Hautapen ahaidetasunak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Hautapen ahaidetasunak
Jatorria
Egilea(k)Johann Wolfgang von Goethe
Sorrera-urtea1809
Argitaratze-data1809
IzenburuaDie Wahlverwandtschaften
Jatorrizko herrialdeaAlemania
Ezaugarriak
Hizkuntzaalemana
kronologia
Wilhelm Meister's Apprenticeship (en) Itzuli Hautapen ahaidetasunak

Hautapen ahaidetasunak (alemanez Die Wahlverwandtschaften) Johann Wolfgang von Goethe autorearen hirugarren eleberria da eta 1809an argitaratu zen. Weimar hiriaren inguruan kokatzen da obra, eta Eduarden eta Charlotteren istorioa kontatzen du: bikote aristokratikoa da eta bizitza idilikoa bezain normala dute hiriaren kanpoaldeko etxe batean. Bientzat bigarren ezkontza izan arren, harremana okertu egiten da Eduarden laguna, Otto Kapitaina, eta Charlotteren iloba umezurtza, Ottilia, haiekin bizitzera gonbidatzen dituztenean. Ottiliari eta Kapitainari egindako gonbita «esperimentu» bat izatea nahi dute, eta hala izango da. Liburuan, etxea eta inguruko lorategiak honela deskribatzen dira: «erreplika kimiko bat dira, non giza elementuak elkartzen diren irakurlearengan erreakzio ezberdinak sortzeko»[1][2]. Erreakzio kimiko baten antzera, gerturatze berriak gertatuko dira etxeko kideen artean: Charlotteren arrazoimenaren eta Otto Kapitainaren sentiberatasun eta energiaren artekoa, eta Eduarden pasioaren eta Ottiliaren gaztetasun xarmagarriaren artekoa. Pasioaren eta arrazoimenaren arteko gatazkak kaosa dakar eta, azken batean, amaiera tragikoa.

Badira eleberria Goetheren obrarik onena eta, aldi berean, enigmatikoena dela esaten dutenak. Weimarko klasizismoko elementuak konbinatzen ditu, hala nola, bilbea parabola zientifiko gisa antolatzea eta erromantizismoaren joerei ez jarraitzea. «Hautapen ahaidetasunak» terminoa, hasiera batean, kimika arloko termino zientifiko bat zen; Robert Boyle, Isaac Newton eta Antoine Lavoisier zientzialariek asko erabiltzen zuten erreakzio kimiko exotermikoak deskribatzeko eta, geroago, ioi batek beste bat lekualdatzen zuen erreakzio kimikoei erreferentzia egiteko. Goethek, ordea, kimika fisikoaren ikuskera hori erabiltzen du gizakien arteko pasioak azaltzeko, ustez, afinitate kimikoak gobernatzen dituelako pasioak; kimika-arauek ezkontzaren instituzioan edo bestelako harreman sozialetan zer eragin zuten aztertu zuen. Borondate askeaz ere mintzo da; izan ere, bere laugarren eleberrian —Wilhelm Meisters Wanderjahre, oder Die Entsagenden, «Wilhelm Meisterren erromes urteak, edo Uko egiteko urteak»— errepikatzen den gaia da.

Bilbea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

I. Zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko ezkontideak hil ondoren, Eduardek eta haurtzaroko maiteak, Charlottek, ezkontzeko aukera izan zuten. Bikote aristokratikoa Eduarden etxean bizi da; gizonak bertan jorratzen du bere lorezaintzarako zaletasuna. Bien arteko harremana gertukoa da, baina pasioa urrun daukate. Gertutasuna eten egingo zaie, Charlotte hasieran mesfidati agertzen bada ere, bi gonbidatu etxera iristen direnean: Eduarden laguna, Otto Kapitaina, egoera zailean dagoena, eta Charlotteren iloba, Ottilia, gurasorik eta dirurik gabeko gaztea.

Wilhelm von Kaulbachek egindako Goetheren Hautapen ahaidetasunak eleberriaren ilustrazioa: Ottilia Charlotteren semearekin.

