Henrik Kellgren

Wikipedia, Entziklopedia askea
Henrik Kellgren

Bizitza
JaiotzaAlingsås (en) Itzuli1837ko azaroaren 24a
Herrialdea Suedia
HeriotzaLjungarum (en) Itzuli1916ko ekainaren 1a (78 urte)
Familia
Seme-alabak
Jarduerak
Jarduerakphysical education teacher (en) Itzuli eta fisioterapeuta
Graduaarmy officer (en) Itzuli

Jonas Henrik Kellgren (Alingsås , 1837ko azaroaren 24 - Jönköping 1916), Suediako fisioterapeuta eta enpresari ospetsua izan zen. Bere ikasleen laguntzarekin osasun-etxeak sortu zituen Berlinen, Frankfurten, Lyonen, Vienan, Dresdenen, Ottawanen eta New Yorken .

Hastapenak Suedian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurasoak Jonas Henrik Kellgren kapitaina eta Beata Carolina Sjöberg zituen. Aitaren aldetik, Johan Henric Kellgrenen iloba zen (suedierazko lehen idazle esanguratsutzat hartzen dena).

1855ean Lunden graduatu ondoren, Kellgren Suediako Armadan sartu zen eta Västgöta-Dals erregimentuko destinuan zerbitzatu zuen, non hiru urtera lotinant gradura iritsiko zen. Beste militar askok bezala, izena eman zuen Stockholmeko Kungliga Gymnastiska Central Institutet (GCI) ikastetxean (Gimnastikako Errege Institutu Zentrala). Ikastetxe hau, 40 urte lehenago sortu zuen Pehr Henrik Lingek, eta 1862a arte haren oinordeko Lars Gabriel Branting irakasleak zuzendu zuen,[1] fisioterapiaren praktika bide zientifikoagoetatik eramanez; Kellgren 1963an sartu zenean, zuzendaria G. Nyblæus zen; ikasketak 1865 arte egin zituen eta gero Linköpingen eta Eksjön gimnasia irakasle bezala jardun zuen.[2] Baina emaztea eta semea hil zitzaizkion, eta arazo ekonomikoak izan zituen; horren eraginez, 1869an Suediatik atera zen. Bere asmoa Aljeriara joatea eta Frantziako Atzerritar Legioan sartzea bazen ere, azkenean Alemanian gelditu zen.[3]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arvid Ludvig izeneko anai gazteago bat izan zuen (1856-1944), bera bezala fisioterapeuta izango zena. Londreseko suediarren artean oso ezaguna bihurtu zen, eta bere "gimnasia institutu" propioa zuzendu zuen 1887-1917 artean. Sorterriarekin harreman estua mantendu zuen, bertako hainbat gizarte ekimen eta kirol talde sustengatuz.[3]

Jonas Henrik Kellgren bi bider ezkondu zen: lehenik 1866an Fredrika Eleonora Ulrika Ulfsparrerekin, antzinako jauntxo familia batekoa, erditzean haurrarekin batera hil zena. Eta 1872an, San Petersburgoko Anna de Yakowleff-ekin. 9 seme-alaba izan zituzten: Jonas Henrik "Harry", Ernst Gregor, Vera Ferdinande Carolina "Karen", Signe, Helga Helena, Hedvik Christina, Margarethe, Elsa Elfrida eta Anjuta.

Harry Kellgren semeak (Gotha 1876 - Londres 1919)[4] medikuntza ikasketak egin zituen. Londresen anai batekin klinika bat izan zuen, Eaton Squaren; 1918ko gripe pandemian hil zen.[5] Bere seme Jonas Henrik "Yonky" ere (Hindhead 1911-2002) medikua izan zen,[6] Erresuma Batuko lehen erreumatologia irakaslea (Manchesterko Unibertsitatea, 1953-1976) eta minaren fisiologiaren ikerketan nabarmendu zen.[5]

