Edukira joan

Herri-arkitektura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arbonako seroretxea (Arbona, Lapurdi)
Ksar Ouled Soltane (Tataouine, Tunis)

Herri-arkitektura edozein tradizio akademikotik kanpo eta orientazio profesionalik gabe egindako arkitektura da. Ez da arkitektura-mugimendu edo estilo jakin bat, kategoria zabal bat baizik, eta eraikin mota askotariko barne hartzen ditu, mundu osoko eraikuntza-metodo desberdinak dituztenak, historikoak eta egungoak, klasikoak eta modernoak[1]. Herri-arkitekturak eraikitako ingurunearen %95 osatzen du mundu osoan[erreferentzia behar].

Herri-arkitekturak tokiko eta uneko beharrak asetzen ditu, bere eskualdean eskuragarri dauden materialek erabiltzen ditu eta tokiko tradizio eta praktika kulturalak islatzen. Herri-arkitekturaren ikasketan ez dira arkitektoak aztertzen, baizik eta tokiko eraikitzaileen trebetasuna eta tradizioa, egiletza gutxitan ezagutzen baita. Horregatik, askotan "Arkitekto gabeko arkitektura" esaten zaio. Azken urteotan, arkitektoek eta eraikuntza-industriak herri-arkitektura aztertzen hasi dira, eraikuntza garaikidean diseinu iraunkorra txertatzeko ahaleginean.

Herri-arkitekturako eraikuntzak eta eraikinak, helburu jakin batera eta bertan eskuragarri dauden materialetara egokitzen dira beti. Baliabideen, bolumenaren eta obraren ekonomia dute ezaugarri; izan ere, eraikitzaileek lana eta materialak aurreztea bilatzen dute, eta ahozko tradizioaren bidez belaunaldi batetik bestera transmititu diren teknika sinpleekin erabiltzen dira.

Arkitekturaren azterketa, oro har, monumentuez arduratu izan da, baina baita ere arkitektoez, goi-ikasketak eta «arkitektura jasoaren» korronte eta estiloak dituzten pertsona gisa ulertuta, eta alde batera utzita «arkitektorik gabeko arkitektura», gizateria bizi eta lan egiten duen espazioen gehiengoa dena. Arkeologiak, bestalde, monumentuak (tenpluak, jauregiak edo hilobiak esaterako) eta beraien testuinguru soziohistorikoak ikertzeko duen interesa erakutsi digu, elementu horiek baitira zibilizazioaren lekukotasunik adierazgarrienak.

Gutxienez Arts and Crafts mugimenduaz geroztik, arkitekto moderno askok herri-arkitekturako eraikinak aztertu dituzte, eta haiengandik inspirazioa atera nahi izan dute, baita bertako ezaugarriak erabili ere. Adibidez, 1946an Hassan Fathy arkitekto egiptoarra izendatu zuten Luxor ondoko New Gourna herri berria antolatzeko. Nubiako finkapen eta teknologia tradizionalak ikasi ondoren, nubiar adobezko ganga tradizionalak txertatu zituen bere diseinuetan. Hala ere, esperimentuak porrot egin zuen hein batean, hainbat arrazoi sozial eta ekonomikoengatik.

Aldo van Eyck arkitekto holandarra ere herri-arkitekturaren sustatzailea izan zen, Samuel Mockbee, Christopher Alexander eta Paolo Soleri bezala.

Eragina herri-arkitekturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri-arkitekturan eragina izan dezakete giza portaeraren eta inguruaren alderdi ugarik, eta horrek ia testuinguru guztietan eraikuntza-forma desberdinak sorrarazten ditu. Hurbileko herriek ere erantzun sotilki ezberdinak izan ditzakete beren bizilekuen eraikuntza eta erabileran, nahiz eta hasieran berberak izan. Aldakuntza hauek gorabehera, eraikin bakoitza fisikaren lege berberen menpe dago, eta, horregatik, antzekotasun esanguratsuak ditu egituraetan.

Herri-arkitekturan eragin esanguratsuenetakoa eskualdeko klima da. Klima hotzetako eraikinek masa termiko handia edo isolamendu-maila handia dute beti. Guztiz itxita egon ohi dira, berorik ez galtzeko, eta baoak, hala nola leihoak, txikiak izaten dira edo ez dira existitzen. Aldiz, klima beroetako eraikinak material arinagoekin eraiki ohi dira, eta aireztapen gurutzatua ahalbidetzen dute, eraikinaren egituran dauden irekiduren bidez.

