Herbehereak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Herbehereak eta Herbehereetako Erresuma bi entitate politiko desberdin dira. Argitzeko, ikus Herbehereetako Erresuma
Herbehereak
Nederland
Bandera Armarria
Goiburua: Je Maintiendrai (fr)
Ik zal handhaven (nl)
(Mantenduko dut)
Ereserkia: Het Wilhelmus
Hiriburua Amsterdam (konstituzionala)
Haga (gobernua)
Hiri handiena Amsterdam
Hizkuntza ofiziala(k) Nederlandera1
Herritarra herbeheretar, nederlandar2
Gobernua Monarkia konstituzionala
Independentzia
Geografia
 -  Guztira 41,543 km2 (134.)
 -  Ura (%) 18,41
Biztanleria
 -  2015 zenbatespena 16.929.326 (65.)
 -  Dentsitatea 407,6 bizt./km2 (30.)
Dirua Euroa (€) (EUR)
Ordu-eremua CET (UTC+1)
 -  Udan (DST)  (UTC+2)
Aurrezenbakia 31
Internet domeinua nl
1Nederlandera hizkuntza ofiziala da herrialde osoan. Gainera frisiera ofiziala da Frisian, papiamentoa Bonairen, eta ingelesa Sint Eustatiusen eta Saban. Behe saxoiera eta limburgera ofizialki onartutako eskualde hizkuntzak dira.
2holandar izena ere erabili da «herbeheretar» esanahiarekin, nahiz eta Holanda, berez, Herbehereetako eskualdeetariko bat den.

Herbehereak[1] (nederlanderaz: Nederland, ˈneːdərˌlɑnt ahoskatua) Europa ipar-mendebaldean dagoen estatua da. Herbehereetako Erresumaren (Koninkrijk der Nederlanden) zati da, Curaçao, Sint Maarten eta Aruba ere bere baitan hartzen dituelarik. Europar Batasuneko estatu-partaidea da. Herbehereak monarkia konstituzional bat da, Europako ipar-mendebaldean kokatua. Iparraldean eta mendebaldean Ipar itsasoa du, hegoaldean Belgika eta ekialdean Alemania. 1839an sortu ziren gaur egungo mugak.

Herbehereek 12 probintzia eta 3 udalerri dituzte. Batzuetan Holanda izenarekin ageri dira, baina Holanda berez bi probintzien izena besterik ez da, eta ez Herbehere osoena.

Herbehereak oso dentsoki populatuak daude eta bere eremu asko itsas-mailaren azpitik daude. Bere haize errotengatik, gaztengatik, dikeengatik, tulipanengatik, bizikletengatik eta gizarte tolerantziagatik da ezaguna munduan. Politika liberalak ditu drogei, prostituzioari, homosexualen arteko ezkontzei, abortuari eta eutanasiari buruz.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Herbehereetako geografia»
Herbehereak satelite irudian

Estatuaren berezitasun nagusiak Herbehereak izenak berak ematen du, Nederlanden jatorrizkoak bezala, lurraldearen erdia metro bateko garaiera besterik ez baitu. Ipar eta mendebaldea lau-laua eta toki batzuetan itsas mailaren azpitik dago. Hego-ekialdean Goi Herbehereak daude, apur bat itsas mailaren gainetik daudenak. Dike, babes duna eta ur-drainatze konplexuek, Erdi Aroan hasitakoak, uholdeetatik babesten dute eta estatuaren azalera %20an handitzea ahalbidetzen.

Hiru ibaiek bi zati nagusitan banatzen dute estatua: Rhin, Waal eta Meuse (Maas). Herbehereetako hego-mendebaldea hiru ibai hauen delta erraldoia da. Banaketa geografikoaz gain, banaketa kulturala ere bada, nederlanderaren dialekto nagusiena eta erlijioarena (kalbinistak iparraldean eta katolikoak hegoaldean).

Herbehereetako klima epel samarra da urte osoan zehar (17 °C uztailean, 2 °C urtarrilean), itsasoaren eragina dela medio. Euria maiz eta ugari izaten da, abuztuan eta udazkenean batez ere (790 mm). Haize boladak indar handikoak dira, ez baitago batere oztoporik. Hori dela eta, haize errotak erabili izan dira haizearen indarrari etekina ateratzeko. Landareei dagokienez, dunetako loreak, pinudiak eta hariztiak nagusi dira Herbehereetan. Animalia kopurua asko urritu da, gizonak hartu baitu, bizitzeko, ia lurralde osoa. Wadden itsasoan eta Frisiako uharteetan hegazti mota ugari bizi dira, baina ibaietako karramarroa, aintziretako dortoka edo belatza, esate baterako, desagertu egin dira haien ingurugiroa suntsitu edo eraldatu egin delako.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herbehereetako haize norabide nagusia hego-mendebaldekoa da. Honek klima ozeaniko epela sortzen du, uda fresko, negu epel eta prezipitazio asko dituena. Klima hau kostaldekoa da batez ere, herrialdearen hego-ekialdean zertxobait gogorragoa da eta.

