Henri Becquerel
Antoine Henri Becquerel (Paris, 1852ko abenduaren 15a – Le Croisic, 1908ko abuztuaren 25a) frantses fisikari bat izan zen, erradioaktibitatea aurkitzeagatik ezaguna. Horregatik, 1903an Fisikako Nobel Saria eskuratu zuen Marie Curie eta Pierre Curierekin batera.[1][2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fisikari nabarmenen familia batean jaio zen Parisen, 1852ko abenduaren 15ean. Bere aitona Antoine César Becquerel zen, eta aita Alexandre-Edmon.[1] Bere semea, Jean, fisikaria izan zen ere.
Becquerelek Parisko Eskola Politeknikoan ingeniaritza ikasi zuen 1872 eta 1874 bitartean, eta Zubi eta Errepideen Eskola Nazionalean 1874 eta 1877 bitartean. 1888an doktoratu zen argiaren xurgapenaren ikerketaren inguruan zetzan tesiarekin (frantsesez: Recherches Sur L'absorption De La Lumière).
Hainbat ikerketa egin ondoren, X izpiek fluoreszentziak sortzen dituztela frogatu zuen. Halaber, garrantzi handiko ikerketak egin zituen polarizazioari, magnetismoari eta fosforeszentziari buruz.[3]
1903an Fisikako Nobel Saria eskuratu zuen Marie Curie eta Pierre Curie fisikariekin batera erradioaktibitatea aurkitzeko egin zuten lana goraipatuz.[1][2]
1908ko abuztuaren 25ean hil zen Le Croisicen, 55 urte zituela.[1]
Oroitzapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zientzia-komunitateak Becquerel omendu nahi izan du hainbat objekturi bere izena emanez fisikari egindako ekarpenen esker onez. 1975ean Nazioarteko Unitate Sistemak becquerel izena aukeratu zuen erradioaktibitatea neurtzeko unitatea izendatzeko, bere omenez.[1][4] Horrez gain, Ilargiko eta Marteko krater banari bere izena eman zieten: Becquerel (Ilargiko kraterra) eta Becquerel (Marteko kraterra). Era berean, becquerelita uraniodun mineralak bere abizena darama izenean. Azkenik, 6914 Becquerel planeta txikiari bere izena jarri zioten.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 5 Azkune Mendia, Iñaki. (1993-04-01). «Antoine Henri Becquerel» Elhuyar 70 (kontsulta data: 2026-03-04).
- 1 2 Razkin, Uxue. (2019-07-19). «Marie Curie (1867-1934): Mitoaren azpian dagoen zientzialaria» Zientzia Kaiera (kontsulta data: 2026-03-04).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Fisikako Oinarrizko Lexikoa. Gasteiz: Euskaltzaindia 2013-06-28 (kontsulta data: 2026-03-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Artikulu hau Frantziako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |