Hipika Olinpiar Jokoetan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hipika Olinpikoa Olinpiar Jokoetan zaldi edo behorrek parte hartzen duten hipika modalitate orori esaten zaio. Beraz, doma klasikoa, jauzi lehiaketa eta hiru eguneko zaldi txapelketa osoa biltzen ditu gaur egun, bakarkako zein taldekakoak izan daitezkeenak. Hala ere, historian zehar hiru modalitate hauek ez dira izan Olinpiar Jokoetan zaldiak ikusteko izan ditugun aukera bakarrak, errepikatuenak eta praktikatuenak izan diren arren. Hortaz, zaldiek antzinatik parte hartu izan dute Olinpiar Jokoetan, 1896. eta 1904. urteetan izan ezik, ez baitzen zaldirik ikusteko aukerarik izan. Bestalde, antzina zaldiekin egiten ziren kirol modalitetateak eta gaur egungoak ez dira berdinak, 1900. urteko Pariseko Olinpiar Jokoetan jauzi lasterketa eta zaldiekin egindako altuera eta luzera jauzien lehiaketak zeuden, doma klasikoa eta hiru eguneko txapelketa beranduago sartu ziren Olinpiar Jokoen zerrendara, 1912an hain zuzen ere. Gainera, zaldiketen multzoaren barnean sartzen ez bada ere, poloa ere ikusgai izan zen bost urtetan Olinpiar Jokoetan, non halaber zaldien erabilera ezinbestekoa den, lehen edizioa 1900. urtean ikusi genuen Parisen. Azkenik, volteo deritzon modalitatea ere, zaldiaren gainean gimnastika egitean datzan kirola, ikusgai izan zen 1920ko Amberesko Olinpiar Jokoetan. Beraz, esan daiteke hipika kirolak betidanik izan direla Olinpiar jokoetan.[1]

Aipatzekoa da zaldiketen kirol modalitate desberdinetan gizon eta emakumeak batera lehiatzen direla, eta hori oso kirol gutxitan gertatzen da. Hala ere, hori ez da betidanik horrela izan; izan ere, 1952ko Helsinkiko Olinpiar Jokoetara arte soilik armadako ofizialek har zezaketen parte zaldi gaineko modalitate hauetan, baina joko haietan herritarren parte hartzea baimendu zen.[2]

Jatorria eta historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldi[Betiko hautsitako esteka] lasterketa antzinako Grezian, K.A. 550-540 urtea.

Zaldiaren eta gizakiaren arteko harremanaren jatorria behatzeko historiaurrera jo behar dugu. Hasiera batean, zaldiak gure arbaso nomaden elikagai zirela esaten da, baina hauek ez ziren presa errazak, animalia indartsu eta azkarrak baitira, eta hauek harrapatzeko enboskadak antolatu behar zituzten. Geroago, gizartea nomada izatetik leku finko batean bizitzera pasatu zen, sedentarismora hain zuzen ere. Ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza lantzen hasi ziren, eta zaldia lan-tresna oso erabilgarria izan zitekeela ohartu ziren. Hala, animalia hau ezinbesteko bihurtu zen garai hartako gizartearentzat hark zuen potentziarengatik.[3] Bestalde, zaldien etxekotzea duela 5.500 urte inguru hasi zela esaten da, Eurasian, Errusia, Kazakhstan eta Ukraina inguruan, baina azkar hedatu zen hauen erabilera Europa eta Asia guztian zehar.[4]

Zaldiak abeltzaintzan, nekazaritzan eta materialen zein pertsonen garraiorako erabiltzen hasi baziren ere, Antzinaroan gudarako ere balio zezaketela ikusi zuten, eta gudaroste nagusiak zaldi-zaldunez osatuak zeuden.[5] Zaldiak gudarako erabilli ahal izateko estribuen sorkuntza oso garrantzitsua izan zen. Garai hartan, historiako zaldirik famatu zein garrantzitsuenetakoa agertu zen, Buzefalo, Alexandro Handiaren zaldia hain zuzen ere, hark harrapatu, hezi eta menderatu zuena.[3]

