Edukira joan

Haurdunaldi subrogatu

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Haurduntza subrogatuaren egoera legala munduan: ██ Legezkoa da, bai dirua irabazteko asmoarekin bai modu altruistan ██ Ez dago legezko erregulaziorik ██ Modu altruista soilik da legezkoa ██ Bigarren mailako odolkidetasunera arte duten senitartekoen artean soilik onartua ██ Debekatuta dago ██ Erregulatu gabea/egoera ezezaguna

Haurduntza subrogatua emakume bat, doan edo konpentsazio monetario bat jasoz, beste pertsona edo bikote batentzat haurdun geratzea, haurra ernaltzea eta erditzea adosten duen praktika da. Bertan, kontratu bat gauzatzen da, haurdun geratuko den emakumea eta haurra nahi duenaren artean eta hau agentzia bitartez egina edo ahoz ahokoa izan daiteke, herrialde eta legearen arabera. Prozesua amaitzean, erditutako umea, kontratua proposatu duen bikote edota norbanakoak jasoko du. Hemendik aurrera, emakume eta familiaren arteko harremana, haiek adostutakoaren araberakoa izango da.[1]

Subrogazio-akordioetan, diru-konpentsazioa tartean egon daiteke edo ez. Akordiorako dirua jasotzea subrogazio komertzial gisa ezagutzen da. Subrogazioaren legezkotasuna eta kostua asko aldatzen dira herrialdeen artean eta horrek, batzuetan, arazoak sortzen dituen nazioarteko edo estatuen arteko subrogazioak ekartzen ditu, debekatuta duten herrialde bateko bikoteak batzuetan hori ahalbidetzen duen beste herrialde batera joaten baitira. Herrialde batzuetan, dirua tartean ez badago bakarrik da legezkoa subrogazioa[2].

Haurduntza subrogatuaren kontratuak emakume baten (emakume edo ama haurduna, eramailea, ordezko ama edo alokairuko haurduna bezala ezagutzen dena) konpromisoa jaso ohi du eta horren bidez onartzen du lagundutako ugalketako teknikak erabiltzea haurdunaldia pertsona edo bikote komitente baten alde egiteko (guraso subrogatzaile, ama edo aita subrogatzaile gisa ere ezagutzen dena), zeinari edo hautagaiei haurra edo jaio daitezkeen haurrak emateko konpromisua hartzen duen, haurdun dagoen emakumearekin inolako filiazio-loturarik izan gabe.

Beraz, praktika horretatik ondorioztatzen da, haurraz erditu dena ez dela ama, beste pertsona bati egozten baitzaio amatasuna, eta uko egiten die haurdun dagoen semearen edo alabaren gainean legozkiokeen seme-alabatasun-eskubideei[3].

1970eko hamarkadan, intseminazio artifizialari esker, amatasun subrogatuaren bidez familia bat sortzeko modu berri eta polemikoa ireki zen. AEBetan praktika horren aitzindarietako bat Noel Keane abokatua izan zen[4]. Bere arrebaren lagun batek, haurrak izateko ezintasunez, Noel abokatuari intseminatu, haurdun geratu eta haurra emateko prest zegoen emakume bat bilatzeko eskatu zion. Honek hala egin zuen eta Estatu Batuetan ezkondutako bikote baten eta subrogazioz haurdun zegoen emakume baten arteko lehen akordio formala negoziatu eta idatzi zuen[5].

Prozesuan bera, negozio bihurtu zitekeela uste eta hau aurrera eramango lukeen agentzia bat sortu zuen.Telebistako programa desberdinetan parte hartuz zein publizitate kanpaina eginez, gurasoei laguntza eman nahiaren aitzakipean, prozesua bera legitimatu eta berak sorturiko negozioa indartzea lortu zuen.1970. hamarkadaren amaieran. AEBn haurduntza subrogatua gauzatzen zuten hainbat agentzia sortzen joan ziren.

