Heliogabalo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Heliogabalo
Bust of Elagabalus - Palazzo Nuovo - Musei Capitolini - Rome 2016 (2).jpg
Erromatar enperadorea

0218-06-08 - 0222-03-11
Makrino - Alexandro Severo
Antzinako Erromako senataria

Bizitza
Jaiotza Erromac.203
Herrialdea Antzinako Erroma
Heriotza Erroma222ko martxoaren 11
Hobiratze lekua Tiber
Heriotza modua gizahilketa
Familia
Aita Sextus Varius Marcellus
Ama Julia Soemias
Ezkontidea(k) Annia Faustina Itzuli
Julia Cornelia Paula Itzuli
Aquilia Severa Itzuli
Bikotea(k) Hierocles Itzuli
Seme-alabak
Familia
Leinua Severar leinu
Hezkuntza
Hizkuntzak latina
Jarduerak
Jarduerak politikaria

Heliogabalo edo Elagabalo[1] (latinez: Varius Avitus Bassianus Marcus Aurelius Antoninus Heliogabalus; c.203 - 222ko martxoaren 11) erromatar enperadorea izan zen 218tik hil zen arte. Enperadore polemikoenetako bat izan zen, Erromako erlijio tradizionalaren arbuio eta joera sexualarengatik. Oso gazte zela Elagabalus jainkoaren apaiz izan zen bere amaren familiaren herrian, Emesa. Bere benetako izena Sexto Bario Abito Basiano izan liteke[2]. Enperadore gisa Marko Aurelio Antonio Augusto izena hartu zuen. Hil ostean deitu zuten Heliogabalo[3].

217an Karakala enperadorea erail zuten eta bere pretoriar prefektuak hartu zuen boterea, Marko Opelio Makrino. Karakalaren amona zen Julia Mesak matxinada arrakastatsua sortu zuen Legio III Gallica artean bere biloba zaharrena eta Karakalaren lehengusua zen Heliogabalo enperadore izendatzeko Makrinoren ordez. Makrino 2018ko ekainaren 8an garaitua izan zen Antiokiako guduan. Heliogabalok 14 urte bete berriak zituen enperadore izendatu zutenean, eta bere agintaldia sexu-eskandalu eta erlijio gatazkek markatu zuten.

Historialariek diote Heliogabalok Antzinako Erromako erlijio, ohitura eta sexu tabuen inguruko kezka izpirik ere ez zuela erakutsi. Jupiter jainko berri batekin ordezkatu zuen, Sol Invictus (Eguzki Garaiezina) edo El-Gabal izenekoa. Erromako gobernariak jainko horretako errituetan parte hartzera behartu zituen. Heliogabaloren emazteetako bat Vestaren birijina zen, eta gizonekiko harreman sexualak denbora-pasa baino zertxobait garrantzitsuagoa ziren, Heliogabalok adierazi zuen moduan[4][5], eta bere burua jauregi inperialean prostituitzen zuela esan da. Bere jarduerak Goardia Pretoriarra, Senatua eta herritar xeheak aztoratu zituen. Oposizio geroz eta handiagoarekin, 18 urte zituela erail zuten eta bere lehengusu Alexandro Severo ezarri zuten enperadore 222ko martxoaren 11n. Alexandrok beste 13 urtez aginduko zuen, hau ere erail zuten arte, III. mendeko krisialdia piztuz. Heliogabaloren aurkako erailketa plana bere amonak agindu zuen, Julia Mesa, eta Pretoriar Guardiako hainbat kide haserretuk egin zuten.

Garaikideen ikuspegitik, Heliogabalo enperadore bitxia, dekadentea eta zelotea zen. Historialari kristauek ere irudi hori areagotu zuten. Dena den, XIX. mendeko dekadentziazaleek heroitzat jo zuten Heliogabalo, eta mitoak mendeak iraun ditu, adibidez gaztelaniazko heliogábalo hitzean.

Familia eta apaiz zerbitzua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

203 inguruan jaio zen Heliogabalo[6]. Bere gurasoak Sexto Vario Martzelo eta Julia Soemias Bassiana ziren. Bere aita, hasiera batean, Ekites klasekoa zen, baina gero senatari maila eskuratu zuen. Bere amona Julia Mesa zen, Julio Avitoren alarguna eta Julia Domnaren ahizpa, Septimio Severo enperadorearen koinatua[7]. Beste anai bat izan zuen gutxienez, izena ezagutzen ez dugun anaia nagusi bat[8]. Bere ama, Julia Soemias, Karakala enperadorearen lehengusina zen. Bere familian Julia Avita Mamea eta Marko Julio Gessio Marziano osaba-izebak ere baziren, Alexandro Severoren gurasoak. Familiak El-Gabal eguzki-jainkoaren apaiz izateko eskubidea zuen eta Heliogabalo apaiz izendatu zuten Emesan (gaur egungo Homs), Sirian[6].