Erdi Aroan, Espainiako zalditeriak edo Zaldun Eskolak arrakasta handia izan zuen, bertan, zaldi eta zaldunak borrokarako prestatzen zituzten. Denborarekin, borrokak alde batera utzi eta zaldia bake denboran erabiltzen hasi ziren. Honela, zaldi gaineko jokoak eta txapelketak orokortu egin ziren, eta zaldiketa sortu zen kirol gisa. Lehen zaldiketa eskola Fiaschi kondeak sortu zuen Ferrara izeneko Italiako herrian 1539an. Mendeak igaro ahala, gizakiaren eboluzioarekin batera, zaldian ibiltzeko moduak ere eboluzionatu zuten eskola hauei esker, gero eta postura ergonomikoagoak bilatuz. Beranduago zaldiek armadan zuten lekua galdu zuten, material blindatuen sorkuntzarekin hain zuzen ere. Hala ere, gaur egun zenbait lekutan poliziak zein segurtasun langileak zaldi gainean ikus daitezke.[5]

Beranduago, 1921ean, Nazioarteko Hipika Federazioa (berez FEI, Fédération Équestre Internationale) sortu zen, eta nazioarteko eskumenen, Olinpiar Jokoen eta zaldi gaineko beste diziplina batzuen araudiak homologatu ziren. Federazioa zortzi federazio nazionalen ordezkariek sortu zuten, eta gaur egun 134 federazio daude afiliatuta. 1990. urtetik Munduko Zaldiketa Txapelketa antolatzeaz arduratzen dira. Bestalde, poloa, rodeoa eta zaldi lasterketak ez daude beraien eskumenean, beste federazioenetan baizik.[6]

Bukatzeko, aurrez esan bezala, gaur egun hiru dira Olinpiar Jokoetan ikusi ditzakegun modalitateak, eta 1928. urtetik Olinpiar Jokoen zerrendan mantentzen dira. Beste zenbait modalitate ikusteko aukera ere egon da, baina hauek gaur egun ez dira olinpiarrak kontsideratzen.

Olinpiar Jokoetan Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

OOJJ urteak Proben

presentzia

kopurua

Proba ezberdinak 96 00 04 08 12 20 24 28 32 36 48 52 56 60 64 68 72 76 80 84 88 92 96 00 04 08 12 16
Jauzi lehiaketa (banaka) x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x 25
Jauzi lehiaketa (taldeka) x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x 24
3 eguneko txapelketa (banaka) x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x 24
3 eguneko txapelketa (taldeka) x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x 24
Doma klasikoa (banaka) x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x 24
Doma klasikoa (taldeka) x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x 20
Volteoa (banaka) x 1
Volteoa (taldeka) x 1
Altuera jauzia x 1
Luzera jauzia x 1
Poloa x x x x x 5
Proba kupurua urteko 0 4 0 1 5 8 6 6 6 7 6 6 6 5 6 6 6 6 6 6 6 6 6 6 6 6 6 6


Domina-zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea Urrea Zilarra Brontzea Guztira
1 Alemania 30 18 18 66
2 Suedia 17 12 14 43
3 Frantzia 15 15 12 42
4 AEB 12 20 20 52
5 Ekialdeko Alemania 11 5 9 25
6 Herbehereak 10 13 3 26
7 Erresuma Batua 11 11 13 35
8 Italia 7 9 7 23
9 Sobietar Batasuna 6 5 4 15
10 Australia 6 3 3 12
11 Suitza 5 10 8 23
12 Belgika 5 2 6 13
13 Zelanda Berria 3 2 5 10
14 Kanada 2 2 3 7
15 Mexiko 2 1 4 7
16 Polonia 1 3 2 6
17 Espainia 1 2 1 4
18 Austria 1 1 1 3
19 Brasil 1 0 2 3
20 Japonia 1 0 0 1
21 Txekiar Errepublika 1 0 0 1
22 Danimarka 0 4 2 6
23 Txile 0 2 0 2
24 Errumania 0 1 1 2
25 Argentina 0 1 0 1
26 Bulgaria 0 1 0 1
27 Norvegia 0 1 0 1
28 Portugal 0 0 3 3
29 Saudi Arabia 0 0 2 2
30 Hungaria 0 0 1 1
31 Irlanda 0 0 1 1
Guztira 148 144 145 437