Praktika hau ezbaian jarriko duen lehenengo gertakaria 1986. urtean gauzatuko da. Whithead izeneko klase baxuko emakume batek haurduntza subrogatu kontratu bat adostu zuen Stern izeneko bikote dirudunarekin. Bertan, intseminazio artifizialaren bitartez, hau da, Whitheaden obuluak eta Stern gizonaren esperma erabiliz, emakumeak umea eduki eta 10.000 dolarren truke, umea, Stern familiari emango zion[6]. Alaba, Sara Elizabeth Whitehead bezala erregistratua eta gero Melissa Elizabeth Stern bezala berrizendatua, eduki zuen momentuan berriz, bederatzi hilabeteetan umearekiko sorturiko atxikimendua zela medio, umea Stern familiari emateari uko egin zion, bere buruaz beste egingo zuela mehatxatuz. Azkenik, umearekin egin zuen ihes, poliziak hartu eta Stern familia eta Whitheaden arteko epaiketa luze bati eman zitzaion hasiera.

1987ko martxoaren 31n, Harvey R. Sorkow New Jerseyko Auzitegi Nagusiko epaileak subrogazio-kontratua formalki baliozkotu zuen eta Melissaren zaintza Sternei eman zien "haurraren interes gorenaren analisiaren" pean[7]. Hala ere, 1988ko otsailaren 3an, New Jerseyko Gorte Gorenak, Robert Wilentz Auzitegi Goreneko presidenteak zuzenduta, subrogazio-kontratuak politika publikoen kontrakotzat jo zituen, baina "haurraren interes gorenagatik", zaintza Sternei eman zitzaien eta Whiteheadek bisita-eskubideak jaso zituen[8].

Garaiko mugimendu feministak, Whitheead babestu eta bere eskubideak aldarrikatu zituen. Kasu honek eztabaida publikoa sortu zuen lehenengo aldiz eta oso esanguratsua bihurtu zen, AEBko estatu askok haurduntze komertziala debekatuz. 1980ko hamarkadan berriz, teknologia berrien aurrerapena dela medio, “in vitro” teknikak aurrerakuntza handiak izan zituen. Teknika honen bidez, jada ez dira haurdun geratuko den emakumearen obuluak behar, haurra nahi dutenenak edo edonorenak izan daitezke eta, beraz, jaioko den haurrak ez du inolako lotura genetikorik izango ernaldu duen emakumearekin.

Une honetan hasiko da haurduntza subrogatua negozio bihurtzen eta India bezalako herrialdeetan honen inguruko industriak sortzen.[9]

Praktika hori gauzatzeko hainbat formula ezagutzen dira, hainbat irizpideren arabera sailka daitezkeenak:

Tradizionala edo haurduntzakoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama haurdunak semearekin duen harreman genetikoaren arabera subrogazioa tradizionala (edo partziala) edo haurduntzaren subrogazioa (edo osoa) izan daiteke. Ohiko subrogazioan ama haurdunak bere obuluak ematen ditu eta, beraz, semearekin harreman genetikoa du. Ernalketa modu naturalean egin daiteke edo, gaur egun ohikoagoa den bezala, intseminazio artifizialaren bidez.[10] Haurduntzaren subrogazioan ama haurdunak ez du harreman genetikorik haurrarekin. Kasu honetan in vitro ernalketa erabiltzen da beste norbaiten obulu eta espermarekin. Normalean, esperma aita intentzionalak ematen du; obuluak, berriz, ama intentzionalak edo emaile batek ematen ditu.[10]

Komertziala edo altruista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoa da subrogazio motak bereiztea, motibazio ekonomikoa izatearen ala ezaren arabera. Subrogazio komertziala ama haurdunak kontraprestazio ekonomiko baten truke egiten duenean da, eta subrogazio altruista tartean dirurik ez dagoenean ematen da.