Elagabalus jainkoa Emesan gurtzen zen hasiera batean. Forma hau siriar jainkoaren izenaren bertsio latinizatua da. Jatorrizkoa Ilāh hag-Gabal da, Ilāh ("jainko" esateko hitz semitiko bat) eta gabal ("mendi" hitza arabieraz), hau da, "Mendiko Jainkoa". Emesan izen hori ematen zioten jainkoaren manifestazioari[9].

II. mendean bere gurtza Erromako Inperioan zehar hedatu zen; Woerden (Herbehereak) bezalako leku urrunetan ere aurkitu dira bere omenezko tenpluak[10]. Jainkoa, beranduago, Erromako Eguzki jainkoarekin batu zen, Sol Indiges izenarekin errepublika garaian eta Sol Invictus izenarekin III. mendean[11]. Grezieraz jainkoaren izena Helios zenez, "Heliogabalus" izena bi hitzen nahasketa hibrido bat zen[12].

Boterera iristea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legio III Gallica legioaren omenezko txanpona, zeinek Heliogabalo boterera eraman zuen.

Makrino enperadore bilakatu zenean, Karakalaren familia erbesteratu zuen. Heliogabalo gaztea, ama, izeba eta amona Siriara joan ziren. Hortik, enperadorearen kontrako konspirazioa antolatzeari ekin zioten, bere lekuan hamalau urteko Heliogabalo jartzeko.

Julia Mesak, Karakalaren izebak, Legio III Gallica-ren borondatea erosi zuen. Legio honek, orduan, Heliogabalo aldarrikatu zuen enperadore.

Makrinok Heliogabalo salatu zuen Senatuaren aurrean. Kontsulek eta goi-mailako gobernariek Heliogabalo eta Julia Mesari gerra adierazi zieten. Makrinok, halere, porrota jaso zuen bi armaden arteko borrokaren ostean, haren legio batek desertatu zuelako. Makrinok, mozorroturik, ihes egin ahal izan zuen, baina Erromarako bidean, atzeman eta hil zuten.

Heliogabalok tituluak hartu zituen Senatuaren baiezkoa jaso gabe. Honela II. mendeko jokabide tradizionala apurtu zuen. Edonola ere, senatariei bizitza barkatu zien. Baldintza horretan Heliogabalo onartu zuten eta Karakala zein Julia Domna jainko izendatu zituzten.

Enperadore (218-222)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heliogabalok egindako txanpona.

Heliogabalok aginteko lehen hilabeteak Nikomedia hirian eman zituen. Hor, bere erlijioa zela eta, lehen arazoak sortu ziren erromatar hiritarren artean. Enperadorea ekialdeko apaiza zela ohitzeko, Julia Mesak Heliogabalo apaizaren arropetan agertzen zen oihal bat bidali zuen Senatu Etxean jar zedin.

Asia Minor probintzian sortutako matxinadak bertan behera utzi behar izan zituen. Heliogabalo Erromara 219ko bukaeran iritsi zen. Komazon eta Julia Mesaren beste aliatuei goi mailako karguak eman zizkien, senatarien eskandalurako, zeren haien jokabide zela eta ez zituzten egokitzat hartzen. Heliogabaloren maitaleek ere ohoreak jaso zituzten.

Julia Mesa eta Julia Soemiasekiko harreman estua zen hasiera batean. Emakume horiek, enperadorearen amona eta ama hurrenez hurren, Senatuan sartzen lehen emakumeak izan ziren. Heliogabaloren gaineko influentzia indartzen saiatu arren, enperadoreak gero eta independenteago jokatzen zuen. Berehala kontrolaezina bihurtu zen.

Erlijioaren inguruko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Gabal jainkoaren omenezko tenplua.

Septimio Severoren garaietatik, eguzkiaren gurtza Inperioan zehar hedatu zen. Heliogabalok gurtza horretan oinarritu zuen El-Gabal jainkoaren jaurespena, Deus Sol Invictus (Eguzki Garaiezina Jainkoa) berrizendatu baitzuen. Jupiterren gainean kokatuta, Astarte, Minerva, Urania edo hiruren arteko nahasmena eman zion emazte.

