Hamaika Telebista euskarazko telebista-kateetako bat da. Egoitzak Bilbo, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ditu, eta batik bat Euskal Herriko gaurkotasuna lantzen du. Telebista-kate handiekin konparatuta aurrekontua askoz txikiagoa duenez Hamaikak bere espazioa bilatzen du telebista-eredu gazte, bizi, hiriko eta parte hartzailea egiten. 2006an sortu zen, euskarazko komunikabideak hedatzeko helburuarekin. Kable bidez eta modu digitalean ikus daiteke, baita antena bidez edo Android eta iOS sistemetako gailu eramangarrietan ere.[1] Orokorrean, ikuspegi ezkertiarretik lantzen dute informazioa, ezaugarri hauek lortu nahi ditu: euskalduna eta euskaltzalea, gertukoa eta Euskal Herrikoa, baterakoia eta zabala, independentea, parte hartzailea, aurrerakoia eta berritzailea.[2] Edukiak lizentzia librearekin zabaltzen ditu (CreativeCommons-Aitortu-PartekatuBerdin, CC-BY-SA).
Beren webgunean azaltzen dutenez, Tokiko Telebista Digitalen lizentziak lortu eta eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat bermatzea du helburu nagusi.[2][3] Horregatik, Euskarazko Toki Telebisten Sarea osatu du lehendik martxan zeuden telebistekin elkarlanean.[4]
Ildo editorialaren ezaugarri nagusiena euskalduna izatea da. Hiritarra, modernoa eta teknologia berrietan aurreratua izatea da beraien adierazgarri. Hori dela eta, telebistako programa guztietan hitz egiten da euskaraz, eta normalean gonbidatu edo elkarrizketatuei dagokienez, genero parekidetasuna mantentzen ahalegintzen dira. Kazetari gehienak emakumeak dira. Baina, azken batean, Euskal Herrikoa, euskalduna eta berritzailea izatea izango lirateke bere hiru ezaugarri nagusiak.
Hamaika TBko programak 2019an.[5]Sagrario Aleman . Esker onez
Hamaikaren historian zehar mota askotako saioak ekoitzi eta igorri ditu. Saio garrantzitsuenak edo hedapen handiena izan zutenak zerrendatuko dira. Programazioan, albistegia da pisu handiena hartzen duen saioetako bat Hamaika Telebistan.[5]
Hiri baratzea. Hiri inguruko baratzetan aritzen da Anabel Arraiza ortuko jarduerez adituekin. Arraizak berak Ajoarrieroa programan pertsona mediatikoak elkarrizketatzen ditu sukaldean aritzen direla,[11] eta Euskaltzale programan euskara egiten du protagonista.
Lotsagabe, Iruñerriko emakumeen hainbat lanbide eta bizimodu erakusten ditu, ikuspuntu feminista batetik mikromatxismoak azaleratuz.
Elkarrekin programak gizarte-lankidetza sustatzen duten Nafarroako elkarteak aurkezten zituen.
Artekale. Iker Aginagak aukeztutako euskal kulturaren asteroko saioa.
Musikariak ikastetxeetan. Nafarroako ikastetxeetara musikari ezagunek beren lana nola egiten duten ikasleei azaltzeko egiten dituzten saioak. Besteak beste: Iker Lauroba, Pantxix Bidart, Ines Osinaga...[12][13]
Udalbiltzak antolatzen dituen Geure sortua diru-laguntzen berri ematea. Zein idazlek jaso duen, zein herritan egingo duen egonaldia...
Programa bereziak pantailaratu ohi dituzte urtean zehar antolatzen diren ekitaldi kultural edo jai-girokoen inguruan; adibidez:
Korrika, 2022az geroztik zuzenean transmititzen dute Korrika osoa furgonetatik.
BekAEKarioak. 2022ko Korrikaren ildotik umorezko kronika eta elkarrizketak prestatu zituzten Ander Edo eta Eneko kazetariek.[14][15][16]
Euskarararen egoera ulertzeko gakoak. Euskara 2025ean zein egoeretan dagoen ulertzeko hamaika pilulak. Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren doktore tesian bildutako gakoak modu dibulgatiboan ezagutarazteko hamaika bideo laburren bilduma da hau.[17]
Hamaika Telebistaren egitura enpresa ezberdinek osatzen dute. Sei enpresa daude sortu zen unetik oinarrian: Araba Ikusentzunezkoak, S.A. (Laudio eta Gasteizeko barrutietarako); Arno Ikusentzunezkoak S.L. (Eibarren); Donostialdea Ikusentzunezkoak S.A. (Donostian); Oarsoaldea-Bidasoa Ikusentzunezkoak S.L. (Irunen); Urkiola Ikusentzunezkoak S.L. (Durangon); eta Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A.k (Bilbon, Barakaldon, Getxon eta Mungian).[22][23]
Enpresa bakoitzak independenteki funtzionatzen badu ere Hamaika Telebista Hedatze Taldea SAren baitan biltzen dira enpresa guztiak. Hamaika Telebista Hedatze Taldeak Sozietate Anonimo gisa funtzionatzen du baina, fundazio handiago batek barnebiltzen du hedabidea. Fundazio horren helburu nagusia ikus-entzunezko piezak euskaraz egiteak dakarren gainkarga ekonomikoa arintzea da.[24]
Fundazioaren barnean, hasieratik gaurdainoko sustatzaileak honakoak dira:
Egitura hori osatzeaz gain, Euskal Herrian emititzen ari ziren euskarazko tokiko telebistekin harremanetan jarri zen eta elkarlanean aritzeko Sare hitzarmena sinatu zuten.[25] Bazkide bakoitzeko ordezkari bat dago administrazio-kontseiluan. Honela osatzen da: Iñaki Alzaga (CMN) lehendakari, Joanmari Larrarte (EKT) lehendakariorde eta Gorka Altuna (EKHE) idazkari.
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen zuzendari nagusia Iñaki Uria idazle eta kazetaria izan da sorkuntzatik 2024ra arte. 2024ko urrian Ainhoa Jauregi bilakatu zen Hamaika Telebistako zuzendari, Iñaki Uriaren lekukoa hartuz.[26]
Hamaika Telebistako eduki guztiak doakoak dira. Webgunea nahiz telebista libreki ikus daitezke, eta sortzen dituen edukiak lizentzia librearekin zabaltzen ditu (CreativeCommons-Aitortu-PartekatuBerdin, CC-BY-SA).
Hamaika Telebista diruz lagundu nahi duen orok babesle izateko aukera dauka. Urtean diru kopuru bat emateko konpromisoa eskatzen da, eta horren truke onura batzuk jasotzen ditu babesleak (norbanakoa zein eragilea izan daiteke), Hamaika Telebistako plataforma desberdinetan bere burua iragartzea ahalbidetzen diona. Ematen den diru kopuruaren arabera lau aukera daude: babesle estrategikoa, babeslea, laguntzailea eta laguna. Babesle hauek Hamaika Telebistako fundazioaren parte bilakatuko lirateke.[27]
Euskarazko ikus-entzunezko medio bakarra izanik, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak jasotzen ditu, publizitate instituzionala edukitzeaz gain. Tokiko telebistek jasotzen duten diru laguntzaren zati bat ere Hamaika Telebistari bideratzen zaio eta interneten jarduteagatik ere beste laguntza bat jasotzen du.