Miróren La granja koadroa erosi zuen Hemingwayk.[23][24][25][23]
Dibortzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hemingwayk Fiesta idatzi eta berrikusten zuen bitartean desegin zen haren ezkontza, nahiz eta eleberria "Hadley eta... John Hadley Nicanorri" eskaini. Bigarren urtez, Schruns-era joan ziren Gabonetarako, baina urte horretan Pauline Pfeiffer ere joan zen haiekin. Hemingway Parisera itzuli zen Pfeifferrekin, Richardson eta Bumby Austrian utzita. Richardson Austrian zegoen bitartean, Hemingwayk New Yorkera nabigatu zuen eta gero Parisera itzuli zen martxoan, beharbada, orduantxe hasi zuen Paulinerekin abentura. 1926 urteko udaberrian jakin zuen Richardsonek harreman horren berri, nahiz eta Pauline Iruñean egotea jasan zuen uztail hartako sanferminetan, Parisera itzultzean, Richardsonek eta Hemingwayk banantzea erabaki zuten, eta Richardsonek formalki eskatu zuen dibortzioa udazkenean. Azaroan, Richardsonek Hemingwayren eskaintza onartu zuen, Fiesta (The Sun Also Rises) lanaren gaineko eskubideen aldekoa. Bikotea 1927 urteko urtarrilean dibortziatu zen eta Hemingway Pauline Pfeifferrekin ezkondu zen urte bereko maiatzean.[26][18][27][5][26][5][5][28]
Bigarren ezkontza: Paul Mowrer
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Richardson 1934 urtera arte egon zen Frantzian. Parisen zituen lagun ugarien artean Paul Mowrer zegoen, Chicago Daily News-komunikabideko korrespontsal atzerritarra, 1927 urteko udaberrian ezagutu zuena, dibortzio kontuak amaitu eta gutxira. Kazetari eta idazle politikoa, 1929 urtean Mowrer-ek Pulitzer Saria irabazi zuen. 1933 urteko uztailaren 3an, Richardson eta Paul Mowrer Londresen ezkondu ziren, bost urtez elkarrekin egon ostean. Richardson bereziki eskertuta zegoen Mowrerrek Bumbyrekin zuen harreman beroarengatik. Ezkondu eta gutxira, AEBra itzuli ziren. Lake Bluff, Illinois, Chicagoko auzo pobre bat. Bigarren Mundu Gerran bizi izan ziren han. The Sun Also Rises filmaren egile eskubideak jasotzen jarraitu zuen, 1957 urteko filmaren egile eskubideak barne.[18][29][29][29][18][30][31][31]
Paris festa zen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hemingwayren memoriak, Paris festa zen (A Moveable Feast), ez ziren 1964 urtera arte argitaratu, Hemingway hil eta hiru urtera. Bertan, Hemingwayren eta Richardsonen arteko ezkontza eta 1920 urteko hamarkadaren erdialdera arte Parisen izan zuten bizitza kontatzen da.[32]
Azken urteak eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Richardsonek Hemingwayrekin zuen ezkontza utzi zuenean, neskak harekiko arreta galdu zuen. Txostenen arabera, Hemingway dibortziatu eta bi aldiz baino ez zuen ikusi. 1939 urteko uztailean, Mowrer eta biak berarekin elkartu ziren Wyomingen oporretan zeudela, eta A. E. Hotchnerrek esan zuenez, Hemingwayk Richardson ikusi zuela jakinarazi zuen, azken aldia Parisen bat-bateko topaketa labur baten ostean izan zela.[33]
Richardson 1979 urteko urtarrilaren 22an hil zen Lakeland-en, Floridan, 87 urte zituela. New Hampshiren dago lurperatuta, Tamwortheko Chocorua hilerrian.
1992 urtean Gioia Dilibertoren Hadley argitaratu zen, Hadley Richardsonen biografia bat. Liburua ikerketa zabal batean oinarritzen da, egileak Richardsonekin grabatutako elkarrizketa batzuetarako sarbide esklusiboa barne, eta 2011 urtean berrargitaratu zuten Paris Without End: The True Story of Hemingway's First Wife izenburuaz.