Eskandalua areagotu zen Vestaren birjina batekin, Aquilia Severa izenekoarekin, ezkondu zenean. Heliogabalok aldarrikatu zuen euren seme-alabak jainko gisa izanen zituztela. El-Gabalen omenezko tenplua Palatino Muinoan eraiki zuen. Senatarien aurrean, Heliogabalok tenplu horretan dantzatzen zuen udako solstizioan. Ospakizun handia bihurtu zen janari-banaketa erraldoiei esker.

Sexuaren inguruko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heliogabaloren sexu-joerari buruzko eztabaida gatazkatsua da, batez ere iturri gehienak ez direlako fidagarri edo salaketa egiten dutenak direlako. Heliogabalo bost aldiz ezkondu eta bereizi zen[13], eta hiru emakumeren izenak ezagutzen ditugu. Bere lehenengo emaztea Julia Kornelia Paula izan zen[14]; bigarrena Julia Akilia Sebera Vestaren birjina[14][15].

Urte baten buruan Julia Akilia Sebera utzi eta Ania Aurelia Faustinarekin ezkondu zen[14], Marko Aurelioren ondorengo bat eta berriki exekutatu zuen gizon baten alarguna. Urtea amaitu aurretik, hala ere, bere bigarren emazte Seberarengana itzuli zen[13]. Kasio Dioren arabera bere harremanik egonkorrena bere koadrigako gidariarekin izan zen, Hierokles izeneko Kariako esklabu ile-hori bat; Heliogabalok bere senarra zela esaten zuen[16].

Augustoren Historiak dio Zotiko izeneko gizon batekin ere ezkondu zela, Esmirnako atleta bat, eta ezkontza zeremonia publiko batean egin zela, Erroman bertan[17]. Kasio Diok zioen Heliogabalok bere begiak margotzen zuela, gorputzeko biloa depilatzen zuela eta ile-ordeak erabiltzen zuela taberna, burdel eta baita jauregi inperialean prostituitzeko[18].

« Azkenik, bere indezentziak egiteko gela bat jarri zuen jauregian, eta atean egoten zen beti biluzik, urdangek egiten duten bezala, urrezko eraztunetatik eskegita zegoen kortina astinduz, bertatik igarotzen zirenak ahots bigun eta gozoarekin deitzen zituen bitartean. Bazeuden, noski, euren papera egiteko bereziki trebatuak ziren gizonak. Horretarako, beste gauza askotan gertatzen den bezala, negozio bat zuen, eta agente ugari zituen bila berari eroaldiari plazera emango zioten onenak. Bere patroien dirua biltzen zuen eta zituen irabaziei buruz harroputz jarduten zen; bere okupazio lotsagarri horren inguruan eztabaidatzen zuen bere bazkiedekin, eurek baino maitale gehiago zituela adieraziz eta diru gehiago biltzen zuela horrela.[19] »

Herodianok zioen Elagabalok bere edertasun naturala handitzeko kosmetikoak erabiltzen zituela erregularki[14]. "Hieroklesen emazte, maitale edo erregina deitzen bazuten gozatzen" zuela esaten zen, eta medikuei dirutza eskaini omen ziela emakumeen genitalak jarri ahal bazizkioten[20]. Heliogabalo, gaur egungo idazleen ikuspegitik, transgenero edo transexuala izan zen[21][22].

Boteretik at[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heliogabaloren bitxikeriek, batez ere besteek haren erlijioan parte hartzera behartzeak, eragin txarra izan zuten Julia Mesa haren amonarengan, zeinek erabaki zuen Heliogabalo eta Julia Soemias boteretik kendu behar zirela.

Julia Avita Mamearen semea, Severo Alexandro, (hau da, Julia Mesaren beste iloba bat), hautatu zuen ordekatzeko. Julia Mesa eta Julia Avita Mamearen presioagatik, Heliogabalok Severo Alexandro ondorengo izendatu zuen.

