Edukira joan

Hizkuntza-transferentzia

Wikipedia, Entziklopedia askea

 

Hizkuntza-transferentzia deritzo hiztun elebidun edo eleaniztun batek hizkuntza baten ezaugarri linguistikoak beste batean aplikatzeari. Hizkuntza-transferentzia hiztun baten lehen hizkuntzatik (H1etik) ikasten ari den bigarren hizkuntza (H2) batera gerta daiteke, edo alderantziz, H2tik H1era. Bi hizkuntza aldi berean ikasten dituzten haurren artean, bi norabideetan ere gertatzen da (batez ere, bi hizkuntzetako bat nagusi denean[1]). Terminoa hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren arloan erabiltzen da batez ere, eta interferentzia linguistiko edo hizkuntzen arteko eragin ere deitzen zaio.

Hizkuntza-transferentzia positiboa eta negatiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Harvardeko ikasgela bateko arbela, gaztelaniazko ortografiari buruzko ikasgai batean.

Hizkuntza-zuzentasunaren irizpidea aintzat hartuta, transferentzia positiboa eta transferentzia negatiboa bereizten dira. Hizkuntza-unitate edo egitura bat bi hizkuntzatan berdina bada, hizkuntza-transferentziak eragin positiboa izaten du askotan[2]: unitate edo egitura zuzena sortzen da hizkuntza batean, beste hizkuntza bateko jakintzaren eraginez (kognatuen kasuan, adibidez, ohikoa da). Bi hizkuntzetako unitate edo egiturak desberdinak direnean, aldiz, transferentzia negatiboa gertatzen da maiz, desberdintasun horiek akats-iturri izaten direlako. Bigarren transferentzia mota hori da, hain zuzen ere, gehien ikertu izan dena, negatiboa, eta interferentzia ere deitu ohi zaio literaturan.

Transferentzia negatiboa (edo interferentzia)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transferentzia negatiboa (edo interferentzia) aztertzeko, hizkuntzen arteko aldeen eraginez egin ohi diren akatsei erreparatzen zaie. Analisi kontrastiboaren hipotesiaren arabera, zenbat eta handiagoak izan bi hizkuntzaren arteko aldeak, orduan eta transferentzia negatibo gehiago espero daiteke[3].

Esate baterako, ingelesez, preposizioak erabiltzen dira astegunen aurretik: "I'm going to the beach on Friday." Euskaraz ere, halatsu: "Ostiralean hondartzara joango naiz." Gaztelaniaz, aldiz, preposizioa beharrean, artikulua erabiltzen da: "Voy a la playa el viernes." Halakoetan, oso ohikoa izaten da ingelesa edo euskara ikasten ari diren gaztelania-hiztunek preposiziorik ez erabiltzea, edo alderantziz, gaztelania ikasten ari diren euskara- edo ingeles-hiztunek "en el viernes" gisako akatsak egitea.

Whitleyren arabera, normala da hori gertatzea, ikasleek gehien ezagutzen duten hizkuntzaren egituretan pentsatzen dutelako hain ondo ezagutzen ez duten hizkuntzetan sortzeko[4]. Brownek ere aipatzen du "ikaskuntza berri guztiek aurreko ikaskuntzan oinarritutako transferentzia" dakartela[5], eta horrek azal lezake, besteak beste, zergatik baldintzatu dezakeen H1aren hasierako ikaskuntzak H2en ikaskuntza.[6]

Transferentzia positiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transferentzia positiboaren emaitzak, neurri handi batean, oharkabean pasatzen dira, eta gutxiago ikertzen dira negatiboarenak baino. Hala ere, emaitza horien eragina ere antzemateko modukoa izaten da. Oro har, zenbat eta antzekoagoak izan bi hizkuntza, eta ikaslea haien arteko erlazioaz zenbat eta gehiago jabetu, orduan eta transferentzia positibo gehiago gertatzen da. Adibidez, alemana ikasten duten ingeles-hiztunek erraz samar antzematen dute alemanezko hainbat hitzen esanahia haien ingelesezko ordainetan pentsatuta; beste hizkuntza-ezaugarri batzuk ikastea, aldiz, zailagoa gertatzen zaie, bi hizkuntzen artean alde handiagoa dagoelako (hitz-hurrenkeran, fonetikan, kolokazioetan, eta abar).

