Edukira joan

Hezurdura

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Giza hezurdura

Hezurdura edo eskeletoa organismoaren estruktura eusten duen gorputzaren atala da. Halaber, gorputzaren hezurrek sortzen duten armazoi gogorra da, forma, babesa eta euskarria ematen diena ehun bigun, gihar eta organoei.

Hainbat hezurdura mota daude: exoeskeletoa (organismoen kanpoko azal egonkorra); endoeskeletoa, gorputz barruko estruktura osatzen duena; hidroeskeletoa, eta zitoeskeletoa.

Bestalde, eskeletoak edo hezurdurak, gihar-sistema eta nerbio-sistemaren zati batekin batera, lokomozio-aparatua osatzen du, hau da, giza gorputza mugitzea ahalbidetzen duen aparatua.

Balea urdin baten eskeletoa

Hezurdura edo eskeletoa antzinako grezieratik dator: σκελετος, skeletos «gorputz lehortua», «momia»[1], eta latinez sceletus «momia, eskeletoa», sceleton «gorputzeko hezurrak»”. Aipatzekoa da hitz hori (σκελετος) Platon filosofo greziarrak (427-347 k.a.) erabili zuela bere lanetako batean.

Eskeletoaren kontzeptua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskeletoa ehun mesenkimalez banandutako unitate solidoen multzoa da, eta elkarri lotuta daude ehun kartilaginosoaren edo hezur-ehunaren bidez. Izaera biologiko eta mekanikoko funtzio batzuk betetzen ditu, eta lokomozio-aparatuaren zati pasiboa da[2].

Motak eta sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskeletoak zenbait atributuren bidez defini daitezke. Eskeleto solidoak substantzia gogorrez osatuta daude, hala nola hezurra, kartilagoa edo kutikula. Horiek, aldi berean, kokapenaren arabera zatitu daitezke; barruko eskeletoak endoeskeletoak dira, eta kanpoko eskeletoak exoeskeletoak. Eskeletoak zurruntasunagatik ere defini daitezke, non eskeleto malguak eskeleto zurrunak baino elastikoagoak diren[3].​ Eskeleto jariakor edo hidrostatikoek ez dute egitura gogorrik eskeleto solidoek bezala; fluido presurizatuen bidez funtzionatzen dute. Eskeleto hidrostatikoak barnekoak dira beti[4].

Eskeleto-sistemak hiru motatakoak izan ohi dira:

  • Kanpokoak edo exoeskeletoa.
  • Barnekoa edo endoeskeletoa.
  • Eskeleto jariakor edo hidrostatikoa.

Exoeskeletoa ez da beti eskeleto-sistemaren partetzat hartzen enbrioi-jatorria duelako[4].

Exoeskeleto edo kanpo-hezurdura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Isopoda baten exoeskeletoa
Borneako arantzurdearen endoeskeletoa

Exoeskeleto edo kanpo-hezurdura, organismoaren kanpoaldean dagoena. Kanpo-hezurdurek tamaina bereko endoeskeletoek baino pisu gutxiago mantentzen dute; horregatik, ornodunek barne-hezurdura dute, handiagoak baitira (animalia urtar handi batzuk exoeskeletoa dute ur azpian pisu gutxiago mantendu behar dutelako). Exoeskeletoa ornogabe askok daukate, hala nola intsektuek (kilkerrek, labezomorroek), krustazeoek (karramarroek, otarrainek) eta moluskuek (barraskiloek, txirlek). Koralen kaltzio karbonatozko estalkia ere exoeskeletoa da. Exoeskeletoak jatorri ektodermikoa du, eta osatzen duten elementu zurrunek eta sendoek zenbait funtzio bete behar izaten dituzte, hala nola gorputzeko ehun eta organoak estaltzea, babestea, eustea, iraiztea, zentzumena, elikatzea, forma lehortarretan deshidratazioa eragoztea, giharrak eranstea eta ingurunearekin elkar egitea. Konposizioari dagokionez, hainbat elementu aurkituko ditugu exoeskeletoan, hala nola kaltziozko mineralizazioak knidario, ekinodermatu, molusku eta zenbait poliketotan; siliziozkoak, diatomea eta erradiolarioetan; kitina, artropodoetan; eta hezur eta kartilagoak, zenbait ornodunetan (ostrakodermo- eta plakodermo-fosiletan eta egungo dortoketan)[4][5][6].

