Hiriaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hiriaren historia hiri eta herrien izaera historikoa eta urbanizazio prozesua aztertzen dituen historiaren eremua da. Hiriaren planteamendua antzinetik datorren distiplina batean zentratzen da, hala nola gizarte-historia, hiri-soziologia, historia ekonomikoa, hiri-geografia, arkeologia, etab. Bereziki tokiko monografietan oinarritzen da.

Hiria eta zibilizazioaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirigintzaren jarduerak hiria edo lurraldearen antolaketa du helburu; ekimen antolatuon hastapenak identifikatzea, ordea, zaila suertatzen da, Historian zehar planifikazio gabeko hiriak eraiki direlako. Horrela, hirigintza diziplina aditzeko, ezinbestekoa da zibilizazio baten euskarria. Zibilizazioa, aldiz, hainbat modutan definitu daiteke. Gideon Sjoberg arabera zibilizazio bat:

Çatal[Betiko hautsitako esteka] Hükük antzinako hiriko aztarnak

Lehenbiziko giza kokalekuen sorrera azaltzeko bi teoria daude: alde batetik, teoria sorta batek argudiatzen du behin betiko finkatzearen arrazoi nagusia nekazaritza izango litzatekeela[1]. Bestetik, kontrako tesia defendatzen da, eta nekazaritza hain zuzen ere finkatze horren ondorio dela arrazoitu.[2]

Edozein kasutan, komunitate zientifikoak aho batez onartzen du aldaketa bortitz bat jazo zela K.a.-ko 7.000. urtean, aldaketa klimatikoa zela-eta. Garai horretan kokatu daitezke lehenbiziko hirien sorrera. Turkiako hegoaldean den Anatolia lurraldean, adibidez, K.a.-tik 6.500. urtean Çatal Hüyük hiria jaio zen. Hiri honek 10.000 biztanle izatera heldu zen mila urteren buruan. [3]

Hiria antzinako munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako munduko hiriek espazioaren kontzeptu sinboliko bati erantzuten zioten, ain zuzen ere, pentsamendu magikoari eta pentsamendu erlijiosoari. Espazioaren ordenamenduak koherentea izan behar zuen, kultura bakoitzaren kosmogonia eta orientazio astrologikoarekin.

Historiaren aldi horretan, zibilizazioak egon ziren, kultura hedatu ahala eremu bera partekatu zutenak. Hori ahalbidetu zuten faktoreetako asko merkataritza izan zen, horretarako egin ziren ibilbideak eta muga berriak. Tarte historiko honetan nabarmendu ziren inperioak honako hauek izan ziren: Mesopotamia, Persia, Egipto, Grezia eta Erroma[4].

Sumeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sumeria, munduko zibilizaziorik zaharrena dela esan daiteke, izan ere, ezagutzen den lehen hiri-zibilizazioa da. Sumertar kultura Uruk hirian sortzen hasi eta ondoren, Behe Mesopotamiako gainontzeko lurraldeetara hedatu zen. Hiri honetan, gurpila, K. a. 3500 inguruan agertzen da. K. a. 3300 inguruan idazketa sistema bat sortu zuten. Azken gertaera honek Historiaurrearen eta Historiaren arteko trantsizioan eragina du.

Mesopotamia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Mesopotamia edo ibaien arteko herrialdea ere ezagutua, Tigris eta Eufrates ibaien artean  kokatzen zen. K.a 4.000an hasi ziren lehenengo zibilazioak sortzen. Mesopotamiar zibilizazioa nekazaritzaren garapenaren ondorioz hazi zen[5]. Zibilizazio nagusietako batzuk Asiria (iparraldean) eta Babilonia edo Kaldea (hegoaldean) nazioetan banatzen zen. Azken honek, gainera, Akadia (goialdea) eta Sumeria (behealdea) herriak hartzen zituen[6]. Ebidentziak erakusten du teknologia, literatura, lege-kodeak, filosofia, erlijioa eta arkitektura asko erabiltzen direla gizarte horietan[7].

Hiri hauek harresituta egongo dira eta gobernu propioak izango dituzte, non arduradun nagusia buruzagi politiko, militar eta erlijiosoa zena. Tenplua hiriko eraikin nagusia eta erdigunea zen, nekazaritza-ekoizpena kontrolatu, zergak billdu eta armadak eratzen ziren tokia.

Antzinako Mesopotamiako hiri nagusiak:

Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Egipto zibilizazio bat izan zen, Nilo ibaiaren erdialdeko eta behealdeko ibilguetan zeuden kokalekuak elkartzean sortu zen. Egiptoar hiriak, ordena hierarkiko baten araberako espazio antolaketa bat planteatzen du, hirigunean tenplu eta jauregiak kokatuz.

Kaleak eta auzoak sare oktogonal baten barruan daude, eta urak protagonismo berezia hartzen du. Niloren ekialdean, hiriak, bere aktibitaterik handiena zuen. Egiptoarrek, eguzkiaren ibilbidea, bizitzaren zikloaren metafora bezala interpretatzen zuten. Niloren ekialdeko lurralde osoak, jaiotza eta bizitza irudikatzen dute. Aldiz, Ilunabarra, eta lurrak ibaiaren mendebaldean, bizitzaren amaieran, heriotza. Nekropolia, piramideak, erregeen harana, guztiak mendebaldean daude.

Egipto hiru garai desberdin izan zituen[8]:

Antzinako Erresuma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faraoien hirugarren dinastiarekin hasi zen. K.a. 3150 inguruan, neurri handi batean, estatu bakar bat bezala bateratu zen. Erresumako antzinako gobernariek lehen piramideak eraiki zituzten, erregeentzako hilobiak eta monumentuak ere. Sakkaran mailakatutako piramidea, Memphisetik gertu. Piramideen eraikitzaileak ez ziren esklabo bihurtzen, baizik eta behe nekazal denboraldian piramideetan lan egiten zuten nekazariak ziren.

Egiptoarrak, halaber, itsasontziak eraikitzen hasi ziren, sokaz lotutako eta ihiz betetako egurrezko oholez eraikiak, ebano, intsentsu, urre, kobre eta Libanoko zedro bezalako ondasunak merkaturatzeko, eraikuntza proiektuetarako bereziki garrantzitsua zena, itsas ibilbideetan zehar.

