Haizearen orrazia

Koordenatuak: 43°19′18″N 2°00′20″W / 43.321775°N 2.00567°W / 43.321775; -2.00567
Wikipedia, Entziklopedia askea
Haizearen Orrazia» orritik birbideratua)
Haizearen orrazia
Jatorria
Sortzailea(k)Eduardo Txillida eta Luis Peña Gantxegi
Sorrera-urtea1976
Ezaugarriak
Materiala(k)altzairua
Genero artistikoaarte abstraktua, arte publikoa eta monumentuzko eskultura
Deskribapena
Kokapena
LekuaOndarreta
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′18″N 2°00′20″W / 43.321775°N 2.00567°W / 43.321775; -2.00567
Map

Haizearen orrazia[1] Donostian dagoen plaza eta eskultura multzoa da, Eduardo Txillidaren altzairuzko hiru eskulturek osatua, Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatutako espazio publikoarekin harremanean. Ondarretako hondartzaren ipar-mendebaldeko muturrean dago, Eduardo Txillida pasealekuaren amaieran. Eskultura-multzoa 1977 urtean jarritako burdinazko hiru atalek osatzen dute eta inguruko plaza, batzuetan Tenis plaza deitua, hainbat plataforma, egonleku eta mailadik osatua dago eta eskulturekin integratzen da. Muturreko plazan bertan, lurrean zulo batzuk ageri dira, bakoitza harri atal bakarrean zulatua. Bertatik, olatuek jotzen dutenean, haize (eta ur) ufadak irteten dira, geiserren antzera. Donostiako bisitatoki garrantzitsua da, eskulturez gain, itsasora, Kontxako badiara eta hirira eskaintzen duen ikuspegi ederragatik. Hori guztia dela eta, hiriaren ikur nagusietako bat da.

2019ko urtarrilaren 31n, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatzeko espedientearen izapidea hasi zuen[2].

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskulturaren katorrizko izena Haizearen Orrazia XV da (Peine del Viento XV). Hala ere, herritarrek Haize orrazia eta Haizeen orrazia esaten diote. Gauza bera gertatzen da gaztelaniaz, orokorrean El Peine de los Vientos izena nagusi baita, nahiz eta oso noizean behin El Peine del Viento erabili.

Luis Peña Gantxegi arkitektoak besterik gabe Tenis plaza esaten zion, alboko ekipamenduagatik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bederatzi urte behar izan zituen Txillidak bere obra amestutako tokian jarrita ikusteko 1977an. Gorabeheraz eta zailtasunez betetako bidea izan zen. Hasieran, orrazi bakarra egitea pentsatzen zuen, baina azkenean 23 piezako serie batetik hiru aukeratu zituen.

Plaza amaituta, eskulturak jartzea ingeniaritza-erronka bat izan zen; eskulturak oso astunak dira, eta haitzetan eta itsasoak asko kolpatzen duen eremu batean kokatuak daude. Haizearen orrazia osatzen duten hamarna tonako hiru ataletako bakoitza bere lekuan jartzearren, Txillidak AEBetako enbaxadari helikopteroak eskatu zizkion. Ezetz erantzun ziotenez, bertako ingeniaritzak hartu zuen erantzukizuna, Jose Elosegi alkatearen eskutik: 1977an, hark egin zuen itsasoaren gainetik altxatzen zen erraildun zubi bat. Eduardo Txillidaren burdinazko beste obra handi gehienak bezala, Legazpiko Patrizio Etxeberria fabrikan egin ziren. Lantegiko jabe Patrizio Etxeberria eta bertako langileekin batera eskuz esku aritzen zen artista.[3]

1977ko irailaren 3an bukatu zuten obra. Hamahiru egun geroago hesiak kendu zituzten bisitariek ikusi ahal izateko. Orduan ez zen inauguraziorik egin, eta 2007ko irailaren 16an —30. urteurrenean, alegia— egin zen ekitaldi xume bat, inaugurazio gisa.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deskribapen orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haizearen Orraziaren multzoa honako hauek osatzen dute: Luis Peña Gantxegi arkitektoak eginiko plaza, Eduardo Txillida eskultorearen «haizearen orraziak» izeneko hiru eskulturak, eta inguruko natura-gunea, Igeldoko itsaslabarrak eta itsaslabarraren eta Santa Klara uhartearen artean dagoen marearteko zabalguneak osatzen dutena.