Transferentzia positiboa ikaskuntzarako lagungarria bada ere, bi hizkuntzen antzekotasunei gehiegi erreparatzeak baditu alde txarrak ere; besteak beste, ikasleek sasiadiskideak erabiltzeko joera handiagoa izan baitezakete, hau da, itxuraz antzekoak izan arren bi hizkuntzatan esanahi desberdina duten hitzak oker erabiltzekoa[7]. Hori gertatzen da, besteak beste, ikasleek hizkuntzen arteko loturak gaizki ulertzen dituztenean, edo ikusizko ikaskuntzak gehiegizko pisua hartzen duenean.

Transferentziaren eragina hizkuntza-kontzientzian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait ebidentziaren arabera, transferentziak, hizkuntza-ekoizpen egokiak edo akastunak eragiteaz gain, nolabaiteko abantaila tekniko edo analitikoak ere badakarzkie hiztunei; izan ere, hizkuntza bat H2 gisa ikasten ari diren ikasleek zenbait hizkuntza-ezaugarriren kontzientzia handiagoa izaten dute, batzuetan, hizkuntza horretako hiztun elebakarrek baino. Adibidez, ikerketa-lan baten arabera[8], ingelesa H2 gisa ikasten duten koreera-hiztunak gehiago ohartzen dira ingelesak berezko dituen etenaldi fonetiko batzuez (ingelesez unreleased stops deitzen zaienez) ingeles-hiztun elebakarrak baino, ezaugarri hori koreeraz desberdina delako.

Hizkuntza-transferentzia kontzientea eta inkontzientea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza-transferentzia kontzientea eta inkontzientea ere izan daiteke.[9] Kontzienteki, ikasleek hitz bat edo egitura bat H2an nola erabiltzen den ez dakitenean, asmatzen saiatzen dira, eta beren H1ean pentsatzen dute horretarako. Inkontzienteki, berriz, gerta daiteke ikasleak ez konturatzea bi hizkuntzaren barne-arauak desberdinak direla, eta horregatik jotzea H1eko arauetara H2an sortzeko.

Hizkuntza-transferentziaren alderdi inkontzienteari buruzko ikerketan, Eric Kellermanek transfer-to-nowhere ('inora ez doan transferentzia') printzipioa proposatu zuen, hizkuntzari kontzeptuen antolamenduaren ikuspegitik begiratuta, ezaugarri sintaktikoen ikuspegitik beharrean. Kellermanen arabera, hizkuntzak baldintzatzen du hiztunak nola kontzeptualizatzen duen esperientzia, eta printzipio horrek azaltzen du hizkuntzen arteko bariazioek eragina dutela kontzeptualizatze-prozesuan[10]. Izan ere, ikasleentzat zaila da hizkuntza berri baten interpretazio-patroiez jabetzea, eta, H2aren berezko ikuskeren bila hasi beharrean, beren H1eko ikuskerari eusteko aukera ematen dieten hizkuntza-baliabideak erabiltzera jotzen dute[11].

Bestalde, hizkuntzaren transferentzia kontzientea Roger Andersenen transfer-to-somewhere ('norabait doan transferentzia') printzipioaren bidez azaldu daiteke. Printzipio horren arabera, hizkuntza-egitura bat transferitu ahal izateko, jabetze-printzipio naturalekin bateragarria izan behar du, edo antzeko baliokideren bat izan behar du xede-hizkuntzan (hau da, "nora transferitua" izan behar du).[12] Xede-hizkuntzari zentzua emateko heuristiko gisa interpretatzen da hori: ikasleak, xede-hizkuntzaren kontzientzia hartzeko, H1a eta H2a parekatzen ditu.[13]

Kellermanen eta Andersonen printzipioen arteko aldea beste era batera deskribatzeko, esan liteke lehenengoak hizkuntza-adierazmenerako bideen atzean dagoen kontzeptualizazioan jartzen duela arreta, eta bigarrenak, berriz, bide horiez jabetzeko prozesuan.