Erdi Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Ertainak, Egipto, berriz bateratua ikusi zuen, erregeek, erregeen boterea berreskuratzeko moduak aurkitu zituztenean. Egiptoar erregeek, ondo entrenatutako armada iraunkorrak mantentzen zituzten. Egiptoar estatuak indar militar iraunkor bat sortu eta mantentzeko eta gotorlekuak eraikitzeko zuen gaitasunak, funtsezko baliabideen kontrola berreskuratu zuela frogatu zuen.

Inperio Berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 1550 inguruan, Egiptoko historiako Erresuma Berriaren garaia, hiksoak Egiptotik kanporatzearekin eta kontrol politiko zentralizatua berrezartzearekin hasi zen. Garai hau, Egiptoko garairik oparoena izan zen, eta bere boterearen gailurra markatu zuen.

Garai honetan ere, Hatshepsut, Egiptoko emakumezko gobernaririk ospetsuenak, Egiptoko aberastasuna eraikitzen lagundu zuen merkataritza sareak ezarriz, eta ehunka eraikuntza proiektu eta estatua enkargatu zituen, baita Deir el-Bahriko hileta tenplu ikusgarri bat ere. Era berean, hiksoen gobernu garaian kaltetu edo zaindu gabeko tenpluetan konponketak egitea agindu zuen.

Antzinako Egiptoko hiriak:

Grezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, ikusi Greziar arkitektura

Mendebaldeko hirigintzaren hastapenak Grezian aurkitu ditzakegu, K. a. VI. eta III. mendeen bitartean. Bertan, polis edota hiri-estatuak hedatu ziren, topografia eta sistema politiko berezia zirela medio, demokrazia. Hiri-estatuok elementu txiki eta independenteak ziren; orokorrean, nekazaritza lurrez inguratuta zeuden. Gainera Greziako hiri-estatuek hainbat gobernantze moduak garatu zituzten, egitura eta indargune politiko oso desberdinekin[9].

Antzinako Grezian, kulturak, pentsamendu arrazionalaren alde egiten du, gizakiaren autonomia arrazionalaren alde. Protagoras bezalako sofistentzat, gizakia da gauza guztien neurria, eta, beraz, hiriak ere gizakiaren neurrira egon behar du.

Greziar zibilizazioa Egeo uharteetara, Egeo itsasoaren ekialdeko kostaldera, Adriatiko eta Tirreno itsasoen inguruko hegoaldeko kostaldera eta Mediterraneoko arro osoaren inguruko kostalde askotara hedatu zen. Ondoren, Alexandro Handiaren konkistekin, Ekialderantz hedatu ziren[10].

Polis[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demokratikoa edo hiri-estatua greziar antolaketa politiko eta sozialaren oinarria da. Grezian, finkapena, nagusiki, Mizenas edo Tyrinth gotorlekuetan kontzentratzen da.

Polisa, orokorrean harresitua zegoen hiri batean zentratzen zen, baina inguruko zelaia hartzen zuen.

Hiri hauetan plangintza landua eratu zen, hainbat arrazoi bitarteko; batetik, eguraldi epelak kaleko bizitza indartzen zuen, arlo publikoa hain zuzen ere. Populazioa hiri-guneetan ez zen inoiz handiegia suertatu, eta 20.000 biztanle baino gehiagoko hiru polis besterik ez ziren ezagutu; Atenas, Sirakusa eta Akraga (egungo Agrigento). Azkenik, eta jada hiri-plangintzen kalitate arkitektonikoari dagokionez, polis anitzek izan zuten eskuragai kalitatezko, eta, hortaz, gauzatu beharreko eraikin publiko eta plazak material ikusgarri horrekin eraiki ziren.

Greziar klasikoen ekarpena deskribatzeko, hiru elementu nabarmenduko dira: kolonia berrien fundazioa, akropoli eta agoraren artikulazioak hiri-bilbean, eta, azkenik, retikularen erabilera.

Gobernua hirian zentratuta zegoen, baina poliseko hiritarrak lurralde osoan bizi ziren. Idealki, polisa, bere gobernuan parte hartzen zuten hiritarren korporazio bat zen, kultu erlijiosoak, defentsa eta ongizate ekonomikoa, eta euren lege sakratu eta ohiturazkoak obeditzen zituztenak[11].

Atenasek erakunde demokratikoak eta filosofia, zientzia eta kultura garatu zituen; estatu boteretsu bezala sortu zen.

Greziar hiri-elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri-estatu greziarrean oinarrizko elementuak honako hauek dira:

  • Akropolia: jatorrizko defentsarako nukleoaren izena, hiri tradizionaleko muinoan kokatzen zena, eta kolonietan, ordea, zitadela osotzen zuena. Gutxika akropoliek erlijio-guneetan bilakatu ziren, Atenasen bezala, edota hiritik kanpo gelditu zen arte.
  • Hiria inguratzen zuen harresia: zibilizazio minostarratik  zetorren tradizioa mantenduz, hiria, maiz, harresi batez inguratzen zen, lurraldearen orografiak eskaintzen zituen altuera aldaketak aprobetxatzen (adibidez Atenas, Mileto edo Priene).
  • Agora: Akropolia erlijio-gunea izaki, agorak betetzen zuen gune sozialaren papera. Gune balioanizkuna zen; herritarren arteko interakziorako tokia, edota politika eta merkataritza zentroaren papera jokatzen zuen.
  • Etxebizitzak: mota ezberdinetakoak zeuden, baina, oro har, patio baten inguruan antolatzen ziren etxebizitzak. Gune hauek beste elementuek (harresiek, agorak, akropoliak, gimnasioak, antzokiak, estadioak, etab.) lagatako zirrikituak betetzen zituzten. Akropolia edo agora bezalako gune publikoekin konparatuz gero, etxebizitza-auzoek gabezia larriak erakusten zituzten: atondura publikoak, estolderiak edo zabor-bilketa zerbitzuak adibidez, ez ziren existitzen. Miletoko agoraren aztarnak.

Retikula

Mileto eta Priene hirietan topatu ditzakegu Grezia klasikoaren hirigintza adibiderik esanguratsuenak. Asia Txikiko kosta joniarrean kokatzen da Mileto, eta eskualdeko buru izan zen K. a. X. eta VI. mendeen bitartean. Persiarren Joniako inbasioaren ondorioz, V. mendean, Mileto arpilatua izan zen, eta erabat suntsitua suertatu ere. Kristo aurreko 479an Hippodamo Miletoko arkitektoak hiria erabat berreraikitzeko plangintza diseinatu zuen.

