Hazkuntza-inguru

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Petri plaka bat hazkuntza-inguru batekin. Marretan bakteriar koloniak hazi dira.


Biologian eta Mikrobiologian, hazkuntza-ingurua bakterioak, onddoak edo zelulak hazteko laborategian erabiltzen den gel edo likidoa da, hazkuntzarako beharrezkoak diren elikagai guztiak dituena.

Mikroorganismo baten hazkuntza laborategian lortzeko bere eskakizun nutritiboak eta ekologikoak ezagutu behar dira. Esaterako, bere karbono eta nitrogenoaren iturria, behar dituen osagai mineralak, aerobio ala anaerobio den, bere tenperatura eta pH ezin hobea, etab. Hazkuntza-inguruak laborategian hazten den mikrobioaren eskakizunak asetu behar ditu.

Hazkuntza-ingurua egokia eta inkubazio-baldintza zuzenak erabiliz (tenperatura, oxigenoa...) mikrobio jakin baten hazkuntza erraz lor daiteke laborategi batean.


Hazkuntza-inguru motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konposizioari dagokionez bi mota daude:

  • zehaztuak: haien konposizio kimikoa zehatza da. Konposatu organiko eta ez-organikoen kopuru zehatzak dituzte inguru horiek.
  • ez-zehaztuak edo konplexuak: mikrobio askorentzat oso elikagarriak diren substantzia dituztenak (esaterako, kaseina, odola, legamiak, haragia, soja-aleak...). Inguru hauetan osagaien konposizio kimiko zehatza ez da jakiten


Egitura fisikoari dagokionez bi mota daude:

  • likidoak: kaldoak ere deituak. Esaterako, kaldo elikagarria, Mossel-en EE kaldoa, koliformeentzako BGBL kaldoa (behazun-berde distiratsua), etab.
  • solidoak: inguru hauei eragile gogorgarri bat gehitzen zaie: agarra, kasu gehienetan (itsasoko alga gorrietatik lortzen dena). Mikrobiologiaren hastapenetan gelatina erabiltzen zen, baina bere erabilera aspaldian baztertu zen agarraren onerako. Agarrezko hazkuntza-ingurua Petri plaka izeneko ontzi zilindrikoan erabiltzen da. Hazkuntza-inguru solidoen artean Sabouraud agarra, EMB agarra, TSI agarra edo xilosa-lisina-desoxicolato agarra (XLD), besteak beste, aipa daitezke.


Erabilerari dagokionez, hiru mota daude:

  • orokorrak: mikrobio askoren hazkuntza ahalbidetzen dute. Adibidez, PCA agarra (ur eta janarien analisi mikrobiologikoan erabiltzen dena, mikrobio aerobio ugariren hazkuntza errazten baitu), TSA agarra (triptona-soja agarra), odol-agarra, etab.
  • bereizgarriak: mikrobio desberdinen bereizketa eragiten dute, mota bateko eta besteko adierazlea baitute (tindatzaileak, esaterako). Adibidez, Mc Conkey agarra bereizgarria da, laktosa hartziten duten eta ez dutenen arteko bakterioen bereizketa egiten duelako (hartzitzaileek kolonia arrosak eratzen dituzte, eta besteek kolorerik gabeko koloniak). TSI agarra ere bai (hiru azukre eta burdina), enterobakterioak bereizten dituena haien hartziduraren arabera.
  • hautakorrak: bakterio batzuen hazkuntza inhibitu eta besteena errazten dute. Esaterako, zetrimida agarra, Pseudomonas izan ezik gainontzeko bakterioen hazkuntza inhibitzen duena; amonio kuaternarioaren konposatuak ditu, Pseudomonas-en flora laguntzailea akabatzen dutenak. Edo GVPC agarra ere, Legionella bakterioaren isolaketa errazten duena. Baita Sabouraud-kloranfenikola ere, onddoak ez diren mikrobio guztiak hiltzen dituena. Hazkuntza-inguru horiek guztiek mikrobio askoren hazkuntza galarazten duten substantziak dituzte (antibiotikoak, behazun-gatzak, hainbat tindatzaile, sodio-kloruroa kontzentrazio handietan, etab.)

Hazkuntza-inguru batzuk bereizgarriak eta hautakorrak dira aldi berean. Esate baterako, eosina eta metileno-urdinaren agarra (EMB), koliformeen ikerketan asko erabiltzen dena. Inguru honen metileno urdinak bakterio Gram positiboak akabatzen ditu, eta eosinak, bestalde, pH-aren aldaketak antzemateko balio du (horrela, laktosa hartziten duten bakterioek berezko kolore bat ematen diote eosinari, laktosa hartzitzen ez dutenen aldean).

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hazkuntza-inguru Aldatu lotura Wikidatan