Hego Sudan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Hego Sudango Errepublika
Republic of South Sudan
Bandera Armarria
Goiburua: Justizia, Askatasuna, Oparotasuna
Ereserkia: South Sudan Oyee!
Hiriburua
eta hiri handiena
Juba
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa
Herritarra hegosudandar[1]
Gobernua Errepublika federal presidentzial demokratikoa
 -  Presidentea Salva Kiir Mayardit
Independentzia
 -  Sudandik 2011ko uztailaren 9a 
Azalera
 -  Guztira 644,329 km2 (41)
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2016[2]) 12.230.730
 -  2008 errolda 8.260.4901
 -  Dentsitatea 13,33 bizt./km2 (214)
Dirua hegosudandar libra (SDD)
Ordu-eremua MSK (UTC+3)
Aurrezenbakia 249
1 Hego Sudango gobernuak 2009an emandako kopuru eztabaidatua; ikus artikuluko "Demografia" atala.
Hego Sudango estatuak (pl).

Hego Sudan[1], ofizialki Hego Sudango Errepublika (ingelesez: Republic of South Sudan), Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da. Sudan du iparraldean, Etiopia ekialdean, Kenya, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikoa hegoaldean eta Afrika Erdiko Errepublika mendebaldean. 644.329 kilometro koadroko eremua hartzen du,[3] eta 12,2 milioi biztanle zituen 2016an.[2] Hiriburua Juba da.

Hego Sudan Sudango Errepublikaren zati izan zen, 2011ko uztailaren 9an independizatu zen arte. Izan ere, 1956an, Sudango Errepublika sortu zenean, iparraldeko arabiar musulmanen mende geratu ziren hegoaldeko herri nilotikoak, erlijioz kristau eta animistak zirenak. Bi alde horien arteko gatazkak garai modernoetan Afrikan izan den gerrarik luzeena eragin zuen; Sudango Lehen Gerra Zibila 1955-1972 bitartekoa izan zen, eta bigarrena 1983-2005 bitartekoa. Gerra 2005eko bake akordioarekin bukatu zen eta, hitzarmenean bildu bezala, 2011n egindako independentziari buruzko erreferendumean, hegoaldeak independentea izango zela erabaki zuen. Ekonomiaren aldetik ere garrantzi handikoa izan zen banaketa, Hego Sudanek Afrikako petrolio baliabide aberatsenetakoak baititu. 2013ko abenduan, etnien arteko liskarrak eta interes ekonomikoak zirela eta, gerra zibila piztu zen.[4]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Sudan Ekialdeko Afrikan dago, ipar latitudeko 3° eta 13° artean, eta ekialdeko longitudeko 24° eta 36° artean. Iparraldean Sudanekin du muga, ekialdean Etiopiarekin, hegoaldean Kenya, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikoarekin, eta mendebaldean Afrika Erdiko Errepublikarekin.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imatong, herrialdeko mendigune nagusia, hegoaldean dago; bertan dago, Ugandako mugatik oso hurbil, Kinyeti (3.187 metro), gailurrik garaiena. Ipar-ekialdeko mugan Nuba mendiak (1.300 metro inguru) nabarmentzen dira.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo ibaia da Hego Sudango ardatza, Egiptokoa eta Sudangoa den bezala; Nilo Zuriak eta haren adarrek markatzen dute herrialdearen geografia. Ugandatik Hego Sudanera sartzen denean ibaiari ematen zaion lehenbiziko izena Bahr al Jabal (“Mendiko ibaia”) da; ur uherretako alde bat pasatu eta gero eremu lau batean sartzen da; bertan dago Sudd izeneko zingira itzela. Aurrerago Juba hiriburutik pasatzen da; hori da Niloren sistemako toki nabigagarrietan hegoaldekoena. No aintzirara heltzen denean, Bahr el Ghazal ibaiadarrarekin bat egiten du; Nilo Zuria izena hartzen du hortik aurrera.

Landaredia eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Babestutako guneak Afrikako inportanteenen artean daude animalia eta landarediari dagokienez. Munduko animalia migraziorik handienetan bigarrena gertatzen da bertan; gerra eta eguraldi gorabehera ugari egon badira ere, 2005eko ikerketa lan batek erakutsi zuen 1,3 milioi antiloperen lekualdatzea oraindik gertatzen dela hego-ekialdean. Boma Parke Nazionalean, Sudden, Hegoaldeko Parke Nazionalean eta beste leku batzuetan, mota askotako antilopeez gain (kob, topi, tiang, bongo...), bufaloak, elefanteak, jirafak, lehoik, afrikar altzeak, orixak eta tximinoak daude. Herrialdean topa daitezkeen bioma moten artean belardiak, goi-ordokiak, sabanak eta hezeguneak daude.