Hona hemen herrialdearen erdialdean dagoen De Bilteko estazioko datuak 1981 eta 2010 artean:


Datu klimatikoak (De Bilt (1981–2010))
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 17.2 20.4 25.6 32.2 35.6 38.4 38.2 38.6 35.2 30.1 22.0 17.8 38.6
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 5.6 6.4 10.0 14.0 18.0 20.4 22.8 22.6 19.1 14.6 9.6 6.1 14.1
Batez besteko tenperatura (ºC) 3.1 3.3 6.2 9.2 13.1 15.6 17.9 17.5 14.5 10.7 6.7 3.7 10.1
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -27.4 -26.8 -20.7 -9.4 -5.4 -1.2 0.7 1.3 -3.7 -8.5 -14.4 -22.3 -27.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 0.3 0.2 2.3 4.1 7.8 10.5 12.8 12.3 9.9 6.9 3.6 1.0 6.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 69.6 55.8 66.8 42.3 61.9 65.6 81.1 72.9 78.1 82.8 79.8 75.8 832.5
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) 17 14 17 13 14 14 14 14 15 16 18 17 184
Elur egunak (≥ 0 cm) 6 6 4 2 0 0 2 5 25
Eguzki orduak 62.3 85.7 121.6 173.6 207.2 193.9 206.0 187.7 138.3 112.9 63.0 49.3 1601.5
Hezetasuna (%) 87 84 81 75 75 76 77 79 84 86 89 89 82
Iturria: Knmi.nl[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Herbehereetako historia»
Gaueko Zaintza, Rembrandt

Germaniako Erromatar Inperio Santua enperadore eta Espainiako errege Karlos V.aren agindupean, eskualdea Herbehereetako Hamazazpi Probintzien zati izan zen, oraingo Belgikaren gehiengoa, Luxenburgo, Frantzia iparraldea eta Alemaniaren lur batzuekin batera. 1648 independentzia lortu zuten Münsterko Ituna sinatzean, Felipe II.aren eskutik.

XVII. mendean, Zazpi Herbehere Batuen Errepublikaren botere ekonomikoa haziz joan zen, itsas botere handia bihurtu arte, mundu osoan zehar koloniak eta merkataritza tokiak ezartzeraino.

Frantziar Inperioan sarrarazi zuten, Napoleon I.aren agindupean. Honen nagusitasuna amaitu ostean, Vienako Batzarrean (1815) Herbehereetako Erresuma Batua sortu zen, Luxenburgo eta Belgika barnean zeudelarik. Hala ere, belgiarrek 1830an independentzia lortu zuten eta Luxenburgo urte gutxi batzuen buruan. XIX. mendean industrializazio handia izan zuen, Alemania eta Frantziakoaren adinakoa.

Lehen Mundu Gerran neutral iraun zuen. Baina Bigarren Mundu Gerran, Alemania naziak 1940. urtean okupatu zuen, 1945 arte. Gerra ostean, ekonomiak gora egin zuen eta Benelux elkarteko kide bihurtu (Belgique, Nederland, Luxembourg). Era berean Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren (IAEE) kide bihurtu zen, Europar Batasunaren aitzindaria.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Probintziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Herbehereen banaketa administratiboa»
Herbehereen banaketa administratiboaren mapa

Herbehereen banaketa administratiboa hamabi eskualdetan egiten da, probintzia izenarekin. Euretariko bakoitzean Gobernadore bat dago, Commissaris van de Koningin (Erreginaren Mandataria), Limburg probintzian ezik, non Gouverneur izena ematen zaion.

Honakoak dira 12 probintziak:

Bandera Probintzia Hiriburua Hiri nagusia Azalera[3]
(km²)
Biztanleria[4]
2013-9-30
Dentsitatea
(bizt/km²)
Drenthe Drenthe Assen Assen 2.639 489.155 185
Flevoland Flevoland Lelystad Almere 1.415 399.825 282
Frisia Frisia Leeuwarden Leeuwarden 3.340 646.401 194
Gelderland Gelderland Arnhem Nimega 4.970 2.019.196 406
Groningen (probintzia) Groningen Groningen Groningen 2.325 582.908 251
Limburg (Herbehereak) Limburg Maastricht Maastricht 2.150 1.120.332 521
Ipar Brabante Ipar Brabante 's-Hertogenbosch Eindhoven 4.914 2.478.687 504
Ipar Holanda Ipar Holanda Haarlem Amsterdam 2.665 2.737.540 1.027
Overijssel Overijssel Zwolle Enschede 3.324 1.139.462 343
Utrecht probintzia Utrecht Utrecht Utrecht 1.383 1.251.266 905
Zeelanda Zeelanda Middelburg Middelburg 1.784 380.864 213
Hego Holanda Hego Holanda Haga Rotterdam 2.808 3.572.409 1.272
Guztira 33.718 16.818.045 499

