Hezkuntza Lege Orokorra (Espainia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hezkuntza Lege Orokorra
Data1970eko abuztuaren 4a
HerrialdeaEspainia

Lan osoa eskuragarriboe.es…

Hezkuntza eta Hezkuntza-Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorra izan zen hezkuntza-sistema frankistaren azken legea. Aldaketa handiak egin baziren ere indarrean egon zen Espainiako trantsizioan (1975-1982) eta PSOEren gobernuen zortzi urteetan (1982-1990), LOGSE onartu arte. 14 urte bitarteko derrigorrezko hezkuntza ezarri zuen, OHOn, Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean, bi etapatan egituratuta. Zortzi ikasturteko lehen fase horren ondoren, Eskola Graduatuaren titulua lortuta, ikaslea BBB, Batxilergo Bateratu Balioaniztuna egiten zuen, edo, tituluaren beharrik gabe, Eskolatze Ziurtagiriarekin bakarrik (zortzi maila horietan eskolatuta egonez gero), Lanbide Heziketan. BBBk bakarrik (hiru urte) ematen zuen unibertsitatera sartzeko aukera, Unibertsitatera Bideratzeko Ikastaroa Orientazioko Ikastaroa (UBI) eta selektibitatea gainditu ondoren. José Luis Villar Palasí Hezkuntza eta Zientzia ministro frankistak sustatu zuen 1969az geroztik. Eta LHko 5 urteen ondoren, unibertsitatera ere sar zitekeen ikaslea horrela nahi bazuen eta bere nota-maila nahikoa bazen.

Oinarrizko Hezkuntza Orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO) derrigorrezko eskolatze 8 ikasturtez osatuta zegoen. Legeak bi etapatan banatzen zuen (lehena, 1. mailatik 5.era eta bigarrena, 6. mailatik 8.era). Egitura hori hiru ziklokotan banatua izatera igaro zen 1981etik aurrera:[1]

  • Hasiera zikloa: OHOko 1. eta 2. mailak
  • Erdi zikloa: OHOko 3., 4. eta 5. mailak
  • Goi zikloa: OHOko 6., 7. eta 8. mailak.

Hamalau urterekin amaitzen zen OHOko goi-mailako zikloko irakasgaiak hauek ziren:

  • Hizkuntza arloa, Euskara eta Gaztelania
  • Hizkuntza arloa, Atzerriko Hizkuntza
  • Matematika eta natur zientziak
  • Gizarte arloa
  • Gorputz hezkuntza eta kirolak
  • Hezkuntza estetikoa eta preteknologikoa
  • Erlijio-prestakuntza

1979tik aurrera, ikastetxe askotan erlijio irakasgaiaren ordez Etika ikasteko aukera eskaini zen, baina eskolatze-liburu ofizialak "Erlijioa" kalifikazioa mantendu zuen.

Oinarrizko irakaskuntza amaitu ondoren, ikasleek Eskola Graduatu titulua jasotzen zuten "ikastaroak behar adinako aprobetxamenduarekin" egin bazituzten, bestela Eskolatze-ziurtagiria jasotzen zuten. Puntu horretan, hezkuntza-ibilbidearekin jarraitu nahi bazuten bi ibilbideren artean aukeratu behar zuten: Batxilergo Bateratu Balioaniztunarekin jarraitzea (BBB) edo Lehen Mailako Lanbide-Heziketako (LH-1) ikasketekin jarraitzea. Eskola-Graduatu tituluak BBB edo LH-1 ikasketak jarraitzeko aukera ematen zuen, eta Eskolatze-Ziurtagiriak, berriz, LH-1 eskuratzeko aukera baino ez zuen ematen.

Balioaniztun Batxilergo Bateratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balioaniztun Batxilergo Bateratuak (BBB) hiru urteko iraupena zuen, eta OHOren ondorengo bigarren mailako ikasketak hartzen zituen. Ondoren, Unibertsitate Orientazioko Ikastaroa (UBI) egiten zen, ikasketa unibertsitarioak hasi aurreko azken urrats gisa.

BBBko 1. mailako irakasgaiak hauek ziren:[2]

  • Gaztelania
  • Euskara
  • Matematika
  • Natur Zientziak
  • Zibilizazioen eta Artearen Historia
  • Atzerriko Hizkuntza (ingelesa edo frantsesa)
  • Musika, Arte eta Kultura jarduerak
  • Marrazketa
  • Erlijioa (edo Etika, 1979tik aurrera)[2]
  • Gorputz Hezkuntza.