Plaza egitura mailakatuko plataforma bikoitz batez osatua dago, luzetara hegoaldetik iparraldera doana. Plazaren perimetroak hiru alde zuzen ditu; horietako bik –ekialdeko eta ipar-ekialdeko aldeak– itsasoarekin egiten dute muga, eta hirugarrenak –hegoaldeko aldea– itsas-pasealekuko ingurune urbanizatuarekin. Mendebaldeko aldea plataformak eta Igeldoko mendi-magal harritsuaren topografiak bat egiten duten lerroak osatzen du, geometria irregularreko muga sortuz. Plazaren goialdeko plataforma Igeldoko mendi-magalari atxikita dago, eta hegoaldeko eta iparraldeko ertzetan geometria poligonal irregularra hartzen du.

Plazak gehienez ere 140 metroko luzera du, eta 20 eta 40 metroko zabalera, gutxi gorabehera.

Olatu talka petrilan kontra eta ur ufadak (geiserrak).

Itsas-pasealekuko ingurune urbanizatuaren zati bat –ekipamendu-lursailaren iparraldeko muga eta haren luzapenetik itsasoraino zabaltzen dena– ondasunaren zatitzat hartzen da, hiriaren eta plazaren izaera erdi naturaleko tokiaren arteko trantsizio-gune bat delako. Azkenik, eskultura-multzoa eta plaza kokatuta dauden natura-gunearen ezaugarriak dira itsasotik hurbil egotea eta flysch moduko egitura geologikoa izatea. Flyscha trinkotasun eta gogortasun ezberdinetako harri-geruzak osatzen dute, jalkitze bidez sortu baina bertikalean ezarriak indar tektonikoen eraginez.

Plazaren arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plazaren plataforma eta begiratokiak (iparraldea).
Plazaren plataforma eta begiratokiak (erdialdea)

Plazaren ideia arkitektonikoa, hurrengo paragrafoetan azaltzen denez, bi funtsezko alderdi hauetan oinarritzen da:

  • Obraren –plaza eta eskulturak– eta naturaren arteko lotura.
  • Begiralearen eta eskultura-lanen arteko harremana.

Obraren hiritartasunaren eta naturaltasunaren arteko muga oinarrizkoa da proiektua bururatzean, eta hori aintzat hartu da obraren eta naturaren arteko lotura ezartzean. Lotura hori zenbait mekanismo desberdinez ezartzen da:

  • Topografia artifiziala sortzea: Geometria irregularreko harmailez bereizita dauden bi harrizko plataformek osatzen dute plaza, geruza horizontalezko topografia artifizial moduko zerbait konfiguratuz. Topografia hori itsaslabarraren topografia naturalaren oinarri eta kontrapuntu da, zeinaren flyscharen moduko geologia geruzaduna proiektuaren argumentu gisa hartzen baita. Topografien arteko lotura handitu egiten da plazaren obra gauzatzean, zeinaren testura harritsua baita, nahita zimurtsua eta latza, indar plastiko handiko eremu ikaragarri bat sortuz. Flyschak eta plazak osatzen duten multzoak zerurantz irekita dagoen diedro bat osatzen dute, zeinari esker altuera eta ikuspuntu askotatik ikus baitaiteke paisaia. Itsasoaren, zeruaren eta lurzoruaren arteko harremana sakondu egiten da plazaren topografia artifizialean itsasoarekin lotutako zazpi zulo ezarriz, bufoi artifizial modura, zeinen bitartez itsasoko ura goraka ateratzen baita.
  • Eskulturak paisaia naturalean sartzea: Plazatik haratago, iparralderantz, marearteko zabalgunearen ingurune naturalean kokatuta dago Haizearen Orrazia eskultura-multzoa. Burdina bihurrituzko hiru forma dira, bereizitako puntuetan kokatuak eta Plazaren ertzetatik distantzia desberdinetara ezarrita. Haitzetatik sortuak eta bistak horizonterantz iragaziz, itsas-paisaia konfiguratzen dute, irekia eta dinamikoa, eta eskala-erreferentzia ematen diote begiraleari.
  • Giza eskala paisaia naturalean sartzea: Beharrekoa da ingurunearen eta eskulturen arteko eskala-desberdintasuna txikitzeko.

