Hiri adimentsu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hiri adimentsua (ingelesezko smart city terminoaren itzulpena) hirigune berezia da, informazio-bilketarako sentsore elektronikoz osatua, eta informazio hori prozesatzeko baliabide teknologikoak dituena, guneko errekurtsoak modu efizientean kudeatzeko. Informazio horren barruan, biztanleriari buruzko informazioa dago (dauzkaten gailuak eta ondasunak ere egon daitezke), behin prozesatu ondoren erabiliko dena guneko garraio publikoa, ikastetxeak, osasun-zentroak, zentral energetikoak eta bestelako zerbitzu publikoak kudeatu eta monitorizatzeko. Informazio eta komunikazio-teknologiak (IKT) eta gauzen Interneta (Internet of things, IoT) kontzeptuak integratzen dira hiri adimentsuetan, herritarrekin zerbitzuen konektibitatea optimizatzeko.

Gaur egungo teknologiaren, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldaketen ondorioz, interes handia piztu da hiri-eredu honen inguruan. Hiri adimentsuaren teknologia eta programak hainbat hiritan inplementatu dira, hala nola Dubain, Amsterdamen, Bartzelonan, Madrilen, Stockoholmon, Txinan eta New Yorken.

Hiri adimentsuen sorrera Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Smart City kontzeptua Hiri Digitalak deiturikoen bilakaeraren ondorioz sortu zen. 2004an sortu ziren hiri adimentsuak Espainian, herrialde horretako Industria Ministerioak munduan lantzen zen Hiri Digitalen lehen programa egiteko egin zuen lanaren ondoren. Lan hori egin aurretik, Enrique Ruz Bentué buru zuen Espainiako enpresak jatorri sektorial desberdineko 30 enpresa baino gehiago bildu zituen (telekomunikazioak, segurtasuna, eraikuntza, ikus-entzunezkoak, kontsumo-elektronika, material elektrikoa, informatika, osasuna, hezkuntza, etab.), Espainiako eskualde eta hirietako gobernuekin batera, Komunitate Digitala sortzeko. Sektore anitzeko bilera horren ondorioz, 5.000 m ² -ko hiri baten aurkezpen iragankorra egin zen: etxebizitzak, banketxea, ospitalea, hotela, zerga-ordainketarako bulegoa, posta, gobernu-bulegoak, eskola eta dena, argiteria publikoa zuen hiri-ingurune batean, semaforoak, hiri-altzariak eta benetako hiria osatuko zuen guztia, baina zinema-formatuko aurkezpen batean. Komunitate Digitalean, Enrique Ruzek ZTE, Telefónica, Siemens, Gas Natural, Prosegur, Berker, Indra, Race eta beste enpresa batzuen eskutik aurkeztu zuen lehen Hiri Digitala; urte batzuk geroago IBMk Smart City izena jarri zion.

Hiri adimentsuaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri adimentsu modura inplementatu diren teknologien kopuru handia dela eta, oso zaila da horren definizio zehatz bat egitea. Hainbat faktore hartu dira hiri adimentsu baten definizio gisa:

  • Teknologia digital eta elektronikoen sorta zabal baten aplikazioa hiri eta komunitateetan.
  • IKTen erabilpena eskualdeko bizitza eta ingurune laborala hedatzeko.
  • IKTen aplikazioa gobernu-sistemetan.
  • Hiri bat osatzen duen elementuen arteko komunikazio eraginkorra.

Hiri adimentsua IKTak hiritarren beharrak asetzeko komunitatearen elkarlana erabiltzen duen hiri modura definitzen da. Beraz, hiri adimentsua ez da soilik teknologia horiek erabiltzen dituen gunea; horrez gain, teknologien bidez tokiko komunitatean eragin positiboa lortzen den bilgunea ere bada.

Hortaz, hiri adimentsuak helburu hauekin erabiltzen ditu informazio-teknologiak:

  • Azpiegitura fisikoen (errepideak, eraikitze-guneak eta bestelako azpiegiturak) erabilpen efizienteagoa lortzea, adimen artifizialaren eta datu-bilketaren bidez ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren hazkuntza egokia sustatzeko.
  • Tokiko biztanleriarekin elkarrekintza bultzatzea, berrikuntza ireki eta parte-hartze elektronikoa erabiliz, erakunde elektronikoen adimen kolektiboa hobetuz eta biztanleriaren parte-hartzearen garrantzia nabarmenduz.
  • Ikasi, moldatu eta berritzea, inguruneko aldaketei modu efizienteagoan erantzuteko, aldi berean hiriaren adimena hobetuz.

Hiri adimentsuei buruzko kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan, hainbat kritika azaldu dira hiri adimentsuen inguruan, hala nola arazo hauek adierazten dituztenak:

  • Ikuspuntu estrategikoak hartzen badira, hiritarrentzat komenigarriagoak diren garapen urbanorako bestelako modelo eta aukera interesgarri batzuk bazterturik gera daitezke.
  • Horrelako hiri-eredu batean, hiriaren garapena ez litzateke modu naturalean gertatuko; horregatik, hiritarrek nahiago izaten dute euren aldetik parte-hartze handiagoa eskatzen duen hiri-modelo bat.
  • Arreta guztia hiri adimentsuaren garapenean bideratzean, azpiegitura teknologiko berri horien inplementazioren ondorioz, gutxietsi egin daitezke eragin kaltegarriak.
  • Herritarrei buruzko datu-bilketa eta analisi masiboa dela eta, kezkak eta galderak sortu dira kontrol eta zaintza globalaren inguruan.

Aplikazioen adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri adimentsuaren teknologia eta programak inplementatu diren hirietan, honelako ekimenak burutu dira:

  • Errepideen trafikoa aztertzen duten gailuak ezarri dira, gidariei unean uneko informazio erabilgarria eskainiz eta erabaki publikoak (zirkulazio-estrategiak edota errepideetako lanak) hartzea erraztuz.
  • Garraio publikoaren lokalizazioa denbora errealean egiten da, helmugara iristeko falta den denbora modu zehatzean kalkulatuz.
  • Denbora errealean bizikleten alokaguneen okupazio-mailak aztertzen duten gailuak jarri dira, zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz.
  • Zakarrontzien bilketa errazteko, okupazio-maila aztertzen duten gailuak jarri dira.
  • Kutsadura-mailen neurketak denbora errealean egiten dira (CO2, ozonoa, uraren kalitatea), alerta edo abisu bereziak emateko.
  • Arriskuen neurketak denbora errealean egiten dira (suteak, uholdeak, ekaitzak...), laguntza-zerbitzuen erantzuna hobetzeko.
  • Bideo-zaintza urbanoa gauzatzen da.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]