Egitura erretikulatua zen Hipodamok diseinatutako plangintzaren ardatza. Miletoko hiritarrek, hiriaren hazkundea ahalbideratzeko, retikula sistema balizkotzat jo zuten, gerorako handiagotzea bermatzeko nahian. Erromatar inperioaren garaian, K. o. I. mendean hain zuzen ere, Miletok 6 mende aurretik ezarritako oinarri hori erabiltzen jarraitu zuen, populazioa 80.000 eta 100.000 biztanle bitartean zela. Mileto hiriko plangintzaren planoa Beste adibidea Priene hiria da. Kristo aurreko 350ean hasi zen bere eraikuntza; ondorioz, Miletoko plangintza eta gero. Kasu honetan, plangintza 7 kaleko retikulan oinarritzen da, sestra-kurbak jarraikiz ekialdetik mendebaldera ezarrita daudenak. Horiei elkarzut, gune maldatsura moldatzen diren 15 bide ditugu. Bide nagusiek 7 metro ziren zabal, eta, aldiz, bide elkarzutak 4 metrora ailegatzen ziren. Retikulak definitutako etxe-irlak 46 bider 35 metroko azalera dute, eta 4 etxebizitza zituzten batez beste.

Greziako Hiriak:

Erroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, ikusi Erromatar arkitektura eta Hirigintza erromatar artikuluak

Romulo[Betiko hautsitako esteka] eta Remo

Erroma, Urbs bezala ere ezaguna (hiria, hiri hitzaren etimologia), erromatar hiria da. Elezaharraren arabera, Romulo eta Remo bikiek fundatu zuten, K.a. 753ko apirilaren 21ean, Tiber ibaia inguratzen duten zazpi muinoren arteko zabalgune batean. Beste hiri erromatarrak bezala, greziar ereduan oinarritzen da: arrazionaltasun, funtzionaltasun, harmonia eta ordena irizpideenak.

Erromatar hirian badira eraikinak beharrezko komandoa eta hirien botere funtzioa betetzen dutenak: foroa, anfiteatroa, tenpluak… Baina erromatarren ekarpenik originalena kanpamendu militarretan dago[12].

Hirigintza militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpamentu[Betiko hautsitako esteka] erromatar baten irudia

Inperialismoaren garaian, Erromak milaka kokaleku militar eraiki zituen, castra izenekoak. Kokaleku hauek, kasu askotan, behin betikoak izan ziren eta Europako hiri anitzen hasieratzat jotzen dira.

Castrak retikula zorrotz batekin zeuden eraikiak; normalean, lauki edo laukizuzen batek eratzen du perimetroa. Bere barnean bi ardatz nagusiek ibilbideak egituratzen dituzte; alde batetik, decumanus-a, hiria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen zuena, eta, bestetik, cardo-a, zeinek decumanusa elkarzut zeharkatzen du eta hiria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen zuen. Bi maila ezberdinen artean gelditzen diren etxe-irlek, hain zuzen ere, insulae hartuko dute izena (aurrerago ikusi daitekeen bezala, izendapen horrekin etxebizitzen blokeak ere izendatuko dira). Bi ardatzek elkar moztean, foroa sortzen da, bizitza publikoaren eremua. Kaleak ardatzekiko paraleloan lerrokatzen ziren, etxadi-lauki bat osatuz. Harresian zehar, barnealdetik, 9 metroko zabalerako lur-zerrenda bat uzten zen (pomerium), jainkoek babestutako hiriaren lurraldea mugatzen zuena. Egitura hau, oraindik ere, Zaragozako erdigune historikoaren planoan ikus daiteke, Caesaraugusta erromatarra.

Hiriaren garapenean beste elementu garrantzitsu bat Akueduktua da, ingeniaritza hidraulikoko pieza, hiri bakoitzari bere morfologian eta paisaian garapen berezia ematen diona, bere sarbidearen, ibilbidearen, altuera-beharren eta herritarrei likidoa emateko gotorlekuan banatzen ziren ur garbiko pilen edo bankuen garapenaren arabera.

Hirigintza inperialista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan, Inperioaren zabalkundearen logikaren arabera, tokiko tribuen kokalekuak erromatar eran urbanizatu ziren, konkistak zekarren onura erakusteko asmoz. Inperio garaian hiru motatako hiri-kokalekuekin topa genitzakeen:

  • Coloniae: eskubide osoko erromatar hiriak, tokiko herriak zein fundazio berriko herriak izan.
  • Municipia: menderatutako lurraldeetan garrantzizko tribu-kokalekuak, orokorrean. Normalean, nahiz eta foru-sistema bat izan, bere biztanleek ez zuten erromatar hiritargoa osoki lortzen.
  • Civitaes: merkatu-zentroak, tribu-lurraldeen hiriburuak normalean.

Hiri ezberdinen izaerok ez zuen beraien tamainarekin erlazio zuzenik. Modu horretan, Londres, zeinek 132 hektareako lurraldea zuen, colonia bat zen, eta, berriz, 82 hektarea besterik ez zuen St. Albans herria Erresuma Batuko municipium bakarra zen.