Endoeskeleto edo barne-hezurdura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Endoeskeleto edo barne-hezurdura, organismoaren barnealdean dagoena. Endoeskeletoak, gehienetan, mesodermoan du jatorria, eta animaliaren gorputza eusten du, eta egitura eta forma ematen die. Ornodunetan da nagusi. Kordatuek eta ekinodermoek daukate horrelako eskeletoa. Ornodunetan, bi ehun klasek osatzen dute: hezurrek eta kartilagoek. Hezurrak mineralizatutako edo osifikatutako egiturak dira, eta kartilagoak hezurren osagarriak dira (gizakien kasuan sudurrean eta belarrietan gertatzen den bezala). Barne-hezurdura giharrei esker mugituko da, eta tendoi edo zurdek elkartuko dituzte hezurrak giharren sistemara (hezurrak haien artean lotailuen bidez egongo dira lotuta)[4][5][6].

Hezurdura malgua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezurdura malgua mugitzeko kapaz da, estresa aplikatzen zaionean deformatu (gihar-uzkurdura) eta berezko formara itzultzen da (gihar-erlaxazioa). Hezurdura malguak proteinez, polisakaridoz eta urez osatuta daude, eta kartilagoak ere eduki ditzakete. Hezurdura malgua duten organismoak, normalean, ur azpian bizi dira, urak gorputzaren estruktura eusten baitu hezurdura zurrunak beharrean[4].

Hezurdura zurruna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezurdura zurruna ez da mugitzeko kapaz estresa aplikatzen zaionean, animalia lurtarretan euskarri gogorrak sortuz. Kitinaz, kaltzio karbonatuz edo silikatoz osatuta egon daitezke. Ur azpian bizi diren animaliek hezurdura hori babesteko edo azkar igeri egiteko giharrei euskarri handiagoa emateko erabiltzen dute[4].

Hidroeskeletoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hidroeskeleto edo hezurdura hidrostatikoa fluidoz beteriko barrunbe bat da, zelomatikoa edo pseudozelomatikoa, giharrez inguratua dagoena. Eskeleto-sistema sinpleena da. Fluidoaren presioak eta giharren ekintzak gorputzaren forma aldatu, eta mugimendua sortzen dute. Izan ere, espazio itxian bildutako fluidoek bolumen zehatza betetzen dute, eta espazio horri forma jakina mantentzen laguntzen diote; beraz, kanpo-presioei sendoago edo ahulago eusten diete barrunbea bera osatzen duten egituren ezaugarri fisikoen arabera. Horrela, barrunbeen bolumena ez da aldatzen, eta kanpoko presioek forma-aldaketak soilik eragin ditzakete. Ekinodermo, anelido, nematodo eta beste ornogabe batzuen lokomozioan parte hartzen du[6].

Hezurdura duten organismoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Espikula karetsuak, belaki batzuen eskeletoa osatzen dutenak.

Ekinodermo eta marmoka edo lur-zizare bezalako gorputz biguneko beste ornogabe batzuen endoeskeletoa hidrostatikoa da. Gorputz barrunbea, hau da, zeloma, fluido zelomikoz beteta dago, eta fluido horren presioak, inguruko giharrekin batera, lan egiten du organismoaren itxura aldatzeko eta mugimendua eragiteko.

Belaki baten ilustrazioa, espikulak erakutsiz.
Sakontzeko, irakurri: «Belaki»
Euplectella belakiaren silize-eskeleto lehorra.