Praktikan, subrogazio altruistan amak konpentsazio ekonomiko bat jasotzen du gastuak betetzeko, kontzeptu jakin batzuetara mugatua, eragozpen fisikoengatik, mediku-gastuengatik edo aldi batez lan egin ezinik jaso gabeko diru-sarrerengatik konpentsazio gisa.

ESHREren arabera, "zerbitzuengatik egindako ordainketa onartezina da; soilik arrazoizkoak diren gastuen itzulketa, eta diru-sarrera errealak galtzeagatik konpentsazioa baino ez da kontuan hartu behar".[11] Hau da, gai honi buruzko elkarte eta aditu gehienek, American Fertility Association, adibidez, jarraitutako ildoa. ASMRren Etika Batzordeak gida bat argitaratu du,[12] eta, horren arabera, gizarte-justiziaren ikuspegitik problematikoak diren faktoreetan eraginik izango ez duen konpensazio ekonomiko bidezko eta zentzuzko bat jaso behar du ama haurdunak.

Familia barrukoa edo familia kanpokoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu batzuetan, subrogazio-akordioak egiten dira familia beraren barruan. Horrek hainbat arazo gehigarri planteatzen ditu mediku eta etikaren arloan, batez ere, sortzen den erlazio genetikoa lehen graduko intzestuzko edo odol-ahaidetasuneko harremanen baliokidea denean. Nahiz eta dirurik tartean ez izan, ama haurdunaren gaineko hertsapen edo presio morala egon daiteke, batez ere alaben eta arreben kasuan.[13]

Inseminazio artifiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika hau subrogazio tradizional edo partzialean erabiltzen da. Intseminazio artifizialerako metodorik errazenak emakumearen hileko zikloa aztertzean datza, eta hazia (bikotekidearena edo emailearena) isuriko da obulua askatzen den une berean. Eraginkorragoak eta zailagoak diren metodoak ere badaude, izan ere, espermatozoideak uteroan bertan isurtzean ernalketa emateko aukerak handitzen ditu, segun eta zein kasutan egiten den.

In vitro ernalketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika hau subrogazio tradizional zein haurduntzakoan erabili ahal da. In vitro ernalketa gorputzetik kanpo obuluak espermatozoideekin emankortzean datzan prozesua da. Hazi hauek guraso intentzionalenak edo emaileenak izan daitezke.

Haurduntza subrogatuaren erregulazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurduntza subrogatua ezin da edozein herrialdetan aurrera eraman, gutxi batzuetan baizik. Gainera herrialde bakoitzak legedi desberdin bat dauka, herrialdeen artean diru baldintzak oso desberdinak izan daitezke eta praktikaren arrakasta maila desberdina izan daiteke. Euskal Herrian indarrean dagoen legediak, kasu honetan Europar Batasunekoak, debekatuta du haurduntza subrogatua.

Hainbat herrialdeetan, praktika hau legezkoa da: Estatu Batuetan, Indian, Georgian, Grezian, Tailandian, Errusian, Kanadan, Nepalen, Ukranian, Portugalen eta Mexikon.

Espainiako estatuko bikote batentzat honelakoa dira beste herrialdeetako baldintzak eta legedien eragina:

Kanadak haurdunaldi edo amatasun subrogatua baimentzen du familia eredu guztientzat, bere sexu izaera eta egoera zibila edozein izanik ere, betiere helburu altruista badu. Horrek esan nahi du subrogatzen duen emakumeak ezin duela jaso haurdunaldiagatik konpentsazio ekonomikorik, nahiz eta intentziozko etorkizuneko gurasoek haurdunaldiaren ondorioz sor daitezkeen gastu guztiak ordaindu behar dituzten.

Haurrak, gurasoenaz gain, kanadar herritartasuna lortzen du, atzerritarrak izanez gero.[14][15][16]

Estatu Batuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AEBetan haurdunaldi subrogatua arautzen duen legea ez da orokorra; estatu bakoitzak bere murrizketak eta baldintzak markatzen ditu. Lurralde batzuek erabat debekatzen dute praktika hori, eta beste batzuek, berriz, argi eta garbi baimentzen dute. Hala ere, estatu gehienek, berariazko araudirik ez duten arren, alde agertu dira.

