Edukira joan

Hego Kivu

Koordenatuak: 3°01′S 28°16′E / 3.02°S 28.27°E / -3.02; 28.27
Wikipedia, Entziklopedia askea
Hego Kivu
 Kongoko Errepublika Demokratikoa
Administrazioa
Estatu burujabe Kongoko Errepublika Demokratikoa
ISO 3166-2CD-SK
HiriburuaBukavu
Geografia
Koordenatuak3°01′S 28°16′E / 3.02°S 28.27°E / -3.02; 28.27
Azalera64.791 km²
MugakideakTanganyika (probintzia), Maniema eta Ipar Kivu
Demografia
Biztanleria7.066.400 (2020ko uztailaren 1a)
1.294.400 (2015)
Dentsitatea109,06 bizt/km²
sudkivu.cd

Hego Kivu (frantsesez: Sud-Kivu; swahiliz: Mkoa wa Kivu Kusini) Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko probintzia da. Iparraldean Ipar Kivurekin du muga, mendebaldean Maniemarekin, eta hegoaldean Tanganyikarekin; ekialdean Ruanda, Burundi eta Tanzania ditu mugakide. 64.791 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 5.772.000 biztanle zituen 2015ean.[1] Hiriburua Bukavu da, eta beste hiri nagusia, Uvira.

Frantsesaz gain, ofiziala, swahili da hizkuntza nagusia.

Laku Handien zonaldean kokatzen da, Rift Haran Handian, mendebaldeko adarrean. Ipar-ekialdean, muga egiten, Kivu lakua dago, Idjwi irla luzeaz, probintziaren parte. Eta hego-ekialdeko mugan, Tanganyika lakua. Ruzizi ibaia isurtzen da bi laku handi horien artean. Hego Kivu lurralde menditsua da, oro har, iparraldean Kahuzi-Biega Parke Nazionala du, Kahuzi eta Biega sumendi itzaliekin, 3.308 eta 2.790 metroko altuera dutenak.  Eta mendebaldean, berriz, Itombwe Erreserba Nazionala dago.

Bukavu hiriburuaz gain, Hego Kivu zortzi eskualdetan banatuta dago, tamaina ezberdinetakoak. Ipar-mendebaldetik hego-ekialdera:

  • Shabunda: ia mendebalde osoa, 25.000 bat km2, eta biztanleria-dentsitate txikiena.
  • Kalehe: 5,057 km2, Kivu lakuaren mendebaldean, milioi bat biztanletik gora 2025ean.
  • Idjwi: 350 bat km2, Kivu lakuko izen bereko irla, eta inguruko irlatxoak.
  • Kabare: Kivu lakuaren hego-mendebaldean.
  • Mwenga: 11,172 km2, milioi bat biztanletik gora.
  • Walungu: 1,800 bat km2, ia milioi bat biztanle.
  • Uvira: 3,146 km2, Tanganyika lakuaren ipar puntan, ia milioi eta erdi biztanle.
  • Fizi: 15,864 km2, hegoalde osoa, bi milioi biztanle inguru.

"Kivu" izenak ospea hartu zuen David Livingstone 1867an Uvira aldean ibili izan zenean eta bertako biztanleengandik izena ikasi zuenean. Henry Morton Stanley esploratzaileak 1871an Ujijin topatu, Tanganyka lakuaren Tanzaniako ertzean, eta elkarrekin ibili ziren, bolada batez, zonaldea esploratzen, Stanley Europara itzuli eta Leopoldo II., Belgikako erregearen alde lanean hasi baino lehen.

Hego Kivuko eskualdeak

Hego Kivuren historia administratiboa Leopoldo II. erregearen Kongoko Estatu Askearen garai kolonialetik dator. Belgikako estatuaren menpera pasa ondoren, Ekialdeko Probintzian sartu zen, Stanleyville (gaur egungo Kisangani) probintziako hiriburu zelarik. Independentziaren ondoren, 1962an probintzia estatusa lortu zuen, baina 1965ean Mobutu Sese Sekoren erregimenaren garaian barruti bat izatera pasa zen, Kivuko probintziaren barruan. 1988an berriz ere hiru probintzia bereizitan birdefinitu zena: Ipar Kivu, Hego Kivu eta Maniema.

Fizi aldeko mendiak

Kongoko Lehen Gerraz geroztik (1996–1997), Hego Kivuk gatazka armatu eta ezegonkortasun etengabeak jasan ditu, batez ere Kongoko Bigarren Gerra (1998–2003) eta bere ondoriozko gatazketan[2][3]. Probintzia hainbat talde armaturen gudu-zelaia izan da, besteak beste, Kongo-Zaire Askatzeko Indar Demokratikoen Aliantza (AFDL), Ruandako Armada Patriotikoa (RPA), Kongoko Demokraziaren Aldeko Bilgunea (RCD), Mai-Mai tokiko komunitateetan oinarritutako miliziak. Baita Martxoak 23 Mugimendua (M23) ere, 2025ean otsailean Bukavu hiriburua hartzera iritsi zena[4].

Baliabide naturalen gaineko lehiak bultzatutako segurtasun ezak[5] giza eskubideen urraketa larriak[6], zibilen lekualdatzeak eta krisi humanitarioak eragin ditu[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Democratic Republic of the Congo: Provinces. citypopulation.de (kontsulta data: 2019-08-01).
  2. «Eastern Congo Ravaged - Introduction» www.hrw.org (kontsulta data: 2025-04-12).
  3. (Frantsesez) «Deuxième Guerre - Attaques contre les autres populations civiles - Sud-Kivu» Mapping Report 2018-05-17 (kontsulta data: 2025-04-12).
  4. «RD Congo: tras Goma, los rebeldes del M23 entran en Bukavu, segunda ciudad estratégica de la región» France 24 2025-02-16 (kontsulta data: 2025-04-12).
  5. (Frantsesez) «Sud-Kivu : la Société civile préconise un dialogue franc pour une paix durable à Uvira et Fizi» Radio Okapi 2019-12-12 (kontsulta data: 2025-04-12).
  6. (Gaztelaniaz) «Abusos incontrolados del M23 en la República Democrática del Congo» www.es.amnesty.org (kontsulta data: 2025-04-12).
  7. «Mendebaldeak Kongon dituen hainbat enbaxada jo-mugan hartu dituzte M23ren kontrako protestetan» Argia (kontsulta data: 2025-04-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.