2006an Hego Sudango presidenteak natura babesten ahaleginduko zela adierazi zuen, suteen, zabor toxikoen eta kutsaduraren eragina gutxituz. Hala ere, konpainia multinazionalen jardunak (petrolioa eta gasa... ustiatzeko) arrisku gorrian jarri ditu ingurumena eta dibertsitate biologikoa.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima ekuatoriala da nagusi; hezetasun eta prezipitazio handiak daude. Euri sasoia aldatzen da eskualde batetik bestera, baina orokorrean apiriletik azarora arte izaten da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1820ko hamarkadaren hasieran eskualdea Egiptoko agintarien esku geratu arte, datu gutxi daude Hego Sudango lurrez, ez bada ahozko historiak utzi diguna. Herri-historiaren arabera, X. mendea baino lehenago hasi ziren bertan kokatzen dinka, nuer, shilluk eta beste herri nilotiko batzuk. XV-XIX. mende bitartean, batez ere Bahr el Ghazal eskualdean abiapuntu izan zuten migrazio mugimendu batzuen ostean, herri horiek gaur egun dauden lekuetan kokatu ziren. Nilotikoa ez den azande herria XVI. mendean kokatu zen Hego Sudanen. Herri horrek eskualdeko estaturik handiena antolatu zuen, eta XVIII. mendean harreman gatazkatsuak izan zituen Bahr el Ghazal aldeko herri txikiekin (moru, mundu, pöjulu eta beste), Gbudwe erregeak izan zuen politika oldarkorragatik. Bestalde, XIX. mendean azandeak borrokan aritu ziren frantziarren eta belgikarren kontra, beren independentzia gorde nahian.[5]

Bien bitartean, XVIII. mendean avungara herriak, oso denbora laburrean, Hego Sudanen sartu eta azandeak menderatu zituen. XIX. mendearen amaieran britainiarrak iritsi ziren arte, avungara herriaren aginteak ia aldaketarik gabe iraun zuen. Bestalde, oztopo geografikoek babestu zituzten hegosudandarrak Islamaren hedapenetik eta, oro har, beren herentzia sozial eta kulturalak eta instituzio politiko eta erlijioso bereziak gorde ahal izan zituzten. Hala ere, kanpoko potentziek esklabo, urre, boli eta zuren merkatua kontrolatu nahi izan zutenez gero, eskualdeko herriek eraso ugari pairatu zituzten. 1822an, Otomandar Inperioaren barruko Egiptok Sudan iparraldeko Sennarko Sultanerria konkistatu zuen, baina ezin izan zuen beretu Hego Sudan. 1839-1842 bitartean, Salim Qabudan almirantea Gondokororaino iritsi zen, Jubatik gertu.[6][7]

1870eko hamarkadan, Egiptoko kedive Ismail Paxaren agindupean zegoen Samuel Bakerrek Equatoria probintzia eratu zuen. Charles George Gordon izan zen gobernadorea 1874-1878 bitartean, eta Emin Paxa 1878tik aurrera. 1880ko hamarkadan, mahdistek ezin izan zuten Hego Sudan eskuratu.[7] 1898an, Fashodako gatazka gertatu zen Nilo Garaia estatuko Kodok herrian: Frantziak Atlantikotik Djibutirainoko lurrak kontrolpean izan nahi zituen, mendebalde-ekialde ardatzari segituz, eta Erresuma Batuak Lurmutur Hiritik Kairorainokoak, iparralde-hegoalde ardatzari jarraiki. Bi potentzia kolonialen nahikeriek Hego Sudanen egin zuten talka, eta britainiarrak nagusitu ziren, Uganda eta Sudan berenganatu baitzituzten. Gertaera horrek garrantzi handia izan zuen Afrikaren banaketa kolonialean.

1899an, anglo-egiptoar agintekidetza hasi zen Hego eta Ipar Sudanen: Sudan Anglo-egiptoarra. 1901ean nuer eta azandeak britainiarren kontrako borrokan aritu ziren. 1924an Ali Abdel Latif buru zuen altxamendua gertatu zen, arrakastarik gabe. 1947ko Jubako Konferentzian, hegosudandarrek argi adierazi zuten ez zutela onartuko Ipar Sudanekiko inolako asimilazio politikarik. Britainiarrek, ordea, iruzur egin zioten hegosudandarren nahiari. 1955ean Toriteko altxamendua gertatu zen, garai modernoetako hegosudandarren lehen errebolta armatua, Sudango Lehen Gerra Zibilari hasiera eman ziona.[7]

Sudango Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sudango Lehen Gerra Zibila» eta «Sudango Bigarren Gerra Zibila»

Sudan 1956an independizatu zen Erresuma Batutik, Hego Sudan barne zuela. Egonkortasunik gabeko estatua izan zen hasieratik, iparsudandarrek ez baitzuten onartu hegosudandarrek proposatutako federazioa. Bi gerra luze gertatu ziren (zenbait aditurentzat bien arteko 11 urteko epea trantsiziozkoa izan zen eta, beraz, etengabeko gerra bizi izan zuen): 1955tik 1972ra gobernua Anya-Nya talde erreboltariaren kontra aritu zen, Sudango Lehen Gerra Zibilean; 1981ean Anya-Nya II izena eman zitzaion matxinada hasi zen, eta 1983an Sudango Herriaren Askapenerako Mugimendua (Sudan People's Liberation Army/Movement, SPLA/M) sortu zen; ondorioz, bigarren gerra zibila hasi zen.[7]