Funtsezko bi elementu daude: 1) pre-birth xedapena eta 2) post-birth xedapena. Hauek dira xedapenen helburuak:

  • Asmoa duten gurasoei haurdunaldi subrogatuagatik jaiotako haurraren legezko guraso gisa agertuko direla bermatzea.
  • Haurdunaren eta haren senarraren (balego) guraso-eskubide edo -betebehar oro ezabatzea haurrarekiko.

Estatu Batuetako lurraldean jaiotzen diren haur guztiak Ameriketako Estatu Batuetako herritartasuna lortzea dute, hau da, eskubide osoko herritar estatubatuartzat hartuko dira, nahiz eta gurasoek beste herrialde bateko herritartasuna izan. Ondoren, gainera, Espainiako nazionalitatea lortuko dute, guraso espainiarren seme-alabak izateagatik[17].

Estatu Batuetako prozesuaren kostu osoa nabarmen handiagoa da gainerako herrialdeetakoa baino, batez ere osasun pribatua duelako. Azken kopurua 100.000 eurotik gorakoa izan daiteke, eta 150.000 eurora ere irits daiteke[18].

Ukrainan, haurdunaldi subrogatua, alokairu edo amatasun subrogatuko sabel bezala ezagutzen dena, lege esplizitu batek jasotzen eta arautzen du. Familia Kodearen arabera, ugalkortasun eza egoeran dauden bikote heterosexual ezkonduentzat dago aurreikusita.

Ukrainako Familia Kodearen 123. artikuluaren arabera, haur bat guraso genetikoen semea da jaiotzen denetik. Bikote batek emaileen gametoekin lagundutako ugalketa teknika erabiltzen badu, legezko gurasoak dira enbrioia sortzen den unetik. Espainiako kontsulatuarentzat, ordea, haurra aita biologikoaren eta haurdun dagoenaren semea da, Espainian erditzen den emakumea legez ama baita. Gaur egun, Espainiak Ukrainan duen kontsulatuak komunikatu bat kaleratu du, esanez ez direla haurdunaldi subrogatu bidez jaiotako haur gehiago erregistratuko Datuak Babesteko Lege berrian oinarrituta[19][18].

Georgian, haurdunaldi subrogatua bikote heterosexual ezkonduek bakarrik egin dezakete, bikote homosexualak eta amatasuna/aitatasuna bakarrik bilatzen duten emakumeak edo gizonak erabat baztertuz. Haurraren jaiotza-ziurtagirian ez da jasoko haurdunaren izena, ezta emaileena ere; soilik etorkizuneko gurasoena. Beraz, horiek dira haurrarekiko eskubidea eta betebeharra duten bakarrak. Espainiak, Ukrainatik datozen umeei bezala, ez ditu haur hauek erregistratzen[20][16].

Errusian, amatasun subrogatua bikote heterosexualei bakarrik dagokie, ezkonduta egon edo ez, eta emakume ezkongabeei. Bestalde, intentziozko amak frogatu behar du ezinezkoa duela haurdun geratzea edo bere edo haurtxoaren bizitza arriskuan jarri gabe geratzea.

Haurdun dagoen amari 20 eta 35 urte bitartean izatea, osasun fisiko eta emozional ona izatea eta aldez aurretik bere seme bat izatea eskatzen zaio. Baina legeak, errusiar kasua gainontzeko herrialdeetatik bereizten duen funtsezko paper bat ere gordetzen dio. Haurdunak erditu ondoren uko egin behar dio haurrari. Ezinbesteko baldintza da etorkizuneko gurasoek beren seme edo alaba gisa erregistratu ahal izateko. Haurdun dagoen amak uko egingo ez balio, baliteke haurrarekin geratzea[21].