Belakien hezurdura kare- edo silize-espikula mikroskopikoz osatuta dago. Demospongiae klaseak belaki espezie guztien % 90 hartzen du. Haien hezurdura espongina proteinaren zuntzak, silize minerala edo biak dituzten espikulaz osatuta dago. Silize-espikulak agertzen direnean, beira-belakien itxura desberdina dute[7].

Sakontzeko, irakurri: «Ekinodermo»

Ekinodermoen hezurdura, kaltzita minerala eta magnesio oxido kantitate txiki batez osatuta dago, eta epidermisaren azpian kokatzen da, mesodermoan. Hezurdurak osatzen duen egitura porotsua da; hortaz, aldi berean, sendoa eta arina da. Karedun hezur-xafla txiki batzuekin batera fusionatzen da; horiek norabide guztietan haz daitezke; beraz, gorputz atal baten galera ordezka dezakete (itsas izarra, adibidez). Bestalde, giltzaduren bidez lotuta, hezurduraren atal bakoitza giharren bidez mugi daiteke.

Sakontzeko, irakurri: «Ornodun»
Equus ferus caballus (zaldi arruntaren) morfologia eta hezurdura.
Ugaztun baten endoeskeletoa, urtxintxa gorri batena (Sciurus vulgaris).

Ornodun gehienetan, hezurduraren osagai nagusiari, hezur deritzo. Hezur horiek animalia mota bakoitzerako hezur-sistema edo hezurdura bakarra eratzen dute. Beste osagai garrantzitsu bat kartilagoa da, zeina ugaztunetan, batez ere, giltzadura guneetan agertzen den. Beste animalia batzuetan, arrain kartilaginosoetan adibidez (marrazoak haien artean), hezurdura kartilagoz osatuta dago, erabat. Hezurduraren segmentu eredua ornodun guztietan ageri da (ugaztunak, hegaztiak, arrainak, narrastiak eta anfibioak) oinarrizko unitateak errepikatuz. Segmentu eredu hori bizkarrezurrean eta kutxa torazikoan nabaria da.

Hezurrak, gainera, gorputza eusteaz gain, maila zelularrean kaltzioa eta fosfatoa biltzeko ere balio dute.

Lophius piscatorius

Ornodunen eskeletoaren zatiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hezurra

Hezurrak organo zurrunak dira, eta animalia askoren endoeskeletoa osatzen dute, hala nola gizakiena. Hainbat funtzio dituzte: gorputzari eusteko egitura sendoa osatzen dut;, organo oso sentikorrak babesten dituzte (garuna, adibidez); mugimendua ahalbidetzen dute muskuluak txertatzeko leku gisa balio dutelako, eta odolaren parte diren zelulak sortzen dituzte (Hematopoiesi). Hezur-piezen (hezurren) multzo antolatuak eskeletoa edo sistema eskeletikoa osatzen du. Pieza bakoitzak funtzio jakin bat eta multzo bat betetzen du artikulatuta dagoen piezen inguruan.

Hezurrean, hainbat ehun mota daude. Nagusia hezur-ehuna da, ehun konektibo sendo, gogor eta hauskaitz mota espezializatua, zeinak, zelulez (osteozitoak) eta kaltzifikatutako zelulaz kanpoko osagaiez osatua, gogortasun handia ematen dion. Hezurrek periostio izeneko ehun konektibo fibrosozko gainazala dute, eta kartilago-ehunez estalitako gainazal artikularrak dituzte. Hezurren barruan, hezur-muina dago, ehun bigunez osatua, odoleko zelulak sortzen dituen ehun hematopoietikoa eta ehun adiposoa (gantza) barne. Gainera, egitura irrigatzen eta inerbatzen duten odol-hodiak eta nerbioak ditu[8].