Iparraldeko boterearen kontrako borrokaz gain, hegosudandarren arteko barne gatazkak ere gertatu zirien hamarkada horietan: 1984an John Garangek SPLAko buruzagitza lortu zuen Anya-Nya II-ko liderren kontra jardun eta gero; Akot Atem eta Gai Tut-en hilketetan nahasia egoteaz akusatu zuten. 1991n, Mengistu Haile Mariam, Etiopiako presidentea eta John Garangen kanpoko laguntzaile nagusia, boteretik eraitsi zuten; horren ondoren, SPLA zatitu zen. Dinka (Garangen etnia) eta nuer herrien arteko ika-mikak izan ziren zatiketaren eragile nagusiak. Riek Machar eta Lam Akolek SPLA-Nasir taldea sortu zuten, baina haien artean ere izan ziren zatiketak; haietako batzuk iparraldeko gobernuarengana hurbildu ziren. 1999an, Wunliten sinatu zen Niloren mendebaldeko ertzeko dinka eta nuerren arteko bake ituna.[7][8] Hamarkada horietan suntsipen eta sufrimendu latza bizi izan uten bertako biztanleek: zenbait iturriren arabera, bi milioi eta erdi hildako eragin zituzten gerrek eta goseteek, eta 4,5 milioi pertsonak utzi behar izan zituzten beren etxeak, bai Hego Sudango beste leku batzuetara, bai atzerrira, joateko.[9]

Hegosudandarrak dantzan 2006an, bake ituna ezagutzera emateko

2005eko urtarrilean, Sudango Herriaren Askapenerako Mugimenduak eta Sudango Errepublikako gobernuak Bake Itun Zehatza (Comprehensive Peace Agreement, CPA) sinatu zuten Naivashan (Kenya). Bake itunari jarraiki, uztailean Batasun Nazionaleko Gobernua (GoNU) eratu zen Sudanen, eta John Garang, matxinoen buruzagi izandakoa, presidenteorde bilakatu zen.[10] Urrian gobernu autonomoa eratu zen Hego Sudanen.[11] Bakea, ordea, oso hauskorra gertatu zen. 2007ko urritik abendura arte, SPLMk alde egin zuen negoziazioetatik eta Batasun Nazionaleko Gobernutik, itunaren edukia betetzen ez zelakoan. Eztabaidak berbideratu eta gero, Hego Sudanek Sudanen barruan segitu nahi zuen ala ez erabakitzeko erreferendum bat egiteko akordioa lortu zen 2011ko urtarrilean. Errolda, emaitza ontzat hartzeko beharrezkoa zatekeen parte-hartzea eta baiezko-ezezkoen ehunekoak eta beste kontu batzuk ezbaian egon ziren ondoren. 2009ko urrian, bozketa ontzat hartzeko partehartzeak %60tik gorakoa izan beharko zela hitzartu zen; kasu horretan, gehiengo soila nahikoa izango zatekeen independentzia onartzeko.[12][13][14]

2010eko apirilean hauteskundeak egin ziren Sudan osoan; hegosudandar batzuentzat parte hartzen zuten lehenbiziko hauteskundeak izan ziren. Akordioen aldekoek irabazi zuten bai iparraldean (Omar al-Bashirek) bai hegoaldean (Salva Kiir presidenteak).[15] 2011ko urtarrilaren 9a eta 15a bitartean egin zuten independentziarako galdeketa, eta herritarren %98,7k baiezkoaren alde bozkatu zuten.[16]

Hego Sudan independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hego Sudango Gerra Zibila»

2011ko uztailaren 9an, Hego Sudan estatu independente bilakatu zen, Hego Sudango Errepublika izenarekin, eta Salva Kiirek hartu zuen presidente kargua. Ekitaldian atzerriko 80 ordezkaritzak eta 30 estatu-buruk parte hartu zuten, tartean Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.[17] Beti ere, artean gatazka batzuk itxi gabe zeuzkaten Sudanek eta Hego Sudanek, Abyei, Hego Kordofan, Nilo Urdina eta Darfur eskualdeetan.[18]

2011ko abuztuan, lou nuer eta murle etnien arteko borrokak lehertu ziren Jonglei estatuan; 600 lagun hil ziren liskarretan.[19] Egoerak okerrera egin zuen urte amaieran, eta 100.000 pertsonak ihes egin zuten, beren etxeak atzean utzirik.[20][11] Horiek horrela, 2012ko urtarrilean gobernuak hondamen eremu izendatu zuen Jonglei estatua, eta Nazio Batuen Erakundeak operazio humanitarioa abiatu zuen, lekualdatuengana iristeko eta hondamendia saihesteko.[21][22]

