Hitano

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Ahotsak proiektuak hitanoari buruz eginiko bideo laburra.[1]

Hitanoa, hiketa, toketa eta noketa, hika edo toka eta noka hitz egitea euskaraz lagunarteko hizkerako adizkera alokutiboa da. Mendebaldeko hainbat tokitan, ez dok eta badok (gizonezkoei egindako hitanoari) eta ez dona eta badona (emakumezkoei egindako hitanoari) deitu izan zaio.[2] Euskarak izenordain bat baino gehiago erabiltzen du, solaskideari dagozkionak: hi, zu (xu[3] ere ekialdeko behe-nafarreraz) eta berori (hegoaldean). Hi esanez gero, adizkera alokutiboa erabili ohi ditu hiztunak. Aditz etikoa ere esan izan zaio[4]. Adizkera alokutiboetan aditz jokatuak bigarren pertsonarekiko komunztadura du, bigarren pertsona hori aditzak adierazten duen prozesuan partaide izan gabe ere: Peru etorri duk eta jo naik. Hikaz gainera, ekialdeko euskalkietan zuka (züka zubereraz) eta xuka mintzatuz ere erabiltzen dira adizkera alokutiboak (Beñat hurbildu zaidazu eta jo naizu) solakideari zu tratamendua ematean. Ez, ordea, beste euskalkietan, haietan zu esanez ere eztabadaka hitz egiten baita. Gaur egungo euskara batuan, hitanozko adizkera zuzenak agertzen dira (hik egin duk), baita hitanozko alokutiboak ere (nik egin diat), ez, ordea, zu eta xu pertsonen alokutiboak (ni etxera joan nauzu/nauxu).

Literatura-tradizioaren arabera, adizkera alokutiboak adierazpenezko perpaus nagusietan erabili behar dira, ez mendekoetan.

Erabilera okerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo erabilera okerrak salatzerakoan, zenbait egilek akastzat har daitezkeen bi erabilera oker zabalduenak nabarmentzen dituzte; saihetsi beharrekoak:[5][6]

  • Emakumezkoei toka hitz egitea (oker: Maria, ekarri *diat atzo eskatutako liburua; zuzen: Maria, ekarri dinat atzo eskatutako liburua).
  • Mendeko perpausetan, menderakuntza marka duten adizki alokutiboak erabiltzea (oker: Entzun diat etorri *duala trena; zuzen: Entzun diat etorri dela trena).

Erregistroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitanoa lagunarteko erregistroan erabiltzeko dela esatea ohikoa bada ere, tradizioan egoera formaletan ere erabili izan da. Izan ere, konfiantza handiko kideen artean hika hitz egitea ohikoa zen egoera formaletan ere. Tradizioan ez da desegokitzat hartu hika hitz egitea kide bati eta aldi berean eztabadaka hitz egitea aurrean dagoen beste kide bati. Horrela egin izan da batzar formaletan eta baita hedabideetan ere. Esaterako, batzar formal batean kide batek hitanoa erabil dezake bere konfiantza handiko kideekin eta eztabadaka hitz egin diezaieke ezagutu berri dituen beste batzarkideei. Bide beretik, hedabideetan esatariek hika egin dezakete beren artean eta eztabadaka egin diezaiekete entzuleei edo elkarrizketatzen ari diren gonbidatuari.

XVI. mendea baino lehenago, alokutiborik ez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dirudienez, alokutiborik gabeko hitanoa da erabilera zaharrena, Xabier Kintana euskaltzainak oinarrizko hitanoa edo hitano murriztua deritzona. Alokutibozko forma adizki guztietara XVI. mendea baino lehentxeago hasi zitzaigun hedatzen, eta, hasieran, Euskal Herriko toki zehatz batzuetan baino ez. Alokutiborik gabeko hitano haren lekukotasuna jasota dago, adibidez, Lazarragaren eskuizkribuan (erabilera alokutiboarekin batera).[7]

Euskaltzaindiak, bestalde, adizki alokutiboak arautu dituen arren, oraindik ez du arautu noiz eta nola erabili behar diren («Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan»).[8] Beraz, euskara batuko araurik ez luke urratuko oinarrizko hitanoa erabiltzeak, nahiz eta aspalditik euskaran erabili ez den molde bat den. Horregatik, eta hitanoa izaten ari den atzerakada larria ikusirik, Xabier Kintanak proposatu du haurrei eta euskara ikasleei oinarrizko sistema hori irakastea, galbidean den hitanoa indarberritzearren, eta alokutibozko sistema konplexua errazago ikasteko oinarria izan dadin.[7]