Anjuta Kellgren alaba ere fisioterapeuta izan zen, GCIan formatutakoa; hango ikaskide eta mediku ingeles batekin ezkondu zen, Edgar F. Cyriax;[7] bikoteak James izeneko semea izan zuen, gero mediku ospetsu bihurtuko zena.[8]

Alemania eta metodoaren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suediatik atera zenean, Jonas Henrik Kellgren lotinanta -gradu horrekin aurkezten omen zen- lehenik Bremenen kokatu zen. Han Siegfried Ulrich (1826-1886)[1] suediarrak zuen zentruan lan egin zuen, eta 1870ean, bere kontsulta propioa jarri zuen Gothan. Han aritu zen 5 urteetan bere metodoaren oinarriak ezarri zituen.[3] Garai honetan, E. W. Wretlind inspektorearen bisita jaso zuen; Suediako gobernuak bidalitako misioan zen, suediarrek Alemanian eta Danimarkan zuten fisioterapia zentruak ikuskatzen; Kellgrenen zentrua ikuskatu zuenean, informe positiboa eman zuen.[3]

GCI-an ikasitako fisioterapia teknikekin batera, Kellgrenek berak asmatutakoak ere aplikatu zituen,[1] emaitza onak lortuz: biriketako, sabeleko, bizkarrezurreko eta ornomuineko arazoak tratatu zituen. 1874an, Gothako kontsulta Gustaf A. Unman (1840-1917)[1] errusiarrari saldu zion, eta Londresera joan zen.[3]

Londres eta hedapen internazionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Londresen egin zituen 30 urteak bere bizitzako arrakastatsuenak izan ziren. "Gimnasia suediarra" Erresuma Batuan lehendik ezagutzen zen (Carl Augustus Georgii, Johan. G. Indebetou, Carl Christian Ehrenhoff,[1] A. Broman, M. Bergman-Österberg... ikaskideek kontsultak izan zituzten), baina inork ez zuen Kellgrenek lortutako sona erdietsi. Kellgrenism izena erabiltzen hasi zen, eta pazienteak masiboki etorri zitzaizkion, asko klase altukoak; diru asko irabazi zuen, eta horrek ongintza ekimenak ere bultzatzeko aukera eman zion.

Gainera, 1877-83 urteen artean, udak Ipar Itsasoko Norderney uhartean (Prusia) igaro zituen, itsas bainuetan lanean; 1883an fisioterapia zentru berria jarri zuen Baden-Badenen eta 1884an beste bat Parisen; gero eskuz aldatu zituenak. Hirugarren zentru bat ere ezarri zuen 1886an: Stora Sanna basetxean (Jönköping eta Huskvarna artean), Vättern lakuaren ondoan. Bertan egonkortu zen, eta paziente ospetsuak izan zituen, besteak beste Mark Twain (1899ko udan Kellgrenen osasun etxean hiru hilabete pasatu zituen, familiarekin etorria Jean alabaren epilepsia tratatzeko).

Bistan denez, Kellgrenen negozioak dimentsio handia hartu zuen eta bere zentruetan osasun zientzia askotako (mediku, erizain, fisioterapeuta, laguntzaile...) zein bestelako langile asko izan zituen.[1] Bera hil ostean eginiko diru bilketa batekin, 1919an Londresen bere izeneko ospitalea ireki zen, batez ere jende behartsuaren ariketa terapeutikoari zuzendua.[3]

Kellgrenen metodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kellgrenen arrakastaren zati handia bere karisman eta intuizioan oinarritua zegoen; alde zientifikootik ahulagoa zen. Honek, batzuetan, oinarri handirik gabeko teoriak jaulkitzera eraman zuen, adibidez gaixotasun guztiek gorputzean gasak sortzen zituztela, eta gas hauek fisioterapeutak emaniko masajeen bidez kanporatu behar zirela.[1]