Azelerazioa eta dezelerazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur elebidunen hizkuntza-jabekuntzaren barruan, azelerazioaz eta dezelerazioaz hitz egiten da, testuinguru antzekoa duten haur elebidunen eta haur elebakarren hizkuntza-jabekuntza alderatuta.

Zenbaitetan, azelerazioa gertatzen da: haurrek hizkuntza bateko ezagutza laguntza gisa erabiltzen dute, eta azkarrago ikasten dute bestea[14]. Dezelerazio-kasuetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da: haurrak eragin negatibo gehiago jasotzen ditu hizkuntza batek bestean duen interferentziagatik, eta, ondorioz, akats gehiago sortzen ditu, eta hizkuntza motelago ikasten du.

Transferentzia alfabetatzearen garapenean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza-transferentzia aspalditik ikertu bada ere, transferentziak alfabetatzearekin duen loturari buruzko ikerketa 1990ean hasi zen zabaltzen. Gaur egun, gero eta gehiago ikertzen da gai horren inguruan, hiztun elebidun eta eleaniztunen kopurua gora doalako mundu osoan[15]. AEBetan, adibidez, ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasleen % 10ek bigarren hizkuntza gisa ikasten du ingelesa[16].

Hizkuntzen interdependentziaren hipotesiak dioenez, alfabetatze-gaitasuna H1etik H2ra transferitu ahal izateko, beharrezkoa da H1ean aldez aurretik ondo alfabetatua izatea[17]. Beste era batera esanda, H1ean irakurtzeko eta idazteko gai izatea beharrezkoa da jakintza hori H2ko idazmenean eta irakurmenean baliatu ahal izateko. Hala ere, hizkuntza-transferentzia bi norabidetakoa denez, H2an lantzen diren gaitasunak ere lagungarri izan daitezke H1erako[18].

Ikerketa gehienetan esaten da alfabetatzeari dagokion hizkuntza-transferentzia edozein hizkuntzatan gerta daitekeela, baina Chungen eta kideen lanak[19] iradokitzen du transferentzia hori ez dela hain ohikoa ortografia-sistema desberdineko hizkuntzen artean. Esate baterako, euskaraz alfabetatuz gero, errazagoa da gaitasun horiek aplikatzea gaztelania, frantsesa edo ingelesa ikasterakoan, hizkuntza horiek alfabeto berbera erabiltzen dutelako; euskaraz alfabetatutako norbaitek koreera ikasi nahi badu, aldiz, nekezagoa izan liteke transferentzia hori gertatzea, euskarak eta koreerak idazkera-sistema desberdina dutelako.

Zeinu-hizkuntza eta idatzizkoa erabiltzen dituzten elebidun gorretan ere gertatzen da hizkuntza-transferentzia[20]. Izan ere, zenbaitek pentsa lezakete, adibidez, amerikar zeinu-hizkuntza (ingelesez American Sign Language, ASL) eta ingelesa hizkuntza berberaren bi aldaera direla, baina ez da hala. Zeinu-hizkuntzak hizkuntza beregainak dira, eta hizkuntzaren oinarrizko ezaugarri guztiak dauzkate: bai ahoskera-arau propioak, bai hitzak sortzekoak eta bai hitz-hurrenkerari dagozkionak ere[21]. Hori dela-eta, gor gehienak elebiduntzat jotzen dira, zeinu-hizkuntzako hiztunak izateaz gain, beste hizkuntza batean irakurtzeko gai ere badirelako. Bestalde, garrantzitsua da argitzea zeinu-hizkuntza guztiak ere ez direla berdinak: amerikar zeinu-hizkuntzaz gain, badaude mexikarra, espainiarra eta beste asko ere.