Gaur egungo Olinpiar Jokoetako modalitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Olinpiar Jokoetako kirol zerrendetan zaldiekin praktikatzen diren hiru modalitate ezberdin ikusi daitezke, eta modalitate bakoitza bi probatan bana daiteke, banakako eta taldekako proba hain zuzen ere.[2]

Doma klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patrik[Betiko hautsitako esteka] Kittel, Paris 2018, munduko txapelketan.

Modalitate hau lehen aldiz 1912an ikusi zen Olinpiar Jokoetan, kirol modalitate honek mende ugari dituen arren. Doma edo zaldi heziketa entrenamendu sistematikoan datza, non zaldunak zaldia erraztasunez eta graziaz eramaten ikasten duen. Txapelketa honek zaldiaren eta zaldunaren entrenamendu maila islatzen du, bertan bikotearen desplazatzeko gaitasun garatu eta zailenak erakusten dituzte. Proban zehar zaldia modu, eritmo eta abiadura desbedinetan mugitzen zein desplazatzen ikus daiteke, eta zaldiari mugimendu jariakortasuna eskatuko zaio, bertan mugimenduen edertasuna baloratzen delarik bikoteak egindako koreografiaren barruan. Alboko desplazamendua, desplazamendu diagonala eta lekuan bertan eginiko mugimenduak esaterako koreografiaren urrats batzuk izaten dira, eta hauek egoki konbinatuz dantza antzeko bat egiten dute.

Doma klasikoaren puntuazioari dagokionez, FEI-ko (Federación Ecuestre Internacional) bost epailek 0-tik 10-erako puntuazioa ematen diete zaldi eta zaldun bikoteari egindako mugimenduen zailtasun, zehaztasun eta edertasun artistikoaren arabera. Bost epaile horiek, proba-tokiaren inguruan daude, posizio desberdinetan, angelu desberdinetatik baloratu ahal izateko.

Jauzi lehiaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauzi[Betiko hautsitako esteka] lehiaketa.

Disziplina hau Olinpiar Jokoetan lehen aldiz 1900. urtean ikusi genuen, beste modalitate batzuekin batera Olinpiar Jokoetako kirol zerrendetan sartzen zaldiarekin praktikatutako lehen kirolak izan ziren. Proba horretan zaldi-zaldun bikotearen gaitasuna neurtzen da hondarrezko proba-toki batean. Bertan bikoteak 10-16 oztopoz osaturiko zirkuitu bat bete behar du, eta oztopoen altuera zein zabalera bi metrokoa izango da gehienez. Zirkuitua norabide aldaketa bortitz eta oztopo koloretsuz osatua dago, bikotearen konpetentzia motor (fisiko) zein mentala behatzeko. Zirkuitua ahalik eta denbora laburrenean osatzea da helburua, bidean ahalik eta oztopo gutxien ukitu edo botaz.

Puntuazioa hiru epaileren eskuetan dago, eta hauek dira zigorrak edo penalizazioa jartzearen arduradunak (oraingoan hiru epaileak leku berean egongo dira). Zigor edo penalizazio horiek arrazoi ezberdinengatik izan daitezke: hesia botatzea, zalditik erortzea, lasterketa ibilbidea ez jarraitzea, proba egiteko denbora gainditzea (puntu bateko penalizazioa pasatutako 4 segundo bakoitzeko)... Beraz, modalitate honetan penalizazio gutxien jaso duen bikoteak irabaziko luke, bide garbi zein azkarrena egiten duenak alegia. Zaldunek proba eremua ikus dezakete lehiaketa aurretik, lasterketaren nondik-norakoak jakin ahal izateko.

