Hardcore punk
Hardcore punka edo hardcorea punk musikaren azpigenero bat da, Ameriketako Estatu Batuetan (bereziki Kalifornian eta Washington hiriburuan) 1970eko hamarkadaren amaieran sortua. Abiada biziko kanta laburretan oinarritzen da. Ezaugarri nagusiok ditu: tempo eta konpas azkarrak, bateria erritmo bizi eta oldarkorrak, gitarra eta baxu distortsionatuak, eta kantatzeko era ia oihukakoa. Publikoaren pogo dantzarekin lotuta dago.
Estilo horretako talde garrantzitsuenetako batzuk Bad Brains, Dead Kennedys, Fugazi, Hüsker Dü eta Minor Threat dira. Euskal Herrian ere arrakasta izan zuen: horren adibide BAP!! andoaindarrak dira.
Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estilo hori erabili zuten lehen taldeak Bad Brains (1978), Black Flag (1976an sortuak, Panic izenarekin), Middle Class (1978) eta Teen Idles (1979) izan ziren, baina hardcore izena lehen aldiz D.O.A. kanadarrek erabili zuten, Hardcore '81 izenburuko 1981eko beren lehen LPan,.
Normalki, Bad Brains taldea hartzen da lehen hardcore taldetzat. Beraien lehen singlea 1979an kaleratu zuten. Black Dots diska berriz 1978an grabatu zen baina ez zen 1996 arte kaleratu. Horregatik 1978an, Middle Class taldeak ateratako Out of Vogue EPa jotzen da estilo horretako lehen diskotzat, nahiz eta urte horretan hardcore hitza oraindik ez erabili. Misfits taldea ere hardcorearen munduan ibili zen talde bat izan zen, haien estiloa punk rock estiloan kokatzen den arren.
Erresuma Batuan D-Beat estiloa sortu zen 1980 inguruan, Discharge taldearen eskutik hasirik.
Hardcorearen bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980ko hamarkadan, hardcorea heavy metalarekin edota speed metalarekin nahasten hasi ziren talde batzuk. Horren adibide D.R.I. edo Suicidal Tendencies izan ziren. Musika korronte berri horri crossover izena eman zitzaion: estilo hori gaur egungo beste batzuen aurrekari bilakatu zen, adibidez trash metala, death metala edota trashcorea.