Hestegorriko sortzetiko malformazioak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du aholku medikorik ematen
Ohikoen diren hestegorriko atresiak a) esofagoko atresia fistula trakeoesofagikoarekin (%96) b) isolaturiko esofago atresia fistula trakeoesofagiko gabe (%7) c) H- motako fistula trakeoesofagikoa (%4)

Hestegorria eta zintzur-hestearen bereizketan jazotako akatsek esofagoko atresien (GNS:Q39) agerpena eragiten dute fistula trakeoesofagikoekin (GNS:Q39.1): edo gabe (GNS:Q39.0). Sortzetiko arazo hauek pairatzeko probabilitatea jaiotza bakoitzean 1/3000koa.

Anormaltasun hauek bizitzaren bateraezin diren bestelako sortzetiko akatsekin erlazionaturik daude kasuen %33an, bihotzeko malformazioak barne. Adibide hauetan fistula trakeoesofagikoak (ingelesez TEF) VATERL sindromearen (GNS:Q87.2) parte izaten dira. TEF batzuen ohizko konplikazioa izaten da polihidramniosa, amnios likidoa urdail eta hesteetara ez sartu ezin izan delako. Era berean urdaileko osagaiak edo/eta amnios likidoa trakeara sartuko daitezke fistula bidez, pneumonitis eta pneumoniak eraginez.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A motako hestegorriko atresia (TEFrekin) baten argazkia. Ageri da esofagoaren urruneko atalak trakearen beheko atalarekin duen komunikazioa. Jaioberria erditze ostean hil zen

Sortzetiko gaixotasun honen lehen deskribapena William Durston mediku britainiarrari zor zaion arren 1670ean Thomas Gibson-en (1644 - 1722) Anatomy of Human Bodies Epitomized hartu ohi malformazioaren lehen azalpen zehatzat. 1821 arte ez da beste deskribapenik aurkitzen eta 1869an zen konponbide kirurgikoa proposatu zen atresia hau konpontzeko, 1888 arte ez zena praktikan jarri Steele medikuaren eskutik. Kirurgialari honek ustezko mintz esofagikoa bat zulatu zuen gastrostomia egiten ostean.

  • 1913: Richter-ek fistula (komunikazioa) bi amaiera esofagikoen anastomosatzea edo lotzea proposatu zuen atresia zuten TEF-entzako. Hasiera batean konpontze primarioa darabil zuen aukera aproposena bezalaxe, baina garai hartan ebakuntza hori egin ahal izateko ezintasuna ezaguturik fistula bular-kutxa barnean lotu zuen. Bere gaixoak ez zuen asko biziraun esofago anastomosiarekin.
  • 1931: sortzetiko anormaltasun honi biziraun zuen lehen gaixoa 1931an jaio zen. TEF bat zuen, baina ez zuen atresiarik.
  • 1935: zintzur-hestean zehar egindako ebakidura baten bitartez konpondu zen fistula. Urte honetan atresia zein TEF zuen lehen gaixoak biziraun zuen. Azken honi gastrostomia bat egin zitzaion jejuno interposizio batekin, alegia, heste meharraren atal batekin egindako lotura erabiliz.

Bi kasu hauetan patologia isolatuak zituzten eta torakotomiarik gabe arrakastatsua izan zen ebakuntza. Baina atresia eta TEF zutenen tratamendua nabarmenki zailagoa zela laster aurkitu zuten: pneumonia, mediastinitis, aireztapen ezegokia eta desoreka elektrolitikoak ohiko eragozpenak izaten ziren.

  • 1936: Lanman izan zen lehena hurbilketa edo sarrera extrapleural baten bitartez ebakuntza hau egiten, hala ere lehen gaixoak ez zuen 3 ordu baino gehiago biziraun.
  • 1938: Shaw izan zen lehen aldiz fistula lotura eta esofagoaren anastomosi primario bat praktikatu zuena atresia eta TEF bat zuen ume bati, baina kasu honetan ere gaixoa 12 egunetara hil egin zen, kasu honetan odol-transfusio erreakzio bat dela eta.
  • 1939an lortu zuten Leven eta Lad kirurgialariek lehenengoz atresia eta fistula trakeoesofagikoa arrakastaz operatzea, kasu honetan ebakuntza 2 alditan eginez. Zatikaturiko osatzea edo konpontzea praktikatu behar izan zuten: 5 asteren ostean gastrostomia bat egin zuten eta 4 hilabetera fistula lotu.
  • 1941: Haight-ek lehenengo osatze primario lortu zuen ezkerreko sarrera extrapleural, fistula lotura eta mintz bakarreko esofago anastomosi bidez. Urrengo saiakeran eskuineko sarrera eta mintz bikoitzeko teknika praktikatu zuen ihes arriskua txikituz.
  • 1944: atresia eta fistula zuten gaixoen heren batek ebakuntzari bizirautea lortu zen tratamendu antibiotiko eta teknika kirurgikoen hobekuntza dela eta.