Artean uste zenarekin bat, Kellgrenen arabera fisioterapia egoki batekin "ia gaixotasun guztiak sendatu edo hobetu zitezkeen", infekzioak, minbizia edo begi-lausoak barne; horregatik bere metodoaren jarraitzaileek ez zuten beste osasun zientziekin asko kolaboratzen. Kellgrenek GCI-an ikasitako Brantingen ereduarekin geratu zen, eta ez zituen kontuan hartu gerora Suedian A. Wide-k eta beste batzuk eginiko aurrerapenak.[3]

Bere metodoan, fisioterapeutak eskua modu arin eta elastikoan ezartzen zuen (beste terapeuta batzuek erabiltzen zuten masaje teknika gogorrekin kontrastean). Bibragailuak bezalako laguntza mekanikoak ekiditen ziren, haiekin "pazientearen organismo bigunean bizitasun aktiborik" sortu ezin zela argudiatuz. Terapeutaren mugimendu, energia eta indarrari garrantzi handia ematen zitzaion, eta mugimendu horiek dardaren bidez transmititzen ziren. Bertebren manipulazioak ere erabiltzen zituen.[1]

Halere, Kellgrenen bereizgarri nagusia nerbioen tratamendua izan zen: haien gainean manipulazio ezberdinak egiten zituen, gogortasun eta abiadura gradu ezberdinetan. Ahalegin berezia ezartzen zuen nerbio bide guztiak tratatzeari: haiek gorputzeko funtzio guztiak kontrolatzen zituzten neurrian, haiek tratatuz funtzio guzti horiek hobetzea bilatzen zen.

Kellgrenen lan egiteko modua oso ospetsu bazen ere, propaganda testuren bat kenduta[9] ez zuen bere metodoari buruzko argitalpen zehatzagorik egin. Kellgren metodoari buruz idatzi zuten bakarrak hiru mediku izan ziren: E. W. Wretlind (lehen aipatu dugun txostena, Suediako gobernuarentzat eginikoa);[3] Arvid Ludvig anaia (The technic of Ling's system of manual treatment as applicable to surgery and medicine, 1890; Absorption of ex-udations under the influence of massage, 1897) eta Edgar F. Cyriax suhia (The elements of Kellgren's manual treatment, 1903). Argitalpen apologetikoak izan ziren, kellgrenismoari nolabaiteko babes zientifikoa eman nahian idatzitakoak. Izan ere, kritikak kritika, Kelgren osagile ofizialen kolektiboaren kidea zen neurrian, haren babes korporatiboa mantendu zuen.[1]

Halere, Suediako komunitate zientifikoak gogor kritikatu zituen bai Kellgrenen prozedurak,[10] bai bere lagunen apologiak -Edgar Cyriaxena bereziki-. Kellgrenismoaren emaitza onak ez ziren esanguratsutzat jo; eta nerbioen tratamendu espezifikoaz gain, metodoak ezer berririk ekartzen ez zuela argudiatu zen. Batetik horrek, eta bestetik osagileen artean izan ziren zenbait interes-mugimenduk (ikus beherago) Kellgrenen metodoa ahanzturara eraman zuten; ez ordea berak eta bere ondorengoek sorturiko enpresa-ekimenak, sozialki arrakastatsu izaten jarraitu zutenak.

Aitortu gabeko oinordetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait autorek seinalatu dutenez, XX. mendean zehar mugimendu korporatiboak izan ziren osasun munduan, terapia fisikoaren garapenean eskandinaviarrek jokatutako papera estaltzeko. Horrela, arrazoi ezberdinak zirela medio (medikuntzaren eta fisioterapiaren arteko gatazka korporatiboa, zientziari atxikimendua, negozio-lehia... nagusiki) zenbait metodologia "berri" agertu ziren ezerezetik. Nolabait esateko, metodologia hauek epifaniaz sortuak bezala aurkeztu ziren, Hipokrates eta Galenoren garaitik inolako influentziarik jaso gabe.[1]

