Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna
Irudia
Europako Kontseiluko estatuen mapa. Berde ilunean, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna sinatu eta berretsi duten estatuak. Berde argian, sinatu besterik ez dutenak. Zuri kolorean, Gutuna ez sinatu eta ez berretsi ez duten estatuak.
Motacharter (en) Itzuli
tratatu
Data1992ko azaroaren 5a
Argitaratze-data1992ko azaroaren 5a
Argumentu nagusiahizkuntza-eskubideak
KokalekuEstrasburgo
HerrialdeaFrantzia
Sinatzailea
Depositary (en) ItzuliSecretary General of the Council of Europe (en) Itzuli
Lanaren edo izenaren hizkuntzaingeles eta frantses

Lan osoa eskuragarriconventions.coe.int…

Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna (ingelesez, European Charter for Regional or Minority Languages), maiz Eurogutuna moduan laburtua [1], Europako Kontseiluak bultzatuta 1992an Estrasburgon sinatutako Ituna da, Europako erregio-hizkuntzak eta hizkuntza gutxituak babestu eta sustatu nahi dituena.

Gutunak ofizialtasunik ez duten Europako hizkuntzak babestu nahi ditu, eta baita ofizialak izan arren egoera gutxituan daudenak ere. Kalkulatzen da Europan 40 milioi herritarrek Gutunaren babespean dauden hizkuntzak hitz egiten dituztela [2].

23 artikuluko Gutun hau "eremu urriko hizkuntzei" buruzkoa bada ere, esamolde hori eufemismo bat baino ez da, hizkuntza horiek benetan hizkuntza gutxituak direlako.

Gaur egun (2022an) Europako Kontseiluko 47 estatutik 31k Gutuna sinatu dute, baina horietatik 24k besterik ez dute berretsi. Gutuna sinatu ez dutenek (Irlanda edo Grezia, besteak beste) edo sinatu arren berretsi ez dutenek (Frantzia edo Italia, adibidez) ez dute inongo konpromisorik hartu erregio-hizkuntzak babesteko edo sustatzeko.

Gutunaren arabera, eremu urriko eta eskualdeetako hizkuntza guztiek Europako aniztasun linguistikoa osatzen dute, eta denek "Europako tradizioak eta aberastasun kulturala mantentzen eta garatzen" laguntzen dute [3].

Horretaz gain, Gutunak neurri zehatz batzuk ezartzen ditu eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzeko bizitza publikoan. Neurri horiek honako eremu hauek hartzen dituzte: hezkuntza, justizia, administrazio-agintariak eta zerbitzu publikoak, komunikabideak, jarduera kulturalak, eta jarduera ekonomiko eta sozialak, besteak beste [4].

Gutunak gainbegiratze-mekanismo bat aurreikusten du haren funtzionamendua eta estatuek egiten duten aplikazioa ebaluatzeko. Aditu independenteek osatutako batzorde batek egiten du ebaluazio hori, eta, beharrezkoa bada, gomendioak ere ematen ditu, estatuen ez-betetzeak zuzendu ahal izateko. Aditu independenteen batzorde hori Europako Kontseiluak izendatzen du sei urterako [5]

Gutunaren Hitzaurrea oso argia da hizkuntza gutxitu baten hiztunek hizkuntza hori erabiltzeko duten eskubideaz:

"Eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak bizitza publiko edo pribatuan erabiltzeko eskubidea preskribatzen ez duen eskubidea da, NBEren Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean dagoena, eta bat datorrena Europako Kontseiluak sustatzen dituen baloreekin giza-eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko" [6]

Gutuna sinatu eta berretsi duten estatuen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatua Sinaduraren data Berrestearen data Babestutako hizkuntzak
Alemania 1992-11-5 1998-9-16 Daniera, sorabiera, frisiera, behe-alemana eta erromaniera
Armenia 2001-5-11 2002-5-1 Asiriera, greziera, errusiera, kurduera
Austria 1992-11-5 2001-6-28 Kroaziera, esloveniera, hungariera, txekiera, eslovakiera, erromaniera
Danimarka 1992-11-5 2000-9-8 Alemaniera. Faroera eta groenlandiera ez dira sartzen, babes berezia dutelako
Erresuma Batua 2000-3-22 2001-3-27 Kornubiera, galesa, Eskoziako gaelera, irlandera, eskoziera
Errumania 1995-7-17 2008-5-1 Albaniera, armeniera, bulgariera, txekiera, kroaziera, alemana, greziera, italiera, yiddish, mazedoniera, hungariera, poloniera, erromaniera, errusiera, ruteniera, serbiera, eslovakiera, turkiera, tartarera eta ukrainera
Eslovakia 2001-2-20 2001-9-5 Bulgariera, kroaziera, txekiera, alemana, hungariera, poloniera, erromaniera, ruteniera eta ukrainera
Eslovenia 1997-7-3 2000-10-4 Erromaniera, italiera eta hungariera
Espainia 1992-11-5 2001-4-9 Katalana, euskera, galiziera, aranera, asturiera eta aragoiera
Finlandia 1992-11-5 1994-11-9 Samiera, suediera eta erromaniera
Herbehereak 1992-11-5 1996-5-2 Frisiera, behe-alemana, erromaniera eta yiddish
Hungaria 1992-11-5 1995-4-26 Kroaziera, alemana, errusiera, serbiera, eslovakiera, esloveniera
Kroazia 1997-11-5 1997-11-5 Italiera, serbiera, hungariera, txekiera, eslovakiera, ruteniera, ukrainera
Liechtenstein 1992-11-5 1997-11-18
Luxenburgo 1992-11-5 2005-6-22
Montenegro 2005-3-22 2006-2-15 Albaniera eta erromaniera
Norvegia 1992-11-5 1993-11-10 Samiera
Serbia 2005-3-22 2006-2-15 Albaniera, bosniera, bulgariera, hungariera, erromaniera, ruteniera, eslovakiera, ukrainera, kroaziera
Suedia 2000-2-9 2000-6-1 Samiera, finlandiera, meänkieli, erromaniera, yiddish
Suitza 1993-10-8 1997-17-23 Erromantxe eta italiera
Txekia 2000-11-9 2006-11-15 Poloniera eta eslovakiera
Txipre 1992-11-12 2002-8-26 Armeniera
Ukraina 1996-5-2 2005-9-19 Bielorrusiera, bulgariera, gagauzera, greziera, yiddish, tartarera, moldaviera, alemana, poloniera, errusiera, errumaniera, eslovakiera eta hungariera

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Berria Estilo Liburua» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-01-18).
  2. Lenguas regionales y minoritarias de la Unión Europea Education and Training
  3. Carta Europea de las Lenguas Regionales o Minoritarias (CELROM) Generalitat Valenciana
  4. Bodlore-Penlaez, Mikael: Atlas of Stateless Nations in Europe, Ed. Y Lolfa (2010), 18-19 orr. ISBN: 978-1-84771-379-7
  5. European Charter for Regional or Minority Languages Council of Europe
  6. European Charter for Regional or Minority Languages Wikisource

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]