Erromatar hirigintzaren hiri-elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hiriko estolderia eta ur-hornidura: estolderia sistema aurreratuak zituen Erromako hiriak, eta, zenbait kasutan, Cloaca Maxima sarea kasu, gure garaietan zerbitzuan daude. Bi motatako komunak zeuden; batzuk insulae etxebizitza blokeetan aurkitzen zirenak, cenacula, eta cloacae-en gainean eraikitzen diren komun publikoak.
  • Barrutiak eta auzoak: Augusto enperadoreak, K. o. 7. urtean, Erromako hiria 14 barrutietan banatu zuen, eta hauek, aldi berean, vici deitzen ziren auzoetan banatu ziren, tartean zatiketa-kaleak zituztela.
  • Harresiak: Erromako hiria zazpi harresiz izan zen inguratua, bere historia osoan zehar; beraietatik garrantzitsuena Aurelianoren harresia izan zen, 18 kilometroko luzera izan zuena.
  • Errepideak: bide-sare batek banatzen zituen hainbat zonalde, egungo bide-sareetan oraindik agertzen den hierarkia bat eratzen: itinera bideak oinezko kaleak ziren, bakar-bakarrik. Actus kaleak, ordea, zentzu bakarreko bideak ziren, gurdi bakarra igarotzeko espazioarekin. Azkenik, viae kaleak zentzu bikoitzeko edota bi gurdi parera ibiltzeko espazio aski zituzten bideak ziren.
Erromatar[Betiko hautsitako esteka] zubi bat
  • Etxebizitza: funtsean, bi ziren erromatarren etxebizitza ereduak: domus, edota familia bakarreko etxeak, eta insula, hau da, etxebizitza blokeak. Azkeneko hauek pisu edota hainbat cenacula tan banatzen ziren. Egile batzuek[13], K.o. IV mendean, Erromako hirian 1797 domus eta 46602 insulae zeudela esaten dute. Insula bakoitzean, batez bestez, bost cenacula topatu zitezkeen. Insulae-ko etxabeetan, maiz, dendari txikien etxebizitza-lantegiak topa ditzakegu, batez ere foroen inguruetan.
  • Espazio publikoak: (Sakontzeko, ikusi Erromatar foroa) foroak ziren, Greziako agoren modura, bizitza publikoaren agertokia. Espazio publiko honen inguruan eraikin publikoak metatzen ziren, hala nola, propileoak, basilikak edota tenpluak; bizitza sozialerako eta politikorako berebiziko garrantzia zuten. Erroma hiriko populazioa handitu ahala, Inperioko foroak pilatuz joan ziren, bata bestearen ondoan, K.a. 50tik 114ra bitartean. Orokorrean, Erromako espazio hauen pilaketa Forum Romanum Magnun deritzo. Espazioon hasierako funtzioa anitza izan zen: merkataritza, politika... Gutxinaka, espezializatzen joan ziren, handitze-lanak aurreratzen ziren heinean: Forum Piscatorium-ean, adibidez, arrain merkatariak ezarri ziren, eta, aldiz, Forum Julium-ean gai legalak jorratzen ziren.

Hiri erromatarrak:

Hiria Erdi Aroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

V. mendeko Erromatar Inperioaren erorketaren (herri germaniarren inbasioekin) eta Errenazimentuaren artean garatzen da, Espainian XVI. mendean garatuko dena. Baita ere, III. mendeko krisialdiaren ostean kokatzen dute, ekonomian (hiriak hustu ziren), gizartean (kristautasuna nagusitu zen) eta politikan (Diokleziano eta Konstantino enperadoreek ezarritako erreforma ugariei esker hein handi batean) aldaketa handiak gertatu baitziren. Beste batzuek, Henri Pirennek edo Peter Brownek kasu, aldiz, Erdi Aroaren hastapena VII. eta VIII. mendeetan kokatzen dute, islamaren hedapenarekin batera. Garai horri Berant Antzinaroa deitzen diote.

Nekazaritza eta basogintza ekoizpena handitzea ekarri zuen: XI. mendearen amaieratik aurrera, mendebaldeko Europan nekazaritza eta basogintza produktibitatea handitu zen, inbasio handiak eta jauntxo-gerrak etetearen eta nekazaritza tekniketan izandako aurrerapenen ondorioz.

Hiri asko erromatar jatorrikoak ziren, beste batzuk merkatarien igarobideetan jaio ziren, batzuk gazteluen ondoan edo bide-gurutzeetan sortu ziren. Hiri guztiek zituzten administrazio, defentsa, merkataritza eta artisau-funtzioak. Hirietan ekoizpen-soberakinak saltzen hasi ziren, merkatuak eta azokak antolatu ziren (urtean 1 edo 2 aldiz egiten ziren merkatuak, eta urrutiagoko beste leku batzuetako merkatariak etortzen ziren). Hiri batzuk hazi egin ziren, eta jarduera jakin batzuen gune izan ziren, hala nola merkataritzakoak, artisautzakoak, kulturakoak, administratiboak edo politikoak eta erlijiosoak[14].

Erdi Aroko hiria harresituta zegoen eta trazadura bihurgunetsua eta irregularra zuen. Hiri islamiarrean labirintikoa izatera iristen zen (medina). Ez zegoen kanon geometrikoen araberako plangintzarik.

Baina itxurazko desordena horretan egitura bat zegoen: erdian, merkatuko plaza zegoen, eraikin adierazgarrienekin, eta bertatik kale estu eta bihurri ugari irteten zen, jendea ofizioka (urregileak, arotzak, tindatzaileak, etab.), erlijioz (kristauak, juduak edo musulmanak) edo jatorriz biltzen zuten auzoak osatuz. Etxeek, aldi berean, eskulangileentzako etxebizitza eta tailer bezala balio zuten. Hirian nahi ez ziren lanbideak, usain txarrengatik zurratzaileak kasu, harresitik kanpo kokatzen ziren.

Harresiek, jatorrizko defentsa-funtzioaz gain, zergak biltzeko funtzioa zuten: ateak zeharkatzen zituzten merkantziek zergak ordaindu behar zituzten. Toledoko erdigune historikoak trazadura hori mantentzen du[15].

Euskal Herriko hirigintza Erdi Aroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetako lehenbiziko mugarri historikoa, hirigintzari dagokionez, Antso VI.a nafarraren eskutik etorri zen: XII. mendearen bigarren erdialdean Gaztela eta Nafarroa arteko muga sendotzeko borondateak hiri berriak sortzera eraman zuen Antso VI.a. Jakituna. Modu horretan sortu ziren, esate baterako, Araban, Guardia, 1161ean, eta Guardia, 1164an. Gasteizko herrixkan Nova Victoria hiribildua eraiki zuen 1181ean. Gipuzkoan, aldiz, Donostia 1180an sortu zen, beste hainbesterekin batera (Segura, Ordizia edota Tolosa).

Aro gotikoari dagokionez, komertzioa areagotu zen eta, ondorioz, hiri berriak sortzen hasi ziren; «hirien sorrera prozesua bereziki indartsua izan zen gotikoaren garaian, XIII. mendearen bigarren erdian eta XIV. mende osoan zehar»[16]. Hiri berrien sorrera eta eraikuntza, hasiera batean, Gaztelako koroak ordaintzen bazuen ere, XIV. mendetik aurrera egoitza eskatzen zutenei egokituko zitzaien hiriaren eraikuntzaren finantziazioa, zergen bidez.