Hestegorriko sortzetiko malformazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hestegorriko atresia eta fistula trakeoesofagikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esofagoaren jarraitasun ezaren sortzetiko malformazioari deritzo hestegorriko atresia. Alegia, hestegorriaren goiko atala bat-batean amaitzen da eta ez da beheko atalarekin jarraitzen. Kasu ohikoenetan fistula bat garatzen da hestegorri eta zintzur-hestearen artean, hau da, komunikazio bat. Hala ere kontuan izan behar da TEFak ohikoak direla trakeotomietan hodi nasogastrikoaren aposizioak eragindako presiogatiko nekrosia dela eta. [1]

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honakoak dira agertze maiztasunaren arabera sailkaturiko sortzetiko gaixotasunak:[2]

  • %84: fistula trakeoesofagikodun (TEF) esofagoko atresia (EA) da ohikoena
  • %8: isolaturiko atresia baina TEF gabea da bigarren oihoena
  • %4: isolaturiko TEF atresiarik gabe
  • %3: EA urrun eta hurbileko TEF-ekin
  • %1: EA hurilbeko TEF-arekin dira arraroen

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letren sailkapena Gross [3] sistemarekin erlazionatu ohi da eta zenbakizkoa Vogt-ekin[4]:

Gross Vogt[5] Azalpena Hestegorriko atresia? TEF?
- 1. mota Hestegorriko agenesia. Oso arraroa (%8) eta ez da Gross-en sailkapenean sartze[6] Bai Ez
A mota 2. mota Esofagoaren goiko atala zaku itsu batean eta behekoa trakean, adarkatzea hasi aurretik (%1). Bi atal hauek hodi solido batez komunikaturik egon daitezke[7] Bai Ez
B mota 3A. mota Esofagoko hurbileko atala zintzur-hesteko behekoan amaitzen da eta ez dago komunikaziorik urdailarekin Bai Ez
C mota 3B. mota Esofagoaren hurbileko atala poltsa itsu batean bukatzen da eta trakearen beheko atalarekin edo adarkatzea gertatzen den gunearekin komunikatzen da. (Ohikoena da, %90) Bai Ez
D mota 3C. mota Esofagoaren hurbileko atala trakearen adarkatze gunean edo beheko atalean bukatzen da eta urruneko atala bertotik jaiotzen (Cren azpimota) Bai Ez
E mota (edo H) - Dren moldaera: hestegorriak bere osotasuna mantentzen du, baina fistula bat osatzen du zintzur-hestearekin H antzeko egitura bat osatuz, hortik H mota A Bai Ez
F mota - Zintzur-hesteko aplasia (hilgarria), sailkapen gehienetan ez da sartzen[8] Bai Ez

Esofagoko estenosia, sarea eta muskulu hipertrofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barret-en esofago baten irudia endoskopio bidez

Sortzetiko hestegorriko estenosia esofagoko hertsadura (edo estutzea). Sare bat edo diafragma bat esofago lumena estaltzen duen mintz epitelial ezkatsua da. Ohikoa izaten da hestegorriko erdiko ataletik beherakoan buxadura ez osoa eragitea. Sortzetiko muskulu hipertrofia mukosa azpiko muskulu leun eta ehun konektiboaren gehiegizko ugaltzeari deritzo. Hipertrofia hau duten gaixoak asintomatikoak izan daitezke.

Esofagoaren bikoizketa, arrastoak eta kisteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hestegorriko bikoizketan bi amaierak irekiak, bat itxia eta bestea irekia (dibertikulua) edo itxirik (luzanga kistea) egon daitezke.. Arrastoak mesodermoko ehunean gelditzen diren enbrioi-trakea edo esofago zeluletako hondarrak dira gihar-ehunean kisteak osa ditzaketenak. Koristoma esofagoaren beheko herena osoki edo ez-osoki inguratzen duen kartilago kistea da.

Barrett-en esofagoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun honen sortzetiko moldaera errefluxu gastroesofagikoarekin loturik dago, baina ez dago batere garbi Barrett-en gaixotasunak sortzetiko edo garaturiko jatorria duen.

