Heste mehar
–
| Heste meharra | |
|---|---|
Heste meharra eta inguruko aparatuak azaltzen duen diagrama | |
| Xehetasunak | |
| Honen parte | Digestio-aparatua hestea |
| Kokapena | sabelaldeko barrunbea |
| Konponenteak | Duodenoa jejunoa ileona |
| Artikulazioa | urdaila Heste lodia ondestea |
Hona drenatzen du | porta zaina intestinal lymph trunk (en) |
| Arteria | Goialdeko mesenterio-arteria |
| Zaina | porta zaina |
| Nerbioa | Nerbio bago |
| Identifikadoreak | |
| Latinez | Intestinum tenue |
| MeSH | A03.556.124.684 |
| TA | A05.6.01.001 |
| FMA | 7200 |
| Terminologia anatomikoa | |
Heste mehea hodi luze eta bihurgunetsu bat da, 6-6,5 m bitarteko luzera duena. Piloro esfinterretik ileo-kolonetako loturaraino luzatzen da. Hain luzea izanik, bere atal guztiek ez dute egitura bera izango, eta 3 zatitan banatuko da: duodenoa, jeiunoa eta ileoa, hain zuzen. Duodenoak 30 cm neurtzen ditu; jeiunoak, 2-2,5 m, eta ileonak, 3-3,5 m.
Heste meharraren funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Heste meharrak gorputzak behar dituen mantenugaiak xurgatzen ditu bakterio sinbionteen edo heste-floraren laguntzaz. Bi esfinterren artean aurkitzen da: pilorikoa eta iliozekala, heste lodiarekin komunikatzen duena. Organismoaren mukosaren azalera handiena da[1]. 3 eta 7 metro bitarteko luzera du, eta hainbat aldagairen mende dago, hala nola norbanakoaren neurriaren mende[2]. Hilotzean, muskulu leunaren hipotoniaren ondorioz, haren luzera handitu egiten da[3].

Joera genetikoa alde batera utzita, hau da, zeliakoetan zein zeliakoak ez direnetan, eragina duten bi faktore indartsuenak dira: hesteetako zenbait bakterio eta gliadina (glutenaren frakzio toxiko nagusia). Horrek ahalbidetzen du substantziak kontrolik gabe igarotzea odol-emarira, eta, ondorioz, gaixotasun autoimmuneak, hanturazkoak, infekzioak, alergiak edo minbiziak sor daitezke, bai hesteetan, bai beste organo batzuetan.
Barnean, hesi bat osatzen duten zelulen geruza bat du. Bere eginkizuna, substantziak digeritzeaz gain, organismoa ingurugiroaren kanpoko etsaiaren aurka defendatzen jardutea da (irensten ditugun substantziak eta hestean dauden mikroorganismoak). Hori lortzen da zelulen arteko lotura estuak itxita mantenduz, substantziak (toxinak, kimikoak, mikroorganismoak eta makromolekulak) kontrolik gabe sar ez daitezen, bestela odol-emarira igaro baitaitezke. Gaur egun, jakina da lotura estuak, lehen egitura estatikotzat hartzen zirenak, berez, dinamikoak direla eta erraz egokitzen direla hainbat egoeratara, bai fisiologikoetara, bai patologikoetara. Zelulen arteko lotura estuen proteina-sarearen mihiztadura-egoera orkestratzen duen sistema erregulatzaile konplexu bat dago.
Zelulen arteko sarrerek (zelulen arteko lotura estuak) ondo funtzionatzen ez dutenean eta itxita edo ia itxita egon beharrean, egon beharko luketen bezala, kontrolik gabe irekita daudenean, hesteen iragazkortasuna handitu egiten da. Irekitasun horren ondorioz, substantziak sartzen dira gorputzean, eta, pertsonaren joera genetikoaren zein den, gaixotasun autoimmuneak, hanturazkoak, infekzioak, alergiak edo minbiziak sor daitezke, bai hesteetan, bai beste organo batzuetan[1].
Urdailean sortzen den kimoa (azido klorhidrikoarekin pepsinogenoarekin eta beste substantzia batzuekin mugimendu peristaltikoetatik nahastutako elikadura-boloak osatua), aldi berean, behazun- eta pankreako jariakinekin nahasten da (duodenozkoaz gain) heste meharreko geruzak ez apurtzeko (izan ere, heste meharrak pH oso azidoa du), eta duodenora doa. Elikadura-iragaiteak hodi horretatik jarraitzen du, eta hodi horretan, digestio-prozesua osatzen da, kimo hori kilo bihurtzen da, eta substantzia erabilgarriak xurgatzen dira.