Zenbait ezaugarri:

Jatorriaren araberako hiri moten klasifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Erromatar jatorriko hiriak: Espainiar estatuan ugariak dira erromatarren garaitik datozen hiriak, baina kokalekuok patu ezberdina bizi izan zuten; batzuek gure egunetara heldu arte biziraun dute (hala nola, Caesar AugustaZaragoza–, Asturica Augusta –Astorga–, edota Legio VI Victrix-en kanpamendua osotzen zuen Leon) eta beste batzuk, aldiz, bertan behera utzi ziren Inperioaren porrota eta gero (IuliobrigaKantabrian–, edota ItalicaSevillan–). Hiri erromatarra bereizten zuen retikula galdu egin zen, bai behintzat delako hiriaren berreraikitze lanetan. Erdi Aroa definituko zuen hazkunde organikoa besarkatzen zen, tokiko berezitasun morfologikoak kontutan hartuz.
  • Burguak: burguak gotorleku baten inguruan hazitako kokalekuak ziren, jatorrian defentsa helburuetarako eraikiak. Zenbaitetan, aldez aurretiko nekazaritza-guneetan ezartzen zen gaztelua, eta besteetan, ordea, kokaleku berriak osotzen zuten. Maiz, burguaren tamaina handitzerakoan, eskumen ekonomiko bereziak lortzen zituzten bertako biztanleek, hots, burgesek. Adibidetzat, Segovia, Avila edota Burgos hiriak ditugu.
  • Bastidak eta oinplanta berriko hiriak: (Sakontzeko, ikusi Bastida) bi mota hauen arteko ezberdintasun handiena plangintzaren osotasunean datza: bastidak osotasunean planifikatu ziren eta, aldiz, oinplanta berriko hiriek, aldez aurretik hiri-bilbe organikoa zuten. Bastida eredu ezberdinek hiru puntutan egiten zuten bat: oinplanta berriko kokalekuak ziren, retikula zorrotza erabiltzen zen, eta, azkenik, bertaratzen ziren hiritar berriei, sari bezala, hiriko lurrak eskaintzen zitzaizkien, etxea eraikitzeko. Euskal Herrian, Nafarroa Behereko Bastida (1288) edota Bearnoko Nabarrengose (1316) adibideak daude.

Formaren araberako hiri moten klasifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Erdi Aroko hiriaren izaerak berak analisi tipologikoa ezinezkoa bihurtzen duen, Luigi Piccinato arkitekto italiarraren sailkapen batek gutxi gorabeherako hurbilketa bat eskaini dezake. Horrela ba, sailkapen honen arabera, honako forma topa genitzakeen Erdi Aroko hiri-morfologian:[17]

  • Gurutze-formako hiriak, eta Eskuaira-Hiriak: bien arteko ezberdintasun gutxi dago. Arestian aipatu ibilbide nagusiari elkarzut beste ibilbide nagusi bat kontrajartzen zaio. Adibideak, Italiako Castelfranco, Alemaniako Bounigheim eta Espainiako Focea (Logroño).
  • Hiri nuklearra: puntu jakin baten inguruan (gaztelu edota defentsarako gunea, eliza edota gurtza-tokia) ezarritako hiriak. Europan eskuarki topa daitekeen eredua. Eredu honetatik hiri polinuklearra eratortzen da.
  • Arrain-hezur formako hiriak: eredu honetan, kale nagusi batek hiriaren ardatz nagusia eratzen du, bigarren mailako kaleak, era zeiharrean kokatzen direnak, ardatz nagusi horretatik zabaltzen direla. Adibide gisa, Francavilla a Mare Italian eta Gernika izango genituzke.
Florentzia[Betiko hautsitako esteka] hiriaren irudi bat, XV. mendeko bukaeran

Erdi Aroko hirigintzaren hiri-elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Harresia: harresiek bi eginkizun zituzten Erdi Aroko hirietan: batetik, hiriaren aberastasuna kanpoko erasoen aurrean babesten zuten. Bestetik, aduanak bertan kokatzen ziren, eta, modu horretan, hiriaren interes ekonomikoak zaindu egiten ziren. Edozein kasutan, defentsarako erabilera nagusia zen, eta hiriaren hazkunde horizontala, Berpizkundea igaro arte, harresi-sare berrien eraikuntzaren menpe gelditu zen. Florentzia, adibidez, hazkunde radiozentriko baten adibide paregabea da; 1172 eta 1340 urteren bitarteko hazkundeak hiria 80 hektareatatik 630 hektareatara handitu zuen. Harresiak, beraz, hirien dentsitate altuen jatorri izan ziren.
  • Kaleak: Erdi Aroko hiriaren zentzua sakonki komertziala zen, eta, ondorioz, kale nagusietara ematen zuten etxaurreek sekulako balio komertziala izan zuten, nahiz eta merkatua izan komertzio eta elkartrukerako gune nagusia. Ez zegoen, hiri-bilbearen egituraketan, ibilgailu edota oinezkoen trafikora zuzenduta inongo ardurarik. Hirian ematen ziren mugimenduak oinez gauzatzen ziren, eta zoladuraren sarrera, Erromatar garaian berebiziko garrantzia izan zuena, garaiaren hastapenetan ematen hasi zen: Pariskoa, 1185an, eta Florentziakoa, aldiz, 1235an. Bestalde, eraikinen eta kaleen arteko espazio banaketa nahasten joan zen; eraikinek hegalek geroz eta kale tarte zabalagoa hartzen zuten, eta esanguratsua da garaiko zenbait zubitan kokatu ziren etxebizitzak, Florentziako Ponte Vecchio kasu. Denbora pasa ahala, ondorioz, espazio publikoak gutxitzen joan ziren, Elizaren plaza eta merkatuaren plaza hiriko espazio publikorik esanguratsuenak.
  • Merkatua: «komertziorik ez zegoenean, hiria berak ez zuen zentzurik»[18]. Hiriko biztanleen eskubideen artean, maiz, asteroko merkatua antolatzeko eskumena zegoen. Merkatu hau gauzatzeko espazioa anitzak ziren, eta hiriaren eraketaren menpeko suertatzen ziren: hazkunde organikoko hirietan, adibidez, kale nagusiaren zabalgune batean kokatu zitekeen merkatua, edota hiriaren erdialdean lekutu. Aldez aurretik planifikatuak izan ziren hirietan, bastidak kasu, hiri-bilbeko elementu bat kenduz hutsune bat sortzen zen, merkatua jarriz. Zenbait kasuetan (Monpazier edota Ceske Budejovice bastiden moduan), merkatuko plaza inguratzen zuten eraikinek, etxabe maila portikoen bidez lotzen zuten. Eredu hori Plaza Nagusietan errepikatuko zen, gerora (pentsa Donostiako Gipuzkoa Plazan, edota Bilboko Plaza Barrian).
  • Eliza plaza: elizaren mendebaldeko fatxadara ematen zuen elizaren espazioa itxia, parvis delakoa, merkatuaren plazarekin batera, Erdi Aroko hiriak zuen espazio publikorik esanguratsuena osotzen zuen. Maiz bi espazioen arteko mugak lausoak ziren, eta alderdi biko espazio sistema bat sortzen zen; bata eta bestearen mugak non zeuden ez baitzen batere argi gelditzen.