Hiru eguneko zaldi txapelketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelai[Betiko hautsitako esteka] edo mendiko oztopo lasterketa.

Izenak berak dioen bezala ekitaldi honek hiru eguneko iraupena du, eta egun horietako bakoitzean proba desberdin bat egiten da: lehenengo egunean doma klasikoa, bigarrenean oraindik azaltzeko dagoen zelai edo mendiko oztopo lasterketa eta azken egunean jauzi lehiaketa. Gainera, txapelketa guztietan zaldi-zaldun bikote berak lehiatzen du, beraz, ezinbestekoak eta erabakigarriak dira horien zalutasun, moldaerraztasun, kemen eta erresistentzia, proba luzea eta nekagarria baita.

Zelai edo mendiko oztopo lasterketari dagokionez, hau aurrez azaldutako jauzi lehiaketaren antzekoa da, baina bertako zenbait oztopo naturalak izango dira. Gainera, bidean 40 oztopo egon daitezke eta ibilbidearen luzera 6,5 kilometro ingurukoa da, 4 milia hain zuzen ere. Epaileek ezartzen dituzten zigorrak jauzi lehiaketakoen antzekoak dira; erorketak, oztopoak ez gainditzea, denbora gainditzea... izango dira penalizatuak. Beraz, helburua helmugara ahalik eta azkarren iristea izango da, oztopo guztiak modu egokian gaindituz. Esan beharra dago hiru probetan gogorrena hau dela, bere luzera eta oztopo kopurua dela eta bikoteak egoera ezinhobean egon behar baitu proba bukatzeko.

Materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edozein zaldi diziplina praktikatu aurretik beharrezkoa izango da ekipamendu egoki bat izatea, zaldi-zaldizko bikotea praktikan zehar eroso senti dadin. Gainera, ekipamendu egokiaren bitartez bikotea arriskuetatik babestuko da. Garrantzitsua da lortutako material hipikoa homologatuta dagoela ziurtatzea, horrek kalitatea ona dela adierazten baitu, beraz segurtasuna bermatuko du. Material horiek, bi multzotan sailkatuko dira: zaldunaren ekipamendua eta zaldiaren ekipamendua.[7]

Gaur[Betiko hautsitako esteka] egungo kaskoa.

Zaldunaren ekipamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekipamenduaren helburu nagusia zaldizkoa babestea da; gainera, jantziak erosoa izan behar du, honela mugimenduen erraztasuna bermatuz. Hortaz, kalitatezko arropa erostea inbertsio bat izango litzateke zaldunarentzat, honek babestu egiten baitu, zaldiaz gozatzeko aukera emanez.

Kaskoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahitaezkoa izateaz gain, eta edozein diziplina hipikotan oinarrizko ekipazioan parte hartzeaz gain, funtsezko elementua da zaldizkoaren babes eta segurtasunerako. Normalean, erretxinaz edo plastikoz osatutako material bereziekin egiten da kanpoaldea. Kanpoaldeko material horiek kolpeak arintzen dituzte, kaskoa apurtu eta honen zatiak zaldizkoaren buruan sartu ez daitezen. Barrualdean aldiz, material eroso eta bigunak erabiltzen dira.

Txalekoa edo gorputz babeslea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jantzi hau, kaskoa bezala, ezinbestekoa da zaldizkoaren segurtasunerako. Honen erabilera nahitaezkoa da adin txikikoentzat, baita helduentzat ere zenbait zaldi diziplinatan. Hala ere, edozein unetan erabiltzea komeni da, txalekoak kolpeak arintzen baititu, zaldunaren lesioak izateko arriskua murriztuz.

Jaka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galtza[Betiko hautsitako esteka], jaka eta eskularru erosoak.