Sintoma eta zeinuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz osoko erradiografia kontrastearekin goiko hestegorriko atresia erakutsiz

EA duten jaioberriek erakusten duten lehen zeinu klinikoa polihidroamniosa izan ohi da irensteko eta amnios likidoa xurgatzeko duten ezintasuna dela eta. Hala ere kontuan hartu behar da polihidroamniosa diagnostiko ugariri dagokion zeinua dela, soilik polihidroamnios duten 12 jaioberrietatik 1ek duelarik esofagoko atresia. Bestalde EA baina fistularik ez duten gaixoen artean %95k du polihidroamnios eta alde distaleko fistula eta EA dutenen gaixoen %35k. Pilaturiko likido amniotikoak eragindako gehiegizko presioak jaioberri goiztiar eta pisu gutxiko izateko aukerak handitzen ditu, adib. EA dutenen gaixoen %33ak 2250 gr baino gutxiago pisatzen du.

Erditze osteko ordu batzuetara EA purua duten gaixoak sintomatikoak bilakatzen dira. Isolaturiko TEFak dituzten umeek ordea zeinu azpikliniko gehiago izaten dituzte hasiera batean identifika ez daitezkeenak. Gehiegikoz listu jariapena (sialorrea) eta aho (eta batzuetan sudur) inguruko burbuila fin txikiak irensteko ezintasunaren adierazle izan daitezke. Era berean jateko ematerakoan eztulka hastea, ahotik zehar botatzea edo zianosia agerpena EAren adierazle izan daitezke. Pneumonitis eta atelektasiak azkar garatzen dira jaioberri goiztiar hauetan baita arnasterakoan entzun daitezkeen soinuak. Fistulek gainera airea urdail eta hesteetara igarotzea baimentzen dute sabeleko distentsioa eragin dezakeena. Zulatu gabeko uzkien kasuan urdailaren pitzatzea gerta daiteke. Atresia egonez gero soilik sabela eskafoide ageri da.

Anomalia ugari aurki ohi dira esofagoko atresiekin, %50-70 bestelako malformazio bat izaten du, ohikoena VATERL sindromea izan ohi da. Mintzezko sareak, diafragma muskulu hipertrofia edo arrasto trakeobronkialek eragindako sortzetiko hestegorriko estenosi edo buxaduraren sintomak haurtzaroan zehar okerrera egiten duen disfagia eta okadak izan ohi dira. Hau orokorrean solidoak edo erdisolidoak jan ostean gertatu ohi da. Lehen sintometako bat gorputz arrotz bat izan daiteke hestegorrian eta kisteak bularreko erradiografia bidez diagnostika daitezke arrazoi ezezaguneko pneumonia errepikatzaile baten ostean.

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hestegorriko atresiaren etiologia ezezaguna den arren teoria anitz proposatu dira. Bai trakea zein esofagoa aurreko hestearen eratorriak dira, prozesu hauetan izandako akatsen ondorio direlarik EA:

  • esofagoaren mesenkimaren eta inguruko epitelioaren hazkuntza ez-simetrikoa
  • bereizketa trakeoesofagikoaren gabezia
  • apoptosi gabezia edo gandor neuraleko zelulen anormaltasunak.

Fistula trakeoesofagikoei (TEF) dagokienez bestelako hipotesiak proposatu dira:

  • trenkatze ez osoa edo fusio ez egokia aurreko hesteko gandorrena
  • bereizirik dauden trakea eta esofagoaren artean garatzen den konexio epitelial anormala
  • gutxitagun baskularrak

Adibidez experimentalki hesteetako atresia artifizialki induzitzea lortu da heste lakioen odoleztapena eragotziz, baina ez da emaitza berdina lortu oraindik hestegorriarekin. Gainera 9 mm-tako enbrioi batean EA eta TEF aurkitu zen, non zuhaitz baskularra oraindik guztiz garaturik ez dagoen.[9]

Edonola era EA eta TEF duten ume ugaritan esofagoko odoleztapena gutxiturik aurkitu da, are gehiago, EA eta zilborreste arteria bakarra erlazionatzen duten deskribapen ugari daude. Zain aberranteak eta dilataturiko bihotzak ere malformazio trakeoesofagikoak eragin dezaketen agente bezala ere aipatu izan dira. Honek inguruko organoetan gehiegizko presioa eragin dezake, trakea eta esofagoan bezalaxe. Beste batzuen ustetan ordea egitura hauek ez dira oraindik hain zurrunak presioak kaltetu ahal izateko.

Genetikaren aldetik osagai konkreturik definitu ez den arren kromosoma eta gene akats ugarirekin asoziatu izan da, adibidez EA beste anomaliak batzuekin batera agertzen den sindromeetan: Down sindromea, 18 trisomia, Feingold sindromea, etab. Eredu esperimental eta gizakietan oinarrituriko beste kausa batzuk proposatu dira: bitamina gutxiegitasunak, drogak hartu izana eta bestelako osagai biriko, kimiko eta fisiko.