Mexikon bi lurraldetan besterik ez zen legezkoa haurdunaldi subrogatu komertziala baina 2016an Osasunaren Lege Orokorraren erreforma batek debekatu du nazio mailan haurdunaldi subrogatua irabazi-asmoekin[22]. Subrogazioa bertakoentzat mugatu da, betiere antzutasun arazoak badaude[23][24].

2002tik, haurdunaldi subrogatua, Indian baimendutako praktika bat zen, nazionalentzat zein atzerritarrentzat. Hala ere, 2015ean, legea aldatu egin zen atzerritarrentzat, eta, horren arabera, ugalketa-metodo hori jatorrizko herrialdean baimenduta duten bikote ezkondu heterosexualak baino ez ziren onartuko.

2016ko azaroan lege berria onartu ondoren, ugalkortasun arazoak dituzten ezkondutako indiarrei bakarrik baimentzen zaie amatasun subrogatua, eta, gainera, modu altruistan soilik[25][26].

Nepalen haurdunaldi subrogatua legez kanpokoa da 2015etik aurrera. Indiak atzerriko bikoteentzako helmuga gisa zituen aukeren itxierak ernaldi subrogatua ekarri zuen ondoko Nepalera. Hala ere, 2015eko urrian subrogazioa legez kanpokotzat jo zuen herrialdeak. Nepalgo lau ospitalek ere ematen zuten zerbitzu hori, Indiako agentziek inportatuta. Legearen aurretik hasitako prozesuen ondorioz jaiotako haurrak herrialdetik ateratzea ahalbidetu zuen Gobernuak[22].

Thailandian, 2015ean, legegintzako ekimen batek amatasun subrogaturako sarbidea bertakoei mugatu zien, aurretik zegoen lege-hutsuneari amaiera emanez. Ez da baldintza bakarra; ezkontza heterosexuala ere izan behar du, non, bietako batek behintzat, thailandiarra izan behar duen eta emakumeak ugalkortasun arazoak izan behar dituen.

Haurdun dagoen emakumeak ere baldintza jakin batzuk bete behar ditu, hala nola 25 urte baino gehiago izatea eta etorkizuneko gurasoetako baten senidea izatea. Prozesuaren kostu osoa 30.000 eta 40.000 euro artekoa izango da, kontuan hartuta prozesu altruista dela eta amak ez duela ezer kobratzen[18].

Europar Batasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalen, 2016an, haurduntza subrogatua arautzen zuen lege bat onartu zen Parlamentuan. Honen arabera, haurrak izateko ezintasunen bat zuten bikote heterosexualek ahal zuten erabili teknika hau, modu altruistan. 2019ko irailean Portugalgo Auzitegi Konstituzionalak bigarren aldiz bota du atzera lege hau, ama haurdunaren damu-eskubidea ez babesteagatik[27][24].

Grezian, amatasun subrogatua egin dezakete bikote heterosexualek zein beste modu batera seme-alabarik izan ezin duten emakume ezkongabeek, eta ernalezintasun-ziurtagiri bat edo sortzeko arazoak aurkeztu behar dituzte.

Legeak aurreikusten du haurdun dagoen emakumeari ordaindu behar zaiola ez soilik haurdunaldiak eragindako gastu medikoengatik, baita lan egunengatik eta prozesuaren eragozpenengatik ere, baina inoiz ez 12.000 eurotik gorako kopururik[18][28].

Laguntzazko ernalketaren inguruan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laguntzazko ernalketek, hau da, bai intseminazio artifizialaren bitartez zein in vitro bitartez gauzatzen diren prozesuek, honako arau orokor hauek bete behar dituzte Espainiar estatuan, 14/2006 legearen arabera.

