Hizkuntza inklusibo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hizkuntza inklusiboa komunikazioan islatzen diren diskriminazio ardatzak baztertzen dituen hizkuntza da, hots, hizkuntzaren erabilera sexista, arrazista, etnozentrista eta androzentrikoei aurre eginez, hizkuntzaren erabilera justu eta integratzailea bultzatzen duena. Irakaskuntzan, hezkidetzaren oinarrietako bat da genero-ikuspegia txertatzean. Hizkuntza-dimentsioaz gain, politikoa eta soziala ere hartzen ditu bere baitan. Hizkuntzaren bidez, pertsonen artean sortu daitezkeen diskriminazioak indargabetzeko egitura zuzenak bilatzea eta sustatzea du xede.[1][2][3] Hizkuntza inklusiboaren erabilerak polemika biziak sortu ohi izan ditu hizkuntzalari eta hizkuntza akademikoen artean.[4][5]

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Feminismoak gizartean errotutako jarrera, praktika sozial eta ideia ez berdinkideak gainditzeko proposamenen artean eskoletan, unibertsitateetan eta, oro har, eguneroko bizitzan praktikan hizkuntza inklusiboa erabiltzearena egiten du.[6] UNESCOk (1989), diskriminatzailea ez den hizkuntzaren erabilerarako estrategiak martxan jartzea eskatu zien gobernuei. Europar Batasunak 1990ko Gomendio europearra onartu zuen, administrazio testuei berariazko aipamena egiten diona. 1987ko Emakumeentzako Aukera Berdinetarako Lehenengo Planean eta ondorengo araudietan txertatu zen estatu espainiarrean. EAEn 1991 urtetik aurrera, Emakumeentzako ekintza Positiboko Lehen Planek, berariazko gomendioak txertatzen dituzte. 2005eko otsailaren 18ko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea eta EAEko berdintasun politiken erreferentzia markoa.[7]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza inklusiboaren abiapuntua da jendartean sexismoa eta arrazismoa errotuta dauden heinean, pentsamendu hori hizkeran islatzen dela eta horri aurre egin behar zaiola bai idazterako orduan bai hitz egiteko orduan. Hizkuntza inklusiboaren erabileran jendartearen pentsaera androzentrikoari aurre egiteko arreta jartzen da adjektibo eta izenen generoa erabiltzean, pertsona guztiak aipatze asmoz. Hizkeren eta irudien arteko konbinazioa egiterakoan, garrantzia ematen dio emakume zein gizonen presentzia bermatzeari eta aniztasuna adierazteari. Emakumeei eta gizonei trataera parekidea emateko estereotipoak saihesten ditu. Hizkeran islatzen den arrazakeria baztertzen du eta LGTB aniztasunak zein aniztasun funtzionala aintzat hartu eta errespetatzen dituzten komunikazio erabilerak.[8]

Hizkuntza jasotzen eta ematen aritzen gara, etengabean, idatziz nahiz ahoz, eta gure rolaz jabetu behar dugu. Betaurreko moreak janzteko, belarrietara galdera pertinenteak ekarri behar ditugu eta erantzunek ase egin behar gaituzte. (Inma Zestau)[9]

Euskararen erabilera inklusiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen zama sexista %5 da, ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80, Álvaro García Meseguerren arabera. Euskarak ez du genero gramatikalik eta horren ondorioz batzuk defendatu dute sexismorik ez dagoela euskararen erabileran, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre). Hirugarren pertsona singularra neutroa da (bera/hura), beste hizkuntza askotan markatuta dagoenean. Atzizki gehienak neutroak dira (-gizon, -eme, -andre kenduta). Aditzean genero bereizketa agertzen da hikako tratamenduan (parekoen arteko binakako komunikazioan sexua gramatika kategoria bihurtzen da: -n/-k) hitanoan. [10][11] Genero bereizketa era ez parekidean erabiltzeko aukeraz gain, kontuan hartu behar da erdaretatiko datorren eragina: maskulino orokortzailea: aitak, errege katolikoak; generoa adjektibo eta izenetan. Kulturalki ikasitako genero kutsadura ere ematen da euskaraz: izenak entzuterakoan barne-pentsamenduan emakume edo gizon batekin identifikatzeko joera (medikua, langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea). Maskulino orokortzaile eta emakumeen ezkutatzaile diren formak baztertzea eta jende(ki), pertsona eta jendarte proposatzen ditu hizkuntza inklusiboak, (gizon, gizaki eta gizaseme forma maskulinoak izanik eta emakume, emazte, emazteki femeninoak).[12]

Euskaltzaindiak 2011n ikuspegi bitarrean (gizonak eta emakumeak) oinarritutako izendegia argitaratu zuen. Generorik ez duten euskarazko ehunka izenei izaera aldarazi eta ordutik familia askoren buruhauste eta oztopo bilakatu zen sailkapen hura. Kritika ugari jaso zituen eta EHBFk genero markarik gabeko izenen aldeko proposamena luzatu zuen 2016an: Izena eta izana ezbaian: gida praktikoa. [13]

Hizkuntzak errealitatea sortzen duela esaten badugu, errealitatea alda dezakegu berau aldatuz gero; eta, hizkuntzak errealitatea eraikitzen duen eran, ponte izenek pertsonak eraikitzen dituzte. (Idoia Trenor, Emagin) [14]