Zaldizkoen ekipazioaren ezaugarri bereizgarrienetakoa izan daiteke. Jakak ez du babes funtziorik, estetikoa baizik, eta normalean, molde edo era klasikoa izan ohi dute eta koloreak hotzak izaten dira.

Eskularruak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dira nahitaezkoak eta, beraz, zaldizkoari dagokio haiek erabili ala ez erabakitzea. Hala ere, oso osagarri onak dira, uhalek zaldunen eskuetan eragin ditzaketen eragozpenak saihesteko; gainera, zalditik eroriz gero urradurak ekidingo ditu.

Zaldizkoak eskularruak erabiltzea erabakitzen badu, hobe du eskularru sendoak aukeratzea, eskuen formara egokien egokitu eta erosoak direnak. Garrantzitsua da zaldizkoaren eskuak ez mugitzea, zaldia gidatzen ari den bitartean.

Muntatzeko galtzak edo breecheak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldiz ibiltzeko bereziki diseinatutako galtzak dira, ehun elastiko eta erresistentez eginak daude, zaldiaren etengabeko marruskadurarekin apurtu ez daitezen. Jantzi erosoa aukeratu behar da, edozein mugimendu motatan erraz ibiltzeko modukoa eta zaldizkoaren gorputzera ondo egokitzen dena.

Galtzerdiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galtzak antzera, hanketako ekipamendu guztia etengabe ari da gure zaldiaren gorputzarekin marruskatzen eta urratzen. Beraz garrantzitsua izango da galtzerdi luze eta babes onekoak aukeratzea, urradurak saihesteko.

Doma[Betiko hautsitako esteka] klasikoko bota.

Zaldi botak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, hau da zaldizko guztiek izan beharko luketen oinarrizko ezaugarria, eta garrantzitsuetakoa. Gomendagarria da bota altuak izatea eta zaldizkoaren hankara ongi egokitzea. Hala, zela elementuekin ez da katigatzerik egongo, zaldia mugitzeko zailtasunak eta erorketak ekidinez edo murriztuz. Normalean, erosotasun gehigarri bat ematen duten larruekin egiten dira, baina badira plastikoz egindako modeloak ere, umeentzat pentsatutakoak. Halaber, botek takoi pixka bat izatea komeni da, armazoiari hobeto egokitzeko eta oina ez irristatzeko.

Zaldiaren ekipamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez esan bezala, historian zehar, zaldiaren ekipamendua aldatuz joan da. XX. mendearen azken herenetik aurrera, zaldiak nekazaritzakoak eta militarrak izatetik kirolariak eta aisialdian erabiliak izatera igaro ziren. Horrek, ekipamenduan aldaketa izugarria eragin zuen.

Zaldi[Betiko hautsitako esteka] zela.

Ekipamendua tradizioaren (larruzko elementuak) eta modernitatearen arteko nahasketa da. Adibidez, aulki ergonomikoagoak egiten dira zaldi-zaldizko bikotearentzat eta ahokoetan ere aleazio eta forma berriak aurki ditzakegu. Hau honela, hauek dira zaldiaren ekipamendua osatzen duten oinarrizko elementuak:

Zaldi zela edo eserlekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkatuan zela aukera ugari dago, egin beharreko zaldi-praktiken arabera desberdinak: jauzia, doma, horseball, raid… edo erabilera orokorra. Aulkiak behar bezala jarri behar dira zaldiaren bizkarrean, hark mugitzeko askatasun osoa izan dezan. Bastak luzera osoan jarri behar dira bizkarraldearen gainean, aulkia ondo orekatuta gera dadin. Izan ere, gaizki doitutako aulki batek mina eragin diezaioke gure zaldiari, eta gainera, zaldizkoari ez dio utziko ondo ibiltzen. Eserlekuak alboetan estribuak izango ditu, bertan zaldunak oinak koka ditzan.

Zaldiaren[Betiko hautsitako esteka] buruko uhalak.