Islameko hiriak iberiar penintsulan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako lurraldeak, Erromatar Inperioaren porrota eta gero, hazkunde organikoko garapen bat bizi izan zuen. Hegoaldeko lurretan ordea, Islamaren influentzia jaso zuena, bestelako hiri-garapena topatu dezakegu, ekialdeko tradizioari so egiten dion garapena hain zuzen ere.

Islama, VII. mendetik aurrera, mundu-mailako potentzia bilakatu zen. 711. urtean, Guadaleteko gudua eta ondoren, Islamak iberiar penintsularen kontrola bisigodoei kendu zien, zortzi mende iraungo zuen garaiari hasiera emanez.

Edozein kasutan, eta beste hainbeste konkistatzaile ez bezala, iberiar penintsula konkiskatu zuen Islamak baterako existentzia baketsua sustatu zuen, eta, modu horretan, Espainiako hegoaldeko hiri askoren bereizgarritasun bakunak sortu ziren, arestian aipatutako kulturen arteko hartu-eman horretatik, hain zuzen ere.

Hazkunde organikoa eta ordenik gabekoa da, edozein kasutan, musulman hirien nagusitasunik handiena; aditu batzuen arabera, gizartea "bi mailetan dago antolatua: biotikoa eta kulturala, eta musulmana maila biotikoaren ondorio da, islamiar gizartean nagusitzen baita" [19].

Edozein gizartetan bezala, gizarte islamiarrak zituen berezitasun sozial eta erlijiotsuek hiriaren morfologian zuten ondorioa. Pribatasunaren kontzeptuaren ondorioz, gune eta eraiki publiko gutxi zeuden islamiar hirian; barrutik kanporako mugimenduarekin eraikitzen den hiria da. Kaleak etxeen artean gelditzen ziren hutsuneak dira (hortik islamiar hiriaren irudi «erromantikoa», kale-karrika estu eta okertuz jositako alde zaharrarena), eta ez alderantziz, mendebaldeko joera jarraiki. Chueca Goitiaren hitzen arabera:

« Hiri publikoa, greziar polis-a, erromatarren civitas-a, eta etxetiar hiri germanikoaren artean, badago, egon, beste hiri mota bat, aurreko bien aldean aldera ezina: islamiar hiria, pribatua deitu daitekeena. »

—Fernando Chueca Goitia, [20].

Islamiar hiriaren ezaugarri nagusiak ondoko hauek dira:

  • Medina: (Sakontzeko, ikusi Medina) Medina hiriaren nukleoa da, harresiz inguratua; bertan meskita nagusia kokatzen zen, merkatu nagusia eta merkatal-gunerik nagusienak. Horien guztien inguruan etxebizitza-auzoak biltzen ziren. Jatorrian, gobernadorearen jauregia medinan bertan kokatzen zen, meskitaren ondoan.
  • Harresia eta atea: Medinara sarrera bab izena hartzen zuen, eta garrantzi handiko tokia zen. Mendebaldeko tradizioa jarraitu zuten hirietan ez bezala, sarrera-espazio honek berebiziko garrantzi sinbolikoa zuen; lehenbiziko ate batek gune zabalera eramaten zuen, eta, behin patio hau gurutzatu, medinara sarrera ematen zuen bigarren ate bat eraikitzen zen. Ateen inguruetan aldiri-auzoak, errebalak, sortzen ziren, merkatu irregularrak eta zokoak barne. Madrilgo Plaza Nagusia, adibidez, Guadalajako atean zabaltzen zen errebaleko kanpoko-plaza izan zen.
  • Alkazaba: medinaren gotorleku nagusian bihurtu zitekeen aipatu gobernadorearen jauregia, topografiaren poderioz, edota beste defentsarako arrazoiengatik. Espainiako hegoaldeko hirietan ezaugarri orokorra dugu: Granadako Alhambra; Almerian, Antequera; Badajozen, Malaga, etab.
  • Etxebizitza eta kale-sistema: esan bezala, bizitza pribatuak hiria eta etxebizitzaren morfologia baldintzatzen zuen. Logeletako leihoak, adibidez, ez zuten kalera ematen, barneko patio pribatuetara baizik. Gainera, irizpide kultural-sozialetatik at, patioaren inguruko antolamenduak eguraldi beroaren kontrako estrategia egokia da.
  • Meskitak: tradizionalki, meskita da kolomaz eutsitako eraikina, arkupedun patio batekin, edo bat baino gehiagorekin. Patiook, hiriaren harresiko ate nagusiaren batera, hiri islamiarrean zeuden espazio publiko ireki bakarrak izan ohi ziren.
  • Suq: suq-ak, edo azoka-auzoak, mendebaldeko kulturan ematen ez zen irizpideak jarraitzen zituen; mendebaldean ez bezala, kultura islamiarrak merkatua eta etxeko jarduerak banatzen zituen. Europako hirietan, etxebizitzetan, etxabea jarduera ekonomikoetarako erabiltzen zen bitartean, islameko hiriek auzo bereziak eraikitzen zuten, kale bakoitzean gremio berezi bat ezartzen zelarik.

Hiria Aro Modernoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro Modernoa gizadiaren historia unibertsala banatzen duten aldi garrantzitsuen zatia da. Erdi Aroaren ondoren garatu zen XV. eta XVIII. mendeetan zehar, eta aro garaikidearen aurrekoa izan zen. Denbora tarte hori gizartearen aurrerabidean, komunikazioan, domeinuan eta arrazoimenean kokatu ziren idealek menderatu zuten[21].

Hala ere, aro hau, aurkituriko lurren domeinuan izandako ankerkeriak markatutako atzerapen moral kontraesankor batek zipriztindu zuen, non, orokorrean, ez ziren errespetatzen aborigenen eskubideak, mendeetan zehar esklabo bezala salduak izan zirenak. Bestalde, trukaketa kulturalak ,arte plastikoa, literarioa eta eskulturala aberastu zuen Aro Modernoan zehar.

Berpizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko hiri-egitura aldatzeko beharra sortu zen, eraikin bereziak nabarmentzeko: dorreak, jauregiak, elizak... Horrela, espazio publikoari buruzko lehen hausnarketak hasiko dira. Espazio hori proiektatuko da eta zenbait helburu bilatuko dira: proportzio geometrikoak, axialtasuna eta paisaia. Hiri-espazio publikoaren, plazen eta kaleen kontrola bilatuko da.

Amerika eta Australia bezalako lurralde ezezagunak aurkitzeak, garai honetan, maila geografikoan ezagutza zabalago bat egotea ahalbidetu zuen, mapa zehatzagoak egiten lagundu zuena, eta, ondoren, lurren bilaketan interes handiagoa pizten lagundu zuen.

Elementu hauek izan ziren erabakigarri, besteak beste, Berpizkundeko hirietan:

  • Kale nagusi zuzena: kaleari osotasun kontzeptua egotziko zaio. Alberti-ren De Re Aedificatoria Libri Decem saiakeran, ikuspegi berriaren gakoa agertzen zaigu: elementu arkitektonikoak antolaketa jakin bat izan dezakete, non beraien zenbaki, proportzio eta erritmoak egokienak izan daitezkeen edertasunez beteriko gorputz arkitektoniko bat osotzeko.
  • Retikulan oinarritutako auzoak: mundu klasikoan gertatzen zen bezala, retikulak zonalde zabalak kolonizatzeko balio zuen, bai momentuan existitzen ziren hiri zatien handitze proiektuetarako, bai guztiz berriak izango ziren hiriak sortzeko ere. Amerikako lurretan eskuarki erabiliko zen retikula kolonia berrien sorreran.
  • Plazak: edertasunaren bila, Berpizkundeko hirigileak espazio irekiak proiektatu zituzten, elementu arkitektonikoak modu ia eszenografikoan antolatuz. Horren adibide garbiak ditugu quattrocento eta cinquecento-ko Italian: Veneziako San Marco plaza, Pienzako plaza, Erromako Farnese, San Pietro eta Campidoglio-ko plaza, Florentziako Santa Maria dell'Anunziata plaza... adibideak ugariak dira.Espainian ere tankera horretako proiektuak ikusi ziren, Filipe II.aren garaian eraiki ziren Plaza Nagusiak nola; Austrien etxeko Espainian, plaza nagusiek herritarrentzako ikuskizunak eta dibertimenduak egiteko tokia eskaintzen zuten, eta osotasun arkitektoniko moduan diseinatuta zeuden. Traza erregularra dute, karratua, eta bere lau aldeak ezaugarri bereko eraikinez daude mugatuak, bai altuera, forman, hutsuneen antolaketan, etab. Gainera, eskuarki simetria ardatz bat izaten dute, eraikin bat indartzeko erabiltzen dena, udaletxea kasu gehienetan[22].

Berpizkundeko Hiriak:

Barrokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio-estatuak sortzean, hiriak botere politikoa galtzen du, eta, mugako hiriak izan ezik (hiri izartsuak ikustea), harresiak ez dira hain beharrezkoak defentsa arrazoiengatik. Espainian, Plaza Nagusia sortzen da, arkupez inguratuta. Errenazimendutik aurrera, hiri idealak diseinatzera daraman espiritu arrazionalista zabaltzen da, patroi geometrikoen arabera. Bertan, espazio sinbolikoa botere politikoaren mende dagoela ulertzen da, eta botere horren eginkizun nagusia hiri-arkitektura nabarmentzea izango da, ikuspegien eta espazioen banaketaren planteamendu berri baten bidez. Elementu formalek indarra hartzen dute greziar polisaren izaera humanistaren aurrean.

Barroko hiriaren ezaugarri nagusienak ondoko hauek dira:

  • Berpizkundeko baliabideekin jarraitasuna: berpizkundeko garaian Barrokoan eskuarki erabiliko ziren hiri-diseinurako lanabesak enplegatu ziren. Tresna hauek, Italiatik hasita, Europako beste herrietan emeki ezarriko ziren hiru mendeetan zehar. Frantzian topatu dezakegu, batez ere XVI eta XVII. mendeetan, kale nagusi zuzena, plazak eta retikulan oinarritutako antolakuntzaren adibiderik onenak
  • Perspektiba: perspektibaren hiri-erabilpena da, dudarik gabe, garaiko bereizgarritasun handiena. Tresna hau aurreko mendeetan artista eta arkitektoek oro har erabili zuten, baina hirigintzaren alorrera heltzeko mende bat behar izan zuen. Barroko garaian nagusi zen botere absolutistaren eskuetan, ordea, perspektibak hiria eta gizartearen irudi bakarra islatzen zuen.
  • Lorategiak: irudiaren –edota pentsamoldearen– kontrola, hasierako garaietan, lorategien diseinuan entseatu zen: Versailles, Nancy, Karlsruhe, Kopenhage, San Petersburgo edota Aranjuez hirietako errege-erreginen egoitzetan topatu daitezke gerora hiriaren diseinuan ezarritako irizpideak, perspektibaren erabilera barne. Perspektiba horren iturburua, jakina, jauregian zegoen kokatuta. Eredugarritzat hartu da, bereziki, Versailles jauregiko diseinua.
  • Place Royale: berpizkundean gertatu zen bezala, geometria zorrotzeko plazak garrantzi handia hartu zuen hiriaren eraketan. Garai politikoen harira, ordea, plaza tokiko errege-erreginen estatua baten inguruan antolatuko da, monarkaren irudia laudatzeko asmoz. Oso adibide famatua da, Frantzian, Louis XIV erregearen omenez J.H. Mansart arkitektoak eraikitako Place Vendôme.
  • Absolutismoaren hirigintza: gobernu absolutuek beren nahiak errez gauzatzen zituzten; ondorioz, hiri-berriketa prozesuek ez zuten kontsentsuaren bidea jarraitu behar eta, zenbaitetan, emaitza ikusgarriak lortu ziren garaiko hirigintzan. Sixto V.ren mandatu motzean, Aita Sainduak eta kide zuen Domenico Fontana hirigile eta arkitektoak Erroma erabat itxuraldatu zuten, zazpi erromes-elizen lotura helburu zuen ekimenarekin. Funtsean, «Sixto V.ak argi eta garbi antzeman zuen hiriko lekualdaketa sistemak diseinu orokorraren ideia erabat zuela beharrezko»[23]. Aipagarria da, nahiz eta Neoklasiko garaian barneratu, bi mende geroago suertatutako ekimena: Napoleon III.ak, Haussmann baroiarekin batera, Parisko hiri-bilbea Sixto V.ak Erroman egin bezala eraldatu zuen. Egitasmo horretan Barroko irizpide denak bete zituen Parisko hiriko alkatea zen Haussmanek; etorbideak ireki ziren, hiriko traza zuzendu eta ardatz bakoitzaren muturretan aparteko eraikinen bat kokatu. Hiriaren plangintza uniformea lortzen da horrela; Kenneth Frampton-en hitzetan, "quartiers tradizionaletan antolatutako hiritik, (...) "kapitalismoaren sukarrak" batutako metropoli batera pasa zen"[24].