BBBko 2. mailako irakasgaiak hauek ziren:

  • Literatura
  • Matematika
  • Fisika eta Kimika
  • Giza Geografia eta Geografia Ekonomikoa
  • Latina
  • Atzerriko hizkuntza
  • Erlijioa edo Etika
  • Gorputz Hezkuntza
  • I.J.T.P (Irakaskuntza eta Jarduera Tekniko-Profesionalak). Ikastetxe bakoitzean eskaintzen ziren ikasgaietatik bat aukeratzen zen. Besteak beste gai hauek lantzen ziren: elektrizitatea, diseinua, antzerkia, informatika, atzerriko bigarren hizkuntza, etxeko lanak, argazkia, astronomia, literatura-sorkuntza,...

BBBko 3. mailako derrigorrezko irakasgaiak hauek ziren:

  • Espainiako eta Herrialde Hispanikoetako Geografia eta Historia
  • Filosofia
  • Atzerriko hizkuntza
  • Erlijioa edo Etika
  • Gorputz Hezkuntza
  • I.J.T.P

Gainera, ikasleek bi aukeren artean hautatu behar zuten: Zientziak eta Letrak. Aukera bakoitzean eskaintzen ziren lau irakasgaietatik hiru aukeratu behar zituzten, bi adarretan komunak ziren derrigorrezko irakasgaiak osatzeko.

Adar bakoitzean irakasgai hauek eskaintzen ziren:

  • A aukera: Letrak: literatura, latina, grekoa eta matematika.
  • B aukera: Zientziak: Fisika eta Kimika, Natur Zientziak, Matematika eta Literatura.

Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtean (UBI) 1987tik aurrera, ikasleak Zientzia arloko bi adar (Biosanitario eta Teknikoa aukera) eta Letra arloko beste bi adar (Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak) zituzten aukeran.[3]

Hizkuntza autonomia erkidegoetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autonomia-estatutuak onartu ondoren, maila guztietan, bai OHOn bai BBBn, hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten autonomia-erkidegoetan, hautazko irakasgai gisa bertako hizkuntza ere ikasten zen, eta, BBBko hirugarren mailako letren artean aukeratu beharreko beste irakasgai batean, hizkuntza horretako literatura.

Euskadi Autonomia Elkartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Jaurlaritzaren 138/1983 Dekretuak euskararen erabilera hezkuntza sisteman arautzen zuen, aurreko hamarkadetan euskara hezkuntza sistema ofizialetik bazterturik egon eta gero. Dekretuak, Gernikako Estatutuari jarraiki gaztelania eta euskara, hizkuntza ofizial biak ikasi behar zirela arautzen zuen.

Bi hizkuntzak ikasteko guraso edo familien esku geratzen zen seme-alabak zein hizkuntza eredutan hezi. Hiru hizkuntza eredu proposatu ziren derrigorrezko hezkuntzan, hau da lehen hezkuntzan eta DBHn:

  • A eredua: gaztelania komunikazio-hizkuntza izango da eredu honetan. Irakasgai guztiak gaztelaniaz ikasiko dira, Euskara eta literatura izeneko irakasgaia eta atzerriko hizkuntza salbu.
  • B eredua: gaztelania eta euskara, biak izango dira eskola sistemako komunikazio-hizkuntza. Euskara eta literatura izeneko irakasgaian euskara ikasiko da. Lengua castellana y literatura izeneko irakasgaian gaztelania ikasiko da. Beste irakasgaiak bi hizkuntzen artean banatuko dira, (atzerriko hizkuntzari eskainiko zaion irakasgaia salbu).
  • D eredua: euskara komunikazio-hizkuntza izango da eredu honetan. Irakasgai guztiak euskaraz ikasiko dira, Lengua castellana y literatura izeneko irakasgaia eta atzerriko hizkuntza salbu.
  • X eredua: gaztelania komunikazio-hizkuntza izango da eredu honetan. Irakasgai guztiak gaztelaniaz ikasiko dira, Euskara eta literatura izeneko irakasgaia eta atzerriko hizkuntza salbu. Eredu honetan ikasleak Euskara eta literatura irakasgaian ebaluaziotik salbuetsita daude. Eredu hau Euskal Herrian bolada laburrak igarotzera etorritako ikasleengan pentsatuz eskaintzen da.

Batxilergoan eta lanbide heziketan A/X eredua eta D eredua eskainiko dira. Ez da B eredua eskainiko.

