Hil

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hila (edo hilabetea[1]) egutegietan erabiltzen den denbora unitate bat da, urtea banatzen den hainbat eguneko zatietako bakoitza[2]. Egutegi gregorianoan, egun erabiltzen den egutegi hedatuenean, urteak 12 hil ditu, bakoitza 28-31 egunez osatua:

Mesopotamian erabili zen lehen aldiz Ilargiaren periodo naturalen neurketan oinarrituta. Kontzeptu tradizionalak ilargia hartzen duenez kontuan hil sinodikoak dira eta gutxi gorabehera 29,53 egun irauten ditu. Egurretan egindako marrekin Paleolitoan ere kontatzen zirela uste dute ikertzaileek. Hilabete sinodikoa, gaur egun, egutegi askoren oinarria da.

Hitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hil hitzak zerikusi hertsia du ilargi hitzarekin. Badirudi jatorrian ‘ilargi’ esanahia zuela; horren lekuko lirateke ilbehera, ilgora, ilberri, etab. Ilargiaren zikloa denbora-tartearekin parekatuko zen, denbora ilargiaren arabera zenbatzen zen antzinako garai batean[3].

Hilen izenak letra xehez idazten dira perpausaren barruan (abuztuaren 6a)[4].

Hil / Hilabete[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskalkien arabera, hil eta hilabete hitzen erabilera desberdina da. Sinonimo-sinonimo izan daitezke, eta gainera, hiztun batzuek ez dute hilabete baizik erabiltzen (Iparraldean, adibidez)[4]. Beste batzuek desberdindu egiten dituzte: hil (urtea banatzen den hamabi zatietako bakoitza[2]) eta hilabete (denbora hedaduratzat harturik, 30 eguneko-edo denbora bitartea)[1]. Adibidez: Apirilaren 14tik maiatzaren 14ra hilabeteko tartea dago.

Eukara batuan, bi erabilerak dira zuzenak, nahiz eta badirudi bi adierak desberdintzeko joera dagoela.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako hil motak garrantzitsuak dira astronomian eta Babiloniako ilargi-astronomian ezarri ziren lehen aldiz.

Hil siderala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hil siderala Ilargiaren orbita eta atzean dauden zeru-esferaren (gaur egun Nazioarteko Zeru Erreferentzia Markoa) arteko erlazioarekin ezartzen da. Ilargiak berriro zeruko puntu berberera iristeko behar duen denboraren neurketa da, 27,321661 egun (hau da, 27 egun, 7 ordu, 43 min eta 11,5 segundu). Hil mota hau Ekialde Hurbila, India eta Txinan erabili izan da. Bertan zerua 27 edo 28 ilargi etxetan banatu zuten, bat hileko egun bakoitzerako eta bertan zegoen izar nagusia edo nagusienekin izendatzen zuten.

Hil tropikala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohitura da zeruko gorputzen poisizioa ekinozio bernalarekiko zehaztea. Prezesioa dela eta puntu hau gutxianaka mugitzen da atzerantz ekliptikan zehar. Horregatik denbora gutxiago behar du Ilargiak ekliptikako zero luzera puntura itzultzeko izar finkoen puntu batera baino: 27,321582, hau da, 27 egun, 7 ordu, 43 minutu eta 4,7 segundu. Pixka bat laburragoa den tarte honi hil tropikal deritzo.

Hil anomalistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilargiaren orbita elipse bat da, zirkulu bat baino gehiago. Hala ere orbita honen orientazioa eta forma ez dira finkoak. Bereziki puntu estremoen kokapenak (perigeo eta apogeoa) zirkulu bat deskribatzen du 9 urtean behin. Ilargiari gehiago kostatzen zaio puntu berdinera ituzltzea urrundu zelako biraketa batean. Periodo luzeago honi hil anomalistiko deritzo eta 27.554551 egun irauten dit (27 egun, 13 ordu, 18 minutu eta 33,2 segundu). Periodo honekiko aldatzen da ilargiaren diametro aparentea eta, horregatik, garrantzi berezia du eklipseen predikzioa egiterakoan (ikus Saros).

Hilak egutegi ezberdinetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egutegi juliar eta gregoriotarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen egutegi gregoriotarreko hilak ordenean:

Hilak
izena laburdura 3 letrako
laburdura[5]
iraupena izenaren esanahia
Urtarrila U URT 31 Urte berri hila
Otsaila O OTS 28 (29 bisurteetan Otsoen hila
Martxoa M MAR 31 Martius latinetik
Apirila A API 30 Aprilis latinetik
Maiatza M MAI 31 Maius latinetik
Ekaina E EKA 30 Eki gain (Eguzkia gorenean)
Uztaila U UZT 31 Uzta hila
Abuztua A ABU 31 Augustus latinetik
Iraila I IRA 30 Ira(tzea) jasotzeko hila
Urria U URR 31 Hur hila
Azaroa A AZA 30 Hazi edo aza aroa
Abendua A ABE 31 Adventum latinetik

Euskalkietako izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilen izenak, zenbait euskalkitan
Euskara batua Arratia (Mendebaldekoa) Goierri (Erdialdekoa) Sakana (Nafarrera) Zuberera
Urtarrilla Urteile Ilbeltza Ilbeltza Urtarila
Otsaila Zezeile Otsaila Otsaila Barantaila
Martxoa Martie Marsoa Marsua Ostaroa
Apirila Aprile Aprila Apiribila Jorraila
Maiatza Maiatza Maiatza Maiatza Epaila
Ekaina Bagile Garagarrila Garagarrila Arramaiatza/Bagila
Uztaila Garagarrile Uztaila Garila Üztaila
Abuztua Agustue Aguztua Abuztua Agorrila
Iraila Urrie Agorra Urra Setemere/Bürüila
Urria Urri bigarrena Urria Lastaia Ürrieta
Azaroa Semendie Azaroa Azaroa Gorotzila
Abendua Abendue/Gabonile Abendua Abendua Negila

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Hilabete». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-11-05)
  2. a b «Hil». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-11-05)
  3. Hil Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-11-5)
  4. a b Hil/Hilabete Euskara Batuaren Eskuliburua, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-11-05)
  5. Laburtzapenen hiztegia. Eusko Jaurlaritzs - IVAP 2010.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]