Hezurra organo bizia da, eta oxigenoa eta mantenugaiak ematen dizkioten zelulak eta odol-hodiak ditu. Etengabe dago birmoldatze-prozesuan; haurtzaroan eta nerabezaroan, tamainaz handitzen da, bai luzeran, bai lodieran, eta, hausturaren bat izan ondoren, bere burua leheneratzeko gai da. Prozesu horri hezur-kontsolidazio deritzo. Hainbat hormona zirkulatzaileren eraginari erantzuten dio, hala nola kaltzitoninaren, parathormonaren eta hazkunde-hormonaren eraginari.

Zelulaz kanpoko matrizean kaltzio fosfatozko kristalak daudenez eta kristal horiek espazioan daudenez, hezur-ehunak propietate fisiko bereziak ditu gogortasunari, erresistentziari, arintasunari eta nolabaiteko malgutasunari dagokienez, eta, ondorioz, ezin egokiagoa da euskarri gisa duen egitura-funtzioa betetzeko. Hala ere, hezurra ez da organismoan gogortasun handiena duen substantzia, bada, hortz-esmalteak gainditzen baitu.

Hezurra egitura mineral inertetzat hartzearen ideia okerra da, eta baldintzatuta dago hil ondoren zelulen arteko matrize mineralizatuak iraun egiten duelako, luzaroan kontserbatuz. Hala ere, hezur-aztarna horiek ez dira benetako hezurrak nahiz eta forma mantendu, odol-hodiak, nerbioak, hezur-muina eta zelula bizi guztiak galdu baitituzte, eta ez baitute hazteko eta birsortzeko gaitasunik[8].

Garezurreko eskeletoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garezurreko eskeletoak entzefaloa babesten du, eta faringeko arrailei eusten die. Garezurra, oro har, banatzen da: esplaknokranio (digestio- eta arnas sistemarekin lotutako zatia) eta neurokranioan (nerbio-sistemari lotutako zatia). Neurokranioa, era berean, kondrokranio eta dermatokranioan zatitzen da, enbrioi-jatorriaren arabera, nahiz eta testu batzuek kondrokranio eta neurokranioa sinonimotzat erabiltzen dituzten[4][5][6].

Garezur osteko eskeletoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hezurdura axiala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ornodunen gorputz-ardatza da. Sailkapen batzuen arabera, burezurra hezurdura axialaren barruan dago. Uneren batean, notokordak osatzen du, nahiz eta ornodun gehienetan notokorda, garapenean, ornoek ordezkatzen duten, kartilagoak zein hezurretakoak[4][5][6].​​

Eskeleto apendikularra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerriek (sorbalda-gerrikoa eta gerri pelbikoa) eta gorputz-adarrak osatzen dute[5].

Sakontzeko, irakurri: «Arrain»

Arrainen barruan, euste-egitura osatzen duen hezurdura kartilagoz (kondriktioetan bezala) edo hezurrez (osteiktioetan bezala) osatuta egon daiteke. Hezurduraren elementu nagusia bizkarrezurra da, arinak eta sendoak diren giltzatutako ornoz osatuta dagoena. Saihetsak bizkarrezurrera lotuta daude, eta ez daude gorputz adarrik. Hezurrak giharren bidez soilik eusten dira, eta horiek arrainen enborraren atal nagusia osatzen dute. Arrainen kanpoko ezaugarririk nagusia hegatsak dira.

Sakontzeko, irakurri: «Hegazti»

Hegaztien hezurdura hegan egiteko moldatuta dago. Oso arina da, baina, aldi berean, aireratu, hegan egin eta lurreratzeko estresa edo tentsioa eusteko sendoa da. Moldaketa horretarako gako bat da hezurren fusioa hezurtze bakarretan gertatzea (pigostiloa, esaterako). Horren ondorioz, hegaztiek, normalean, beste ornodun lurtarrek baino hezur gutxiago dituzte. Bestalde, hegaztiek ez dute, ez hortzik, ezta benetako masailezur edo barailezurrik, horien ordez askoz arinagoa den moko bat garatu baitute. Hegazti kume askoren mokoek arrautza-hortz izeneko irtengune bat dute, arrautza amniotikotik haien irteera errazten duena.