Muturgainekoak edo burukoak (uhalak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egin beharreko diziplinaren arabera, buruko asko daude. Baina guztiak uhal egitura antzekoa dute: buru-hormakoa, kopetakoa, itogunea, muserola eta masailak. Buruhorma garondoaren gainetik igarotzen den uhala da, eta, masaileko uhalekin batera, ahokoa bere lekuan mantentzen du. Kopetatik pasatzen den uhala da kopetakoa, eta buru-hormako uhala atzerantz mugitzea ekiditen du. Itoguneak ondo doituta egon behar du, buru-hormako uhala belarrien gainetik pasa ez dadin. Azkenik, muserolak zaldiak ahoa gehiegi irekitzea eta masailezurra gurutzatzea eragozten du.

Muturgaineko uhal hauek larruzkoak izan ohi dira, eta gero eta bigunagoak dira, animaliaren garondoko gune sentikorretan zauririk ez egiteko. Are gehiago, batzuek atzeraka eraman dute buru-hormako uhala, garondoan presiorik egin ez dezan.

Ahokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahokoa[Betiko hautsitako esteka].

Ekipamendu osoko elementu garrantzitsuenetako bat da ahokoa, animaliaren ahoan sartu eta hura zuzendu edo gidatzeko balio duen zatia hain zuzen ere. Ahokoa buruko uhaletara lotu behar da, honela uhaletik tira egitean zaldia norabidetzea lortuko da. Ahokoak bi motatakoak izan daitezke, eta zaldiaren arabera aukeratu beharko da zein ahoko jarri. Ahokoak zenbat eta meheagoak izan, zaldiak min handiagoa hartuko du, moztu egingo baita, eta zenbat eta lodiagoa izan, zaldiarentzat erosoagoa izango da. Erosotasun horrek zaldiak ahokoa onartzea eragingo du, hau da, lehenago ohituko da hau eramatera. Ezinbestekoa da zaldiaren ahoa garbi eta egoera ezin hobean egotea.

Babesgailuak eta hesgailuak edo bendak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poloko[Betiko hautsitako esteka] zaldia bendekin.

Elementu hauek zaldiaren ongizaterako dira. Komenigarria da zaldien hankak babestea, eta ez soilik entrenatzen edo mendian aske daudenean, bidaiatzeko ere erabiltzea aproposa izango litzateke. Gehien babesten diren gorputz atalak zangoak dira, apoa, berna-hezurra eta batez ere koroa babesten dira. Babes-funtzio hori betetzeko, istripuak saihesten dituzten babesleak edo hesgailuak daude, eta momentu ezberdinetarako babesgailu desberdinak sortu dira: lanerako, atsedenerako, bidaiatzeko, diziplina bakoitzerako... Orokorrean, hesgailuak elastikoak izaten dira, forru polarrekoak, eta garrantzitsua da gehiegi ez estutzea eta zaldiak benda askatu eta galtzeko bezain makal ez uztea. Gogorregi lotzen badugu, zaldiak mugikortasuna galtzeaz gain odol fluxua oztopatuko du; ahulegi lotuta ordea, hesgailuak ez du bere funtzioa beteko, eta hau erori eta galtzeko arriskua egongo da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Hipica Equus - La equitación en los Juegos Olímpicos» Hipica Equus 2016-07-13 (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
  2. a b (Ingelesez) «Learn Which Three Sports are Contested By Olympic Equestrians» The Spruce Pets (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
  3. a b (Gaztelaniaz) Monge, Jenny. (2019-04-10). «Federación Hípica Española: Orígenes y Actividades» Noti Caballos (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
  4. (Gaztelaniaz) «El origen de los primeros caballos domésticos» abc 2012-05-07 (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Introducción a la equitación - Wikiversidad» es.wikiversity.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
  6. (Gaztelaniaz) «Federación Ecuestre Internacional - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
  7. (Gaztelaniaz) Monge, Jenny. (2019-01-11). «¿Qué equipamiento necesitas para montar a caballo?» Noti Caballos (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]