Hispania
- Artikulu hau antzinako eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hispania (argipena)».
Hispania[1] antzinako erromatarrek Iberiar penintsulari eman zioten izena da. Denborarekin kontzeptuan sartzen ziren lurrak zabaldu ziren: Inperioaren amaieran, Balearica eta Mauretania Tingitana ere Hispania barruan sartu ziren.
Errepublika eta Goi Inperioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erromatarrak, Italiatik kanpoko lurraldeak konkistatu ahala, bertako administrazioa itxuratuz zihoazen. Hala, Iberiako penintsulan, Bigarren Gerra Punikoak ekarri zuen lehen konkista bultzadaren ondoren, lurralde aniztasuna zela eta, K.a. 197an bi probintzia berri sortu zituzten Erromako Estatuan (ordu arte bi bakarrik ziren, Sardinia eta Sizilia): Hispania Citerior (Ebroko haran konkistatuaaren ingurukoa) eta Hispania Ulterior (Guadalquivirreko harana). Gehienbat, artean Hispanian ziharduten erromatar gudarosteko bi buruzagiei lurralde bana izendatzea zen kontua.
Ia bi mende geroago, erromatar estatuaren egitura bera aldaturik zegoen, eta Hispaniaren konkista hain aurreratua egonda, Augustok beste probintzia zatiketa bat egin tzuen. Une hartan (K.a. 27. urtean seguruenik), inperioaren probintziak bi sailetan banatu zituen Augustok: batetik, Senatuaren mendekoak edo senatorialak (soldadu talderik gabe eta Senatuak zuzenean gobernatzen zituenak) eta, bestetik, enperadoreari zegozkionak, hark izendatutako gobernarien mende zeudenak. Horrela, hiru probintzia sortu ziren Hispanian:
- Hispania Ulterior Baetica (senatoriala eta Corduba hiriburu zuena) eta enperadorearen mende zeudenak,
- Lusitania (ipar-mendebaldean, Gallaecia hartzen zuena),
- eta Hispania Citerior Tarraconensis (beste lurralde askorekin batera, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, beroiak eta baskoiak barne hartzen zituena).
Kantabriar gerren ondoren, Augustok banaketa hori berrantolatu zuen, modu arinez bada ere, Citerior zelako hartan Gallaecia eta hego-ekialdeko mea eremuak sartuz.
Probintzien araberako banaketa horren izaera guztiz politiko eta administratiboa (zibila) zela eta, lehengo probintzien premia militarrei erantzun beharra ez zutelarik, probintziek Goi Inperio guztian zehar iraun zuten.
Conventusen araberako banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alabaina, probintzia horiek hartzen zuten eremu handia eta lurralde haietako hiri garapen desberdina zirela eta, probintziaren eta hiri komunitateen arteko beste administrazio egitura bat sortu zen, conventus izenekoa, izatez jatorriko gizataldeetatik hurbilago zena. Batez ere izaera juridikoa (inperioko ordezkariak bertako komunitateen artean justizia egiten zuen lekua zen), eta erlijiosoa (hirien gainean zegoen inperio mailako gurtza egituratzen zuen) zuen, baina funtzio politikoak, administratiboak eta ekonomikoak ere bazituen.
Administrazioaren sail osagarri hori Augustoren aldian gertatu zen batzuentzat, beste batzuentzat Klaudioren obra da eta, beste zenbaitentzat, Vespasianok egin zuen 70eko hamarkadan, inperioko gurtza maila guztietan (tokia, conventusa eta probintzia) egituratzearekin batera.
Hispania horrela banatu zen[2]:
- Hispania Citerior Tarraconensis zazpi conventusetan zatitu zen.
- Tarraconensis, hiriburua Tarraco (Tarragona) zuena.
- Carthaginensis, hiriburua Carthago Nova (Cartagena).
- Caesaraugustanus, hiriburua Caesar Augusta (Zaragoza).
- Cluniensis, hiriburua Clunia Sulpicia (Coruña del Conde).
- Asturicensis, hiriburua Asturica Augusta (Astorga).
- Lucensis, hiriburua Lucus Augusti (Lugo).
- Bracarensis, hiriburua Bracara Augusta (Braga).
- Hispania Ulterior Lusitania hiru conventusetan zatitu zen.
Behe Inperioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.o. III. mendearen hasieran (214-215 inguruan), Karakala enperadoreak beste probintzia bat sortu zuen Hispaniako ipar-mendebalean (Gallaecia), baina K.o. 238 arte besterik ez zuen iraun.
Dioklezianoren berregituratze politiko-administratiboak ezarritako probintzia banaketak zeregin garrantzitsua izan zuen, eta administrazio ingurune berria ekarri zuen Hispaniako lurraldeetara. K.o. 297an egin zen banaketa horren oinarrizko egiturak hauek izan ziren: prefektura (Hispania Galietakoen barruan geratu zen), diocesisa (Hispaniak eta Mauretania Tingitanak diocesis Hispaniarum izenekoa osatu zuten), eta probintzia (Iberiako penintsulako eremua bost probintziatan zatitu zen), ordurako zereginik ez zutela lehengo conventus haiek.
Goi Inperioko Hispania Citerior probintziatik hiru probintzia eratu ziren: Gallaecia, ipar-mendebaldeko lurraldea hartzen zuena (asturiarrak eta galaikoak), Tarraconensis (Ebroko harana funtsean, Pirinioetatik Iberiar sistemaraimo, kantauriarrak, karistiarrak, barduliarrak, beroiak, baskoiak eta beste zenbait herriren lurraldeak izan zirenak barne), eta Carthaginensis (lehengo Citerior hartako gainerako lurraldeak).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/02/04 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2004/XII/16). 142. araua: Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak. Bilbo.
- ↑ La nueva división de Hispania Artehistoria.jcyl.es
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez): Hispania erromatar garaietan.
- (Portugesez): Erroma aurreko Hispaniaren mapa, K.a. 200 urtean.
- (Gaztelaniaz): Hispania Erromaren ondorioaren gaineko dokumentala.
- Fernández López, Justo (bil) «División territorial de Hispania Romana» Hispanoteca