Hona hemen adibide batzuk, oinarrizko hitanoa (alokutibogabea) eta hitano osoa (alokutiboduna) euskara batuan aplikatuz:

Zukako adizkia Hikako adizkia
(solaskide gizonezkoa / emakumezkoa)
Leizarragaren ereduko
oinarrizko hitanoa
Hitano osoa
(adizki alokutiboduna)
zara haiz haiz
naiz naiz nauk / naun
dugu dugu diagu / dinagu
zaitut haut haut
dizkizut dizkiat / dizkinat dizkiat / dizkinat
dizkiet dizkiet zizkieat / zizkienat
nator nator natorrek / natorren
zebilen zebilen zebilean / zebilenan
dakigu dakigu zakiagu, zekiagu / zakinagu, zekinagu

Berriz ere Lazarragaren eskuizkribura etorrita, hona hemen erabilera alokutibodunaren adibide bat (letra lodiz nabarmendu ditugu hikako lau adizkiak; erdiko biak dira alokutiboak):

« Donostiaco San Françiscuan

agoan giçon soldadua
Donçelleoni eguin jacac
Yzta ondoan anditua
Nyc lançeteaz jo diat eta
Oy yc eçarroc emplastua. [1193-r]

 »

Eta hemen, erabilera alokutibogabea (hau da, oinarrizko hitanoa; letra lodiz nabarmendu ditugu hikako adizki bakarra —lehenengoa— eta hitano osoan alokutiboak liratekeen hiru adizkiak):

« Arçai polita, yc jaquingo doc eçe guec goaçela Dueroco riberara, çegaiti ençun dogu ezen Silvero derechan arçai batec dabela lucha andiac armatu comarcaetako arçai guztiaquin eta dagoala denporea asignadur [sic] egun seigarren eguneco. Eta ala ene lagun au eta ni goaç ara Silveroren jentilezac ecusterren çegaiti utra manera andian daçauen guztioc alabadu deuscue. [1147 r-v]  »

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ahotsak.com. Youtube (2012ko ekaina). Hika. http://www.youtube.com/watch?v=EpzMfn2ABhk
  2. Iñaki GAMINDE & Juan Luis GOIKOETXEA: "Ahozko corpusen premia eta euron erabilgarritsuna eskolan".
  3. BIDEGAIN, Xarles: "Alokutiboa Lopez-engan (1782)", in Iker 2, Euskaltzaindia. Bilbo, (625-646 or.)
  4. Esate baterako in GAMINDE, Iñaki: Aditz etikoa. AEK, Bilbo, 1984.
  5. Juan Luis ZABALA: "Barruko filologo-poliziaren marmarrak", 31 eskutik.
  6. Itsaso IBARRA: “Berorrek nahi baduzu egingo yau”. Argia.com.
  7. a b Kintana, Xabier, 2005, «Lazarraga poeta zahar gaztearen berri onak», Euskera 50, 129-159. [Joan Perez Lazarragakoren omenez Euskaltzaindiak Ozetan (Araba) eginiko bilkuran Kintanak emandako hitzaldiaren testua da.]
  8. Euskaltzaindiaren 14. araua: «Adizki alokutiboak (hikako moldea)»

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ALBERDI LARIZGOITIA, Jabier: Euskararen tratamenduak: erabilera. Iker 9. Euskaltzaindia. Bilbo. 1996.
  • LIZARTZA, Ritxi: Hika egiten ikasteko gida. Baigorri Argitaletxea. Bilbo. 2009.
  • LIZARTZA, Ritxi, FIGUERAS, Yoana, GALARTZA & MENDIOLA, Nerea: Hitanoa, mintza hadi, lagun!: hika egiten ikasteko eskuliburua ( + Arikietak). Autoedizioa, 2009 (ISBN 978-84-613-6287-5)
  • OIHARTZABAL, Beñat: "Hikako adizkeren paradigmen aurkezpena" in Euskera, Euskaltzaindia. Bilbo, XXXIX zk., 1994, 3. zk., 969-981 or.
  • REY ESCALERA, Fernando: "Emakumeak bere buruari nola?" in 31 eskutik. 2013/12/16