Kapitainaren ezagutzak eta bihozkadak direla eta, hainbat aldaketa gertatzen dira etxean, bereziki paisaiaren arkitekturan; Kapitainak eragin nahi dituen aldaketa horien alde agertzen da Charlotte. Ottilia gazte lotsatia, lasaia, enpatikoa eta baketsua da. Charlottek etxea kudeatzen irakatsiko dio eta Ottiliak berehala hartuko du bere gain zeregin hori. Pixkanaka, Eduard eta Ottilia gero eta hurbilago sentituko dira elkarrengandik, eta Charlotteri eta Otto Kapitainari gauza bera gertatuko zaie. Charlottek eta Ottok maitasuna aitortuko diote elkarri, baina Charlottek sentimendu horiek alde batera uzteko eskatuko dio Kapitainari. Eduardek, bestalde, ezin du kontrolatu Ottiliarekiko desira.

Charlottek, aurreko status quora itzultzeko itxaropenez, Eduardi eskatzen dio Ottiliak alde egin dezala; Eduardek, ordea, aurrea hartu zion Charlotteren dibortzio-aukerari, Kapitainarekin amodio bat izan zezakeela pentsatuz. Beraz, Otto Kapitainak etxetik alde egiten du, eta Ottiliaren irteera ekiditeko, Eduardek ere etxetik alde egiten du. Etxean geratu diren bi emakumeak ohiko bizimoduari eusten saiatzen dira, eta arkitekto gazte bat kontratatzen dute lorezaintzako lanak egiten jarrai dezan. Amorantea urrun dagoelarik, Charlottek jakiten du haurdun dagoela eta Eduard berarekin itzuliko dela espero du. Baina Eduard haserretu egiten da albistea jakitean eta berriro ekiten dio karrera militarrari. Ottilia etsita dago Charlotteren haurdunaldiaren berriagatik eta are gehiago bakartzen da bere munduan.

II. Zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paisaia apaintzeko lanak herriko hilerriraino eta elizaraino ailegatzen dira. Ottiliak kaperetako bat margotzen laguntzen dio arkitektoari, eta Charlotte Ottoren —eta, jakina, Ottilia ilobaren— antz handia duen haur batez erditzen da; liburuak kontatzen digunez, «adulterio espiritual» bikoitzaren ondorio da haurraren jaiotza. Ottiliak bere gain hartzen du haurraren zaintza lana. Momentu horretan, Goethek eleberri labur bat tartekatzen du historia nagusiaren baitan, eta ezkontza zoriontsu bat eragin zuten antzeko gertaerak deskribatzen ditu.

Urtebetez kanpoan egon ondoren, Eduard gerratik itzultzen da domina eta ohoreekin. Etxera gonbidatzen du Otto Kapitaina —orain maior izendatu dute— eta Charlotterengandik dibortzioa lortzen saiatzen da, asmoa baita Charlotte Otto Maiorrarekin eta haren semearekin etxean bizitzea eta Eduard bera, berriz, maitalearekin joatea. Arkitektoak eraikitako aintzira baten ertzean, Eduardek Ottiliarekin eta haurrarekin egiten du topo; elkar besarkatuko dute eta lehen aldiz pasio fisikoa sentituko dute. Charlotterengandiko dibortzioaren erabakia irmoa da, eta Eduardek bere planak kontatzen dizkio maiteari; Ottiliak badaki erabakia Charlotteren eskuetan dagoela. Pozik daude berriro elkartu direlako eta aintzira arraunean zeharkatuta itzuli nahiko dute etxera. Baina, bat-batean, txalupara igotzean, Ottiliari haurra irristatuko zaio, eta bertan itota hilko da txikia.

Charlottek, istripuak sortutako hutsunearen eraginez, dibortzioa onartzen du azkenean, baina ez dio behin betiko erantzunik ematen Otto Maiorrari. Eduard eta Ottilia elkarrekin egotea eragozten zuen azken oztopoa desagertu da haurraren heriotzarekin batera, baina Ottilia atsekabetuta sentitzen da erruagatik eta Eduarden maitasunari uko egin nahi dio. Berriro elkartzeko konbentzitu ondoren, Eduard konturatzen da ez dagoela ezer egiterik Ottilia eta bien arteko erakargarritasuna berreskuratzeko. Ondorioz, Ottiliak hitz egiteari eta jateari utzi eta hil egiten da; Eduardek ere bizitzeko gogoa galtzen du, eta hil egiten da. Charlottek Ottilia maitalearen alboan lurperatuko du Eduard, Ottiliak berak margotutako kaperan.

Teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautapen ahaidetasunak giza harremanak erreakzio kimiko edo prozesu kimiko gisa modelatzen dituen lehen lana da, Enpedokles filosofo greziar klasikoaren aforismoaren garaitik: «elkar maite duten pertsonak ura eta ardoa bezala nahasten dira; elkar gorrotatzen duten pertsonak ura eta olioa bezala banatzen dira»[3].

«Hautapen ahaidetasunak» terminoa afinitate kimikoen kontzeptu zaharragoan oinarritzen da. XIX. mendearen amaieran, Max Weber soziologo alemaniarrak Goetheren lanak irakurri zituen 14 urterekin eta gizakiaren «hautapen ahaidetasunen» ikusmoldea erabili zuen soziologiaren atal handi bat azaltzeko[4]. XIX. mendearen hasieran, «hautapen ahaidetasunak» edo ahaidetasun kimikoak terminoak kimikaren arloan erabiltzen ziren, soilik baldintza jakin batzuetan elkarri eragiten zioten konposatuak deskribatzeko. Goethek ezkontzaren metafora gisa erabili zuen terminoa, bai eta pasioaren eta erantzukizunaren arteko talkaren metafora gisa ere.

Eleberrian, pertsonak espezie kimiko gisa deskribatzen dira: haien maitasun kontuak eta harremanak aldez aurretik zehaztuta daude afinitate kimikoen bidez, espezie alkimikoen parekatzeak izango balira bezala. Goethek adierazi zuen pasioa, ezkontza, gatazka eta borondate askea kimikaren legeen menpe daudela, eta gizakien eta espezie kimikoen bizitzek arauketa berdina dutela[5][6]. Urteen poderioz, iritziak banatu dira, eta ez dago teorian kokatzen den ondorio zehatzik.

Eleberrian azaltzen den erreakzio kimiko nagusia desplazamendu bikoitzeko erreakzioa da (hautapen ahaidetasun bikoitza). Bi bikoteren artean gertatzen da: alde batetik, Eduard eta Charlotteren (BA) artean, ezkontzaren lehen urtea amaitzerakoan (ordurako bigarren ezkontza bientzat); bestetik, haien bi lagun onak diren Kapitaina eta Ottiliaren artean (CD). Lehen ezkontzak, bai Eduardentzat bai Charlotterentzat, hitzarmenezko ezkontzak izan ziren. Zehazki, gazteagoak zirenean, Eduard emakume zahar eta aberats batekin ezkondu zen, aitaren gutizia aseezina asetzeko; era berean, etorkizun argirik ez zuela-eta, maite ez zuen gizon aberats batekin ezkontzera behartu zuten Charlotte.

Laugarren kapituluan, pertsonaiek munduan irudikatu den lehen «gizakiaren desplazamendu bikoitzeko» erreakzio kimikoa azaltzen dute. Kapituluaren hasieran, afinitate mapa (erreakzio mapa), edo Goethek deitzen duen moduan, «diagrama topografikoa» deskribatzen da. Erreakzio mapa horri buruz, honakoa esaten zaigu: «karta topografikoa, zeinean etxaldea eta ingurumariak eskala handi samarrean irudikatuak ageri ziren era izugarrizko eta ulergarrian lumaz eta kolorez, eta zeina kapitainak neurketa trigonometriko batzuei esker oinarri seguruz hornitzen asmatu zuen, laster gelditu zen bukatua».

Gero, erreakzioa argitzeko, hurrengo hau azaltzen zaigu:

«Baldin uste baduzu ez duela pedantekeri itxurarik izango —ihardetsi zuen kapitainak— ongi erabil ditzaket, laburki, neure ideiak. Pentsa ezazu A bat B bati estuki loturik dagoena, bitarteko ugariz eta indar handiaz hartatik bana ezin daitekeena; pentsa ezazu C bat D batekiko erlazio berean aurkitzen dena; ezar itzazu bi bikoteak ukipenean, A Dra, C Bra oldartuko dira, zeinek uzten duen bestea aurrena, zein batzen den bestearekin aurrena ezin esan daitekeelarik.». Horrela irudika liteke:

AB + CD → AD + BC

«Bale ba!» Eduardek bat-batean esan zuen: «Eta zer! —eten zuen Eduardek—. Guzti hori geure begiez ikusten ez dugun bitartean, formula horiek sinbolotzat hartu beharko ditugu, zeinetatik teoria bat aterako dugun geuk berehala erabiltzeko. Zuk, Charlotte, A ordezkatzen duzu; nik, B, zeren, egia esateko, zure baitan bainago eta B Ari bezala jarraitzen natzaizu. Bistan dago C kapitaina dela, oraingoz nigandik aldentzen zaituena. Eta argi dago zehaztugabean galdu nahi ez baduzu, D bat bilatuko duzula, eta hori da zalantzarik gabe Ottilia damatxo maitagarria, zeinaren hurbiltzetik ezin baituzu gehiago zeure burua babestu».

Kritikarik ospetsuenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Astrida Tantillo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argitaratu zenetik gaur egunera arte, Goetheren eleberria, Hautapen ahaidetasunak (1809), ulertzeko modu bat baino gehiago egon dira, eta interpretazio nahasmena sortu da. Irakurleek gogor eztabaidatzen dute eleberrian aurkezten den hautapen ahaidetasunen teoria kimikoa. Batzuek patuan errotuta dagoen naturaren filosofia iradokitzen duela diote. Beste batzuek borondate askea dela diote. Eta badira, baita ere, teoria kimikoa egileak duen tresna bat besterik ez dela uste dutenak, eleberriko gertaerak iragartzeko aukera ematen diolako eta gai nagusietarako garrantzirik ez duelako.[7]

Walter Benjaminen Hautapen ahaidetasunak liburuaren inguruko saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920-1921 urteetan Walter Benjaminek idatzitako saiakera «erabat paregabea» zela deskribatu zuen Hugo von Hoffmannsthal austriar kritikariak. Gogoeta dialektiko intentsibo batean sartzen du Benjaminek literatura, eta horregatik da ezaguna aipatutako saiakera. Goetheren prosa estiloa eta asmoak kritikatzen ditu, eta pentsamendu mitikoaren (Goetheren prosan kokatzen baitu) transzendentziaren alde mintzatzen da, oraindik aurkitu ez den (eta printzipioz imajinaezina den) «askatasun» bat dagoela uste baitu. Benjaminek esperientzia hori artean kokatzen du, artea bere horretan gai baita, haren ustez, mitoaren ahalmenak gainditzeko.

Moldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974an, Ekialdeko Alemanian, izenburu bera zuen film bat argitaratu zen, Siegfried Kühnek zuzenduta DEFA zinema estudiorako.[8]

Francis Ford Coppolak, Apocalypse Now obra amaitugabearen ondorioz sufritu zituen antsietateak eta depresio maniako klinikoak jota eta, ustez, bere neska-laguna zen Melissa Mathinson gidoilariaren eraginpean, «Goetheren Hautapen ahaidetasunak eleberriaren hamar orduko film bertsioa, 3Dn» egitea proposatu zuen[9].

John Banvilleren The Newton Letter eleberriak (1982) Irlandan girotzen du Goetheren istorioa. Gordon Burgessek egindako deskribapen bat aurki daiteke German life and letters (1992ko apirila) aldizkari berezituan.

Rudolg Thomeren Tarot filma (1986) Hautapen ahaidetasunak eleberrian oinarrituta dago.

Tom Stoppard antzerkigile britaniarrak egindako Arcadia antzezlana (1993), Hautapen ahaidetasunak eleberriaren bertsio modernoagoa da, ezusteko aldaketak dituen arren. Antzezlana garai modernoan eta 1809an gertatzen da, Goetheren garaian; pertsonaiak apur bat aldatuta daude, adibidez, «Kapitaina» orain «Itsas Kapitaina» da; eta afinitate kimikoa termodinamikaren bigarren legearekin, kaosaren teoriarekin eta beste gai batzuekin ordezkatzen da. Hala ere, pertsonaiak entitate erreaktiboak direlako ideia mantentzen du, eta haien arteko elkarrekintzek sortzen duten «beroa» eta antzeko ideiak aurkezten ditu.

Robin Gordonen Leaves in the Wind ipuin laburrak (1995) Ingalaterra modernora egokitzen du istorioa: oraingoan, Eduard eta Charlotte bikote akademikoa izango dira.