Digestioaren eta xurgapenaren fenomenoa, hein handi batean, elikagaiak hesteetako paretekin duen kontaktuaren araberakoa da; beraz, zenbat eta handiagoa izan eta azalera handiagoan, orduan eta hobea izango da elikagaien digestioa eta xurgapena. Horrek heste meharraren ezaugarri morfologiko garrantzitsuenetako bat ematen digu, hau da, xurgatze-gainazala anplifikatzen duten toles ugari dituela, hala nola:
- Toles zirkularrak.
- Hesteetako biloak (0,5 mm altura duena eta lamina propiodun nukleoa).
- Heste meharreko mikrobiloak: Mikrobiloak forma zilindrikoa duten enterozitoetan mintz plasmatikoaren luzapenak dira. Horiek mintz plasmatikoaren eta barne-gainazal baten arteko kontaktua handitzeko balio dute. Epitelioa xurgapenekoa bada, mikrobiloek, erdiko ardatzean, aktina-harizpiak dituzte, xurgapenekoa ez balira, ardatz hori ez litzateke agertuko. Glikokaltzisezko estalki bat dago gainazala estaliz. Bere funtzioa zelulen azalera absortiboa handitzea da, eta, gutxi gorabehera, 20 aldiz handitzeko aukera ematen duela uste da.
Heste meharrak, egunean, ehunka gramo (g) karbohidrato xurgatzen ditu; 100 g gantz; 50-100 g aminoazido; 50-100 g ioi, eta 7 l ur. Heste mehar normalaren xurgatze-gaitasuna zifra horiek baino askoz handiagoa da, eta, egunean, 500-700 g proteina eta 20 litro (l) ur xurgatzera irits daiteke.
Anatomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Duodenoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Duodenoa heste mehearen hasierako zatia da, pilorotik duodeno-jejunotako angeluraino luzatzen dena. Hiruretatik zatirik laburrena da, 30 cm-ko luzera baitu. C izkiaren itxura du, eta pankrearen burua inguratzen du. Duodenoa, era berean, anatomikoki eta funtzionalki, 4 zatitan banatuta da: erraboila, beheranzko zatia, zeharkako zatia eta goranzko zatia. Peritoneo atzeko egituratzat hartzen da, nahiz eta bere zati batzuk peritoneo barrukoak izan[4].
Heste meharraren forma eta erlazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Duodenoak urdailarekin duen harremana du ezaugarritzat, pankrea- eta gibel-zukua iristen den zati nagusia da, baina jeiunoa eta ileona bereizten zailagoak dira, eta ez dago bien arteko bereizketarik.
Oro har, arrazoi hauengatik bereiz daitezke:
- Jeiunoak ileonak baino diametro handiagoa du (3 cm jeiunoak, 2 cm ileonak).
- Jeiunoak tolestura zirkular gehiago, heste-bilo gehiago eta finagoak ditu; ileonak, berriz, gutxiago.
- Ileonean, folikulu linfoideak (Peyer-en plakak) eta arkudura formako irrigazio baskularra handiagoa da jeiunoan baino. Gainera, hormak meheagoak dira, eta ez hain baskularizatuak.
Topografikoki, bai jeiunoak, bai ileonak eremu infrakolikoa betetzen dute, nahiz eta:
- Jeiunoa ileona (behean eta eskuinean) baino pixka bat gorago eta ezkerrerago (zilbor-eremua) dago.
- Oro har, helduleku jeiunalek norabide horizontalagoa dute, eta ileonalek, berriz, norabide bertikala.
Heste meharraren amaiera balbula, ileozekalaren bidez, itsuan amaitzen den muturreko ileona da.
Heste-paretaren osaeran (mukosaren, azpimukosaren, muskuluaren eta serosaren ohiko geruzez gain), nabarmentzekoa da ehun linfoidearen metaketak daudela, azpimukosaraino iristen direnak. Mesenterikoaren kontrako ertzean daude; 30 edo 40 daude, eta 2,5 cm-rainoko diametroa dute. Lehen aipatu bezala, gehiago dira ileonean.