2011 urtean, The Paris Wife: Paula McLainen A Novel izeneko liburua kaleratu zuten, Hadley Richardsonek Hemingwayrekin izandako harremanaren historia osoa kontatzen duena "berak kontatuta". Fikziozko lana bada ere, bere narratiba gertaera ezagunei leiala da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 Oliver,
- 1 2 3 4 5 6 Kert, 1983
- ↑ Barlowe, 2000, or. 133
- ↑ Barlowe, 2000, or. 132
- 1 2 3 4 5 Mellow, 1992
- ↑ Kert, 1983, or. 91
- 1 2 Kert, 1983
- ↑ Oliver,, or. 140
- ↑ Kert, 1983, or. 103
- 1 2 Kert, 1983, or. 104
- ↑ Baker, 1972, or. 7
- ↑ Meyers, 1985
- ↑ Kert, 1983, or. 112
- ↑ Meyers, 1985, or. 82
- ↑ Baker, 1972
- ↑ Meyers, 1985
- 1 2 3 Baker, 1972, or. 15–18
- 1 2 3 4 Workman, 1983
- ↑ Mellow, 1992, or. 241
- ↑ Mellow, 1992, or. 248
- ↑ Mellow, 1992, or. 259
- ↑ Mellow, 1992, or. 281
- 1 2 Mellow, 1992
- ↑ Meyers, 1985
- ↑ Baker, 1972
- 1 2 Baker, 1972
- ↑ Spilka, 1984
- ↑ Meyers, 1985
- 1 2 3 Kert, 1983
- ↑ «I am Lake Bluff History: People» Lake Bluff History Museum.
- 1 2 Reynolds, 2000
- ↑ Oliver,, or. 225–228
- ↑ Just, Julia. (1992-04-12). «IN SHORT: NONFICTION» The New York Times.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, {{{hizkuntza}}} Wikipediako «Hadley Richardson» artikulutik itzuli da. Izan ere, artikulu horretan aritu diren wikilariek GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentziekin argitaratu dute beren lana.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Baker, Carlos (1969). Ernest Hemingway: A Life Story. New York: Charles Scribner's Sons. ISBN 0-02-001690-5
- Baker, Carlos (1972). Hemingway: The Writer as Artist (4th edición). Princeton University Press. ISBN 0-691-01305-5
- Barlowe, Jamie (2000). «Hemingway's Gender Training». En Wagner-Martin, Linda, ed. A Historical Guide to Ernest Hemingway. Oxford University Press. ISBN 0-19-512151-1
- Kert, Bernice (1983). The Hemingway Women (1999 edición). Norton. ISBN 0-393-31835-4
- McLain, Paula (2011). The Paris Wife: A Novel. Ballantine Books. ISBN 978-0-345-52130-9
- Mellow, James R. (1992). Hemingway: A Life Without Consequences. New York: Houghton Mifflin. ISBN 0-395-37777-3
- Mellow, James R. (1991). Charmed Circle: Gertrude Stein and Company. New York: Houghton Mifflin. ISBN 0-395-47982-7
- Meyers, Jeffrey (1985). Hemingway: A Biography. London: Macmillan. ISBN 0-333-42126-4
- Oliver, Charles M. (1999). Ernest Hemingway A to Z: The Essential Reference to the Life and Work. New York: Checkmark. ISBN 0-8160-3467-2
- Reynolds, Michael S. (2000). Hemingway: The Final Years. New York: Norton. ISBN 0-393-31778-1
- Spilka, Mark (1984). «Victorian Keys to the Early Hemingway: Captain Marryat». Novel: A Forum on Fiction (Duke University Press) 17 (2): 116-140. JSTOR 1345014. doi:10.2307/1345014.
- Workman, Brooke (1983). «Twenty-Nine Things I Know about Bumby Hemingway». The English Journal 72 (2): 24-26. JSTOR 816722. doi:10.2307/816722.
- Diliberto, Gioia: Hadley Ticknor & Fields, Nueva York, 1992, reimpreso como París sin fin: la verdadera historia de la esposa de Hemingway HarperCollins, Nueva York, 2011
- Sokoloff, Alice Hunt: Hadley – La primera señora Hemingway, Nueva York (1973)
- McLain, Paula. La esposa de París , Random House. (2011)