  • 18 urtetik gorako edozein emakumek laguntzazko ernalketa gauzatu dezake, beti ere, hau, era boluntario batean izaten bada.
  • Emakume ezkondu batek, haren senarraren onarpena jaso behar du, laguntzazko ernalketa bilatzeko.
  • Espermatozoide, obulu zein aurre-enbrioien dohaintza gauzatu daiteke.
  • Hiru enbrioi bakarrik eman daitezke ziklo batean.
  • Transferentzia hau gauzatu baino lehen, emakumeak, prozesuari uko egin diezaioke.
  • Dohaintza gauzatzen duten zein prozesua gauzatuko duten pertsonen konfidentzialtasuna errespetatu behar da.
  • Aurre-enbrioien zein gametoen dohaintza era anonimo eta altruista batean gauzatu behar da.
  • Hauek soilik, legearen baitan agertzen diren arau orokorrak dira, hala ere, legean, agentziek bete behar duten papera zein arau hauek ez betetzearen ondorio penalak zehazten dira.

Haurduntza subrogatuaren inguruan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lagundutako Giza Ugalketarako Teknikei buruzko Espainiako Legeak ezartzen du haurdunaldi subrogatuko kontratua erabat deuseza dela, eta legezko ama erdituko den emakumea izango dela.

Espainiako legediak ez du berariazko debekurik ezartzen, ezta haurdunaldi subrogatua aurrera eramateagatik zigorrik ere, baina kontratua ez da baliozkoa, eta legez amatasuna ezin zaio erditu dena ez den emakume bati esleitu. Beraz, argi geratu da ezinezkoa dela Espainian ugalketa-metodo hori egitea.

Lege horrek mater sempre certa est delakoaren premisari jarraitzen dio, nabarmenduz amatasuna erditzen duen emakumeari esleitzen zaiola, hau da, Espainian jaioberriaren legezko ama beti izango dela haurdun dagoena eta haurdunaldi subrogatuko prozesu bat egingo balitz, intentziozko gurasoek ez lukete inolako lege babesik izango, ezta haurtxoaren gaineko eskubiderik ere. Espainiako estatuaren begietara, umearen legezko ama haurdun izandakoa izango litzateke[29].

Espainiar estatuko datu kuantitatiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurduntza subrogatuaren bitartez jaio diren Espainiar estatuko umeen zifra zehatzik ez dago. Umea, erregistro zibilean inskribatzean, guraso askok haurduntza subrogatuaren bitartez jaio denaren informazioa ezkutatzen dute. Erregistro zibilak haurra haurduntza subrogatu bidez jaio dela jakin dezake, baldin eta kasu zehatz horren baitan ikerketa bat gauzatzen baldin badu bakarrik. Beraz, Espainiar estatuak ematen dituen zifrak ez dira fidagarriak, erregulazio falta dela medio.

Espainiar estatuak, kontsulatu zibiletik jasotako informazioa kontuan hartuz, 2010-2016 urteak kontuan hartuz, 979 kasu erregistratu zituen. 2017ko abenduan berriz, Kanpo Ministerioak, 948 kasu zeudela adierazi zuen. Bestetik, haurduntza subrogatua gauzatzen duten enpresa zein agentzia desberdinek, bestelako datuak ematen dituzte, urteko, 800 eta 1000 kasu daudela adieraziz.

Espainiari buruz beste herrialdeek honako datuak eman dituzte: Estatu Batuetan gauzatutako haurduntze subrogatua, AEBko kontsulatuek eskaini dituzten datuen arabera, jaiotako 553 umekoa izan da, hala nola; Los Angelesen, 281, Chicagon, 144, San Frantziskon 95, Bostonen 12, Houstonen 9, New Yorken 6 eta Miamin 6. Ukrainan bestetik, Kieveko enbaxadak azaldutako datuen arabera, 231 ume izan dira erregistratuak. Beraz, esan genezake, Espainiar estatuan, haurduntze subrogatua praktikatu izan duten familiek, AEB eta Ukraina izan dituztela jomuga.[30]

Ikuspuntu feminista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurduntza subrogatua eztabaida askoren gaia da. Talde feminista askok honen aurka egin dute, emakumearen eskubideak zapaltzen dituen praktika bat delakoan.