Itsas txakur baten hezurdura.

Ugaztun urtarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uretako ugaztunen mugimendua uretan errazteko, atzeko hankak galtzen dira (bale eta manatietan, esaterako) edo isats-hegats bakar batean batu (itsas txakurretan). Baleetan, orno zerbikalak fusionatuta daude, igeri egiten dutenean egonkortasuna elastikotasunagatik ordezkatzeko[9][10].

Sakontzeko, irakurri: «Giza hezurdura»

Giza hezurdura banakako eta elkarren artean fusionatutako hezurrez osatuta dago, horiek lotailu, tendoi edo zurda, gihar eta kartilagoen bidez eusten direlarik. Organoak eutsi, giharrak ainguratu eta burmuina, birikak, bihotza eta orno-muina gisako organoak babesteko balio du.

Gorputzeko hezurrik handiena femurra da, beheko gorputz-adarren alde proximalean (izterrean) kokatzen dena; eta, txikiena, berriz, bitarteko belarriko estribua.

Nahiz eta hortzek ez duten hezurretan ageri den ehunik, orokorrean, hezurduraren ataltzat hartzen dira[11].

Fusionatutako hezurren artean, pelbis eta burezurrekoak ditugu. Dena dela, hezur guztiak ez dira zuzenean elkarri lotzen; bitarteko belarriko osikuluak (mailua, ingudea eta ointokia), adibidez, bata bestearekin soilik giltzatzen dira. Hioide hezurra, lepoan kokatzen dena eta mihia bertan ezartzeko balio duena, aldiz, ez da beste hezurrekin giltzatzen, gihar eta lotailuen bidez eusten delarik.

Giza-eboluzioa

Heldu batean, hezurdura gorputzeko pisu totalaren % 14 ingurukoa da[12], eta pisu horren erdia ura da. Heldu batek 206 hezur ditu. Hala ere, zenbaki hori hainbat ezaugarriren arabera alda daiteke: alde bakoitzeko pelbiseko hezurrak batera zenbatu daitezke edo hiru hezur desberdin izango balira gisa (iliona, iskiona eta pubisa). Kokzixa edo uzkornoa lau hezur soltetzat har daiteke. Aldi berean, hezur sakroa, normalean, hezur bakartzat hartzen da fusionatutako bost ornoen ordez. Bestalde, gehien bat zurdetan aurkitzen diren hezur sesamoideo txikien kopurua aldakorra da. Gorputzeko hezur sesamoideorik handiena patela edo errotula da (guztira bi ditugu; bat alde bakoitzean). Hau guztira zenbatzen da; hau da, hezur bakarra izango balitz bezala, jarraitua baita.

Hezur kopurua indibiduoen artean eta adinaren arabera aldakorra da; jaioberriek, adibidez, 270 hezur izan ohi dituzte[13][14][15], denborarekin horietako batzuk haien artean fusionatzen direlarik. Izan ere, giza-hezurdurak 20 urte behar ditu erabat garatzeko.

Hezur horiek luzetarako ardatz batean antolatuta daude, ardatz-hezurdura (gorputzaren erdialdean), non gorputz-adarretako hezurdura lotzen den[16].

Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen hezurduren artean hainbat desberdintasun daude:

Gizonezkoen hezurdura, emakumezkoena baino handiagoa eta astunagoa da, orokorrean. Pubis-hezurren arteko angelua zorrotzagoa da; eta, horren ondorioz, gizonezkoen pelbisa borobil eta estuagoa da, eta horren barneko ertza, bihotz itxurakoa.

Emakumezkoen hezurduran, burezurreko hezurrak ertz gutxiagokoak dira; hau da, borobilagoak. Bularrezurra zabalagoa eta laburragoa da, eta eskumuturrak, argalagoak. Pelbisa zabalagoa eta ez hain sakona da haurdunaldia eta erditzea errazteko[17][18].


