Herri Norte Taldea
| Herri Norte Taldea | |
|---|---|
HNTko kideak zeuden iparraldeko harmailan. | |
| Sorrera | 1982 |
| Taldea | Athletic Club |
| Lekua | Bilbo, Bizkaia |
| Ideologia | antifaxismoa euskal abertzaletasuna ezker politikoa |
Herri Norte Taldea, HNT siglez ere ezaguna, Athletic Clubeko hooligan talde bat da. Talde honek bere burua Athleticzale, antifaxista eta abertzaletzat du.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]HNT 1980ko hamarkadaren hasieran sortu izan zen, bereziki 1981-82 denboralditik aurrera, garai horretan 1982ko Espainiako Futbol Mundialaren egoitzetako bat izateko San Mameseko iparraldeko harmaila eraberritu zenean.
Hamarkada horren amaieran, Athleticentzat ere garai txar bat izan zena, HNTk taldea bi zati edo adarretan banatu zuen barne krisi bat jasan zuen. Bi adar horiek "Gorriak" eta "Ultratxoak" izan ziren. Tentsioen eta barne gatazka baten ondoren "Ultratxoak" (garaiko korronte ultraren aldekoak) taldetik kanporatuak izan ziren. Korronte horrek HNT talde ultra bihurtu nahi zuten, eta "gorriak" adarrekoak talde politizatu bat bihurtzearen aldekoak ziren. Zatiketa horrez geroztik HNT talde "antiultra" bihurtu zen.
1990eko hamarkadaren hasieran HNT asko hazi zen, Euskal Herritik kanpo ere sekzioak sortu zituelarik, eta Ingalaterrako hooliganen erako talde politizatu bat bihurtu zen, hooligan eta ultra kontzeptuetan ezberdintasuna markatuz, nahiz eta gaur egun jende askok bi kontzeptuak sinonimotzat dituen. Ordutik taldeak faxismoaren aurkako, aldarrikapen sozial eta politikoen aldeko zein euskal abertzaletasunaren aldeko zenbait ekintza eta ekimenetan parte hartzen du.
Ekintzak eta presentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri Norte Taldea 1982tik egon da Athletic animatzen, eta, errepresio zein kriminalizazioaren bidez 2018an San Mamesetik kanporatua izan bazen ere,[1] gaur egun San Mamesetik kanpo aktibo dagoen taldea da. Kalean dauka presentziarik handiena eta Athletic Clubeko partiduetan San Mameseko harmailetan sartzen ez badira ere, kaleetan zehar kalejirak, ekimen eta topagune ezberdinak antolatzen dituzte HNTko kideek. Athleticen etxetik kanpoko partiduetan noizean behin harmailetan ere presentzia dauka, baina urte batzuk atzera baino gutxiago, taldearen kontra dauden debekuak direla eta. Euskal Selekzioaren partiduetan, ordea, normala da bere presentzia harmailetan beste euskal zaletu taldeekin batera, ez baitago debekurik euskal selekzioaren partiduetan.
HNTren presentzia eta indar handiena kaleetan dago, eta nolabaiteko harmailetako gabezia kaleko presentziarekin konpentsatzen saiatzen dira.
Euskal Herriko beste hintxa edo zaletu taldeekin harreman onak ditu eta elkarlanean animazioaz eta kalejirez gain, ekimen politiko ezberdinak ere antolatzen dituzte; besteak beste, errepresioaren aurkako kanpainak, elkartasun ekimenak, topagune abertzale eta antifaxistak.[2][3][4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-09-14). «Prohíben la «exhibición de pancartas o banderas» de Herri Norte Taldea en San Mamés» naiz: (kontsulta data: 2026-01-25).
- ↑ «Ofizialtasuna aldarrikatu eta palestinar erresistentziari babesa erakutsiko diote Bilbon» Argia (kontsulta data: 2025-11-23).
- ↑ Gedar. «Larunbateko ekimenen berri eman dute euskal zaletuek eta Palestinarekin Elkartasunak» Gedar: Langile kazeta (kontsulta data: 2025-11-23).
- ↑ Gascon, Ainara Arratibel. (2025-11-14). «Palestinarekin Elkartasuna eta zale taldeak: «Zupiriak eten egin behar du kriminalizazio kanpaina hau»» Berria (kontsulta data: 2025-11-23).