1996an, zinemarako bertsio bat egin zen, The Elective Affinities izenekoa; Paolo eta Vittorio Taviani anaiek zuzendu zuten.

Sebastian Schipperek zuzendutako Sometime in August (2009) filma Goetheren eleberrian oinarrituta dago, eta istorioa Alemania modernoan girotzen du[10].

Erreferentzia teoriko eta kulturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Max Weberrek, zeinak kapitalismoaren garapena deskribatu baitzuen Karl Marxen teorietatik urrunduta, faktore sozial, kultural eta historiko jakin batzuen arteko hautapen ahaidetasunak identifikatu zituen kapitalismoaren gorakada arrazoitzeko, eta Lanaren Etika Protestanteak ez bezala, ez zion soilik material ekonomikoari erreparatu.
  • Walter Benjaminek «Goetheren Hautapen ahaidetasunak» deituriko saiakera idatzi zuen. Neue Deutsche Beiträge aldizkarian argitaratu zen, 1924an. Erromantizismo alemaniarrari buruz egin zituen aurreneko saiakera garrantzitsuetako bat da.
  • 1933an, René Magrittek Elective Affinities izeneko margolana egin zuen.
  • François Truffaut frantziar Uhin Berriko zuzendariaren Jules et Jim (1962) filmean, gizonezko pertsonaietako batek, Jimek, Jules lagunari bisita egiten dio eta hark Goetheren liburua uzten dio. Julesen emazteak, Catherinek, berehala itzultzeko eskatzen dio; ondoren, Jimen amorante bihurtzen da.
  • Michael Ondaatjeren Anil’s Ghost eleberrian, Goetheren liburua —beste eleberri batzuekin batera— Sri Lankako ospitale bateko medikuen gelan dagoela aipatzen da, baina ez duela inork irakurri.
  • Günter Grassen lehen eleberrian, Die Blechtrommel, Oskarrek, pertsonaia nagusiak, gida gisa erabiltzen dituen bi liburuetako bat da Hautapen ahaidetasunak, Rasputini buruzko beste liburu batekin batera.
  • Maurice Baringen Cat’s Cradle (Heineman, 1925) eleberrian, Elsie Lawlessek txantxetan baina zehaztasunez liburua aipatzen du —Walterrek eta Bernardek beren emazteak ez diren beste emakume batzuengatik sentitzen duten erakarpenari buruz aritzeko—: «Hautapen ahaidetasun kasu bat izan daiteke, ezta?». Eszena 1901ean kokatuta dago, Eduard VII.aren koroatzearen ostean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «OUP: Elective Affinities: Goethe» web.archive.org (Oxford University Press.) 2004-12-23 (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  2. Smith, Peter D.. «Elective Affinity» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-07-20).
  3. Adler, Jeremy. (1990). "Goethe's Use of Chemical Theory in his Elective Affinities" (18 kap., 263-79 orr.), Romanticism and the Sciences, Editoreak: Andrew Cunningham eta Nicholas Jardine, New York: Cambridge University Press.
  4. Herbert, Richard H.. (1978). Max Weber's Elective Affinities: Sociology within the Bounds of Pure Reason. American Journal of Sociology, 366–85 or..
  5. Constantine, David. (1994). Translation, Introduction, and Notes to Oxford World Classics (translation of Goethe's Elective Affinities). Oxford University Press ISBN 0-19-283776-1..
  6. Prigogine, Ilya; Stengers, Isabelle. (1984). Order Out of Chaos – Man's New Dialogue with Nature. Bantam Books, 319 or. ISBN 0-553-34082-4..
  7. (Ingelesez) «Goethe's Elective Affinities and the Critics» Boydell and Brewer (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  8. «Die Wahlverwandtschaften | filmportal.de» www.filmportal.de (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  9. Biskind, Peter. (1998). Easy riders, raging bulls : how the sex-drugs-and-rock-'n'-roll generation saved Hollywood. Simon & Schuster ISBN 0-684-80996-6. PMC 38389788. (Noiz kontsultatua: 2022-07-20).
  10. «Mitte Ende August | filmportal.de» www.filmportal.de (Noiz kontsultatua: 2022-07-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]