Transferentzia ulermenean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ulermen mailan ere gertatzen da transferentzia. Adibidez, alemanak eta ingelesak, biek erabiltzen dute izena-izena-aditza hurrenkera perpaus erlatiboetan, baina interpretazioa desberdina da hizkuntza batean eta bestean.

Esate baterako, har dezagun alemanezko esaldi hau: Das Mädchen, das die Frau Küsst, ist blond.

Esaldi horrek bi esanahi izan ditzake, perpaus erlatiboaren arabera: 'neskatila, zeinak emakumeari musu eman dion, ilehoria da' edo 'neskatila, zeinari emakumeak musu eman dion, ilehoria da'. Izan ere, perpaus erlatiboa anbiguoa da sintaktikoki (subjektuari edo zehar objektuari egin diezaioke erreferentzia, bietako edozeini).

Ingelesez, aldiz, honela esan liteke gauza bera: The girl that the woman is kissing is blonde.

Kasu horretan, ez dago zalantzarik, esaldiak esanahi posible bakarra baitu: 'neskatila, zeinari emakumeak musu eman baitio, ilehoria da'.

Ingelesez, izena-izena-aditza egitura duten perpaus erlatiboetan, lehen izena zehar objektua baino ezin da izan, eta, horregatik, alemana H2 gisa ikasten duten ingeles-hiztunek joera handiagoa dute alemana H1 duten hiztunek baino halako perpaus erlatiboak objektuari dagozkiola interpretatzeko[22]. Ingelesaren (beren H1aren) analisi sintaktikoa lehenesten dutelako gertatzen da hori, hain zuzen ere.

Transferentziaren bestelako eragin zabalagoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiztun natiboen eta ez-natiboen arteko kontaktua oso estua bada, hizkuntza-transferentziak hiztun ez-natiboengan duen eragina komunitate natiboaren hizkerara ere zabaldu liteke. Euskal Herrian, nabarmena da hori, ama-hizkuntza euskara duten hiztunek ere asko erabiltzen baitituzte gaztelaniazko eta frantsesezko kalkoak. Eta nazioartean ere, horixe gertatzen da, adibidez, Kanadako Québec eskualdean, ingelesa nagusi den zonaldeetan, bai eta Estatu Batuetan gaztelania nagusitzen den zonaldeetan ere.