EAEko hizkuntza ereduen bilakaera[4].
EAEn euskararen ezagutza maila proiekzioa[4].
2016/2017 ikasturtea[5]
A eredua B eredua D eredua X eredua
Haur hezkuntza %3,1 %17,9 %78,6 %0,5
Lehen hezkuntza %4,3 %22,1 %72,9 %0,7
DBH %8,6 %24,9 %65,9 %0,6
Batxilergoa %33,4 %3,8 %62,1 %0,7
Guztira %17,3 %18,1 %64,1 %0,5
2016/2017 ikasturtea[5]
A eredua B eredua D eredua X eredua
Araba %23,1 %28,8 %48,1 -
Bizkaia %19,5 %20,7 %58,7 %1,1
Gipuzkoa %11,3 %9,3 %79,4 -
EAE %17,3 %18,1 %64,1 %0,5

Lanbide heziketan 2016-2017 ikasturtean A eredua zen nagusi EAEn[5], ikasleriaren % 68 A ereduan eta %23 D ereduan.

« Seitik bat, %17, etxean euskaldundua da. Badago beste multzo bat, %9, etxean bi hizkuntzak jaso dituena eta eskolan ikasia. Etxean euskararik jaso ez dutenei begiratuta, hara: herenek, %32k, euskara eskuratu dute eskolan, baina gehiago dira (%42) euskara jakin gabe atereak. 2001eko inkesta soziolinguistikotik aurrerako datuak erabili dituzte, ereduak hasi zirenean eskolatutakoek 24 urte beteak zituztelako. Etxean euskaldundutakoak kenduta, beraz, erdiak daude euskaldundu gabe. »
Garikoitz Goikoetxea. Berria.eus. 2018-02-07

Nafarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foru Legearen araberako hizkuntza zonifikazioa, 2017ko aldaketekin. 2017an lurralde berriak gehitu ziren eremu mistoan (laranja koloreaz)

1986an Nafarroako Legebiltzarrak Euskararen Foru Legea onartu zuen lehen aldiz. (Geroztik legeak aldaketak izan zituen). Euskarari ofizialtasuna eta hezkuntza sisteman txertatzeko bidea irekitzen zion lege honek baina ez Nafarroa Garaia osoan. Lurraldea eskualdeka banatu eta hiru eremu berezi ziren. Iparraldean eremu euskalduna, non euskara, EAEn bezala, ofizialtasun estatusa zuen. Hegoaldean aldiz, euskara ez zen ofiziala izango. Erdialdeko lurralde batzuei "eremu mistoa" deitu zioten honelako testuarekin:

« Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.

Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten.[6]

»
  • Hezkuntza sisteman eremu euskaldunean EAEko hiru ereduen parekoak ezarri ziren, A, B eta D ereduak.
  • Hegoaldean, eremu ez-euskaldunean euskara hezkuntza sistema publikotik nahiko kanpo geratu zen. A ereduarekin batera, —euskara atzerriko hizkuntzaren pare—, G eredua ere ezarri zen non euskara curriculumetik erabat bazterturik agertzen zen.
  • Erdialdeko eremu mistoan guraso edo familien esku geratzen zen A edo G eredua hautatzea edo D eredua.

Nafarroako euskararen egoera, orain arte, EAEkoarekin konparatuz, apalagoa izan da[7]:

2016/2017 ikasturtea[5]
1986 1991 1996 2001
Euskaldunak %9,97 %10,01 %10,74 %11,85
Ia euskaldunak %5,12 %6 %7,28 %9,09
Erdaldunak %84,9 %83,99 %81,96 %79,06
Guztira %100 %100 %100 %100

Euskaldun kopuruaren eta hezkuntza sisteman hizkuntza-ereduen artean, nolabaiteko korrelazioa ikus daiteke. Horra lehen hezkuntzako datu batzuk[7]:

2016/2017 ikasturtea[5]
1996/1997 2000/2001 2004/2005
A eredua %15,2 %24,7 %27,6
B eredua %0,5 %0,3 %0,2
D eredua %19,9 %23,1 %24,8
G eredua %64,4 %51,9 %47,4
Guztira %100 %100 %100

Espainiako Hezkuntza-lege berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza-sistema hori indargabetu eta ordezkatu zuen 1990eko LOGSEk. Lege honek 16 urtera arte luzatu zuen derrigorrezko eskolatze garaia, lan-munduan sartzeko gutxieneko adinarekin bat etor zedin. OHOko lehen sei ikasturteak Lehen Hezkuntzari dagozkio, eta OHOko azken biak gehi BBBko lehenengo biak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari.

Lege honen eta LOGSE leren arteko antolaketa-desberdintasun nagusia. (Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legea) honako hau da: ikasleak 12 urte betetzen dituztenean igarotzen dira eskolatik Institutura, aurreko sisteman baino bi urte lehenago.

2002an, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoak ordeztu zuen LOGSE, eta ez zen inoiz ezarri. 2006an LOE onartu zen. (Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa). 2013an beste hezkuntza-erreforma bat jarri zen indarrean, LOMCE. Geroago, 2020an, LOMLOE onartzea, 21-22 ikasturtean indarrean jarri zena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]