Heste meharraren luzera guztia atzeko paretari lotuta geratzen da mesenterioaren sustraiaren bidez. Mesenterioa atzeko paretarekin lotzeko prozesua L2 ornoan hasten da; pankrearen gakoa zeharkatzen du (hortik goiko arteria mesenterikora sartzen da), beheko kaba aurrean gurutzatzen du, kanpotik jarraitzen die hodi iliako arruntei eta kanpokoei, eta eskuineko hobi iliakoan amaitzen da, muinoaren mailan, eskuineko giltzadura sakroiliakoaren alboan, hestearen erdiko lerrotik 6 bat cm-ra.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Duodenoa 4 zati ezberdinetan banatzen da:
Erraboila, anpulua edo goiko zatia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo zatia da, eta, guztien artean, laburrena. Zati zabala da; horregatik, anpulu edo erraboila deritzo. Lehenengo gerri ornoaren (L1) parean kokatzen da, eta atzeranzko eta goranzko norabidea hartzen du pilorotik abiatuta. Gibelarekin erlazionatzen da, alde batetik, gibel duodenoko lotailuaren bidez eta, bestetik, errai horrek sorrarazten duen duodenoaren goiko tolesagatik:
- Gibel-duodenoko lotailua duodenoa eta gibela lotzen dituen peritoneozko lotailu da, omentu txikiaren osagaia dena. Hori dela eta, erraboila peritoneoz inguratuta dago, eta peritoneo barruko egitura da.
- Duodenoaren goiko tolesa. Erraboilak goranzko norabidea duenez, gibelarekin aurkituko den momentu bat egongo da. Beraz, hodiak aurrera jarrai dezan, tolestu egin beharko da, duodenoaren goiko tolesa eratuz.
Zati honetan, aipagarriak dira Brunner-en guruinak. Mukosa azpiko geruzan kokatzen dira, eta muzinaz osaturiko jariakin alkalinoak sortzen dituzte, urdailetik datorren kimo azidoa neutralizatzeko balio dutenak. Azido asko denean, handitu egin daitezke, baina fisiologikoa da. Beste funtzio batzuk ere badituzte, hala nola ingurune alkalinoa sortzea bertako entzimen jarduera bermatzeko eta paretak lubrifikatzea.[5]
Beheranzko zatia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beheranzko norabidea erakutsiko duen zatia da, eta, guztien artean, luzeena, 7-8 cm-ko luzera baitu. Lehenengo eta hirugarren gerri ornoen (L1-L3) artean luzatzen da. Beheranzko zatia peritoneoz kanpoko zatia da, eta, ondorioz, ez da mugikorra izango.

Atal honen erlazioak honako hauek dira: aurreko aldetik, zeharkako kolonarekin erlazionatzen da; atzeko aldetik, berriz, eskuineko giltzurrunarekin, eta, erdialdetik, pankrearen buruarekin.
Beheranzko zati honen erdialdeko paretan, bi mukosa toles biribil bereizten dira:
- Papila txikia. Hona, pankrearen hodi lagungarria edo Santorini hodia heltzen da. Papila nagusia baino gorago kokatzen da.
- Papila nagusia. Hona, pankrearen hodi nagusia edo Wirsung hodia eta behazun xixkutik datorren koledoko hodia heltzen dira. Sarritan, bi hodi horiek bat egingo dute papilara heldu baino lehen gibel-pankreetako anpulua sortuz. Anpuluaren inguruan, Oddi-ren esfinterra dago, jariakinen fluxua kontrolatzen duten muskulu zuntzez osatuta dagoena[6].
Beraz, beheranzko zatira, pankrearen eta behazun xixkuaren jariakinak helduko dira urdailetik datorren kimoaren digestioa jarraitzeko asmoz.
Zeharkako zatia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeharkako norabidea erakusten du, eta eskuinetik ezkerrera zuzentzen da hirugarren gerri ornoaren (L3) parean. Peritoneoz kanpoko egitura da, eta, ondorioz, ez da mugikorra. Beheranzko eta zeharkako zatiaren artean, toles bat sortzen da: duodenoaren beheko tolesa.
Bere erlazioak honako hauek dira: beheko kaba eta aortaren aurrealdetik pasako da, baina, aldi berean, bertatik sortzen diren mesenterio arteria eta zainaren atzealdetik.