2012ko martxoan, Sudan eta Hego Sudanen arteko istiluak hasi ziren bi herrialdeen arteko mugartean, bertako eskualde petroliodunak bereganatzeko asmoz. Hego Sudango indarrek Hegligeko petrolio zelaiak hartu zituzten, eta Sudango armadak aire erasoak egin zituen Bentiu inguruan.[23] Erasoak gogortuz joan ziren, eta horrek 145.000 lagun inguru lekuz aldatzera behartu zituen. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 115.000 sudandar Hego Sudanera joan ziren, eta beste 30.000 Etiopiara, erasoetatik ihesi.[24] Abuztuan 200.000 ziren lekualdatuak.[11] Irailean, mugen eta petrolioaren inguruko akordio bat egin zuten bi herrialdeetako gobernuek. Hala ere, bi gai erabakigarri konpondu gabe utzi zituzten: Abiei eta Heglig lurraldeen jabetza eta mugako gune desmilitarizatuen sorrera.[25] 2013ko martxoan, petrolioa berriz ponpatzen hastea erabaki zuten bi gobernuek;[11] izan ere, produkzio handiena Hego Sudanen egon arren, Itsaso Gorrirako oliobidea Sudandik igarotzen da. Alabaina, oliobidea ixteko mehatxua egin zion al-Bashirrek Hego Sudani, iparraldean jarduten zuten matxinoak babesteari utzi ezean.[26]

2013ko abenduan, estatu-kolpe saio bat azpiratu zutela erran zuen Salva Kiir presidenteak. Ordena berrezarri zela esan bazuen ere, borrokak ez ziren amaitu, eta gerra zibila piztu zen. Kiir presidentearen eta Riek Machar presidenteorde ohiaren arteko botere borroka izan zen gatazkaren eragile nagusia. Horrezaz gainera, gatazka etnikoa ere aipatu zen arrazoitzat, Kiir dinka etniakoa baita, eta Machar nuer etniakoa.[27] 2014ko urtarrilean su-etena sinatu zen arren, askotan hautsi zuten hurrengo asteetan. Nazio Batuen Erakundeak salatu zuenez, matxinoek sarraskia eragin zuten apirilaren 15ean eta 16an Bentiu hirira sartu zirenean.[28] Ordurako milioi bat desplazatu zegoen.[11] Ezegonkortasunak uztak jasotzea eta lurrak lantzea eragotzi zuen, eta igo egin ziren elikagaien eta erregaiaren prezioak; horrek eragin txarra izan zuen tokiko merkataritzan, eta biztanleen herenak gosete larria pairatzeko arriskuan ezarri zituen.[29] 2015eko uztailean, zibilak hiltzea, emakumeak bortxatzea eta herrixkak suntsitzea egotzi zien NBEk Hego Sudango armadari eta milizia aliatuei.[30]

2015eko abuztuan, gobernuak eta matxinoek bake akordioa erdietsi zuten; horren ondorioz, Riek Machar oposizioko burua herrialdera itzuli eta presidenteorde karguaz jabetu zen.[31] 2016ko uztailean, ordea, bi aldeen arteko liskarrak piztu ziren berriz ere,[32] eta Salva Kiir presidenteak presidenteorde kargutik kendu zuen Machar.[33] 2018ko abuztuan, beste bake itun bat sinatu zuten gobernuak eta oposizioak; horren ondoren, amnistia eman zien Salva Kiirek gerra zibilaren ondorioz preso zeudenei.[34] 2013-2018 bitartean, 380.000 hildako, 1,8 milioi desplazatu eta 2,5 milioi errefuxiatu eragin zituen gerra zibilak.[35]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko uztailaren 9an lortu zuen independentzia Hego Sudanek. 2005-2011 bitartean, Sudango Errepublikaren barruko eskualde autonomoa izan zen. Egun indarrean dagoen konstituzioa 2011ko uztailaren 7an izenpetu zuten. Konstituzioak sistema presidentzialista ezarri zuen: presidentea da estatuburua, gobernuburua eta indar armatuetako komandante gorena. Nazio Legebiltzarraren esku dago botere legegilea, bi ganberatan antolaturik: Nazio Biltzar Legegilea eta Estatuen Kontseilua. Azkenik, konstituzioak botere judizial independente bat ezartzen du; Auzitegi Gorena da haren organo nagusia.[3]

John Garang SPLA/M taldearen sortzaile eta burua izan zen Hego Sudango eskualde autonomoko lehenbiziko presidentea eta, aldi berean, Sudango presidenteorde izendatu zuten. Kargua hartu eta egun batzuk geroago, Garang Ugandan hil zen helikoptero istripu batean.[36] Salva Kiir Mayarditek ordeztu zuen, eta Riek Machar bilakatu zen presidenteorde. Hego Sudan independente bihurtu zen egunean, errepublikako presidente kargua hartu zuen Kiir Mayarditek.[17]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Hego Sudanen banaketa administratiboa»

2011-2015 bitartean, Hego Sudan estatu federala izan zen, eta hamar estatutan zegoen banaturik:

