Hebrearrei Gutuna

Wikipedia, Entziklopedia askea


Hebrearrei Gutuna edo, labur, Hebrearrei (Heb) Bibliako Itun Berriko hemeretzigarren liburua da. Gutunak hamahiru kapitulu dauzka, eta koinez idatzitakoa da. Benetan, ez da gutuna, ezpada sinagogetako errezital erako homilia. Liburuak Hebrear Bibliari aipamen ugari egiten dizkio. Sarri, Erromatarrei eta Galaziarrei Gutunen doktrinazko gehigarritzat jotzen da, Itun Zaharreko Lebitarrenaren iruzkin antzera, haren judu-erlijioko manu ugariekin eta Jerusalemgo jauretxearen gurtzapenarekin. Jauretxearen zerbitzuari egindako aipamenak direla bide, litekeena da gutuna hura erromatarrek K.o. 70ean suntsitu aurretik –Biblian agertzen ez dena– idatzitakoa izatea, baina ez da froga eztabaidaezina.

Egilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazki honetaz zehaztasun historikorik ez dago. Pauloren gutunen bilduman sartu izan bada ere, kristautasunaren lehen mendeetatik konturatu ziren ez zela Pauloren beste idazlanak bezalakoa: literatura-arrazoiengatik eta teologiagatik. Idazlearen datu segururik ere ez dago: bigarren belaunaldiko kristaua da, jatorriz judua seguruenik, baina greziar kulturaz ere jabetua eta Liburu Santuak sakon ezagutzen dituena. Idazkia Paulorena ez den arren, haren inguru edo tradizioari loturik ikusi ohi da. Luterok Apolo (Eg 18:24-28) proposatu zuen gutunaren egiletzat; hipotesia sinesgarria da, inolako froga zehatzik ez dagoen arren.

Hartzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hebrearren erlijio-gaiak asko erabiltzen dituelako, jatorriz judu zirenek osatzen zuten kristau-erkidegoren bati idatzia izango zela pentsatu zen; horregatik ezarri zitzaion Hebrearrei Gutuna izenburutzat; baina hau ere ez dago argi jakiterik. Dirudienez 80tik 90era bitartean idatzia da.

Idazlan edo sermoi hau egoera zaila bizi zuen kristau-elkarte bati idatzia dago. Bigarren belaunaldiko kristauak krisi berezia jasaten ari ziren: zabarkeria (Heb 2:3), salbamenaren estimazio urria, erkidegoaren bilerak uzteko joera (Heb 10:25). Idazleak larritzat hartu zuen egoera, fedean hozteko (Heb 3:12) edo fedea ukatzeko (Heb 6:4-6) arriskua ikusten baitzuen.

Idazlanak, gutuntzat hartua izan bada ere, erkidego bati bidalitako homilia baten antz handiagoa du.[1]

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi hari nagusi bereiz daitezke idazlanean elkarrekin nahasturik: bata, doktrina-alderdia lantzen duena (Heb 1:1-4; 2:5-18; 4:15–5:10; 7:1–10:18; 12:18-24); bestea, aholku- edo erregu-gisakoa (Heb 2:1-4; 3:7–4:13; 5:11–6:12; 10:19-39). Fedean eta itxaropenean gogoberotzeko, Kristoren misterioa bere sakonean argitu nahi die kristauei.

Kristoren misterioa da idazki guztiaren muina. Hori azaltzeko, apaizgo eta gurtzapenaren hiztegiaz baliatzen da idazlea. Kristok, Jainkoaren Semeak, apaiz betetzen du bere salbamen-egintza. Salbamen-egintza hori Jesusek, apaizburuak, bere burua opari eskaintzen duenean iristen da bere gailurrera; misterio horrek batean biltzen ditu Jesusen oinazea, heriotza, piztuera, zeruetara igotzea eta haren betiko bitartekotza. Horrela, Kristo Itun Berriko apaiz-bitarteko eta senide gaituen gizaki guztiontzat salbamen-sorburu bihurtu zen.