Goranzko zatia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goranzko norabidea erakusten du, hirugarren gerri ornotik bigarrenaren (L3tik L2ren) parera luzatzen delako. Bukaeran, jeiunoarekin jarraitu ahal izateko, angelu nabarmena sortzen du: Duodeno-jejunotako tolesa. Hori izango da bi egitura horien muga. Toles horretan, duodenoaren esekitze-lotailua edo Treitz-en lotailua dago, duodenoa diafragmarekin lotzen duena. Lotailu hori peritoneo zatia da; beraz, angelua bera peritoneo barruko egitura da, oso mugikorra.
Bere erlazioak honako hauek dira: aortaren ezkerraldetik doa, eta ezkerreko giltzurrunaren aurrealdean kokatzen da.

jeiuno eta ileona
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heste mehearen hurrengo bi zatiak jeiunoa eta ileona dira. Biek batera, 6 m inguruko luzera duen hodi jarraitua osatzen dute. Zehazki, hodiaren lehen ⅖-ek jeiunoak osatzen ditu, eta gainerakoak ileonak. Bihurgune asko dituzte, eta horiei heste lakio deritze.
Biak peritoneoz barruko erraiak dira, izan ere, atzeko abdomen paretari heste meharraren mesenterioaz lotuta daudelako. Horregatik, mugikortasun handia dute abdomen barrunbean zehar.
Haien arteko muga ezin da kanpotik bereizi; muga hori histologikoki ezartzen da. Eskuineko hipokondrio eremutik ezkerreko hipogastriko eremura doan marra birtual laprana da; marratik gora geratzen diren heste lakioak jeiunoari dagozkio, eta marraren azpian gelditzen direnak, berriz, ileoari.
Barne egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Duodenoak zein jeiuno eta ileonak barne egitura amankomuna erakutsiko dute.
Barne egitura 4 geruzak osatzen dute, argitik interstiziora:
Mukosa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Duodenoaren anpuluan eta ileoaren urruneko herenean izan ezik, heste mehearen mukosan, toles biribilak daude, eta Kerkring-en balbulak deritze. Horiek gero eta txikiagoak eta urriagoak dira heste mehe hasieratik urrundu ahala.
Mukosaren azal osoan, heste-bilo asko agertzen dira xurgatzeko azal erabilgarria handitzeko. Motots bakoitzaren barnean, hodi kilifero bat (hodi linfatikoa), benula bat eta arteriola bat daude. Horrela, xurgatu diren nutrienteak, bai sistema kardiobaskularrera (odolera), bai linfa-sistemara, zuzenean sartzen dira. Heste meharreko zelulei, enterozito deritze.

Mukosaren epitelioak 2 zelula mota ditu:
- Xurgatze zelulak
- Zelula kaliziformeak
Heste-bilo artean, Lieberkühn-en kriptak zabaltzen dira. Kripta horien paretetan, heste-guruinak kokatzen dira. Horietan, beste 3 motatako zelulak tartekatzen dira:
- Paneth-en zelulak
- S-zelulak
- CCK-zelulak
Mukosapeko geruza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ehun konektibo dentso ez-modelatuz osatua dago. Duodenoan ez bezala, bertan, ez dira Brunnerren guruinak agertzen. Odol hodiak eta Meissnerren plexua bertan kokatzen dira.
Giharrezko geruza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2 azpigeruza erakusten ditu luzera osoan:

- Luzeranzkoa (kanpokoena)
- Biribila (barnekoa)
Haien uzkurketek 2 motako mugimendu eragiten dituzte:
- Peristaltismoa: Uzkurtzen direnean, peristaltismo uhinak eratzen dituzte, eta horrek elikagai boloa aurrerantz bideratzen du.
- Segmentazioa: Uzkurketa segmentu batean gertatzen da kimoak segmentu horretan ematen duen denbora luzatzeko.
Giharrezko azpigeruza bien artean, Auerbachen plexua aurkitzen da, eta, giharrezko zuntz biribil eta mukosapeko geruzaren artean, Meissner-en plexua kokatzen da.
Abdentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Geruza serosoa.
Enbriologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Garapen enbrionarioan ematen den tolespen zefalo-kaudal eta alboko tolespenaren ondorioz, zaku bitelinoaren zati bat enbrioi barrura sartuko da heste primitiboak osatuz. Zaku bitelinoa endodermoz osatuta dagoenez esan dezakegu heste mehearen jatorria endodermikoa dela. Garai honetan, ez da leku nahikorik egongo barrunbe abdominalean errai guztiak bertan egoteko, eta, horren ondorioz, zaku bitelinoaren zati bat enbrioiaren kanpoan egongo da. Kanpoan dagoen zaku bitelinoaren zatia eta barnekoa hodi onfalomesenterikoaren[7] bidez lotuta daude, eta, denborarekin, zilbor-heste barruan kokatuko da. Heste primitiboak lau zati ditu, eta bakoitzak digestio hodiaren zati bat eratzen du:
- Heste faringeoa
- Aurreko hestea
- Erdiko Hestea
- Atzeko hestea
Heste mehea aurreko hestearen amaierako herenetik eta erdiko hestetik garatuko da.
Heste meheak hernia fisiologiko garaia pairatuko du, non umetoki barruko garaiko 6. astetik 3. hilabetera hesteak zilbor-heste barruan kokatu eta bertan garatuko diren. Erdiko hesteak helduleku baten itxura du, eta bi ataletan banatzen da: helduleku kaudala eta zefalikoa. Atal horiek, erlojuaren aurkako norabidean, biraketa prozesu bat jasango dute arauzko posizioa lortzeko; errotazioa 2 zatitan banatuko da. Lehenengo errotazioa zilbor-hestean egiten da, eta 90º-koa da. Bigarren biraketa, berriz, 10. astean gertatzen da, erraiak barrunbe abdominalera sartzearekin batera, eta 180º-ko biraketa da.
Irrigazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abomen aortatik, zuzenean, pareta adarrak eta errai adarrak ateratzen dira abdomeneko paretak eta erraiak odoleztatzeko. Heste meharraren odoleztapenaz arduratzen direnak erdiguneko errai adarrak dira, zehazki, gibel-arteria batua (enbor zeliakotik ateratzen dena) eta goiko mesenterio arteria.
Gibel-arteria batua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enbor zeliakotik ateratzen da, hau da, T12 mailatik. Eskuinerantz zuzentzen da, eta, piloro aldean, bitan adarkatzen da:
Horietatik, urdail-duodenoko arteria bakarrik arduratzen da heste meharraren odoleztapenaz, duodenoaren goiko zatia odoleztatzen baitu.
Urdail-duodenoko arteria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piloro atzealdetik pasatzen da, eta, haren beheko ertzean, duodeno-gaineko arteriak ematen ditu, arteria horiek duodenoaren hasierako zatia odoleztatzen dute. Geroxeago, pankrearen burua aurrealdetik zein atzealdetik odoleztatzeko pankrea-duodenoko goiko atzeko arteria eta pankrea-duodenoko goiko aurreko arteria ematen ditu. Handik aurrera, duodeno-urdaileko arteria izenaz aldatzen da, eta eskuineko urdail-omentuetako arteria bihurtzen da.
Goiko mesenterio arteria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enbor zeliako baino 1 cm beherago sortzen da, aortaren aurrealdetik, L1 beheko ertzaren parean. Hasieran, peritoneoz atzekoa da. Pankrea atzealdean sortzen da, eta, pankrearen buruaren eta gakoaren arteko muxarraduratik, aurrealdera pasatuko da, giltzurrun odol hodien gainetik (giltzurrun ezkerreko zainaren azalaldean). Behin aurrera pasatu denean, duodenoaren 3. zatiaren gainean eusten da. Horrek beheko pankrea duodenoko arteriak ematen ditu (aurrekoa eta atzekoa), eta, goiko pankrea-arteriekin (goiko pankrea-duodenoko adarrekin), anastomosatu egiten dira.
Mesenterioaren bi orrien artean sartzen da, eta eskuinerantz zuzentzen da, eta heste mehea eta heste lodiaren lehenengo bi herenak (zeharkako kolonaren lehenengo 2/3) odoleztatzen ditu.
2 motatako adarrak ematen ditu: ezkerrekoak eta eskuinekoak. Ezkerrekoak izango dira heste mehea odoleztatzez arduratuko direnak.
Ezkerreko adarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jeiuno- eta ileo-arteriak izango ditugu. Lehen 5-6 adarrak jeiunorako dira, eta gainerako 10-12 adarrak, berriz, ileorako.
Horiek mailakatuta daude, eta arku itxurako anastomosiak sortzen dituzte, ugariagoak direnak ileon aldera. Anastomosi horietatik, adartxoak ateratzen dira, eta 2. mailako arku itxurako anastomosiak eratzen dituzte. Azkenik, 2. mailako arkuetatik, adar zuzenak ateratzen dira pareta odoleztatzeko. Jeiuno aldera, adar zuzen horiek luzeagoak izaten dira.