Hego Sudango antzinako estatuak, eta hiru eskualde historikoak      Bahr el Ghazal      Equatoria      Nilo Garaia
Estatua Ingelesezko izena Hiriburua Eremua
(km²)[37]
Biztanleria
(2008)[37]
Dentsitatea
(bizt/km²)
Ipar Bahr el Ghazal Northern Bahr el Ghazal Aweil +0030.543, +00720.898, +023,6
Mendebaldeko Bahr el Ghazal Western Bahr el Ghazal Wau +0091.076, +00333.431, +003,66
Erdialdeko Equatoria Central Equatoria Juba +0043.033, +01.103.592, +025,64
Mendebaldeko Equatoria Western Equatoria Yambio +0079.343, +00619.029, +007,8
Ekialdeko Equatoria Eastern Equatoria Torit +0073.472, +00906.126, +012,33
Jonglei Jonglei Bor +0122.581, +01.358.602, +011,08
Aintzirak Lakes Rumbek +0043.595, +00695.730, +015,96
Nilo Garaia Upper Nile Malakal +0077.283, +00964.353, +012,48
Unity Unity Bentiu +0037.837, +00585.801, +015,48
Warrap Warrap Kuajok +0045.566, +00972.928, +021,35
Hego Sudan +0644.329, +08.260.490, +012,82

2015eko urrian Salva Kiir presidenteak erabat aldatu zuen antolaketa administratiboa, herrialdea 28 estatutan banatuz. 2017ko urtarrilean, beste 4 estatu sortu zituen. Harrezkero, hauek dira Hego Sudango 32 estatuak.

Hego Sudango 32 estatuak
Nilo Garaia eskualdea Bahr el Ghazal eskualdea Equatoria eskualdea
Jonglei Bor Gogrial Kuacjok Jubek Juba
Fangak Ayod Twic Mayen-Abun Terekeka Terekeka
Bieh Waat Tonj Tonj Yei River Yei
Akobo Akobo Gok Cueibet Tambura Tambura
Maiwut Maiwut Mendebaldeko Aintzirak Rumbek Gbudwe Yambio
Latjor Nasir Ekialdeko Aintzirak Yirol Amadi Mundri
Boma Pibor Ekialdeko Aweil Wanjok Maridi Maridi
Erdialdeko Nilo Garaia Malakal Lol Raja Imatong Torit
Iparraldeko Nilo Garaia Renk Aweil Aweil Kapoeta Kapoeta
Fashoda Kodok Wau Wau
Ruweng Panriang
Hego Liech Leer
Ipar Liech Bentiu

Kulturalki eta politikoki Hego Sudanen zati badira ere, Nuba mendiak, Abyei eskualdea eta Nilo Urdina estatua 2011ko erreferendumetik at geratu ziren. 2005eko bake hitzarmenaren arabera, herri galdeketa bereizietan erabaki beharko lukete beren etorkizuna, baina galdeketak ez dira egin eta Sudanen mende diraute.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016an Hego Sudanek 12.230.730 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %42,3 dira, 15-24 urte bitartekoak %20,9, 25-54 urte bitartekoak %30,4, 55-64 urte bitartekoak %3,8 eta 65 urtetik gorakoak %2,5 (2018ko zenbatespena). Ia 2 milioi hegosudandar errefuxiatu dira inguruko herrialdeetan 2013ko abenduan gerra zibila hasi zenetik. Beste 1,96 milioi desplazatu dira herrialdearen barnean 2017ko abuztutik aurrera. Bestalde, 240.000 sudandar errefuxiatu daude Hego Sudanen.[3] Afrikako auzo herrietan daudenez gain, beste zenbait estatutan hegosudandar jatorriko laguntalde handiak daude, AEB, Australia, Erresuma Batua eta Kanadan bereziki.

2011ko erreferendumaren aurreko errolda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentziaren aurreko garaian, arazo handiak izan ziren lurralde honetako biztanleria zehazteko orduan: zein mugaren arabera egin, interes politikoak erroldak egiteko, biztanleen ohiko mugikortasuna, gerrak sortutako lekualdatze masiboak, barneko zein kanpoko errefuxiatuak... Horregatik, oso kopuru desberdinak eman ziren:

  • 2006an, UNFPA NBEren Populaziorako Funtsak 7.500.000-9.700.000 biztanle zeudela kalkulatu zuen.[38]
  • 2009an, 11 eta 13 milioi arteko kopurua eman zuten; iparraldean 500.000 errefuxiatu hegosudandar zeudela zenbatetsi zen.[39] 2008an, eztabaida garratz baten erdian, 8.260.490 biztanle zeudela adierazi zuen errolda batzordeak; alegia, Sudango biztanleria osoaren %21. Hego Sudango gobernu autonomoaren arabera, berriz, heren bat inguru izan beharko ziratekeen.[40]

Erroldarena oso arazo handia zen, erreferendumaren aurrean biztanleriaren kontaketa funtsezko kontua zelako; 2008ko erroldaren harira, Hego Sudango presidente Salva Kiirrek esan zuen zenbait eskualdetan kopuruak gutxitu eta beste batzuetan handitu egin zirela.[41] Biztanle askok adierazi zuten ezin izan zirela erroldatu, eguraldi txarra edota garraio arazoengatik; beste asko ondoko estatuetan erbesteraturik zeuden eta ez zituzten kontatu; AEBetako teknikari baten arabera, biztanleen %89ra heldu zen errolda.[42]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Sudanen 60 talde etnolinguistiko baino gehiago daude.[43][44] Dinka (biztanleria osoaren %35,8), nuer (%15,6), shilluk, azande, bari, kakwa, kuku, murle, mandari, didinga, ndogo, bviri, lndi, anuak, bongo, lango, dungotona, acholi, baka eta fertit dira talde etnikorik handienak.[3]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ethnologue.com webgunearen arabera, 69 hizkuntza mintzatzen dira herrialdean. Hauek dira hedatuenak:[43]