Bestalde, arkitekturak gidatzen du ikuslearen eta eskultura-lanaren arteko harremana. Plazaren diseinuak ibilbide bat integratzen du ikuslearen eskalan, paisaia naturalarekin lotura handiagoa izateko modulatua, zeinaren azken urratsa baita eskultura-lanarekin topo egitea.

Azaldutako arkitektura-ideiak plataforma diseinatzeko eta tratatzeko bidea ematen du. Plataforma bi plano luzetan egituratzen da, itsas-ertzaren eta mendi-magalaren paralelo; bata beheko mailan, itsas-pasealekuaren jarraian, eta bestea aurrekoaren gainean, 2 metroko altueran. Bi planoak harmaila bidez konektatzen dira, paisaia artifizial geruzatua sortuz. Beheko planoa zabalagoa da sarbidean, sarrera-plaza txiki bat osatuz; aurrerago estutu egiten da pasabide luze bat balitz bezala –ezkerreko alboan harmaila handi eta zuzen bat duela– eta azkenean berriro zabaltzen da horizonterantz eta eskulturetara irekiz.

Ibilbidearen azken alde hori, sarbide-gunean, zoruaren planoan kokatutako zazpi zulo edo bufoi artifizialez osatzen da, eta Antiguako kolektorera konektatuta daudenez, olatuak direla-eta kolektorean sartzen den itsasoko ura botatzen dute goraka.

Azken eskultura-lana poliki-poliki aurkitzen joatea da ibilbide honen helburua.

Bi plataforma handi horiek –batik bat goikoak– berriz, beste plano geruzatu batzuk edo goi-lautadak dituzte. Beheko planoa, berriz, harmaila bidez igo egiten da ipar-mendebaldeko ertzean, eta horri esker mendebaldeko eskulturara hurbiltzea ahalbidetzen du. Gainera, sarbide-eremuan, beheko planoa goratu egiten da ingurune urbanizatuarekiko bi eskailera-mailez, eta horrek indartu egiten du plazaren ideia izaera diferente bateko toki bezala.

Plataformen adierazpide eta material bertsuekin eginiko hiri-altzari batzuk ditu plazak; elementu horiek ez zeuden hasierako proiektuan, Luis Peñak gehitu zituen obra egiten ari zen bitartean, udalak eskatuta. Irudi bateratuan interferitu ez zezaten, Igeldoko mendi-magaletatik hurbilen dauden plataformaren gune altuetan ezartzea erabaki zen. Honako hauek dira hiri-altzariok: goiko plataformaren hegoaldeko gunean kokatuta dagoen banku luze bat, goiko plataformako gune jasoenean kokatuta dauden bi banku, eta plataforma horren erdiko gunean –mendi-magalaren kontra– kokatuta dagoen iturria.

Plazaren zoladura: Porriñoko granito arrosazko galtzadarriak.

Testura harritsuko material bakarrez –landugabeko akabera eman zaion Porriñoko granito arrosa– eta 20 x 20 cm2-ko galtzadarria eraikitze-modulu nagusi gisa erabilita egin da plaza. Galizian mahasti-zutoin bezala erabiltzen pieza luze batzuetatik atera da modulua. Estekadurak mortero-juntura zabala dauka.

Zolarako hartutako konponbideak tokiko berezko itsas-erasoak eta eraso eolikoak jasateko eta lurra bustita badago atxikimendu ona bermatzeko ezaugarri funtzionalak ditu; plazaren azalaren zatirik handiena bustita egoten da, itsas-ura sartzen delako bufoietatik eta itsas-ertzeko hormaren karelaren gainetik.