“No somos vasijas”ek (xx) egindako manifestuaren arabera, emakumeak ezin dira ez alokatu ez saldu, modu orokor edota partzial batean. Haiek errefusa osoa egiten diote praktika honi, hainbat arrazoirengatik[31]:

  • Emakumeen erabakitzeko eskubidea defendatzen dute eskubide sexual eta ugalketan. Ordezkapenezko amatasunak erabakitzeko eskubidea ukatzen die emakume haurdunei haurdunaldiaren prozesuan eta adingabearen hazkundeari, zaintzari eta hezkuntzari buruzko erabakiak hartzean.
  • Aukeratzea bizi-aukera batzuen artean nahiago izatea da. Amatasun subrogatuak ez die emakumeei aukeratzeko gaitasuna galarazten bakarrik; horrez gain, zigor-neurriak ere jasotzen ditu, kontratuaren baldintzak aldatzen badira.
  • Amatasun subrogatua deritzona emakumeen kontrol sexuala dakarten praktika motetan inskribatzen da.
  • Emakumearen sabela alokatzea ezin da “lagundutako giza ugalketako teknika” bezala katalogatu. Emakumeak ez dira seme-alabak ekoizten dituzten ugalketa-makinak.
  • Emakume gutxi batzuen altruismo eta eskuzabaltasunak ez ditu merkantilizazioa, trafikoa eta nahierara erosten diren hardunaldiak saihesten.
  • Haurduntza subrogatu altruista legalizatzen denean, amatasun-merkataritza ere handitzen da.
  • Ez dute onartzen "alokairuko sabelak" merkatuan sartu nahi dituen logika neoliberala.
  • Emakumeak ezin dira modu orokor edo partzial batean ez alokatu ez saldu.
  • Eufemismoak erabiltzearen aurka daude erabat, emakume baten sabela aldi baterako alokatuz haurtxoen salerosketako negozio bat goxatzeko edo idealizatzeko.
  • Giza eskubideen perspektibak, emakumea “edukiontzi” bat bezala erabiltzeari uko egiten dio.

Emakunden egindako elkarrizketa[32] batean hainbat ondorio atera ziren, adibidez, homosexualek adoptatzeko eta umeak izateko eskubideak ez ditu guztiak baimentzen haurduntza subrogatuaren parte izateko. Praktika hau elkar ezagutzen duten pertsonen artean soilik eman beharko zela ondorioztatzen da eta horrela honen erabilera desegokia murriztu.