Giza-hezurdurako hezurrak
Ardatz-hezurdura
Burezurra
Neurokraneoa
Aurpegia
Belarria
Toraxa
Bizkarrezurra
Gorputz-adarretako hezurdura
Sorbalda
Besoa
Eskua
Pelbisa
  • Iliona
  • Iskiona
  • Pubisa
Hanka
Oina

Hezurrak eta kartilagoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hezur»
Hankaren hezurrak

Hezurrak ornodunen endoeskeletoaren organo zurrunak dira. Funtzioak organoen mugimendua, euskarria, babesa, zelula zuri eta gorrien eraketa eta mineralen metaketa dira. Hezur-ehuna ehun konektibo trinkoa da. Hezurrek hainbat forma dituzte, baina guztiek dute barneko eta kanpoko estruktura konplexua. Izan ere, arinak dira, baina oso gogorrak eta erresistenteak.

Hezurra ornodunen ehun-mota bereizgarria da; mineralizatutako ehun konjuntibo espezializatua da, eta, matrizean, kaltzio fosfatoa eta beste hainbat gatz jalkitzen dira. Garapen endokondralez eratzen diren hezurrei, kartilagozko edo ordezkapenezko hezur deritze. Horiek garatzeko, kartilago bat sortzen da lehenik ehun mesenkimatikoetatik, hezurra izango denaren eredu, eta hori mineralizatu eta hezur bilakatzen da ondoren. Horrelako hezurrek jatorri mesodermikoa izaten dute. Hezur dermikoak, berriz, mesenkimaren osifikazio zuzenez eratzen dira. Gisa horretakoak dira burezurreko hainbat hezur, bai eta gerri eskapular eta tegumentukoak ere. Dermiko izena ematen zaie haien jatorri mesenkimatikoa azaleko dermisean nabari delako, eta haien jatorria ektodermikoa izaten da.

Hainbat ehun motek osatzen dute hezurra; horien artean, ehun mineralizatua dago, zurruntasuna eta abaraska estruktura ematen diona hezurrari, hau da, itxura porotsua. Beste mota batzuk muina, endostioa, periostioa, nerbioak, odol basoak eta kartilagoa dira.

Guztira 206 hezur daude heldu baten gorputzean[19], eta 270 ume baten gorputzean[20].

Sakontzeko, irakurri: «Kartilago ehun»

Enbriogenesian, hezurren aitzindaria kartilagoa da. Ondoren, substantzia hori hezurrek ordezkatzen dute haurdunaldiaren bigarren eta hirugarren hiruhilekoan, horren inguruan azala osatu eta gero. Modu horretan sortzen da hezurdura.

Kartilago elastikoa

Kartilagoa ehun konektibo zurrun eta erresistentea da, animalia eta gizakietan hezurren artikulazioetan, kutxa torazikoan, saihetsetan, belarrian, sudurrean, ukondoan, belaunean, orkatilan, bronkioetan eta ornoen artean aurkitu daitekeena. Ez da hezurrak bezain zurruna, baina giharrak baino gogorragoa da, eta elastikotasun txikiagoa du.

Kartilagoa kondrozito deituriko zelula espezializatuez osatuta dago. Zelula horiek zelula kanpoko matrize asko jariatzen dute, bigarren motako kolageno zuntzez beteta daudenak, eta elastinazko zuntz eta proteoglikano ugari dituen oinarrizko substantzia ere jariatzen dute.

Kartilagoa 3 motatan klasifikatuta dago: elastikoa, hialinoa eta fibrokartilagoa. Hiru mota horien desberdintasun nagusia da hiru osagai horien kopuru erlatiboa. Beste ehun konektiboek ez bezala, kartilagoak ez ditu odol basorik.

Kondrozitoak difusioz hornituak dira, kartilago elastikoaren flexioak edo kartilago artikularraren konpresioak sortzen duen ponpa akzioak lagunduta. Horregatik, beste ehun konektiboekin konparatuz, kartilagoa astiroago hazten da, eta astiroago konpontzen da.