Ertzeko karelak aurretik zeuden eta jendaurreko aldeak apainduta daude: paramentu bertikalak plazako 20 x 20 cm2-ko galtzadarriarekin eta gainaldea 1,20 m. zabalerako granitozko horma-txapel handi batekin, galtzada-harriaren gainetik itzal-lerro bat sortuz.

Mendiarekin edo karelekin topo egiten duen gunean zolatuak formatu bereziak hartzen ditu, zatiak bereizita, ez estu-estu denak batera ezarrita. Plazako zolaren eta natura-gunearen tartean errekarriak jarri dira, dagoena errespetatuz eta ahalik eta esku-hartze txikiena eginez.

Plataformen maila-desberdintasunak ebazteko, 60 x 40 cm-ko harmailak jarri dira (bi plataforma nagusien artean, bost harmaila), zeinak zati batzuetan 40 x 20 cm-ko eskailera-maila bilakatzen baitira. Harmailak zein eskailera-mailak 20 x 20 cm-ko zati prismatikoz egin dira.

Zazpi ufada zuloak.

Detaile txikiak, zoruko estekadurak juntatzeko harlauzak –Txillidak berak diseinatuak– edo zazpi bufoi artifizialen markoak esaterako, osatzen dute azaleko tratamendu plastikoa.

Plazaren diseinua sarbide-plazatxoarekin osatzen da, zeina sortua izan baita hiriarekin lotzeko eremu gisa. Eremu horrek, bestalde, bi gune ditu:

  • Mendi-magalaren kontra dagoen eremua, plazako lehen eskailera-mailaren luzapen moduko bat dena, galtza-harrizko zintarriez zedarritua. Gune hori, berdegune izateko pentsatu zena hasieran, hegoaldean kokatuta dagoen ekipamendu-eraikineko jatetxeko terrazak okupatzen du gaur egun.
  • Bestalde, sarbide-plazatxoa itsas-pasealekuko bidearen azkeneko zatiarekin osatzen da, non espaloi bat eta asfaltatutako zabalgunea baitaude.

Eskulturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskulturen xehetasuna, non corten altzairuaren herdoila ikusten da.

Eskultura-multzoa plazaren iparraldean dago, ikono-gai dominatzaile gisa.

Corten altzairuzko hiru pieza dira: altzairuak, kromoak, nikelak eta abarrek osatutako aleazio bat da, materiala korrosioaren aurka babesten duena. Eskulturak itsasoak kolpatutako haitzetan txertatuak daude; ia 10 tonako pisua eta 3 metroko zabalera du eskultura bakoitzak, eta Legazpiko Patrizio Etxeberria galdategian galdatuak eta konformatuak dira. Antzekoak, baina ez berdinak, formalki sekzio karratuko enbor bat irudikatzen dute, sekzio karratuko lingote bihurrituzko lau adar dituena. Azken horiek kurbatu egiten dira, kako irekien itxura hartuz.

Piezak triptiko moduko baten itxura dute: bi lehenak geruza geologiko berean kokatuta eta horizontalean aurrez-aurre ezarrita daude. Hirugarrenak, horizontean goraka ezarrita, osaera zentratzen du.

Eskultura «Haizearen Orraziak» izeneko seriearen zati bat da, Txillidaren guztizko obra aintzat hartuta, goiz samar eraikitzen hasia (1952). Txillidak, guztira, 23 pieza diseinatu eta egin zituen bere etxeko burdinola txikian, eta handira eraman zituenak 14, 15 eta 16.a izan ziren[4]. «Haizearen Orrazia XV» da, Txillidaren obra esanguratsuenetakoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. (pdf) Haizearen Orraziaren plaza eta eskulturak kultura-ondasun kalifikatu izendatzeko espedientearen izapidea hastea. .
  3. Goenaga Lizaso, Eider. (2017-09-01). «Burdinola bat Txillidarentzat» Irutxuloko hitza (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).
  4. Goenaga Lizaso, Eider. (2017-09-01). «Artistak amestutako tokian» Irutxuloko hitza (Noiz kontsultatua: 2017-09-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]