Barrokoko hiriak:

Hiri Industriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, ikusi Industrializazio, Industrializazioa Euskal Herrian

IX. mendean jada, utopista deiturikoek (Saint-Simon, Fourier), greziarren eredu utopikoen azpian daudenek, beren planteamendu idealak praktikara eramaten saiatuko dira, hirigintza diziplina modernoa sortu zuten hirigile funtzional eta operatiboagoekin kontrajarrita. XIX. mendearen bigarren erditik aurrera, munduko sistema ekonomikoaren funtzionamenduak aldaketa batzuk izan zituen, eta aldaketa horien eragina nabarmen nabarituko da Europako hiriek hartuko duten irudi berrian.

XIX. mendeko Industria Iraultzarekin, hiriek nekazarien masak hartzen dituzte, fabriketan lan egiteko. Antzinako esparruak jada ez dira aski hedapen hori hartzeko, eta hiri zaharraren mugak gainditu behar dira. Espainian, Zabalguneari buruzko Legeak (1864) harresiak eraisteko aukera ematen du, nahiz eta armada aurka egon; desjabetzeak baimentzen ditu bide publikoak egiteko, eta prozedura-baldintzak ezartzen ditu (memoria bat aurkeztea, planoak, aurrekontua), etab., uraldi zuzenak, zuhaiztiekin pasealekuak, estolderia-zerbitzuak, etab.

Hiri erromatar ordenatuaren eta Erdi Aroko hiri irregularraren hondarren gainean, hiri modernoak kaleak erregularizatu eta zabaltzen ditu, hiru diseinu geometriko motaren arabera haziz: erradiozentrokidea, ortogonala edo lineala. Hiri bakoitzean batzuen eta besteen batuketa ikusten dugu, historian zehar izan diren hedapenen islak.

Hiri modernoa industriako burgesia indartsuaren eskaerei erantzuteko hazi zen, bere hedapena antzinako hirietan itota geratzen zelarik, baita hauen osasungarritasun eta higiene arazoak konpontzeko ere. Baina kasuren batean motibazio gehiago zeuden. 1830 eta 1848ko matxinaden ondoren, Napoleon III.ak Haussmann baroiari Paris modernizatzea agindu zion, hiri "seguruagoa" bihurtuz. Kale estuak barrikada iraultzaileekin ez blokeatzea zen helburua. Hiri zaharraren %60 eraitsi zen, bidezidor zuzen oso zabalak eraikiz, bertatik batailoi batek erraz aurrera egin eta kanoi bat jaurti ahal izateko. 1871n Parisko Komuna zanpatzeko giltzarri izan ziren. Bitxia bada ere, geometria urbanoak berdintasunaren aldeko idealak eta errepresioa bultzatu ditzake[25].

Hiri industrialak:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. A. E. J. Morris, Historia de la forma urbana: desde sus orí­genes hasta la Revolución Industrial, (Gustavo Gili Editorial S.A., 1998).
  2. Jane Jacobs, The economy of cities (Cape, 1970) in Morris, Historia de la forma urbana.
  3. Leland M. Roth, Entender la arquitectura: sus elementos, historia y significado (Editorial Gustavo Gili, 2000), 163.
  4. (Gaztelaniaz) Marino, Alejo. (2018-07-03). «EDAD ANTIGUA | Qué es, características, avances y sociedad» Historiando Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  5. (Gaztelaniaz) «TEMA 2 A MESOPOTAMIA» Blog de Miguel Ángel Suárez Umpiérrez 2015-05-19 Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  6. «Las primeras civilizaciones (I). Mesopotamia - Filosofem» www.nodo50.org Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  7. (Ingelesez) «Ancient Mesopotamian civilizations (article)» Khan Academy Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  8. (Ingelesez) Editors, History com. «Ancient Egypt» HISTORY Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  9. (Ingelesez) «The Greek polis (article) | Classical Greece» Khan Academy Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  10. «Las polis griegas. Ciudades estado de Grecia, características y estructura.» www.guiadegrecia.com Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  11. (Ingelesez) «polis | Definition & Facts» Encyclopedia Britannica Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  12. (Gaztelaniaz) «Los Castrum, campamentos fortificados Romanos» Revista de Historia 2015-02-16 Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  13. Jerome Carcopino, Daily Life in Ancient Rome - The People and the City at the Height of the Empire (Read Books, 2008) in Morris, Historia de la forma urbana.
  14. (Gaztelaniaz) «TEMA 9 El renacer de las ciudades siglos XII y XIII» Blog de Miguel Ángel Suárez Umpiérrez 2014-04-01 Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  15. «Ciudad Medieval - Matemáticas en tu mundo» matematicasentumundo.es Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  16. José Javier Fernández Altuna, Euskal Herriko arkitektura (Ibaizabal, 2004).
  17. Luigi Piccinato, Urbanistica medievale (Edizioni Dedalo, 1993) in Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 100.
  18. Morris, Historia de la forma urbana, 119.
  19. E.R. Park estatu batuar soziologoaren arabera, cit. Chueca Goitia, Breve historia del urbanismo, 75.
  20. Ibid., 73.
  21. (Gaztelaniaz) Marino, Alejo. (2018-07-20). «EDAD MODERNA | Qué es, características, etapas, avances y sociedad» Historiando Noiz kontsultatua: 2020-04-29.
  22. Balbás et al., Resumen histórico del urbanismo en España, 192.
  23. Morris, Historia de la forma urbana, 201.
  24. Kenneth Frampton, Historia crí­tica de la arquitectura moderna (Gustavo Gili, 1998), 24.
  25. «Ciudad Moderna - Matemáticas en tu mundo» matematicasentumundo.es Noiz kontsultatua: 2020-04-29.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]