Edukira joan

Herri gogoa (diskoetxea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Herri gogoa (diskoetxea)
Datuak
Motadiskoetxea
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1967
Sortzailea

Herri gogoa (Urnieta, 1967- Donostia 1980) Jose Angel Irigarai idazleak eta Iñaki Beobidek sortu zuten diskoetxea izan zen. Guztira, berrehundik gora disko kaleratu zituen. Garai hartako Euskal kantagintza berriko musika grabatzeko beste aukerarik ez zegoenez sortu zuten diskoetxe berri hau, Ez Dok Amairu taldeko kideentzako aukera bikaina ireki zuena. Euskal Herrian bertan bitarteko tekniko txukunekin grabatu ahal izan zuten euskal musikariek; ordura arte Madrilera eta Bartzelonara joan behar izaten zuten, eta hango musikari eta teknikariekin lan egin.[1][2]

Hasiera Urnietan, Ez dok Amairu-rekin (1967-1971)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen diskoak grabatzeko behin-behineko estudio bat apailatu zuten Urnietan (Gipuzkoa), Salestarren ikastetxeko antzokian, Bartzelonan alokatutako tresneria erabiliz. Hamar egunetan, Ez Dok Amairuko kantari askok grabatu zuten han (Xabier Lete, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Oskarbi, Artze anaiak...). Urte batzuk igaro ziren estudio propio bat izateko asmoa gauzatu arte. Horretan, funtsezkoa izan zen Pako Miangolarra Venezuelatik etorritako euskal jatorriko negozio-gizonaren laguntza. Hark jarritako diruarekin, Donostiako Gros auzoan erositako etxe batean jarri zuten grabazio estudioa, Miangolarrak berak erositako tresneriaz hornituta.[1][2]

Haatik, Espainiako zentsurak ukatu egin baitzion Herri Gogoari diskoak argitaratzeko baimena, lehen urteetan Kataluniako Edigsa argitaldariaren bidez kaleratu zituen diskoak, Edigsa-HG zigiluarekin.[1]

Donostian, Ez dok Amairukoak banatu ondoren (1971-1980)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1971n, kideen arteko zenbait ezadostasun zirela medio, Ez Dok Amairu banandu egin zen, eta horrek zatiketa eragin zuen Herri Gogoan. Jose Angel Irigarai idazleak Artezi sortu zuen, baina, hala ere, Herri Gogoaren ekoizpena zabaldu egin zen 70eko hamarkadan. Kantagintzako diskoak kaleratzeaz gain (Antton Valverde, Txomin Artola, Haizea, Lupe, Mikel Laboa, Euskaros, Xabier Saldias...), Herrikoi-Musika Sorta saila sortu zuen herri eta eskualdeetako kantu zaharrak berreskuratzeko, bertsolaritzari lekua egin zion (Mattin, Xalbador, Kepa Enbeita...), euskal musika klasikoari (Aita Donostia, Maurice Ravel...) eta organo musikari sail bat eskaini zion (Joaquin Pildain, Valverde Casas...), haurrentzako ipuinen grabazioak argitaratu zituen, eta gazteei begira herri musikaren moldaketa modernoekin osatutako Akelarre Sorta izeneko diskoa (1972) plazaratu zuen.[1][2]

Artezi diskoetxea (1974-1980)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez Dok Amairuren desegiteak Herri Gogoan eragindako zatiketaren ondorioz jaio zen geroago Artezi diskoetxea. Zazpi urtez bide paraleloak egin zituzten bakoitza bere aldetik. Ibilbide laburra izan zuen Artezi hark 1974tik 1980ra arte, baina zenbait disko garrantzitsu kaleratu zituen 70eko hamarkadaren erdialdean: Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren lehen disko luzeak (1974), Gorka Knorren Araba kantari (1974) eta Nik nahi dudana (1975), eta Benito Lertxundiren Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977), besteak beste. Ortzadar folk taldearen bi disko ere argitaratu zituen. 1976ra arte argitaraturiko 220 diskoetatik 170 single-ak izan ziren eta 50, berriz, LPak.[3]

Musika taldeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d «Herri Gogoa» Badok (Badok) (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).
  2. a b c Zubizarreta, Patxi. (2023). Sakonean itsasoa ikusten da. Maingolarratarren uberan.. Txalaparta ISBN 978-84-19319-62-3..
  3. Amezaga Albizu, Josu. (1994). Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak. UPV/EHU ISBN 978-84-8438-072-6. (Noiz kontsultatua: 2024-07-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]