Klima kontinentaleko eraikinek tenperatura-aldaketa handiak jasateko gai izan behar dute, eta erabiltzaileek urtaroen arabera alda ditzakete. Eskualde bero lehor eta erdi-lehorretan, bertako egiturek hainbat elementu bereizgarri izaten dituzte aireztapena eta tenperaturaren kontrola errazteko. Adibidez, Ekialde Ertain osoan, ohiko ezaugarriak dira iturridun patio-lorategiak, muxarrabia sareta-leihoak, argiztapen ez-zuzena eta bad gir haize-dorreak.

Eraikuntzek forma desberdinak hartzen dituzte eskualdeko prezipitazio-mailen arabera, eta horrek adibidez zutabe gaineko etxebizitzak sorrarazi ditu uholde ugari edo montzoi euritsuak dituzten eskualde askotan. Estalki lauak ez dira oso ohikoak euri-maila handiko eskualdeetan. Era berean, haizete handiak dituztenetan, eraikinek gutxieneko azalera izaten dute haize nagusien aurka, eta, askotan, lurretik altuera txikira kokatzen dira, ekaitzek eragin ditzaketen kalteak txikiagotzeko.

Espezializazio horiek ez dira diseinatzen, baizik eta saio eta errore bidez ikasten dira belaunaldietan zehar, eta askotan teoria zientifikoak baino askoz lehenago egoten dira, zergatik funtzionatzen duten azaltzen dutenak.

Eraikinetako erabiltzaileen bizimoduak eta aterpea erabiltzeko moduak eragin handia dute eraikinen forman. Familia-unitateen tamaina zein den, espazioa zeinek partekatzen duen, elikagaiak nola prestatzen eta jaten diren, pertsonek nola elkarreragiten duten eta beste kultura-alor askok eragina izango dute etxebizitzen banaketan eta tamainan. Adibidez, Ekialdeko Afrikako hainbat gizatalde etnikoren familia-unitateak, familia-konplexuetan bizi dira, muga markatuez inguratuta, eta horietan etxebizitza bereiziak eraikitzen dira gela bakarretik, familiako kide desberdinak hartzeko. Gizatalde poligamoetan, emazte desberdinentzako etxebizitza bananduak egon daitezke, eta are gehiago familiako emakumeekin espazioa partekatzeko helduegiak diren seme-alabentzat. Familiaren barruko harreman soziala, familiako kideak bizi diren egituren eta pribatutasunaren arteko bereizketak gidatzen du. Mendebaldeko Europan, aldiz, bereizketa hori etxebizitza baten barruan lortzen da, eraikina gela bereizietan banatuta.

Kulturak ere eragin handia du herri-arkitekturaren itxuran, bertako biztanleek bertako ohitura eta sinesmenen arabera apaintzen baitituzte eraikinak.

Inguruneak eta honek eman ditzakeen eraikuntza-ekaiek herri-arkitekturaren alderdi asko baldintzaten dituzte. Zuhaitz ugariko eskualdeetan zurezko eraikuntzak garatuko dira, eta zur gutxiko eskualdeak buztina edo harria. Adibidez, Ekialde Urrunean ohikoa da banbua erabiltzea, ugaria eta moldakorra baita. Herri-arkitektura, ia definizioz, iraunkorra da eta ez ditu tokiko baliabideak agortzen. Iraunkorraez bada, ez da egokia tokiko testuingururako, eta ezin da herri-arkitektura izan.

Herri-arkitekturan maiz aurkitzen diren eraikuntza-ekai eta -elementuak honako hauek barne hartzen dituzte:

  • Adobea: buztinezko adreilu ez erreak, askotan karez estaliak.
  • Muxarrabia: zursareak dituen begiratoki mota bat, aireztapena ahalbidetzeko diseinatua, Iraken eta Egipton ohikoa klase altuko etxeetan.
  • Lasto-teilatua: estalkiak egiteko erabiltzen diren landare lehorrak.
  • Haize-dorreak: aire giroturik erabili gabe aireztapen naturala emateko erabiltzen den tximinia mota bat, Iranen, Iraken eta Ekialde Ertaineko beste leku batzuetan ohikoa.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Caves, R. W.. (2004). Encyclopedia of the City. Routledge, 750 or. ISBN 978-0415862875..