Haurduntza subrogatuak, herrialde askotan, esplotazioa eragiten du eta emakumeak desprestigiatzen ditu, beraien egoera ekonomiko, sozial eta abar aprobetxatuz. Gainera, ekintza honek eragin psikologiko, biologiko eta fisikoak ditu emakumeengan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «¿Qué es la gestación subrogada?» Babygest 2018-09-04 (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  2. Pande, Amrita. (2014-09). Wombs in Labor: Transnational Commercial Surrogacy in India. Columbia University Press ISBN 978-0-231-53818-3. (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  3. Emakunde. ¿Gestación subrogada ó vientres de alquiler? INFORME FINAL. (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).
  4. (Gaztelaniaz) Ekis Ekman, Kajsa. (2015). El ser y la mercancía, prostitución, vientres de alquiler y disociación. Edicions bellaterra, 168 or..
  5. (Ingelesez) «Childless Couples Seeking Surrogate Mothers Call Michigan Lawyer Noel Keane—He Delivers» PEOPLE.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-23).
  6. «NJ Monthly» web.archive.org 2007-05-26 (Noiz kontsultatua: 2019-12-23).
  7. (Ingelesez) Peterson, Iver. (1987-04-05). «Baby M's Future» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-12-23).
  8. (Ingelesez) «Opinion | Justice for All in the Baby M Case» The New York Times 1988-02-04 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-12-23).
  9. Txantiloi:Gaztelera Ekis Ekman, Kajsa. (2015). El ser y la mercancía prostitución, vientres de alquiler y disociación. Edicions bellaterra, 168 or..
  10. a b Pande, Amrita. (2014-09). Wombs in Labor: Transnational Commercial Surrogacy in India. Columbia University Press ISBN 9780231538183. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  11. (Ingelesez) Tarlatzis, B.; de Wert, G.; Devroey, P.; Cohen, J.; Pennings, G.; Shenfield, F.. (2005-10-01). «ESHRE Task Force on Ethics and Law 10: Surrogacy» Human Reproduction 20 (10): 2705–2707.  doi:10.1093/humrep/dei147. ISSN 0268-1161. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  12. (Ingelesez) Ethics Committee of the American Society for Reproductive Medicine. (2013). Consideration of the gestational carrier: an Ethics Committee opinion. .[Betiko hautsitako esteka]
  13. (Ingelesez) The Ethics Committee of the American Society for Reproductive Medicine. (2012). [https://www.fertstert.org/article/S0015-0282(12)00699-1/pdf Using family members as gamete donors or surrogates. ].
  14. (Gaztelaniaz) «Gestación subrogada en Canadá: legislación y precio» Babygest 2019-08-28 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  15. (Gaztelaniaz) Ferreyra, Jaime Porras. (2019-01-11). «Canadá abre la puerta a pagar por la gestación subrogada» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  16. a b ¿Gestación subrogada o vientres de alquiler? INFORME FINAL. Emakunde.
  17. (Gaztelaniaz) «Gestación subrogada en Estados Unidos: precio, legislación y requisitos» Babygest 2019-09-18 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  18. a b c d (Gaztelaniaz) «Así son las legislaciones sobre la maternidad subrogada en otros países del mundo» ELMUNDO 2017-06-28 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  19. (Gaztelaniaz) «¿Cómo funciona la gestación subrogada en Ucrania? - Requisitos y precio» Babygest 2019-08-28 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  20. (Gaztelaniaz) «Gestación subrogada en Georgia: condiciones legales y precio» Babygest 2019-08-28 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  21. (Gaztelaniaz) «Gestación subrogada en Rusia: legislación, precio y filiación» Babygest 2019-08-28 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  22. a b (Gaztelaniaz) 20minutos. (2016-05-25). «La regulación de la gestación subrogada, de país a país» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  23. «Gestación subrogada en México» www.exteriores.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  24. a b Irureta Azkune, Onintza. (2017). Haurdunaldi subrogatua. Bai ala ez baino harago. Argia.
  25. (Gaztelaniaz) «Gestación subrogada en la India - ¿Qué dice la nueva ley?» Babygest 2019-08-29 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  26. AsiaNews.it. «India, la Lok Sabha aprueba la ley contra la maternidad subrogada» www.asianews.it (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  27. (Gaztelaniaz) Barrio, Javier Martín del. (2019-09-19). «La ley portuguesa de vientres de alquiler, declarada inconstitucional por segunda vez» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  28. (Gaztelaniaz) «Gestación subrogada en Grecia: legislación, registro del bebé y precio» Babygest 2019-08-29 (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  29. (Gaztelaniaz) «¿Qué dice la ley sobre la gestación subrogada?» Babygest 2016-10-05 (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  30. (Gaztelaniaz) «¿Cuántos bebés españoles han nacido ya por gestación subrogada?» Babygest 2017-12-20 (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  31. (Gaztelaniaz) «LAS MUJERES NO SE PUEDEN ALQUILAR O COMPRAR DE MANERA TOTAL O PARCIAL» No Somos Vasijas 2015-06-24 (Noiz kontsultatua: 2019-12-31).[Betiko hautsitako esteka]
  32. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]