Hala ere, Heliogabalok iritziz aldatu zuen geroago, eta Severo Alexandro hiltzeko agindu zuen. Orduan, Pretoriar Goardiak, Julia Mesak eta Julia Mameak erosita, Heliogabalo eta Julia Soemias hil zituen 222ko martxoaren 11n. Gorpuak Erromako kaleetan zehar arrastatu ziren, eta, azkenean, Tiber ibaiara bota zituzten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   76 Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia Euskaltzaindia http://www.euskaltzaindia.eus/dok/arauak/Araua_0076.pdf .
  2.   1946-, Arrizabalaga y Prado, Leonardo de, (2010) The Emperor Elagabalus : fact or fiction? Cambridge University Press ISBN 9780521895552 PMC 432978486 https://www.worldcat.org/oclc/432978486 .
  3.   [http://www.tertullian.org/fathers/chronography_of_354_16_chronicle_of_the_city_of_rome.htm «The Chronography of 354 AD. Part 16: Chronicle of the City of Rome.  MGH Chronica Minora I (1892), pp. 143-148.»] www.tertullian.org http://www.tertullian.org/fathers/chronography_of_354_16_chronicle_of_the_city_of_rome.htm. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  4.   Warwick., Ball, (2000) Rome in the East : the transformation of an empire Routledge ISBN 0415243572 PMC 40901158 https://www.worldcat.org/oclc/40901158 .
  5.   Jat55 (2011-09-15) «Friends of Classics Reviews: THE CRIMES OF ELAGABALUS by Martjin Icks» Friends of Classics Reviews http://focreviews.blogspot.com/2011/09/crimes-of-elagabalus-by-martjin-icks.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  6. a b (Ingelesez)  «Herodian 5.3 - Livius» www.livius.org http://www.livius.org/he-hg/herodian/hre503.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  7. (Ingelesez)  «Cassius Dio — Epitome of Book 79» penelope.uchicago.edu http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Cassius_Dio/79*.html#78-30. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  8. (Ingelesez)  «Sextus Varius Marcellus - Livius» www.livius.org http://www.livius.org/va-vh/varius/varius_marcellus.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  9. (Ingelesez)  «Vol. 3, 1881 of Revue de l'histoire des religions on JSTOR» www.jstor.org https://www.jstor.org/stable/i23656639. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  10. (Ingelesez)  «The Woerden Elagabal Inscription - Livius» www.livius.org http://www.livius.org/ga-gh/germania/woerden-elagabal.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  11.   [http://www.ethesis.net/invictus/invictus_inhoud.htm «De Cultus van Sol Invictus. Een vergelijkende studie tussen keizer Elagabal(218-222) en keizer Aurelianus (270-275). (Pieter Devlaminck)»] www.ethesis.net http://www.ethesis.net/invictus/invictus_inhoud.htm. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  12.   Martijn., Icks, ([2008]) Images of Elagabalus [Radboud Universiteit] ISBN 9789090236797 PMC 271075477 https://www.worldcat.org/oclc/271075477 .
  13. a b (Ingelesez)  «Cassius Dio — Epitome of Book 80» penelope.uchicago.edu http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Cassius_Dio/80*.html#79-9. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  14. a b c d (Ingelesez)  «Herodian 5.6 - Livius» www.livius.org http://www.livius.org/he-hg/herodian/hre506.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  15.   1914-2004., Grant, Michael, (1996) The Severans : the changed Roman Empire Routledge ISBN 0415127726 PMC 33358786 https://www.worldcat.org/oclc/33358786 .
  16. (Ingelesez)  «Cassius Dio — Epitome of Book 80» penelope.uchicago.edu http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Cassius_Dio/80*.html#79-15. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  17. (Ingelesez)  «Historia Augusta • Life of Elagabalus (Part 1 of 2)» penelope.uchicago.edu http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Historia_Augusta/Elagabalus/1*.html#10. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  18. (Ingelesez)  «Cassius Dio — Epitome of Book 80» penelope.uchicago.edu http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Cassius_Dio/80*.html#79-14. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  19. (Ingelesez)  «Cassius Dio — Epitome of Book 80» penelope.uchicago.edu http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Cassius_Dio/80*.html#79-13. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  20. (Ingelesez)  «Cassius Dio — Epitome of Book 80» penelope.uchicago.edu http://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/Cassius_Dio/80*.html#79-16. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  21.   H. Benjamin - The Transsexual phenomenon - Appendix C Transsexualism: Mythological, Historical, and Cross-Cultiral Aspects 2007-07-17 https://web.archive.org/web/20070717204538/http://www.symposion.com/ijt/benjamin/appendix_c.htm. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .
  22. (Ingelesez)  American Academy in Rome (2002) Memoirs of the American Academy in Rome. Published for the American Academy in Rome by the University of Michigan Press ISBN 23291168 http://www.jstor.org/journals/19400977.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-11 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heliogabalo Aldatu lotura Wikidatan