Diagnostiko eta pronostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esofagoaren bi muturren anastomosia eta fistularen lotzea

EA edo TEFaren diagnostikoa jaio aurretik edo ostean egin daiteke zeinu klinikoetan oinarriturik edo froga gehigarriekin. Jaio aurreko aroan ultrasoinu bidez urdail burbuil txiki baten agerpena (edo agerpen eza) EA baten diagnostikoa iradoki dezake %42ko sentikortasuna. Sortu aurretik MRI baten erabilpenak %100eko sentikortasuna eta %80eko espezifikotasuna erakutsi du. Jaiotza ostean, 10 F-ko kateter erradiopako bat ahotik urdailera igarotzeko ezintasuna zeinu diagnostiko eraginkorra izaten da, erradiografia bidez ziurtatu ohi dena.

Urdail eta hestean airearen presentzia EAren adierazle izan daiteke urruneko fistularekin, sabeleko airearen agerpena atresia purua iradokitzen duen bitartean hurbileko fistularekin eta kasu arraroetan urruneko fistula hertsatzailea EArekin. Hestegorri goialdean zaku edo poltsa txiki baten agerpenak hurbileko fistula baten agerpena iradokitzen du eta isolaturiko TEF batena fluorografia, endoskopia, bronkoskopia edo kontraste azterketen bidez ziurtatzen da. Aspirazio arriskua dela eta, kontrastearen erabilpena sortzeko malformazioen diagnostikoan kontu handiz egin behar da.

EA edo TEF bat ez da gaur egun larrialdiko ebakuntza bat egiteko arrazoia jaioberri goiztiarrek jasotzen dituzten osaketa intentsiboak direla eta, baina arnas arazoak azkar garatu daitezkeenez arretaz zaindu beharreko gaixoak dira.

Orokorrean 24-48 ordu igarotzen dira diagnostiko eta ebakuntza artean, bestelako birika konplikazioak aurkitzeko epe nahikoa izaten dena. 1300 g baino gehiago pisatzen dituzten umeak eta sendoak direnak, arnas gutxiegitasun gabeak, osatze ebakuntzarako presta daitezke. Historikoki jaioberriaren pisua, pneumoniaren agerpena eta larritasuna hartu dira arrisku faktore garrantzitsuenetzat. Gaur egun kanpo aireztapenaren beharra eta bestelako malformazioak, eta ez umearen pisua erlazionatu dira hilkortasunarekin. Edonola ere, erabiltzen den sailkapenean osaketa kirurgikoan umearen sendotasuna eta gaixotasun konkomitanteen gabezia hartzen dira pronostiko positibo baten adierazletzat. [10]

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean ebakuntza bidez tratatzen dira, diagnostikoa azkar eginez gero eta poltsa esofagikoan edo amaiera itsuan sonda handi kokatzen bada segurtasun nahikoarekin egiten da umea goiztiarra bada ere.

Bularreko haurrak pneumonitisa garatuz gero etengabeko xurgatze, antibiotiko eta likido berriztapen bidez tratatu beharko da osatu bitartean. Kasu honetan umea elikatzeko gastrostomia ez oso bat egin ohi da guneko anestesiarekin. Ebakuntzan poltsa itsua apurtu eta esofagoaren amaierako bi atalen anastomosia egin ohi da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dr. Lorne H. Blackbourne. Advanced Surgical Recall, 3rd Ed. , pg. 206.
  2. Robert K Minkes. Congenital Anomalies of the Esophagus. eMedicine
  3. Gross', RE. The surgery of infancy and childhood. Philadelphia, WB Saunders; 1953.
  4. Vogt EC. Congenital esophageal atresia. Am J of Roentgenol. 1929;22:463–465.
  5. Kovesi and Rubin. Complications of Congenital Esophageal Atresia and/or Tracheoesophageal Fistula
  6. P. Puri ; M. E. Höllwarth (ed.). Pediatric Surgery (Springer Surgery Atlas Series). Springer( Berlin, 2005) ISBN: 3-540-40738-3
  7. F.H. Netter. Colección Netter de ilustraciones médicas. Sistema respiratorio. VI liburukia. (Masson, 2000)
  8. Cotran, Ramzi S.; Kumar, Vinay; Fausto, Nelson; Nelso Fausto; Robbins, Stanley L.; Abbas, Abul K.. Robbins and Cotran pathologic basis of disease. Elsevier Saunders (St. Louis, Mo, 2005). ISBN: 0-7216-0187-1
  9. Robert K Minkes. Congenital Anomalies of the Esophagus. eMedicine
  10. Babu R, Pierro A, Spitz L, Drake DP, Kiely EM. The management of oesophageal atresia in neonates with right-sided aortic arch. J Pediatr Surg. Jan 2000;35(1):56-8

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hestegorriko sortzetiko malformazioak Aldatu lotura Wikidatan