Eskuineko adarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere, heste lodiaren lehenengo bi herenak odoleztatzen dituzte. 3 adar ematen dituzte:
- Ileon kolon-arteria. Horren ileo adarrek ileoaren zati distala odoleztatzen dute.
- Eskuineko kolon-arteria
- Erdiko kolon arteria
Zainen itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Heste meharraren odolaren itzulera goiko mesenterio zainak egingo du. Zain horrek, bare-zainarekin eta beheko mesenterio zainekin batera, porta zaina eratuko du. Horrek odola gibelera darama.
Pankrea-gorputzaren atzealdean, bare zaina beheko mesenterio-zainarekin batu egiten da, eta horrela sortzen den zaina, geroxeago (pankrearen idunaren atzealdean), goiko mesenterio-zainarekin anastomosatuko da pankrea-buruaren aldean porta zaina osatzeko. Porta zaina, gibel-duodenoko lotailuarekin, barruan sartuko da, eta gibelaren hilotik (gibel arteriaren eta gibel-hodi batuaren atzetik) sartuko da. Ondoren, darkatu egingo da segmentu guztietara heltzeko, eta sinusoide hepatikoetan drainatuko du odola.
Gibelak horren metabolismoa egin ostean, gibel-zainek odola beheko kaba zainera eramango dute. Gibel-zain horiek ez dira hilotik pasatuko.
Inerbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inerbazio eferentea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inerbazio eferentea nerbio sistema autonomoak egiten du. Horrek atal sinpatikoa eta parasinpatikoa ditu.
Inerbazio parasinpatikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heste meharraren inerbazio parasinpatikoa Vagus nerbioen bidez egiten da. Horrek, heste meheaz gain, zeharkako kolonaren lehenengo bi heren arteraino). Sinapsi aurreko zuntzek goiko mesenterio-arteriak emandako adarrak erabiltzen dituzte Auerbach eta Meissneren plexuetaraino heltzeko. Bertan aurkituko diren gongoilen neuronekin sinaptatuko dira. Bertatik, sinapsi osteko zuntzak aldenduko dira aipatutako erraiak inerbatzeko.
Inerbazio sinpatikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Torax nerbio esplankniko nagusi (T5-T9), txiki (T10-T11), txikien (T12) bidez heltzen zaie.
- Nerbio esplankniko nagusiak gongoil zeliakoetara eta goiko mesenterio-gongoiletara ailegatzen dira. Bertan, sinapsia egiten dute, eta sinapsi osteko zuntzek goiko mesenterio-arteriak emandako adarren ibilbidea jarraituko dute Auerbach eta Meissner-en plexuetara sartu arte. Zuntz sinpatikoak gongoil osteko zuntzak direnez, zuzenean luzatuko dira heste meheko jejunoa eta ileoa inerbatzeko. Horrez gain, itsua, apendizea, goranzko kolona eta zeharkako kolonaren lehenengo bi herenak ere inerbatzen dute.
- Nerbio esplankniko txikiak eta txikienak goiko mesenterio-gongoiletara, baita aorta- giltzurrunetako gongoiletara ere ailegatzen dira. Bertatik, sinapsi osteko zuntzek goiko eta beheko mesenterio-arteriek emandako adarren ibilbidea jarraituko dute.
Inerbazio sentikorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hesteak ohartu ezinak dira taktura, minetara eta tenperaturetara, ez ordea anoxietara (oxigeno falta), agente kimikoetara eta distentsioetara.
Zuntz sentikorrek nerbio parasinpatikoek duten kontrako norabideko bide (Vagus nerbioen ibilbidea) berbera egiten dute vagus nerbioaren nukleo bakartiraino.