Erreferentziak eta oharrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Paradis, Johanne; Genesee, Fred. (1996). «SYNTACTIC ACQUISITION IN BILINGUAL CHILDREN: Autonomous or Interdependent?» Studies in Second Language Acquisition 18 (1): 1–25.  doi:10.1017/S0272263100014662. ISSN 0272-2631..
  2. Shatz, Itamar. (2017). Native Language Influence During Second Language Acquisition : A Large-Scale Learner Corpus Analysis. (Noiz kontsultatua: 2025-02-05).
  3. Lennon, P. (2008). Contrastive analysis, error analysis, interlanguage. In S. Gramley & V. Gramley (Eds.), Bielefeld Introduction to Applied Linguistics (pp. 51-60). Bielefeld, Germany: Aisthesis.
  4. ISBN 978-0-87840-381-3.. ISBN 978-0-87840-381-3..
  5. Bransford , J. D., Brown, A. L., & Cocking, R. R. (2000). How people learn: Brain, mind, experience, and school. (Expanded ed., PDF). Washington D.C.: National Academy Press, ISBN 0309070368.
  6. Alfaifi, Abdullah; Saleem, Mohammad. (2024). «Negative transfer and delay in proficiency development: L1 influenced syntax issues faced by Arab EFL learners» Forum for Linguistic Studies 6 (4): 42–57.  doi:10.30564/fls.v6i4.6664. ISSN 2705-0602..
  7. Solé Alonso, Gemma; Pladevall Ballester, Elisabet. (2017). False friends in advanced learners of English. The effect of task type and mode. (Noiz kontsultatua: 2025-02-04).
  8. Chang eta Mishler, 2012
  9. Fuster, Carles. (2022). Lexical Transfer in Pedagogical Translanguaging : Exploring Intentionality in Multilingual Learners of Spanish. (Noiz kontsultatua: 2025-02-05).
  10. (Ingelesez) «Applying Cognitive Linguistics to Second Language Learning and Teaching [2 ed. 9783031397950, 9783031397967»] dokumen.pub (Noiz kontsultatua: 2025-02-05).
  11. Alsaedi, Salah. HANDBOOK OF COGNITIVE LINGUISTICS AND SECOND LANGUAGE ACQUISTION. (Noiz kontsultatua: 2025-02-05).
  12. Paulasto, Heli; Riionheimo, Helka; Meriläinen, Lea; Kok, Maria. (2014). Language Contacts at the Crossroads of Disciplines. Newcastle upon Tyne: Cambridge Scholars Publishing, 142 or. ISBN 9781443866248..
  13. Han, Zhaohong. (2004). Fossilization in Adult Second Language Acquisition. Clevendon: Multilingual Matters, 71 or. ISBN 9781853596872..
  14. Fabiano-Smith Leah; Goldstein Brian A.. (2010-02-01). «Phonological Acquisition in Bilingual Spanish–English Speaking Children» Journal of Speech, Language, and Hearing Research 53 (1): 160–178.  doi:10.1044/1092-4388(2009/07-0064). PMID 20150407..
  15. (Ingelesez) Chung, Sheila Cira; Chen, Xi; Geva, Esther. (2019-05). «Deconstructing and reconstructing cross-language transfer in bilingual reading development: An interactive framework» Journal of Neurolinguistics 50: 149–161.  doi:10.1016/j.jneuroling.2018.01.003. (Noiz kontsultatua: 2025-02-07).
  16. Department of Education, Office of English Language Acquisition. (August 2022). «English Learners: Demographic Trends» National Clearinghouse for English Language Acquisition.
  17. Feinauer, Erika; Hall-Kenyon, Kendra M.; Davison, Kimberlee C.. (2013-09-01). «Cross-Language Transfer of Early Literacy Skills: An Examination of Young Learners in a Two-Way Bilingual Immersion Elementary School» Reading Psychology 34 (5): 436–460.  doi:10.1080/02702711.2012.658142. ISSN 0270-2711..
  18. Kim, Young-Suk Grace; Piper, Benjamin (2019). Cross-Language Transfer of Reading Skills: An Empirical Investigation of Bidirectionality and the Influence of Instructional Environments. 32. bol. 839-871. or.
  19. Chuang, Hui-Kai; Joshi, R.Malatesha; Dixon, L. Quentin. (March 2012). «Cross-Language Transfer of Reading Ability: Evidence From Taiwanese Ninth-Grade Adolescents» Journal of Literacy Research 44 (1): 97–119.  doi:10.1177/1086296X11431157..
  20. Wang, Yuanbo; Du, Menglin; Yu, Keke; Shen, Guangyin; Deng, Ting; Wang, Ruiming. (2022-09-01). «Bi-directional cross-language activation in Chinese Sign Language (CSL)-Chinese bimodal bilinguals» Acta Psychologica 229: 103693.  doi:10.1016/j.actpsy.2022.103693. ISSN 0001-6918. PMID 35933798..
  21. «American Sign Language» NIDCD 29 October 2021.
  22. Nitschke, Sanjo; Kidd, Evan; Serratrice, Ludovica. (2010-01-01). «First language transfer and long-term structural priming in comprehension» Language and Cognitive Processes 25 (1): 94–114.  doi:10.1080/01690960902872793. ISSN 0169-0965. (Noiz kontsultatua: 2025-02-07).