Hiru adinen sistema
Hiru adinen sistema edo Hiru aroen sistema giza historiaurrearen periodizazio hiru alditan sailkatzen duen sistema historiografiko bat da: Harri Aroan, Brontze Aroan eta Burdin Aroan.[2][3]
Historian, arkeologian eta antropologia fisikoan, hiru aroko sistema XIX. mendean hartutako kontzeptu metodologikoa da, zeinaren arabera historiaurre berantiarreko eta historia goiztiarreko artefaktuak eta gertaerak zabal antola baitaitezke kronologia ezagun batean.
K. J. Thomsen danimarkarrak 1816tik 1825era bitartean garatu zuen kategorizazio hori, erakusketa arkeologiko baten bilduma kronologikoki sailkatzearen ondorioz: harriz, brontzez eta burdinaz hurrenez hurren egindako artefaktuekin egindako sekuentzia zabalak sortu zituen. Thomsenek bere sailkapena asmatu zuen arkeologia bere lehen urrats zientifikoak ematen hasi zenean eta historiaurreko aztarna urriak interpretatzeko nolabaiteko nahastea zegoen. Bestalde, Hiru Aroen sistema asmatu zuen helburu zehatz batekin: Antigoaleko Gauzen Bilduma eta Zaintzarako Danimarkako Errege Batzordeak 1816an aurkeztu zuen erakusketaren funtsak antolatzea.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dena den, historia zatitan banatzearen kontzeptua ez zen guztiz berria ez eta zati bakoitza, lantzen zen metalaren arabera izendatzea ere, Thomsenek klasikoetara aurkitu baitzuen inspirazioa. Hesiodo poeta greziarrak, K.a. 750 eta 650 urteen artean bizi izan zenak, Homerorekin batera, bost aro (Urre Aroa, Zilar Aroa, Brontze Aroa, Heroikoa eta Burdin Aroa) ezarri zituen Lanak eta egunak bere poeman.
Baina ziur aski Thomsenen eragin zuzenena Lucrezio izan zen, K.a. I. mendeko poeta-filosofo erromatarra. Honek, bere De rerum natura lanean, Historia ere hiru arotan egituratu zuen, gizakiak lantzen zuen lehengaiaren arabera sailkatua: harria eta egurra, brontzea eta burdina, nahiz eta Hesiodoren interpretazioari buelta eman zion. Poeta greziarrarentzat, urretik burdinaraino degradazio moral progresiboa egon zen munduan, eta bosgarren etaparen parte izatea ez zitzaion gustatzen, gizakiaren aro zitalena baitzen. Lukreziorentzat, ordea, ezinbesteko bilakaera bat baino ez zuen ikusten aro batetik hurrengora.[4]
Sistemaren erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sistemak etnologiaren zientzian lan egiten zuten ikertzaile britainiarrak erakarri zituen: Britainia Handiaren iraganerako arraza sekuentziak ezartzeko adoptatu zuten, garezur motetan oinarrituta. Lehen testuinguru akademikoa osatu zuen burezurren azterketa etnologikorako inolako balio zientifiko modernorik ez duen arren, Harri Aroaren, Brontze Aroaren eta Burdin Aroaren kronologia erlatiboak testuinguru publiko orokorrean erabiltzen jarraitzen da, eta hiru aroren kontzeptuak Europarako, Mediterraneoko mundurako eta Ekialde Hurbilerako historiaurreko kronologia sostengatzen du[5][6][7].
Egiturak Europa mediterraneoaren eta Hego-mendebaldeko Asiaren kultura- eta historia-oinarria islatzen du. Laster azpisailkapen gehiago egin ziren; 1865ean Harri Aroaren barruan, Paleolito, Mesolito eta Neolito garaiak ezberdindu zituen John Lubbock britaniar zientzia gizonak.[8] Egun, Historiaurreko aldiak bereizteko, hauek, eta gehiago, erabiltzen dira: Paleolitoa, Epipaleolitoa/Mesolitoa, Neolitoa, Kalkolitoa/Kobre Aroa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa diren. Beraz, eremu akademikoan, "Harri Aroa" erabiltzeari pixkanaka utzi zitzaion beste aldi edo aro zehatzagoen truke.
Muga geografikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mediterraneorako, Europarako eta Asia hegoalderako periodizazio hori modu zabalean erabiltzen da akademian gaur egun, baina eskemak ez du erabilgarritasun handirik edo batere erabilgarritasunik Saharaz hegoaldeko Afrikan, Asiako zati handi batean, Ameriketan eta beste eremu batzuetan esparru kronologikoak ezartzeko; eta garrantzi txikia du eskualde horietarako eztabaida arkeologiko edo antropologiko garaikidean.[9] Historian eta arkeologian, eremu geografikoaren arabera definitzen dira garaiak, bertako ezaugarriak eta kronologiak kontuan hartuta. Amerikan, adibidez, hirutan banatutako beste sistema erabiltzen da: Aurreklasikoa, Klasikoa eta Postklasikoa.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Rowley-Conwy, Peter (2007). From Genesis to Prehistory: The Archaeological Three Age System and its Contested Reception in Denmark, Britain, and Ireland. Oxford Studies in the History of Archaeology. Oxford, New York: Oxford University Press.
- ↑ Kipfer, Barbara Ann (2000). Encyclopedic Dictionary of Archaeology (en inglés). Springer Science & Business Media. ISBN 978-0-306-46158-3.
- ↑ Darvill, Timothy (2021). Three Age System. Oxford University Press. eISBN: 9780191842788
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Álvarez, Jorge. (2020-10-13). «Cómo un historiador danés inventó las Tres Edades, el sistema de periodización de la Prehistoria y la Protohistoria» La Brújula Verde (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
- ↑ Morse, Michael A.. (1999-01). «Craniology and the Adoption of the Three-Age System in Britain» Proceedings of the Prehistoric Society 65: 1–16. doi: . ISSN 2050-2729..
- ↑ «Notepads to Laptops: Archaeology Grows Up» www.bbc.co.uk.
- ↑ «Three-age System - oi» web.archive.org 2018-09-16 doi: ..
- ↑ «John Lubbock's "Pre-Historic Times" is Published : History of Information» www.historyofinformation.com.
- ↑ «About the three Age System of Prehistory Archaeology» Actforlibraries.org.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- M. H. Alimen y M. J. Steve (1982). Prehistoria. Madrid: Siglo XXI de España. 58. ISBN 84-323-0034-9.