Ingelesa da Hego Sudango lan hizkuntza ofiziala, eta hezkuntza maila guztietan erabiltzen dena. 2011ko konstituzioaren arabera, “bertako hizkuntza guztiak hizkuntza nazionalak dira eta errespetatu, garatu eta bultzatu behar dira”.[46]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegosudandarren artean musulmanek gutxiengo txikia osatzen dute, Sudanen gehiengo handia diren bitartean. Batez ere tokiko sinesmen tradizionalak segitzen dituzte eta horretaz gain %20 inguru kristaua da, gehienbat katoliko eta anglikanoak baina beste adar batzuk ere presente dira[47].

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoera humanitarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Sudanen munduko osasun baldintzarik txarrenetakoak paoratu izan dituzte[49][50]. Bost urtetik beherako haurren hilkortasun ratioa 1000tik 112koa da eta erditzen ari diren amen ratioa munduko handiena da: 100.000 erditzetik 2.053,9koa[51]. 2004an kirurgia arloan hiru lagun besterik ez ziren ari, ganorazko hiru ospitale hain lurralde zabalean eta eskualde batzuetan 500.000 biztanleko mediku bakarra zegoen.

GIB-HIESaren arloa ez dago bat ere ondo aztertuta baina kutsatzeak % 3,1 direla uste da[52].

2005ean CPA Bake Itun Zehatza sinatu zenean behar humanitarioak izugarriak ziren; NBEren Afera Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoan (Office for the Coordination of Humanitarian Affairs, OCHA) bertakoei helarazteko dirua lortzeko lanari ekin zioten. 2007an OCHAren inplikazioa Hego Sudanen gutxituz joan zen, beharrak ere txikiagoak ziren heinean; hortik aurrera batez ere GKEei eta tokiko elkarteei pasatu zien ardura[53]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolio eta gas blokeak 2004an.

Nilo ibaia eta bere adarrak Hego Sudango elementu ekonomiko nagusia da nekazaritzari dagokionez; herrialdearen ekonomia nekazaritzaren egoeraren menpean dago. Han ekoizten direnen artean kotoia, kakahuetea, basartoa, artatxikia, garia, goma arabikoa, azukre-kanabera, manioka, mangoa, papaia, banana, batata eta sesamoa daude. Abeltzaintzari dagokionez ardiak nabarmentzen dira, beste abere batzuen artean. Zuraren nazioarteko merkatuan ere oso presente dago; Erdialdeko Equatoria eta Mendebaldeko Equatoria estatuak dira inportanteenak sektore honetan. Zuhaitz moten artean teka aipa daiteke.

Energia hidraulikoa nabarmentzen den beste aktibitate ekonomiko bat da eta meatzaritza sektoreko baliabide naturalak ere izugarri inportanteak dira: burdina, kobrea, kromoa, zinka, mika, zilarra, urrea eta guztien artean garrantzitsuena petrolioa.

Petrolioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraingo Sudango petrolioaren % 85a Hego Sudanetik ateratzen da baina aldi berean iparraldeko Port Sudango portutik esportatzen da eta findegiak ere iparraldean daude; Bake Itun Zehatzaren (Comprehensive Peace Agreement, CPA) arabera itunerako adostu den aldian petrolioak emandako etekinak bi aldeen artean banatuko lirateke. Hego Sudango gobernuaren aurrekontuaren % 90a baino gehiago petroliotik dator. Lurralde osoan aurki badaiteke ere, Bentiu aldean (Al-Wahda estatuko hiriburua) kopuru handian ustiatzen da gaur egun eta balizko erreserben artean Jonglei, Warap eta Al-Buhairat estatuak daude.

Azken urteetan kanpoko petrolio-konpainia batzuk hasi dira bertan lanean eta horrek lurraldeak duen balio geopolitikoa handitu du. Sudango gobernuak eremuak zenbait bloketan banatu ditu. 1, 2 eta 4 blokeak Greater Nile Petroleum Operating Company (GNPOC) partzuergoak kontrolatzen ditu; elkarte honetan Txinako Herri Errepublikako China National Petroleum Corporation (CNPC, % 40), Malaysiako Petronas (% 30), Indiako Oil and Natural Gas Corporation (ONGC, % 25) eta Sudango gobernu zentraleko Sudapet (% 5) daude. Ekialdeko Nilo Garaian 3 eta 7 blokeak daude, Petrodar partzuergoaren menpean; bere baitan CNPC (% 41), Petronas (% 40), Sudapet (% 8), Gulf Petroleum (% 5) eta Qatarko Al Thani (% 5) daude. Khartumgo gobernuak «B Blokea» deitzen duen beste bat kontrolatzeko konpainia batzuk ari dira, haien artean Frantziako Total. SPLM/Ak blokeen banaketaz duen jarrerari buruz gauzak ez daude argi; John Garang mugimenduko aurreko presidentea oro har akordioei eustearen aldekoa zen baina bera hil zenean itun batzuk apurtutzat jo zituzten beste buruzagi batzuek. CPA bake-itunaren arabera aurreko urteetan konpainiekin sinatutako itunen baliogarritasunaz eztabaida biziak egon dira eta printzipioz itunak kontratuak mantentzearen aldeko jarrera erakusten zuen.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepideen bidezko garraioak ez ditu herrialde osoko eremuen arteko loturak ziurtatzen eta oraindik asko dago egiteko arlo horretan; bestalde, errepide askoren egoera oso txarra da.