Estatua ur-barrutietan ere banatua dago, ur-batzorde baten agindupean (waterschap edo hoogheemraadschap). 2005eko urtarrilaren 1ean 27 ziren eta bakoitzak ura kudeatzeko eskuduntza du. Ur-batzorde hauen eraketa estatuaren sorrera baino aurrekoa da, 1196 urtean agertuz baitziren lehen aldiz. Berez, Herbehereetako ur-batzordeak oraindik dabiltzan munduko erakunde demokratiko zaharrenetakoak dira.

Udalerri bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «BES uharteak»

2010 urtetik aurrerako banaketa administratiboaren arabera antzinako Holandarren Antilletako uharteak Herbehereetako udalerri berezi bihurtu ziren.

Bandera Probintzia Hiriburua Hiri nagusia Azalera
(km²)
Biztanleria[5]
2012-12-31
Dentsitatea
(bizt/km²)
Bonaire Bonaire Kralendijk Kralendijk 288 17.408 60
San Eustakio Sint Eustatius Oranjestad Oranjestad 21 3.897 186
Saba Saba The Bottom The Bottom 13 1.991 153
Guztira 322 23.296 72

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Herbehereetako hiri nagusien zerrenda»

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Herbehereetako politika»

Herbehereak demokrazia parlamentario bat izan dira 1848tik aurrera eta monarkia konstituzional bat 1815tik. Horren aurretik errepublika bat izan zen 1581tik 1806ra eta erreinua 1806tik 1810ra (1810tik 1813ra Frantziaren parte izan zen). Herbehereetako politika ezaguna da bere kontsentsuarengatik, bai politikarien artean bai hauen eta jendartearen artean ere.

Estatu burua monarka bat da, gaur egun Beatriz Erregina. Konstituzionalki monarkak hainbat botere ditu baina berez funtzio zeremonialak betetzen ditu. Monarkak kabinete berriaren formazioan eragin dezake, eta alderdi politikoen arteko epaile moduan joka dezake.

Praktikak botere exekutiboa Kabinetearen esku beratzen da. Dagoen sistema alderdi-anitza dela eta XIX. mendetik inoiz ez da egon alderdirik gehiengo osoa lortu duenik eta horregatik Kabineteak sortu behar dira. Horretan hogeita hamar ministro inguruan daude, horietatik batetik hirura ez dute ministerio zehatzik eta beste hainbeste estatu idazkari. Gobernuaren burua Herbehereetako Lehen Ministroa da, normalki koalizioan dauden alderdirik handienaren burua delarik.

Kabinetearen arduren artean bi ganbara dituen parlamentua, botere legegilea duena. Bigarren Ganberako (Behe Ganbera), hauteskunde zuzenetan hautatzen dira, lau urtero ospatzen direnak normalean. Biltzar Probintzialak ere lau urterik behin egiten dira. Biltzar Probintzialetako kideek 75 ordezkari hautatzen dituzte Lehen Ganberan (Goi Ganbera), botere legegilea duena, baina ez hauek proposatzeko edo aldatzeko, bakarrik atzera emateko.

Langile sindikatuak eta erakundeak kontsultatzen dituzte finantza, ekonomia eta gizarte gaietan. Horretarako, Herbehereetako Kontseilu Ekonomiko-Soziala biltzen da.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Herbehereek aurretik izan ohi zuten neutraltasuna hautsi eta Nazio Batuetan, OTANen eta Europar Batasunean sartu zen.

Herbehereek tradizio handia dute tolerantzia sozialean. XVIII. mendean Herbehereetako Eliza Erreformatua zen ofiziala, baina katolizismo eta judaismoa oso onartuak ziren. Gaur egun drogak, prostituzioa, homosexualen arteko ezkontzak eta eutanasiaren inguruko legeak dituzte, munduko askeenak.

1919tik aurrera sufragio unibertsala ezarri zen eta hortik aurrera hiru alderdi familia egon dira:

Demokristuak beti egon dira kabinetean, koalizioan beste bietako batekin. 1970eko hamarkadan alderdi sistema oso hegazkorra bilakatu zen, alderdi klasikoek boterea galdu zutelako eta Alderdi Erradikal Demokrata edo D66 Alderdi Liberal Progresistak boto asko lortu zituzten.

