Heidelbergeko Kristau-ikasbidea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Heidelbergeko Kristau-ikasbidea (1563).

Heidelbergeko Kristau-ikasbidea (latinez: Catechesis Palatina) Eliza Erreformatuetan hedatuen dagoen kristau-ikasbidea da. Berez Palatinatuko Hauteslerriko eskualdeko eliza erreformatuko kristau-ikasbidea zen. Hango eliza eta ikastetxeetan ikasliburu eta irakasliburu izan zen. Idazkia Frederiko III. printze hauteslearen ekimenez sortu zuten. Gehienbat Zacharias Ursinus-ek idatzi zuen, eta Heidelbergen 1563an Catechismus oder christlicher Vnderricht, wie der in Kirchen vnd Schulen der Churfürstlichen Pfaltz getrieben wirdt (euskaraz: «Katixima edo Kristau-ikasbidea, Palatinatuko Hauteslerriko Eliza eta Ikastetxeetako Usadioen arabera») izenburupean argitaratu zen. Kristau-ikasbidea aldi berean elizarako nahi ikastetxerako ikasliburu, kredo, kontsolamendu- eta otoitz-liburu nahi jaierazko literatura ugarirako eredu izan da.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heidelbergeko Kristau-ikasbidea, 129 galde-erantzun jasotzen dituena, funtsean hiru atal nagusitan zatituta dago:

  • Gizakiaren miseriaz (bekatuaren ezagutza)
  • Gizakiaren berrerospenaz (berrerospenaren ezagutza)
    • Jainko Aitaz
    • Jainko Semeaz
    • Jainko Espiritu Santuaz
    • Sakramentu santuez
    • Bataio santuaz
    • Jesu Kristoren afari santuaz

Galde-erantzun guztiak oinarritzeko Bibliako zatiak sartzeak kristau-ikasbidearen ikaslea Idazteunen funtsezko adierazpenetan trebatzeko beharrizana argi eta garbi erakusten du. Haren joera biblikoaz gain, Heidelbergeko Kristau-ikasbideak bere "pizkundeko" estiloa du ezaugarri.[1]

Lehenengo galdera biak sarrerarena egiten dute; lehenengoa Kristau-ikasbidearen laburpen gisa uler daiteke.[2] Martin Luteroren Kristau-ikasbide Txikiaren aldean, Heidelbergekoa ez dago sintetikoki egituratuta, ezpada analitikoki: gainerako guztia hasierako galderatik eratorria da "Zein da zure aringarri bakarra bizitzan eta heriotzan?". Joan Kalbinoren Genevako Kristau-ikasbidea Jainkoa ezagutzetik hasten da, Heidelbergekoan, ostera, salbamenarekiko ziurtasunak ("kontsolamenduren bat") esanahi nagusia dauka. Hori Philipp Melanchthonen teologiaren bereizgarria da, Ursinusen irakasle izan zen.[3] Bigarren galderak Kristau-ikasbide osoaren egitaraua zabaltzen du. Horiek horrela, kristauak hiru gauza "jakin behar ditu": zein handia den gizabanako baten miseria (3 eta 11 galderen artean garatuta), zelan berrerosiko duen hartatik (12-85 galderak) eta zelan eskertu behar dion hori Jainkoari (18-129 galderak).[1]

3-11 galderetan, lehenengo atalak gizakiari Jainkoaren legetiko bekatua ezagutarazten dio (= usus elenchticus legis).

Bigarren atala berrerospena ezagutaraztean datza. 12-18 galderek Heidelbergeko zatirik eztabaidatuenak dira, hemen aurkeztutako pekamenaren jakinbideak eskolastikaren tankera hartzeagatik, bereziki Antselmo Canterburykoarena.[1] Orain Apostoluen Kredoa jorratzen da. Era berean, interesgarria da 59-64 galderetan zelan aurkezten den Apostolicumaren hirugarren atalean (Jainko Espiritu Santuaz) zuzenespenaren jakinbidea. Kristau-ikasbidea (umeen) bataiorantz aurrera egiten du, 74. galderan bidezkotzen dena itunaren teologiaren bidez. Jarraian, Jaunaren Afariaren gaia lantzen da, 78. galderan berariaz ukatzen baitira: "Bihurtu al dira ogia eta ardoa Kristoren gorputz eta odol?". 80. galderak, geroago, Trentoren osteko katolizismoaren eta beraren "aita santuaren mezaren" mugaketa eztabaidatsua adierazten du: "Eta meza, funtsean, Jesu Kristoren opari eta oinazearen ukamena eta kondenatutako jainkoaizunkeria baino ez da" (1977an Federakunde Erreformatuak 80. galderari buruzko adierazpen bat igorri zuen[4]).

Azkenean, hirugarren atalean, "jendeari eskatu eta gogora ekarri beharko litzaioke esker onez bizitzea pentsamenduz, hitzez eta egintzez eurak miseriatik berrerosteagatik" (Paul Kluge: [5]). Horrez gain, atal horretan Hamar Aginduak eta Gure Aita adierazten dira.

Aipatzekoa da gurtzapenezko (adib. otoitza) zein etikazko ("egintza onak") lorpen guztiak hirugarren atalean sailkatzen direla. Horrek argiro ezartzen du, ikuskera erreformatuaren arabera, "egintza onak" ez direla Jainkoaren aurrean egiaztatzeko, ezpada Jainkoaren baldintzarik gabeko graziari berezko eta esker oneko erantzuna dira, gizakiei Kristoren bidez ematen zaiena.

Urratsez urrats, Heidelbergeko Kristau-ikasbidearen hiru atalek erakusten dute bekatua ezagutzetik berrerospena ezagutzearen bitartez miseriatik berrerosteagatik esker oneko fedeari dagokion bizitzarainoko bidea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Alemanez) Wulf Metz. Theologische Realenzyklopädie (TRE). 14 Berlin/New York: de Gruyter, 582-586 or. ISBN 3110085836..
  2. (Alemanez) Paul Kluge. «Der Heidelberger Katechismus II» www.reformiert-info.de 2011ko urtarrilak 9 (Noiz kontsultatua: 2021-09-30).
  3. (Alemanez) Erdmann Sturm. (2000). Religion in Geschichte und Gegenwart (RGG). 3 (4. argitaraldia) Tübingen: Mohr-Siebeck.
  4. (Alemanez) Plasger, Georg; Freudenberg, Matthias. (2005). Reformierte Bekenntnisschriften: eine Auswahl von den Anfängen bis zur Gegenwart. Vandenhoeck & Ruprecht ISBN 978-3-525-56702-9. (Noiz kontsultatua: 2021-09-30).
  5. (Alemanez) Paul Kluge. «Der Heidelberger Katechismus I» www.reformiert-info.de 2011ko urtarrilak 9 (Noiz kontsultatua: 2021-09-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]