2017an Euskaltzaindiak hiztegia XXI. mendera eta gizarte ez hain sexista eta androzentrikoaren ikuskerara egokitzeari ekin zion.[15][16] 2019an genero-markarik gabeko izenak erantsi zituen pertsona-izendegian; izen neutroen (genero-marka gabeen) saila lehen aldiz sartu zen Euskaltzaindiaren pertsona-izendegian, eta 500 izen inguru gehitu ziren bertan.[17][18]

Akademiak beti gizartearen atzetik doaz eta bertan gertatzen diren aldaketak hiztegira eraman behar dituzu. Euskaltzaindia ezin da gizartearen aldaketetatik kanpo bizi. (Miriam Urkia euskaltzaina)

Emakundek 1988an argitaratu zuen Hizkuntza, hitzak baino zeozer gehiago. Hizkuntzaren erabilera ez sexistarako proposamenak gidaliburua eta 2008an Euskararen erabilera ez sexista eta Hezkuntzan erabiltzeko hizkuntza jarraibideak gidaliburuak.[19][20][21] UPV/EHUk Euskararen erabilera inklusiboa eta horren bertsio azkarra argitaratu ditu.[22][23]

Testuinguru batean erabitzen dugu euskara, beti, eta horretan egiten ditugun hautuek zehazten dute erabilera hori sexista den, baztertzailea den, inklusiboa den. (Inma Zestau)[9]

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

RAEk sistematikoki kritikatu ditu autonomia erkidegoek, sindikatuek eta unibertsitateek hizkuntza ez-sexistari buruz egindako gidetan jasotako gidak eta hori justifikatzeko egindako txostenek baita kritika ugari jaso ere.[24][25] [6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Alzuguren Michelena, Ainhoa. (). Hizkera juridiko argiaren bidetik, ulertzeko eskubidea jomugan. UPV/EHU, 27 or. (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  2. Díaz Alonso, Irati. (2017-01-09). Maisu maistren formakuntza genero berdintasunean. (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  3. EHBF, Hezkidetza Gida, 102. or., 2008.
  4. Programa. Online hizkuntza inklusiboa ikastaroa. UPV/EHU.
  5. (Gaztelaniaz) Holgado, Manuel Almagro. «El lenguaje inclusivo frente a la RAE» ctxt.es | Contexto y Acción (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  6. a b (Gaztelaniaz) Moretti, Julia. (2018-12). «La RAE y el rechazo al lenguaje inclusivo» Letras no. 7 ISSN 2524-938X. (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  7. Kalaka, Hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko gida. Andoaingo Udala.
  8. Malen Arrieta, Eneko Nieva, Maddi Mendizabal. EUSKARAREN ARAUAK ETA ERABILERAK KRIMINOLOGIAREN ALORREAN KOMUNIKAZIO ARGIA BIDEGABEKERIARI ETA DEFENTSA-GABEZIARI AURRE EGITEKO BIDEA. Kriminologia Ikasten. Irakaskuntzarako aldizkaria, 5. zb., 2020.1.UPV/EHU, ISSN 2444-796X
  9. a b Ima Zestau: “Hizkuntzak eta munduaren ikuskerak elkarri lotuta daude” – UEU365. (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).
  10. «Asmakizuna: Euskara hizkuntza sexista al da?» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  11. «Hitanoaren erabilera.Ahotsak ikasgelan» ikasgelan.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  12. Alvarez Uria, Amaia. «erabili.eus/ Euskara hizkuntza sexista al da?» www.erabili.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  13. «Izena eta izana ezbaian: Gida praktikoa» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  14. Irureta, Maialen Unanue. «Genero gabeko izenen aldarria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  15. (Gaztelaniaz) «Euskaltzaindia cambiará algunas definiciones de palabras que afectan al ámbito de las relaciones de familia» El Diario Vasco 2018-01-06 (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  16. Domaika, Eva. (2017-12-28). «Euskaltzaindia borra el sexismo de su diccionario» Cadena SER Euskadi (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  17. irudia, Komunikazioa eta. «Euskaltzaindiak genero-markarik gabeko izenak erantsi ditu pertsona-izendegian» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  18. «Euskaltzaindiak genero markarik ez duten izen batzuk onartu ditu lehen aldiz» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  19. "Hizkuntza, hitzak baino zeozer gehiago. Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarako proposamenak" Emakunde, 1998.
  20. Barquin, Amelia. Euskararen erabilera ez sexista. Emakunde, 2008
  21. Lledó, Eulalia. Hezkuntzan erabiltzeko hizkuntza jarraibideak. Emakunde, 2008
  22. Fernández, June. Euskararren erabilera inklusiboa. UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta Pikara Magazine
  23. Fernández, June. Euskararren erabilera inklusiboa. Gida azkarra. UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza eta Pikara Magazine
  24. (Gaztelaniaz) EFE. (2012-03-04). «La RAE critica las guías de lenguaje no sexista: "Si se aplicasen no se podría hablar"» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
  25. (Gaztelaniaz) Sevilla, Diario de. (2012-03-05). «Arrecian las críticas contra la RAE por su informe sobre lenguaje no sexista» Diario de Sevilla (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]