Gurtzapen-giroko eskema honen barruan, idazlan honek, Itun Zahar eta Berriko salbamen-bideak aurrez aurre jartzen ditu: Jesusen apaizgoaren eta gurtzapen berriaren nagusitasuna eta baliotasuna azpimarratzen ditu. Kristoren odolak bakarrik burutu dezake gizakiaren eta Jainkoaren arteko itun berria, Kristoren odolak bakarrik berri dezake gizakia (Heb 9:11-15). Itun Zaharrean ongi ezagunak diren hitz eta ideiak erabiltzen ditu, hala nola ituna, gurtzapena, apaizgoa, sakrifizioa… Baina errealitate hauek guztiek, Jesu Kristori ezarriz gero, esanahi guztiz berriak hartzen dituzte eta eduki berriak adierazten.[1]

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SARRERA (1:1-4)

KRISTO AINGERUEN GAINETIK (1:5–2:18)

  • Kristo Jainkoaren Seme (1:5-14)
  • Ez galdu salbamen-bidea zabarkeriaz (2:1-4)
  • Jesus gizaki aintzatua (2:5-9)
  • Jesus, gure kide sufrimenduan (2:10-18)

KRISTO APAIZ NAGUSI FIDAGARRI ETA ERRUKITSU (3:1–5:10)

  • Jesus eta Moises elkarrekin konparaturik (3:1-6)
  • Jainkoaren atseden-lekura sartzeko deia (3:7-4:13)
  • Jesus apaiz nagusi errukitsu (4:14-5:10)

JESU KRISTO, ITUN BERRIKO APAIZ NAGUSIA (5:11–10:39)

  • Kristau-heldutasunerako deia (5:11-6:12)
  • Jainkoaren agintzaria Jesusengan burutua (6:13-20)

Kristo Melkisedeken antzera apaiz (7:1-28)

  • Melkisedek eta lebitar apaizgoa (7:1-10)
  • Lebitar apaizgoa baliorik gabea (7:11-19)
  • Kristo benetako eta betiko apaiz (7:20-28)

Kristo bete-beteko apaiz bere opariaz (8:1–9:28)

  • Apaizgo berria eta itun berria (8:1-6)
  • Itun zaharraren baliogabetasuna (8:7-13)
  • Antzinako opariak baliorik gabeak (9:1-10)
  • Kristoren bete-beteko oparia (9:11-14)
  • Itun berria (9:15-22)
  • Itun berriko oparia (9:23-28)

Kristo, betiko salbamenaren sorburu (10:1-39)

  • Lehengo opariak Kristoren opariaz ordeztu (10:1-10)
  • Apaiz berria eta itun berria (10:11-18)
  • Sinesmenean sendo iraun (10:19-25)
  • Sinesmena ukatzeko arriskua (10:26-39)

FEDEA ETA IRAUPENA (11:1–12:13)

  • Itun zaharreko gizon-emakumeak sinesmen-eredu (11:1-7)
  • Abel, Henok eta Noe (11:1-7)
  • Abraham eta patriarkak (11:8-22)
  • Moises eta israeldarrak (11:23-31)
  • Ikuspegi orokorra (11:32-40)
  • Iraun bekatuaren kontrako borrokan (12:1-4)
  • Jainkoak seme-alabak bezala zentzatu (12:5-13)

KRISTOREN OPARIAREN FRUITUAK KRISTAU BIZITZAN (12:14–13:19)

  • Leial eutsi kristau-bokazioari (12:14-29)
  • Kristau-jokabidea (13:1-19)
  • Azken gurariak eta agurrak (13:20-25)

Bost zati handitan dago banatua:

Lehenengoan (Heb 1:5-2:18), Kristoren, Jainkoaren Semearen, duintasuna azpimarratzen da, zerbitzari huts diren aingeruena baino handiagoa dela esanez. Bigarrenean (Heb 3:1-5:10), Kristoren apaizgoaren bikaintasuna aldarrikatzen du egileak; Moises eta Jesus alderatzen ditu, Jesusen bitartekotza Moisesenaren gainetik jarriz; Jesus da apaiz nagusia, Jainkoari dagozkionetan fidagarria eta gizakiarekiko errukitsua. Hirugarren zatiak (Heb 5:11-10:39), zatirik zabalen eta nagusienak, Kristoren apaizgoaren alde bereziak aztertzen ditu: antzinako israeldar apaizgoa eta Kristoren apaizgo berria, gurtzapen zaharra eta Kristok irekitako gurtzapen berria alderatzen dira; benetako gurtzapena, Jesusek bere bizia maitasunez opari eskainiz burututakoa da; honek bakarrik lor dezake egiazko berrikuntza. Laugarren zatiak (Heb 11:1-12:13) kristau-bizitzaren oinarrizko bi alderdiz dihardu: fedeaz eta iraupenaz; horretara eragiteko, salbamen-historiako hainbat lekuko aipatu zituen. Bosgarren zatiak (Heb 12:14-13:19) kristau-jokabideak dituen bi alderdiak gogoratzen ditu: bai Jainkoaren aurrean, bai senideen aurrean izan beharreko jokabidea, beti ere Kristo eredu izanda.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Heb 0 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]