Kartilago motak: A. Elastikoa. B. Hialinoa. C. Izpitsua.

Mendebaldeko kulturan, hezurdura, sarritan, heriotzaren eta paranormalaren ikur beldurgarri gisa ikusten da. Halloweeneko jaietako motibo ezagun bat da, baita Mexikon ospatzen den Hilen Eguna (Día de los Muertos) jaian ere.

Gainera, fikzioan, eskeletoa hildako bizidun bat izan ohi da, haragi ustel guztiak galdu dituena.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Oxford Dictionary of English 2nd edition. .
  2. Anatomía humana / Prives MG , Lysenkov NK - 9a ed., Revisada. y añadir. - El MM : Medicina , 1985. - S. El 44 -45. - 672 p. - (Literatura educativa para estudiantes de medicina). - 110.000 copias
  3. (Ruppert, Fox & Barnes 2003, 102 orr. ).
  4. a b c d e f g h Konstantin., Gavrilov,. (1970). Curso de anatomía y fisiología comparadas; atlas para los fascículos I (evolución), II (nociones de embriología comparada), III (tegumento).. Universidad Nacional de Tucumán, Escuela Universitaria de Ciencias Naturales OCLC .23465377 (kontsulta data: 2021-05-22).
  5. a b c d e «Esqueleto - EcuRed» www.ecured.cu (kontsulta data: 2019-03-13). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":1" defined multiple times with different content
  6. a b c d e «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (kontsulta data: 2019-03-13). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":2" defined multiple times with different content
  7. (Ingelesez) Barnes, Robert D.. (1982). Invertebrate Zoology. Philadelphia: Holt-Saunders International, 105-106 or. ISBN 0-03-056747-5..
  8. a b Cohen, Barbara Janson. El cuerpo humano. Salud y enfermedad.
  9. (Ingelesez) [Yellowmagpie.com «Beluga Whale»] Yellow Magpie (kontsulta data: 2019/03/14).
  10. (Ingelesez) [Whalesalive.org.au About Whales. ] (kontsulta data: 2019/03/14).
  11. (Ingelesez) «Skeletal System: Facts, Function & Diseases» Live Science (kontsulta data: 2019/03/14).
  12. (Ingelesez) William W. Reynolds, & William J. Karlotski. (1977). The Allometric Relationship of Skeleton Weight to Body Weight in Teleost Fishes: A Preliminary Comparison with Birds and Mammals. , 160-163 or. ISBN 10.2307/1443520..
  13. (Ingelesez) Miller, Larry. (2007/12/09). We're Born With 270 Bones. As Adults We Have 206. .
  14. (Ingelesez) [Yahoo! How many bones does the human body contain?. ] (kontsulta data: 2019/03/17).
  15. (Ingelesez) (PDF) http://education.sdsc.edu/download/enrich/exploring_human.pdf. (kontsulta data: 2019/03/17).
  16. (Ingelesez) Tözeren, Aydın. (2000). Human Body Dynamics: Classical Mechanics and Human Movement. Springer, 6–10 or. ISBN 0-387-98801-7..
  17. (Ingelesez) Balaban, Naomi. (2008). The Handy Anatomy Answer Book. 61 or. ISBN 978-1-57859-190-9..
  18. (Ingelesez) Stein, Lisa. (2007). Body: The Complete Human: How It Grows, How It Works, And How to Keep It Healthy And Strong. National Geographic Society, 73 or. ISBN 978-1-4262-0128-8..
  19. (Ingelesez) Steele, D. Gentry; Claud A. Bramblett. (1988). The Anatomy and Biology of the Human Skeleton.. 4 or. ISBN 0-89096-300-2...
  20. (Ingelesez) Schmiedeler, Edgar; Mary Rosa McDonough. (1934). Parent and Child: An Introductory Study of Parent Education.. , 31 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]