Edukira joan

Hezur industria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Azil aldiko arpoi edo arrankazia

Hezur-industria, tresnak egiteko hezurra, adarra, hortza, oskola edo bolia lehengaiak erabiltzen dituen industria (tresnen eta objektuen multzoa) da.[1] Duten izaera kimikoagatik, industria litikoek baino kontserbazio-maila txikiagoa dute. Gaur egun gorde diren hezur-tresnak dira baldintza onetan lurperatuta egon direnak. Ziur asko, historiaurrean, zurez, zuhaitz-azalez, sokaz, larruz, hegazti-lumaz, ilez, tendoiez eta abarrez egindako hainbat tresna edo tresna osagai egin dira, baina desagertu egin dira. Gizakiak egin izanaren aztarnak dituztenak, egur-zati batzuk baino ez dira gorde, adibidez, Aranbaltzako makil zulatzailea, 90.000 urte dituena, lantza batzuk, pertikak, ezpalak... Badakigu, hala ere, asko egongo zirela, izatez, ezagutzen diren harrizko ekoizpen asko, egurrezko kirten batean sartuta edo atxikita egongo ziren. Egur zati batzuk Behe Paleolitoan datatu dira, baina aurkikuntza arkeologiko apartekoa da.[2]

Material organikoek ez dute harriaren gogortasunik erreminta bat egiten denean. Hala ere, askoz xaflakorragoak eta malguagoak dira, eta horrek beste jarduera batzuetarako erabiltzeko aukera ematen du. Beraz, harriarekin lantzeko zailak diren teknikak egiteko aukera ematen dute, hala nola ebakitzea, zulatzea, ebakidurak markatzea edo leuntzea. Gainera, hezur-materialek gainazalean marka jakin batzuk egiteko aukera ematen dute eta horren ondorioz, baita adierazpen artistikoak garatzeko ere, hala nola Goi Paleolitoko arte higigarrian.

Apainduta dauden makil zulatuak
Neolitoko aztarnategia zen Chaves leize-zuloko orratzak

Behe Paleolitoan eta Erdi Paleolitoan, gizakiek hezurrak gutxi erabili zituzten tresnak egiteko, aurkikuntza arkeologikoetan kontserbatutako materialek erakusten duten bezala. Badira gizakiak nahita apurtutako hezurrak, baina ezin dira baliagarritzat jo. Hezur-aurkikuntza horiei gutxi landutako hezurra esaten zaie.

Goi Paleolitoan eta ondorengo garaietan agertu zen benetako hezur-tresneria, ongi definitutako tipoekin. Halako moldez, ezen, objektu mota batzuei, fosil gida edo zuzendari deitzen baitzaie, geruza batean agertzen denean, kultura-eremu jakin bat definitzen dutelako.

Hauek dira Paleolitoko eta Mesolitoko hezur-tresnen oinarrizko motak:

Alacanten dagoen Almazora leizeko Neolitoko puntzoiak

Puntzoia, zura edo larrua bezalako materialak zulatu edo lantzeko erabili ohi den objektu zorrotza da. Hezur-puntzoiak hezur-hondar guztietan agertu ohi dira. Soilak ematen badute ere, ezberdintasunak egongo dira ale ezberdinen artean: erabili izanak ematen duen leunketa kantitatea, prestatzeko aplikatu zien teknika eta objektu horien tamaina asko alda daitezke. Puntzoiak erabilitako hezurraren ezaugarrien arabera sailkatu ohi dira. Askok hezurraren epifisia ( hezurraren mutur biribil naturala) atxikitzen dute. Zenbait autorek hipotesi desberdinak dituzte tresna horien erabilerari buruz, baina bi erabilera nagusitan adostuta dago: saskigintza eta larruen zulaketa.[3]

Hegaxkak edo hegaxka lau-ganbilak tresna luzanga bat da, hezur edo adar baten gainean egina, sekzio lau-ganbila izaten duena (ganbila "goiko" aurpegian eta laua "behekoan"). Bi arteka paralelo edo konbergenteren bidez oreinaren edo hezurraren adar-zati bat ateratzean lortzen da. Bere funtzioa azagaia baten antzekoa izan zitekeela uste da: azkona baten punta izatea.[4] Bi hegaxka lotuz, eta haien artean ijelki litikoak sartuz, punta zorrotz eta eta animalian sartuez gero, ez erortzeko ahalmena izango zuen azkona punta lor zitekeen.

  1. «Aginte-bastoi» izenekoek, gaur egun «makila zulatu» gisa izendatzen direnek, inoiz ez dute autoritate- edo aginte-sinbolo izateko helbururik izan, gaur egungo azterlanetan ikus daitekeenez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Álvarez-Fernández, E., Gómez-Fuentes, A., Tapia-Sagarna, J. (2014). La industria ósea de la Prehistoria. Ediciones Universidad de Salamanca.
  2. Muñoz Amilibia, Ana María, ed. (2001). Prehistoria. Univ. Nacional de Educación a Distancia ISBN 978-84-362-4399-4. (kontsulta data: 2025-07-07).
  3. Buc, Natacha; Loponte, Daniel. (2007). «Bone tool types and microwear patterns: Some examples from the Pampa region, South America» Methods and interpretations in Worked Bone: 143-157..
  4. (Gaztelaniaz) «CER.es Colecciones en Red - Museos» ceres.mcu.es (kontsulta data: 2025-07-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]