Hamaikabat

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Hamaikabat
H1!
Presidentea Kide anitzeko lehendakaritza
Sorrera 2009ko maiatzaren 14a1
Desegitea 2011ko uztailaren 30a2
Egoitza nagusia Donostia
Ideologia politikoa Sozialdemokrazia, abertzalea, indepedentista
www.hamaikabat.com
1 Eusko Alkartasunaren banaketa.
2 Alderdi politiko izateari utzi eta elkarte bilakatu.

Hamaikabat (H1!) Eusko Alkartasunaren zatiketatik Alkarbide izenarekin sortutako alderdi abertzalea da. 2009ko ekainaren 2an ezagutzera eman zuten. Ekainaren 24an Alkarbide plataformak alderdi politiko izaera hartu eta izen berria hartu zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAko Gipuzkoako exekutibak alderdiko zuzendaritza nazionalarekin zituen desadostasunek istilu eta eztabaida handiak sortarazi zituzten. Besteak beste, 2007ko udal eta foru hauteskundeetara bakarrik aurkezteko erabakiak (beste zenbait hauteskundetan EAJrekin egindako koalizioak bertan behera uzteak), eta alderdi barruan erabakiak hartzeko prozedurarekin ados ez zeudela esan zuten Gipuzkoako "kritikoek". Halaber, ezker abertzalearekin "polo edo gune soberanista" egiteko asmoa salatu zioten zuzendaritzari, horrek EAren sorrerako helburu eta printzipioak bertan behera utziko zituela argudiatuz.

Alkarbidera pasatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAk zituen batzarkide guztiak (7) eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak ere (4), Iñaki Galdos eta Pello Gonzalez diputatuak buru. Baita zenbait alkate eta zinegotzi, Gipuzkoakoak bereziki, hala nola Hernanin, Zestoan, Astigarragan eta Zarautzen. EAko zuzendaritza nazionalak karguok EArenak zirela adierazi zuen eta, horren ondorioz, Markel Olano ahaldun nagusiari (EAJ alderdikoa) lau foru diputatu horiek kentzeko eskatu zioten.

Bere fundazio biltzarra 2009ko azaroaren 27 eta 29 artean egin zen. Bertan Iñaki Galdos hautatu zuten presidente.[1] 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako Hamaikabatek akordioa lortu zuen EAJ alderdiarekin Araban elkarrekin joateko, baina ez zuten akordio bera lortu gainerako lurraldeetan.

2011ko uztailaren 30ean alderdia desegin zen ez-ohiko batzar batean. Batzar horretan aho batez erabaki zen Hamaikabat alderdia "hautetsien esku geratuko zela aldi horretan organizazioa antolatu eta neurriratzeko"; halaber, Hamaikabatek "alderdiez gaineko langune bilakatzeko borondatea erakutsi zuen, abertzale guztientzat irekia eta abertzaletasunaren, abertzaleen herrigintzaren eta politika sozioekonomikoaren inguruan hausnarketa, eztabaida eta proposamena lantzera bideratua"[2].

Hauteskundeetako emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko hauteskundeetan Hamaikabatek 8.662 boto (boto guztien % 2,52) eskuratu zituen Gipuzkoako Batzar Nagusietarako. Halaber, Gipuzkoa osoan 12 zinegotzi lortu zituzten. Konparaziorako, 2007ko hauteskundeetan Eusko Alkartasunak 34.172 boto (guztien % 12,92) eskuratu zituen.[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]