Lotutako patologiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeliakia
[aldatu | aldatu iturburu kodea](Agerrera 2,6:1000)

Zeliakia edo glutenarekiko enteropatia sentsiblea da glutenaren kontsumoaren aurrean gorputzak sortuko duen erreakzio immunitario sistemiko bat, zehazki, glutenean aurkitzen den gliadina glukoproteinari. Gluten, gari, olo, garagar eta zekalean agertzen den proteina bat da[8]. Gaixotasun sistemiko bat dela esaten da. Izan ere, glutenarekiko ematen den erantzun immunitarioan, antigorputz mota desberdinak sortzen dira, eta horiek organismoaren edozein atali egiten die kalte.[9] Denborarekin, glutena hartzean, heste mehearen mukosa handitzen eta kaltetzen da, eta, horrela, digestioan zehar elikagaien mantenugaiak birxurgatu behar direnean, ez da gertatuko.[10]
Hori ematen denez, gorputzak ez ditu behar dituen mantenugaiak (bitamina, burdina, etab.) lortuko, eta, hori dela eta, gaixoak desnutrizioa, pisu galera edota anemia ferropenikoa gara dezake nahiz eta normal elikatu.[11] Gaur egun dagoen tratamendu bakarra da dietatik glutena daukaten elikagaiak ezabatzea eta dieta hori modu zorrotz batean jarraitzea. Horrekin lortuko duguna izango da gaixoaren heste mukosa osatzea eta erantzun immunitariorik ez sortzea[8].
Onfalozelea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
(Agerrera 2.5 / 10000)
Onfalozelea zilbor-heste eraztuna ixten ez denean gertatzen da. Horren ondorioz, abdomen erraiak (pankrea, gibela, heste meharra, etab.) zilbor-hestera irtengo dira. Kasu horretan, irteten diren errai horiek mintz batez inguratuta daude. Onfalozelea bi kausengatik gerta daiteke:
● Hernia fisiologikoa bukatzen denerako, erraiak barrunbe abdominalera ez itzultzea. Mintz amniotikoz estalita egongo dira errai horiek.
● Arauzko hernia fisiologikoa emango da, eta, ondoren, bigarren hernia bat sortuko da abdomen aurreko paretaren ixte akatsaren ondorioz. Hori dela eta, erraiak faszia subserosoaz eta peritoneoz estalita egongo dira.
○ Bigarren mailako hernia honek 2 kausa izan ditzake:
■ 4-8 aste artean, enbrioi tolespena gertatzean, akatsak gertatzen dira, eta aurreko pareta ez da ondo eratuko.
■ Alboko mesodermoaren migrazio akatsak.
Eragabetasun horrek hilkortasun tasa altua dauka, eta erlazionatuta dago beste patologia desberdinekin, adibidez, Edwards sindromea. Tratamenduari dagokionez, kirurgia bidez tratatzen da, erraiak berriko barrunbe abdominalera sartuz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Fasano, A. (2011). «Zonulin and its regulation of intestinal barrier function: the biological door to inflammation, autoimmunity, and cancer» Physiol Rev 91 (1): 151-75. doi:. PMID 21248165. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-08-26).
- ↑ J.F. Patiño Retrepo: Metabolismo, nutrición y schok, 4ª edición. Consultado el 7 de mayo de 2017
- ↑ (Ingelesez) Gondolesi, G.; Ramisch, D.; Padin, J.; Almau, H.; Sandi, M.; Schelotto, P. B.; Fernandez, A.; Rumbo, C. et al.. (2012). «What Is the Normal Small Bowel Length in Humans? First Donor-Based Cohort Analysis» American Journal of Transplantation (Arlington, VA) 12: S49-S54..
- ↑ Guyton y Hall. Tratado de fisiología Médica. (kontsulta data: 2020-05-30).
- ↑ (Ingelesez) Brunner's glands. 2020-08-25 (kontsulta data: 2020-11-30).
- ↑ «Major Duodenal Papilla - an overview | ScienceDirect Topics» www.sciencedirect.com (kontsulta data: 2020-11-30).
- ↑ (Ingelesez) Vitelline duct. 2020-11-25 (kontsulta data: 2020-11-30).
- ↑ a b «Celiaquía - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (kontsulta data: 2020-12-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) «María valverde - celiaquía» MARCA.com 2019-12-15 (kontsulta data: 2020-12-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Celiaquía: qué es, síntomas, causas, prevención y tratamiento» Top Doctors (kontsulta data: 2020-12-03).
- ↑ «Enfermedad celíaca en niños y adolescentes» HealthyChildren.org (kontsulta data: 2020-12-03).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Schünke, Michael. (<2011>). Prometheus texto y atlas de anatomía. (2ª ed., mejorada y amp. argitaraldia) Médica Panamericana ISBN 978-84-7903-980-6. PMC 434127564. (kontsulta data: 2020-11-30).
- [1] Instrumentación quirúrgica: teoría, técnicas y procedimientos en Google libros