Kasu esanguratsuena Medikuntza Ortopedikoarena (MO) izan daiteke, Henrik Kellgrenen biloba James Cyriax medikuak berak sortu baitzuen 1929ean. Berri bezala aurkeztu zen, eta bere baitan terapia fisikoa hartu zuen; hortaz gain, Cyriaxek terapia fisikoaren historia berridatzi zuen, Erresuma Batuan medikuek fisioterapeutei erakutsia zela adieraziz; bertsio hau asko hedatu zen XX. mendean zehar, nagusi bihurtu arte. Errebisio bibliografikoak, ordea, alderantziz izan zela erakusten du: ordurako fisioterapiak ibilbide zientifiko independente luzea egina zuen, Suedian batez ere, eta medikuak gerora hurbildu ziren diziplina honetara. Mende bat baino gehiago iraun zuen prozesu batean, hasieran fisioterapeutekin kolaboratu zuten, eta gero haiek menpean hartu zituzten. James Cyriaxek ondo zekien hau, fisioterapeuta artean hazia baitzen (aita, ama, osabak eta aitona); bere aurrekarien "ezkutatze" nahi hau lehia korporatiboen testuinguruan ulertu behar da; zehazki, Ameriketako Estatu Batuetatik zetozen diziplina berri eta arrakastatsuen aurrean (osteopatia eta kiropraxia nagusiki) terapia fisikoaren eskumenari eusteko. Henrik Kellgrenen ondorengo diren beste mediku ospetsu batzuen biografietan ere, bere erreferentzia ia oharkabean pasatzen da, adibidez Jonas Henrik "Harry" Kellgren semea (1876-1919), eta Jonas Henrik "Yonky" Kellgren biloba (1911-2002).[6]

Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako aipatu diziplinen kasuan ere "aurrekari-garbiketa" hau burutu zela dirudi; kasu hauetan, formakuntza ofizialik gabeko terapeuten aldetik. Andrew T. Still-ek (1828-1917) osteopatia 1874ean izandako argitasun momentu batean sortu zuela adierazi zuen; Daniel D. Palmer (1845-1913) kiropraxiaren sortzaileak, berriz, 1895ean, "beste mundutik etorritako" errebelazio bidez. Halere, diziplinon azterketa batek argi erakusten du zati handi batean kellgrenismoan oinarritu zirela.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k Ottosson, Anders. (2011). [https://www.researchgate.net/publication/225429089_The_Manipulated_History_of_Manipulations_of_Spines_and_Joints_Rethinking_Orthopaedic_Medicine_Through_the_19th_Century_Discourse_of_European_Mechanical_Medicine The Manipulated History of Manipulations of Spines and Joints? Rethinking Orthopaedic Medicine Through the 19th Century Discourse of European Mechanical Medicine. ] Medicine Studies, 3:83–116 or..
  2. Svensk uppslagsbok. 1929 (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  3. a b c d e f g h «J Henrik Kellgren - Svenskt Biografiskt Lexikon» sok.riksarkivet.se (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  4. «Dr. Jonas Henrik Kellgren» geni_family_tree (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  5. a b (Ingelesez) Dixon, Allan. (2002-03-04). «Obituary: Jonas Kellgren» the Guardian (Noiz kontsultatua: 2021-06-24).
  6. a b «Jonas Henrik Kellgren | RCP Museum» history.rcplondon.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  7. «Anjuta Kellgren» geni_family_tree (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  8. Moreno, Jose Miguel Tricás; Gracia, Elena Bueno; Barrio, Sandra Jiménez Del; Sanesteban, Octavio García; Guillén, Silvia Pérez; Agud, María Fortún. (2013). «James Cyriax y la Fisioterapia» Cuestiones de fisioterapia: revista universitaria de información e investigación en Fisioterapia 42 (0): 176–186. ISSN 1135-8599. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  9. Henrik, Kellgren. (1876). Cure of inflammation of the lungs by the manual treatment. .
  10. Haglund, Patrik. (1905). Henrik Kellgrens "manuella behandlingsmetod" framställd af en läkare (Edgar F. Cyriax, The elements of Kellgrens manual treatment. : London 1903.) Granskning från medicinsk synpunkt.. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]