Nilo ibaia aspalditik izan da garraiatzeko funtsezko ardatza; Jubarainoko tartea erabilgarria da. Trenbideei dagokienez iparraldeko Sudanetik Wauraino heltzen dena 2010eko martxoan berzabaldu zen; trenbidea 1960ko hamarkadakoa da eta gerraren ondorioz moztuta egon zen. Hala ere, Hego Sudango hiri askok, Jubak barne, ez dute tren zerbitzurik[54].

Aireko garraioa oso inportantea da herrialde zabal horretan; honako hiri hauek dituzte aireportu eta aerodromoak: Bentiu, Akobo, Aweil, Bor, Ad-Damazin (eztabaidagaia den Nilo Urdina estatuan), Gogrial, Juba, Kago Kaju, Kapoeta, Malakal, Maridi, Nimule, Pachella, Pibor, Raga, Renk, Rumbek, Tong, Torit, Tumbura, Wau, Yambio, Yei eta Yirol[55]. Inportanteena Jubakoa da; 2007an sortutako Feeder Airlines konpainiaren egoitza bertan dago eta Nairobi, Kairo, Entebbe (Uganda), Erroma, Khartum edota Addis Abebarako hegalaldiak proposatzen ditu.

Unibertsitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jai egunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Hego Sudango jai egunik inportanteenak[56]:

Arteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika modernoari dagokionez hip hopa, erritmo arabiarretan oinarria duen sudandar fusioa, reggaea eta beste batzuk daude. Izen aipagarriak: Emmanuel Jal, Mijok Lang, Major Laks, Emmanuel Marko Kembe, Kennedy Lorya...

Arte piktorikoetan margolariak, marrazkilariak... topatzen ditugu. Artista batzuen izenak: Dau Yong Deng, Mareng Chuor Deng, Leek Thon, Pancol Jook, Joseph Garang Deng...[58]

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdeko kirol tradizionaletan borroka mota batzuk daude; uzta garaiaren amaiera ospatzeko praktikatzen ziren eta lehia eta denbora-pasaren artekoak ziren.

Zenbait kirol modernotan ere hegosudandarrak izugarri nabarmendu dira; kasu gehienetan gerratik ihesi kanpoan lortu dute arrakasta eta haietako batzuk bere herriaren aldeko lan militantea ere egin dute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Euskaltzaindia 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak .
  2. a b c World Population Prospects: The 2017 Revision, population.un.org
  3. a b c d   South Sudan The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2019-8-24 .
  4.   Rodriguez, Mikel Libre bai, baina gerra iraganean utzi ezinik Berria egunkaria, 2016ko uztailak 9 , CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-24 .
  5.   The History of South Sudan osargenews.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-25 .
  6. Sudan History Timeline, crawfurd.dk
  7. a b c d e   Chronology of Important Events in South Sudan Nation southsudannation.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-25 .
  8.   Horn of Africa. The Monthly Review: March - April 1999 africa.upenn.edu . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  9.   SARA NSO La crisis de Darfur y el futuro de la seguridad africana UNISCI Discussion Papers, 2004ko urria, ucm.es . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  10.   Hegoaldeko matxinoen buru ohia presidenteorde bilakatu da Berria egunkaria, 2005eko uztailak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  11. a b c d e   South Sudan profile - Timeline BBC News, 2018ko abuztuak 6, bbc.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  12.   Sudan referendum law endorsed in cabinet, 51% ‘Yes’ vote & 60% turnout required Sudan Tribune, 2009ko abenduak 14, sudantribune.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  13.   Terms for Sudan referendum agreed BBC News, 2009ko urriak 16, bbc.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  14.   Henry, Jehanne Sudango erreferendumerako kanpainak askea izan behar du Zu Zeu, 2010eko urriak 8, zuzeu.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  15.   Sokarros, Allande Al Bashirrek aginteari eutsiko dio Sudanen, bozak irabazi ostean Berria egunkaria, 2010eko apirilak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  16.   Hego Sudango independentzia errealitate bat dela adierazi du Al Bashirrek Berria egunkaria, 2011ko urtarrilak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  17. a b   Salva Kiir Mayarditek hartu du Hego Sudango presidente kargua Berria egunkaria, 2011ko uztailak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  18.   Mujika, Amagoia Burujabeen poza eta kezka Berria egunkaria, 2011ko uztailak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  19.   Etnien arteko borrokak izan dira Hego Sudanen Berria egunkaria, 2011ko abuztuak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  20.   Milaka lagun liskarretatik ihesi ari dira Hego Sudanen Berria egunkaria, 2012ko urtarrilak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  21.   Tribuen arteko liskarretatik ihes egin dutenak itzultzen ari dira Hego Sudanen Berria egunkaria, 2012ko urtarrilak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  22.   Hego Sudanek laguntza eskatu dio nazioarteari Berria egunkaria, 2012ko urtarrilak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-28 .
  23.   Sudanen eta Hego Sudanen mugan gogortu egin dira borrokak Berria egunkaria, 2012ko apirilak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-30 .
  24.   Sudanek Hego Sudan bonbardatzen jarraitzen duela salatu du Jubak Berria egunkaria, 2012ko apirilak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-30 .
  25.   Sudan eta Hego Sudanek akordio bat egin dute Berria egunkaria, 2012ko irailak 28, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-30 .
  26.   Itsaso Gorrirako oliobidea ixteko mehatxua egin dio Al-Baxirrek Hego Sudani Berria egunkaria, 2013ko abenduak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-30 .
  27.   Rodriguez, Mikel Gerra zibila hasiko den beldur Berria egunkaria, 2013ko abenduak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-30 .
  28.   Matxinoek «ehunka» zibil hil zituzten Hego Sudanen Berria egunkaria, 2014ko apirilak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-30 .
  29.   Villanueva Etxague, Bidatz Hego Sudan: Botere borrokak gosetearen erdian Berria egunkaria, 2014ko uztailak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-09-02 .
  30.   Barandiaran San Roman, Lukas Emakumeak, soldaduen jostailu Hego Sudanen Berria egunkaria, 2015eko uztailak 1, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-09-02 .
  31.   Hego Sudango oposizioko burua Jubara itzuli da, presidenteorde kargua hartzera Berria egunkaria, 2016ko apirilak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-09-03 .
  32.   Garcia, Adrian Gerra zibilaren mamua astindu dute Hego Sudango borroka gogorrek Berria egunkaria, 2016ko uztailak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-09-03 .
  33.   Hego Sudango matxinoek bake akordioa urratzea leporatu diote presidenteari Berria egunkaria, 2016ko uztailak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-09-03 .
  34.   Larretxea Agirre, Ainhoa Amnistia ezarri die Hego Sudango presidenteak gerra zibilaren ondorioz atxilotutakoei Berria egunkaria, 2018ko abuztuak 9, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2019-09-03 .
  35.   O'Grady, Siobhán A new report estimates that more than 380,000 people have died in South Sudan’s civil war The Washington Post, 2018ko irailak 26, washingtonpost.com . Noiz kontsultatua: 2019-09-03 .
  36.   Sudan's Garang dies in copter crash Al Jazeera, 2005eko abuztuak 1, aljazeera.com . Noiz kontsultatua: 2019-09-11 .
  37. a b   South Sudan citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2019-09-11 .
  38. UNFPA Southern Sudan, sudan.unfpa.org
  39. Sudan census committee say population is at 39 million, Sudan Tribune, 2009ko apirilaren 27a, sudantribune.com
  40. Discontent over Sudan census, news24.com, 2009ko maiatzaren 21a.
  41. South Sudanese officials decry ‘unfortunate’ announcement of census results, The New Sudan Vision, 2009ko maiatzaren 10a, newsudanvision.com
  42. Ethnic Divisions Complicate Sudan's Census, npr.org, 2009ko apirilaren 15a.
  43. a b   South Sudan ethnologue.com . Noiz kontsultatua: 2019-9-15 .
  44.   Distribution of Ethnic Groups in Southern Sudan unsudanig.org, web.archive.org-en gordea . Noiz kontsultatua: 2019-9-15 .
  45. Berezko izena: muonyjang (singularrean), jieng (pluralean).
  46.   The Transitional Constitution of the Republic of South Sudan, 2011 goss-online.org . Noiz kontsultatua: 2019-09-18 .
  47. Christianity in Southern Sudan, Hope for the Future International lanean.
  48.   South Sudan: States, Major Cities & Towns - Population Statistics in Maps and Charts citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2019-09-14 .
  49. Southern Sudan as unique combination of worst diseases in the world, Emma Ross, Sudan Tribune, 2004ko urtarrilaren 28a.
  50. Conference plans rebuilding of South Sudan's health service, Peter Moszynski, BMJ, 2005eko uztailaren 23a.
  51. South Sudan Household Survey, South Sudan Medical Journal, 2007ko abendua.
  52. HIV/AIDS: an update on Epidemiology, Prevention and Treatment, James Hakim, South Sudan Medical Journal, 2009ko abuztua.
  53. SUDAN: Peace bolsters food security in the south, IRIN, 2007ko apirilaren 18a.
  54. Sudan Opens North-South Railway.
  55. Airports in Sudan.
  56. At a Glance atala gobernuaren webgunean.
  57. Gehienbat eragin britainiarra izan duten lekuetan egun horretan ospatzen den festa.
  58. Arteak eta musika Gurtong webgunean.
  59. Brown, Donald H.: A Basketball Handbook, Bloomington, Indiana, 2007; 20.or. ISBN 978-1-4259-6190-9.
  60. North punts on a touch of Majak artikulua AFLren webgunean.

Irakurgaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hego Sudan Aldatu lotura Wikidatan