1994ko hauteskundetan CDAk bere boterea galdu zuen eta VVD, D66 eta PvdAk osatutako kabinetea sortu zen. 2002an honek gehiengoa lortu zuen, Pim Fortuynek osatutako LPF alderdiak (Fortuyn bera astebete lehenago erail zuten) igoera nabarmena izan baitzuen. CDA, VVD eta LPFk kabinetea osatu zuten, baina 2003an LPFk aulki asko galdu ziten eta beraz kabinetea CDA, VVD eta D66 alderdiek osatu zuten.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herbehereek munduko biztanleria dentsitate maila altuenetako bat dute. 2006an biztanleria 16.360.000koa zen. Populazioaren gehiengoa frankoen, frisiarren eta saxoien ondorengoak dira.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik, gobernuak emigrazioa bultzatu zuen, lurraldea gainpopulatua zegoela eta. Horrela, ia 500.000 biztanlek herrialdea utzi zuen. Hala ere, immigrazioa emigrazioa baino handiagoa izan da, eta hainbat lurraldetatik immigranteak heldu dira Herbehereetara (tartean Herbehereen koloniak izandakoak -Holandarren Antillak edo Surinam-, baina baita beste herri batzuetakoak ere, Turkia eta Maroko esaterako).

Herbehereen egungo osaketa etnikoa ondokoa da:

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldea oso mugatua izanik ere, ekonomia indartsua garatu dute nederlandarrek, garraioan, finantza zerbitzuetan eta industrian oinarritua, emaitza bikainak ematen dituena. Euroguneko seigarren ekonomiarik garrantzitsuena da[7].

Nekazaritzak oraindik ere garrantzi handia du, baino biztanleria langilearen %2ri baino ez dio ematen lana[7]. Oso intentsiboa da, eta barazki langintzarekin lotu du behi eta zerri hazkundea. Laborantza gaien munduko hirugarren esportatzailea dira Herbehereak, eta aurreneko lekuan dago gazta, lekadun eta loreen esportazioan. Gas naturala da lurpeko baliabide nagusia (bosgarrena 1996. urtean). Groningeneko hobi zabalak, iparraldean, oraindik gasaren bi heren ematen ditu, baina ekoizpena agortzen ari da. Aldi berean, ordea, indartzen ari dira Ipar Itsasoan dauden gas hobiak. Gas hori, nazioko esportazioen %10 edo dena, inguruko europar herrialdeetan banatzen da.

Rotterdamgo portua Europako handiena da.

Herbehereek oso tradizio zaharra dute negozioetan, eta orobat da han antzinakoa merkataritzako kapitalismo dinamikoa. Bertakoak dira Shell, Unilever, Heineken eta Philips bezalako multinazional handiak. Usadio horietan oinarriturik, industria ahaltsua garatu da. Industria horretan usadiozko espezialitateak (diamante langintza adibidez) eta ekoizpen sorta oso zabala elkartzen dira, esportazio guztien %50 ziurtatzen dutenak. Hirugarren sektoreak BPGren %73,2 hartzen zuen 2012an[7], eta nazioarteko merkatari eta finantza bulego asko sortu ditu atzerrian. Hala, asko dira holandar holdingak, trataera fiskal abantailatsu batek erakarriak. Rotterdamen dago Europako lehen portua, garraio sare bikain batez osatua, eta hantxe dago halaber petrolioaren negozioaren nazioarteko gune nagusietako bat.

26 urteko hazkunde ekonomikoaren ondoren, 2009an ekonomia %3,9 uzkurtu zen, Atzeraldi Handia zela eta. Izan ere, Herbehereetako banku batzuek Estatu Batuetako subprime maileguen krisia pairatu zuten. 2008an gobernuak bi banku nazionalizatu behar izan zituen, eta beste finantza erakunde batzuei milaka milioi euro injektatu zizkien, hondatze handiagoa gerta ez zedin. Horrez gainera, gobernuak ekonomia suspertzeko planak abiarazi zituen. Guzti horren ondorioz, 2010ean defizita BPGren %5,3 izan zen (2008an %0,7ko superabita izan zuten). 2011n kontsolidazio fiskala lortzeko neurriak hartzen hasi ziren[7].

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Futbola kirol nagusien artean dugu, izan ere Herbehereetako futbol selekzio nazionala munduko hoberenen artean dugu historikoki, hiru aldiz munduko txapeldunordea eta behin Europako txapelduna izan baita. Taldeka, UEFAko Txapeldunen Liga 6 aldiz irabazi dute bertako klubek (Amsterdamgo Ajaxek 4, eta PSV Eindhovenek eta Feyenoord Rotterdamek bana).

Halaber, txirrindularitzan ere arrakastatsuak izan dira holandarrak mundu mailan, batik bat 1960, 1970 eta 1980ko hamarkadetan Joop Zoetemelk, Jan Janssen, Hennie Kuiper, Johan van der Velde, Peter Winnen, Steven Rooks eta Erik Breukink moduko txirrindulariekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Herbehereak Aldatu lotura Wikidatan