Edukira joan

Harkaitz-txolarre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Harkaitz-txolarre
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaPasseridae
GeneroaPetronia
Espeziea Petronia petronia
Linnaeus, 1766
Kumaldiaren tamaina5,3
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora12 egun
Petronia petronia barbara

Harkaitz-txolarrea (Petronia petronia) passeridae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europan, ipar-mendebaldeko Afrikan eta erdialdeko Asian bizi dena[1].

Etengabe errepikatzen den “chei-ii” moduko deialdi zorrotz eta aldarriak, berehala agerian usten du Harkaitz-txolarrearen ugaltze-kolonien presentzia. Oihu berezi hau da bere ezaugarririk deigarriena eta errazen identifikatzen duena.

Bere itxura orokorra etxe-txolarre eme baten antzekoa da. Bizkarraldea marroi-grisaxka nahiko zurbila, zerrenda marroi ilunekin eta orban zurixka batzuekin. Azpialdea zurixka, marra arre argi arin batzuekin.

Bere burua zeharkatzen duten bi banda ilun, kopetatik garondoraino, bekain zurixka bat eta, batez ere, eztarriaren erdian duen orban horia, hori-sufre kolorea, dira bere lumajearen ezaugarririk bereizgarrienak. Buztanaren ertzen kolore zuriagatik ere bereizten dira beste txolarreengandik. Arrak eta emeak antzekoak dira, baina gazteak eztarriko orban horia ez dutelako edo ia ez delako ikusten bereiz daitezke.

Etxeko txolarrea baino zertxobait handiagoak dira, 15-14 cm ingurukoak eta hego zabalera zertxobait handiagoa 29-30 cm. Hegaldi gorabeheratsua eta azkarra. Lurrean oinez mugitzen da, saltoka eta tente.

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste txolarreen antzeko dieta du, ale eta haziak, fruituak, hainbat intsektu eta ornogabe txikiak batez ere.

Gregarioa da. Normalean egunez taldeka mugitzen da eta gauez etzalekuetan biltzen da, hosto lodiko zuhaitzak, huntzak eta, maizago, haitzak, hondakinak edo zulo ugari dituzten horma handiak izan daitezke.

Kolonietan ugaltzen da, belar, lasto eta sustraiez egindako habia batean, barrualdea lumaz, ilez eta artilez forratzen dute. Zuhaitz barnehuts baten barruan, harkaitzen zirrikituetan, hormetako zuloetan edo maldetan ondo ezkutatuta eraiki ohi dute.

Errunaldi garaia apiril aldera hasten da, arre koloreko orbanak dituzten 4 edo 5 arrautza zuri erruten dituzte. Jakina da arrak zein emeak parte hartzen dutela inkubazioan, baina inkubazioaren iraupena ez da ondo ezagutzen. Txitak intsektuez elikatzen dituzte ugalketa-aldi luze samarrean, ez baitute habiatik irteten eklosiotik hiru aste ingurura arte. Normalean, bigarren ugalketa bat hasten dute handik gutxira.

Harkaitz-txolarreak ez du migratzen. Ugaldu ostean, udazkenean eta neguan zehar bizitza irregularra daramaten taldetan elkartzen dira, lugorri eta uztondoak arakatzen ale eta hazien bila.

Neguko transhumantzia honetan ez omen dira ugaltze-lurraldetik asko urruntzen, beren jatorrizko eskualdean mugitzen dira.[2]

Banaketa, habitata eta egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere banaketa-eremua Europako Mediterraneoko eta estepako klima-eremuetan zehar hedatzen da, Afrikako ipar-mendebaldea eta Asiako mendebaldean Mongoliaraino. Puntu batzuetan klima epeletara sartzen da. Europan Mediterraneoko eremura mugatzen da, Portugaletik Turkiara. Iberiar penintsulan eskualde gehienetan ohikoa da iparraldekoetan izan ezik, klima atlantikoagoarekin.

Euskal Herrian Harkaitz-txolarrea, iparralderantz, Kantauri-Mediterraneo isurialdearen mendilerroetaraino iristen da, haietatik haratago joan gabe. Urkilla mendilerroaren hegoaldeko isurialdean eta Gorobel mendilerroko harkaitzetan instalatuta agertzen da, baina iparralderago ez.

Beraz Kantauri zerrenda osoan falta da. Oso ohikoa da Ebro bailaran zehar eta ez horrenbeste Arabako Kantauri azpiko eremuan, non nahiko desorekatuta dagoen. Lautadako herri askotan aurkitzen da, baina desagertu edo ia desagertu egiten da Gasteiz-Iturrietaren mendien iparraldeko isurialdera hurbildu ahala berriro ere hegoalderantz agertzeko, Trebiñuko lurretan barrena, Izkiko harkaitzak eta Kanpezu gunea.

Harkaitz-txolarrea oso ingurune ezberdinetara egokitzeko gai da. Bai herriko eraikinetan, bai urruneko hondakinetan ugaltzen da, mendi-labarren oinetan, ibai-haitzarteetan, lur-hegaletan eta zuloak eskaintzen dituzten beste toki batzuetan. Landa-txolarrea baino arraroagoa, baina batzuetan zuhaitzen barrunbeetan ugaltzen da.

Landatutako eremuetan kokatutako herrietan ugaltzen den arren, ohikoagoa da otalurretan eta landu gabeko eremuetan aurkitzea, sastraka baxu eta mehatzekin estalitako muinoetan, harritsu eta lur hautsietan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. BirdLife International (2004). Petronia petronia. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 302 or. ISBN 84-7542-639-5..


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.